Archive for otsaila, 2013

Nafarroako euskal mintzoen egungo mugak (I)

Aski gauza ezaguna da azken mende hauetan Nafarroako euskararen hedadurak nabarmen egin duela atzera. Gibeleratze hori ez da oraindik gelditu; zenbait haranetako hizkerak itzali egingo dira datozen urteotan, haien azken hiztunekin batera. Egia da duela ehun edo berrehun urte, esaterako, herri bateko azken euskaldunak hiltzerakoan euskara bera desagertzen zela herrien bizitzatik, eta egun, lehen ez bezala, bertako mintzoa galtzear diren lekuetan izan ohi dela gazte euskaldunik; baina ezerk ezin du osatu desagertutako mintzo batek uzten duen hutsunea.

Nik dakidanaren arabera bertako euskararen hego-mugan dauden Nafarroako eskualdeen egoera zein den laburbilduko dut, ekialdetik hasita eta mendebalderantz. Gaur hasi eta ondorengo sarrera batzuetan osatuko dut, Nafarroa erdialde eta mendebaldeko albisteak emanez. Ez da beraz euskara mintzatuaren bizitasun-mugaren kronika, arkeologia linguistikotik askoz ere hurbilago dagoen zerbait baizik: tokian tokiko mintzamoldearen hiztun bat bederen baduten herrien aipamena.  Biziki eskertuko dut  oker eta hutsuneak konpon ditzakeen edozein irakurleren ekarpena!

Aburregina

Abaurregaina (Aezkoa), Nafarroako euskal mintzoen ekialdeko muga

ZARAITZU: XX. mendean zehar galbidean jarritako ekialdeko nafarra gorde zuten azken euskaldun osoak XXI. mende hasierako urte hauetan joan zaizkigu, eta baita luzaroan erabili gabeko euskara aski higatuta zuten beste zenbait euskaldun pasibo ere. Esaterako, Aitor Aranari Zaraitzuko Hiztegia osatzen lagundu zion Antonia García espartzarra 2002an hil zen, legazpiarraren lana argitaratu eta handik gutxira. Haren atzetik euskara nola edo hala gordetako muga-hiztunen bat baino ez omen zen Espartzan gelditu (2009an hildako Lucas Senberoiz, esaterako). Antonia Garcíaren aurretik zendua zen Jaurrietako Salvador Karrika (1903-2001), herri bereko Mari Kruz Esarte baino bi urte lehenago, eta Jabiera Urralburu bezalako beste hainbat ere joan ziren bezala. Ordurako ahaztua zuen euskara zaharraren zaharrez Otsagiko Pedro Juan Zokok; Teófilo Eseberrik ere (1918-2002) oso higatuta zuen bere azken urteetan behinola ikasitako euskara zaraitzuarra. Urte hauetan utzi gaituen Koldo Artolaren azken berriemaileetako bat Inocencia Andueza oronztarra izan da (2011n). Ordurako Arbasoen euskara zaharraren pixar batzuk gorde dituen adin handiko zaraitzuarrik bada oraindik (gero eta gutxiago) haranaren iparraldean; denetan aipagarriena Ezkarozeko Trinidad Hualde da. 85 urteko gizon honek euskarazko hainbat hitz, esaldi eta bestelako ditu gogoan, eta azken urteotako bilketa lanetan laguntzaile ere izan da, baina ezin omen da euskaldun osotzat hartu. Begi bistakoa da beraz Zaraitzu Nafarroako euskal mintzoen mugatik kanpo gelditu dela gaur.

AEZKOA. Bertako euskara XX. mendearen lehen erdian gainbehera etortzen hasi zenetik, haraneko erdigunetik -edota errepide nagusitik- bazter zeuden herriak izan dira, oro har, betidaniko euskarari hobeto edota beranduagora arte eutsi diotenak. Bederatzi herrik osatzen dute Aezkoa; horietatik bitan, Garaioan eta Abaurrepean, ez da aspaldi honetan euskaldun zahar aezkoar bakar bat ere. Ariben badago bat, baina bertara ezkondutako ariarra da; gainerakoan arestiko bi herrietan baino are lehenago ahuldu zen euskara haranaren ardatz eta bidegurutze izandako Ariben. Orbaran euskaraz zerbait dakiten bi anaia bizi dira, baina ez dira euskaldun osoak, antza denez.

Hiriberri (Aezkoa)

Hiriberri (Aezkoa)

Gainerako bost herrietan, gehiago ala gutxiago, bada oraindik aezkera gorde duen adineko hiztunik: Orbaiztan euskaldun zahar gutxi batzuk daude; tartean haraneko euskara garbia baino gehiago mugaz bestaldekoarekin nahasia dakienik ere bai, alde bateko eta bestekoen arteko harremanen ondorioz. Garralda, Aria, Hiriberri eta Abaurregainan (azken hiruretan batez ere) aezkera garbia eman dezakeen hiztun andanatxo bat dago. Arian eta Hiriberrin arestian aipatutako ‘isolamenduak’ eragin bide du euskararen iraupen luzeago hori, bi herriak Aezkoako iraganbide nagusitik urrunxko egonik. Abaurregaina errepide horretan bertan dago, baina haran muturrean egoteak eta bere inguruneak berak (1000 metrotik gora dagoen Nafarroako herri bakarra da) erraztu ahal izan dute isolamendu hori.

ARTZIBAR: duela hogeita hamar urte ere oso euskaldun gutxi geratzen ziren Aezkoaren hegoaldean den haran honetan. Aitor Aranak Artzibarko Hiztegia prestatzeko taxuzko berriemaile bakarra topatu ahal izan zuen: Soledad Arbonies andere hiriberritarra, 1920an jaioa eta gaztarora arte euskaraz hitz egin zuena. Tafallako zahar-etxe batean bizi zen ordurako Soledad, eta hala bizi da oraindik ere, 2013ko otsail honetan. Ezin euskaldun osotzat hartu, baina berari esker bildu ahal izan zituen Aitor Aranak Agoitz iparraldeko haran honetako euskararen hainbat xehetasun eta mila hitz baino gehiago. Artzibarko mintzo zaharraren azken gordailu xehea delakoan nago.

ORREAGA eta AURITZ. Inguruko Aezkoa eta Erroibarren aldean euskara lehenxeago galdutako herriak dira biak. Auritzen ez da, duela hainbat urte, bertako euskaldun zaharrik. Orreagan inguru hartako euskara emateko gai zen bakarra 1954an jaiotako Ramontxo Etxeberria zen, Labrit Multimediak ekoitzitako ‘Garaioatik Iragira, Euskara bidean’ DVDan elkarrizketatu zuten lekukoetako bat. Zoritxarrez, lan-istripu batean hil zen 2011ko abenduan.

zilbeti_gf1

Zilbeti (Erroibar)

ERROIBAR. Nik dakidanez, bost besterik ez dira 2013ko otsailean haraneko euskara txukun eman dezaketen erroibartarrak. Mezkirizko Ureta auzunean Santiago Nuin jauna bizi da, 90 urteak beteta. Gizon jator eta atsegina, inguruko azken euskaldun zahar horietako beste askok bezala hamaika grabazio eta galdeketa gogo onez eta irribarretsu onartutakoa. Lintzoainen jaiotako edadeko bi euskaldun bizi dira: lehen aipatu DVDrako Labritekoek filmatutako Inozentzio Torrea, eta aspalditik Erro herrian bizi den 80 bat urteko Santiago Presto. Zilbetin, aldiz, Anso izenekoa da euskarari eutsi dion azken etxea. Bertako jauna, 79 urteko Luis Iribarren, euskalduna da, eta baita seme-alabak ere. Haietako bat ez da euskaldun alfabetatua, dakien euskara etxekoa dela esan daiteke. Hura litzateke beraz Erroibarko euskarak duen hiztunik gazteena. Gainerako herrietan galduta dago bertako mintzoa.

Iragi

Iragi (Esteribar)

ESTERIBAR haranaren ipar muturreko lau herritan daukat nik euskaldun zaharren aditzea; Zubirin gora egin behar haiek denak aurkitzeko. Euskara arrasto gutxi batzuk geratzen dira Usitxin eta Leranotzen; hori baino gehixeago Eugin eta, batez ere, Iragin.

Usitxin Alicia Villanueva emakume euskalduna bizi da, inguruko beste hainbat bezala www.ahotsak.com webgunean ikusi eta entzun daitekeena. Ez da sortzez usitxiarra, ordea, Erro herriko alaba baizik, baina umetatik bizi da han. Usitxitik bi kilometrotara dagoen Leranotz herrixkan ere bada euskaldunen bat.

Iparralderagoko Eugin badaude hainbat heldu eta adineko euskaldun, eta han Esteribarko mintzoa oraindaino bizirik dagoela esan daiteke. Baina Iragi da zalantzarik gabe haraneko gunerik euskaldunena. Olaguerako errepidearen bazter batean ezkutatutako herri txiki-txikia da Iragi, 4-5 familia baino ez dituena, baina etxe guztiak dira euskaldunak, eta -ohi ez bezala- belaunaldi guztietako euskaldunak dituzte gainera, inguru osoan hain ezaguna den gaztetxo eta adineko euskaldunen arteko amildegia ez delarik Iragin sortu.

Orain arte esandakoak laburbilduz, azpiko mapako marrak irudikatuko lituzke Nafarroako Pirinio aldeko euskal mintzoen gaur egungo mugak. Lerro jarraiak oraindik bertako euskaldun osoren bat duten herrien muga adierazi nahi du; lerro etenaren barrenean bildu ditut hantxe bertan jaiotakoa ez den inguruko hiztunen bat edota euskaldun oso ez den hiztun pasiboren bat baino ez duten herriak.

Nafarroako ekialdeko mugak1

Nafarroako udalerriak2

En verde, los municipios en que hay aún hablantes de la variedad local; en naranja, aquellos en que sólo queda algún euskaldun pasivo con conocimiento limitado del euskera

En esta entrada he hecho un repaso de los límites del euskera en la zona pirenaica navarra, es decir, de aquellas localidades en las que aún pueden encontrarse personas que conserven las hablas propias de la zona. El límite oriental de dichas hablas es hoy en día Abaurrea Alta, frontera de Aezkoa con Salazar, valle éste último cuyo dialecto -el navarro oriental que compartía con Roncal- debe darse ya por extinguido. Los pueblos de Aezkoa que aún conservan su euskera en mayor o menor medida son, además de Abaurrea Alta, Villanueva, Aria, Orbaizeta y Garralda. En Burguete y Roncesvalles no quedan ya hablantes del euskara propio, y en todo el valle de Erro no llegan a media docena, diseminados por Mezquiriz, Linzoain, Erro y Zilbeti. En Esteribar son cuatro los lugares donde pueden encontrarse aún restos del habla propia, siendo residuales en Usetxi y Leranoz y más abundantes en Eugi y, sobre todo, en Iragi, lugar donde el euskera del valle conserva aún una vitalidad perdida ya en el entorno. 


Gerardo Luzuriaga nafarra, euskaltzain urgazle

Hilaren 22ko osoko bilkuran, 14 euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak; nafar bat, Gerardo Luzuriaga, haien artean. Gerardo_Luzuriaga (1)

Gerardo Luzuriaga Nazarren jaio zen duela 56 urte. Behinola euskaldun izan eta hizkuntza aspaldi galdu zuen Berrotza eskualdeko euskalduna da, beraz. Geografia eta Historian lizentziaduna da, eta Historiarekin nahiz Bibliotekonomiarekin lotutako hainbat alorretan egin du lan aspaldi honetan. Eusko Jaurlaritzaren Liburutegia, Dokumentazio gune eta Artxibo zerbitzuaren ardura du, eta Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako batzordeko kidea ere bada, besteak beste.

Hemen da albistea, zabalago, Euskaltzaindiaren webgunetik aterea.

Hemen, aldiz, izendapen ostean Luzuriagak berak bere berrotza.blogspirit.com blogean idatzitakoa.

 


Sarean: Nafarroako hiztunak entzun (eta ikusteko) baliabideak

Mediateka

mediateka.euskarabidea.es

Interneten garapenak erraztu eta ugaritu egin ditu Nafarroako euskaldunen mintzoak ezagutzeko bideak. Toki askotako solasak entzun daitezke gaur egun (eta hiztunak ikusi ere bai), sareari esker. Hona hemen zenbait aukera:

Nafarroako euskararen mediatekan dago gaur egun Nafarroa Garaiako eta Behereko hizkeren bildumarik handiena. Bideotekak ia 5.000 bideo artxibo ditu jasota; eta horiez gain beste bi mila pasatxo audio-artxibo ere bada fonotekan. Gaur egungoak ez ezik aurreko hamarkadetan jasotakoak ere badaudenez, euskara galdu duten herri batzuetako lekukotasunak badira Mediatekan. Erregistratu eta erabiltzaile bihurtu beharra dago baliabideak osorik ikus-entzuteko; hala nahi ez dutenentzat, artxibo-zatiak besterik ez daude eskura.

Ahotsak

www.ahotsak.com

Ahotsak.com webgunea Deba ibarreko Badihardugu Euskara Elkarteak aspaldi honetan martxan jarritako proiektu aipagarria da. 200dik gora herritako 4000 pasatxo hiztun elkarrizketatu dituzte dagoeneko Euskal Herri osoko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta ezagutzera emateko. Une honetan Nafarroako 34 herritako datuak dituzte, audio hutsa batzutan eta bideoa beste zenbaitetan. Zinez interesgarria dira bai proiektua eta bai webgunea.

NiEuskalduna

nieuskalduna.metroo.es

Labrit Multimedia, lehendik ere aipatu dut blog honetan. Iruñako enpresa honek Nafarroako ondare ez-materiala biltzeari ekin dio eta gaur arte kaleratu dituen DVDetan eskualde andana bateko hizkerak daude jasota. Lanen batzuk Youtuben dituzte, eta Ni, Bidasoa izenekoan Baztan-Bidasoa inguruko zenbait hiztun ikusi eta entzun ahal izango dituzue.

Ni euskalduna izeneko proiektua, bestalde, euskararen eremuan zeharreko herrietara joan, adineko jendea bildu, eta beraien bizipenei buruzko bideoak sortu eta ezagutzera ematen ari da. Bizkaian eta Gipuzkoan aritu dira batez ere orain arte, baina Nafarroako hiru herritan izan dira dagoeneko:  Donezteben, Goizuetan eta Mugiron.


Euskalerria Irratiak lizentzia banaketa gelditzeko eskatu eta gobernuak ezetz erantzun du

Bi eskakizun helarazi ditu Euskalerria Irratiak, Nafarroako Gobernuak FM lizentziak esleitzeko prozesua geldi dezan. Puntuak ematerakoan haien programazio zati bat (Euskadi Irratiari dagokiona) kontuan hartu ez zietela argudiatu dute irratiko arduradunek. Nafarroako Gobernuak gaur erantzun du.  Bere bozeramaleak adierazi duenez, irrati publiko baten zenbait saio emititzea lehiaketaren oinarrien aurka dago eta gobernuak ez du horrenbestez lehiaketaren osteko ebazpena baliorik gabe uzteko asmorik.

Albistea, zabalago:

Berria

Diario de Navarra

Diario de Noticias


Euskararen lekukoak: LIZARRA

Estella

Lizarra

Lizarrako merinaldearen ipar-ekialdeko herrietan euskarak XIX. eta are XX. mendera arte iraun zuen. Lehenago itzali zen antza Lizarran bertan, baina han ere XVIII. mendera arte behintzat hizkuntza bizia izan zela erakusten duen daturik ez da falta. XIV.ean bertan honelako abizenak zituzten, besteak beste, Lizarrako biztanleek: Regue, Mendico, Esquaracocha, Apezgaiz, Çalduondo, Luquiayn, Laborari, Gorriza, Oyquina, Oquerro.

Nahiz eta Gasteizko apaizgaitegian aurkitu zen 1587ko Nafarroako herrien zerrendan Lizarra ez dagoen bascongado izenburua duen herri multzo barruan, asko dira handik aurrera ere hiria eta euskara lotu zituzten albisteak. Hona hemen horietako batzuk:

  • 1592. Felipe II.a Nafarroan zehar bidaiatzen ari zela, bidaiaren kronikariak Lizarrara iritsi izana bildu zuen idatziz; biztanlerik apalenek bitxi askoa iruditu zitzaien hizkuntza zerabilten, que ellos llaman vascongada, la cual nos pareció muy extraña, no entendiendo de la misma ni una sola palabra.
  • XVII. m. hasiera. Lizarrako Urra lizentziatuak saue, entiende y abla muy bien y distinta e inteligiblemente la lengoa bascongada. Beste apaiz batzuek ziotenez ay mucha gente en la parroquia [San Juanekoan] que sólo sauen bascuence eta San Miguelekoan ere apaiz euskalduna behar zuten por auer muchas personas bascongadas que no entienden el romance. HerrikoLizarra1 biztanle bat kexu zen kanpotar batzuek gaztelaniaz hitz egiten ziotelako sin embargo que sabían ellos que es bascongado.
  • 1607. San Juan parrokiko bikariotzarako norbait behar izan zenean, parrokiako kabildoak euskararik ez zekien pertsona bat izendatu izana salatu zuen, no mirando a la necesidad de la parrochia, zeren eta parrokia hartan más de la tercera parte [son] meramente vascongados y no saben romanz, y el dicho cura no sabe vascuenz.
  • 1627. Lizarran destinatutako Francisco de Leoz y Aznar domingotarrak adierazi zuenez muchos bascongados que biuian en la Ciudad acudian a los conventos a buscar confesores bascongados.
  • 1630 aldera. San Miguel, Santa María, el Sepulcro, San Pedro eta San Juan elizetan bikario euskaldun bakar bat ere ez zegoen, nahiz eta, garai hartako beste lekukotasun baten arabera, ay muchísimos bascongados en todas las parrochias.
  • XVII. m. Lizarran irakasle zen Pedro de Arraizak hiriari buruz ari zela zioenez, había muchos montañeses habitantes, así de Burunda como de Amescoas y otras partes, que no sabian ni ablaban la lengoa castellana.
  • 1713. Lizarrako José San Román zuten erretore Berriozarren. Herritarrek gaztelaniaz jakin ez, eta San Román-i ulertzen ez ziotelako kexu ziren. Lizarratarrak ba omen zekien euskaraz, baina erdipurdi baino ez. Iruñean azterketa egin zion domingotarrak oniritzia eman zion, nahiz eta honako hau ere onartu behar izan: le falta la expedición para poder hablar corriente el dicho vascuenz.
  • 1722. Lizarrako apaiz hautagai bat baztertu zuten Eraulgo herritarrek, euskaraz ez zekielako. Ordurako gauza arrunta zen nonbait Lizarrako seme-alabek euskaraz ez jakitea. Baina ez zen beti horrela gertatzen.
  • 1723. Notari erdaldun batzuek ziotenez ez zen harritzeko gauza Lizarrako batek euskaraz jakitea: sabe por nazimiento la lengua bazcongada, a menos que por accidente la aprenda en otra parte.  Jimeno Juríoren ustez XVIII. m. erdialdera arte iraungo zuen euskarak bizirik Lizarran.
  • 1799. Vicente de Latorre komisario erdaldunak gogoratzen omen zuen hainbat urte lehenago Lizarran hitz egiten zela comunmente entre la gente labradora y artesana el idioma bascongado.
  • 1842. De Barres militarrak zioenez, en Estella los jóvenes no hablan en vasco; sólo los viejos de los pueblos cercanos conocen ya ese idioma. Ezaguna da ordu hartan Deierrin edota Gesalatzen bizirik zegoela oraindik euskara; zer esanik ez Goñerrian.

 

Hoy ya no quedan hablantes nativos del euskera que se habló en Estella-Lizarra durante siglos, pero abundan los testimonios -como los ofrecidos en esta entrada-  que confirman que, desde la Edad Media hasta el siglo XVIII,  fue la lengua de buena parte de la población. Incluso una vez perdida en la ciudad, la lengua vasca continuó hablandose hasta el siglo XIX y aún el XX en el extremo nororiental de la Merindad. 


Euskarazko txokoak Tafallako haurrentzat

Tafallako Udalaren Euskara Zerbitzuak antolaturik, ‘Euskarazko txokoak’ eskainiko dizkiete martxo-apirilean zehar bertako neska-mutilei. A zein D ereduetako ikasleek eskolan ikasitakoa giro atseginago batean erabili ahal izatea du helburu Tafallako ludotekan burutuko den ekimen honek. Deialdia 2005etik 2008ra bitartean jaiotako umeei egin diete. Izen-emate epea otsailaren 21ean hasi eta 28an amaituko da.

Datu gehiago nahi izanez gero, hona jo.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko otsaila
    A A A A O I I
    « Urt   Mar »
     123
    45678910
    11121314151617
    18192021222324
    25262728  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu