Iruñean jaiotako merkataria, 1567 aldera euskaraz idatziriko olerki labur baten egile.

Amendux

Iruña

Joan, Juan edo Juanes Amendux 1540 aldera sortu zen, Iruñeko Estafeta kale inguruan ziurrenik ere. Hantxe zuten etxea Miguel Amendux eta Maria Garro gurasoek, biak ere Iparraldeko arbasodunak. Zirujaua zen aita eta, noblea ez izan arren, lasai bizitzeko moduko etxe-ondasunak zituen;  amenduxtarrek hilobia zuten Iruñeko katedralean.

Oso txikitatik izan zen Juan umezurtz; zazpi bat urte zituela galdu zuen aita, eta urtebete beranduago ama. Aitona lehendabizi, eta Juan Oses lehengusua gero -zirujaua hau ere- izan ziren Joanen eta bere arreba Mariaren tutore. Oses hamabi urtez arduratu zen Amenduxez (1549tik 1561era bitartean) eta hark gidatu zuen Joan gaztearen heziketa.

Valtierran bizi zen Oses, eta hara eraman zuen berarekin Amendux 1552an, Joanen heziketaz  bertatik bertara arduratzeko. Ondorengo bi urteetan Valtierran zein  Tuteran bizi izan zen Amendux eta idazten, irakurtzen eta kontuak eramaten ikasi zuen, Valtierrako Juan de Maya sakristauak eta Tuterako Pedro de Africa liburu saltzaileak irakatsita. 1554an Zaragozara eraman zuen Osesek bere lehengusua, merkataritza-lanbideren bat ikas zezan, eta han eman zituen Amenduxek ondorengo bi urteak Martin de Miñano lentzeria-saltzailearen apopilo; ez etenik gabe, ordea, bitan gaixotu  eta Valtierrara itzuli baitzen sendatu bitartean. Zaragozan bost urtez egotekoa zen mutikoa, baina 1556an, epea bete gabe, Iruñera eraman zuen Osesek, Domingo de Lerizondo izeneko batengana, mertzero lanbidea ikasteko. Egonaldi hura ere aurrez behar baino lehenago amaitu zen, eta ondorengo hilabeteotan Osesek Sevilla eta Flandriara bidali zuen Amendux, baina hilabete gutxiren buruan itzuli zen leku batetik zein bestetik. Tutorearen ustez, ganoragabea zen bere ardurapekoa eta ez zituen haren mesedetan hartutako lanak eta gastatutako sosak behar bezala aprobetxatzen.

Agian Amendux bera ere ez zegoen ados lehengusuaren administrazio lanarekin. 1561ean Oses baztertu eta Lope Etxebeltzekoa izendatu zuen bere jabetzen zaindari. Ordurako merkatari zebilen Amendux jaioterrian, berak adierazitakoaren arabera, baina arazorik ez zitzaion falta. Antza denez Etxebeltzek  ez zituen ondasun batzuk behar bezain zintzo kudeatu, eta gainera, mertzeria-denda bat zabaltzeko Amenduxek hainbat jabego hipotekatu ostean (1564) urtebeteren buruan bertan behera utzi behar izan zuen saltegia, aurrera atera ezinik.

Okerrera egin zuen egoerak Joanek Iruñeko Antonio de Olcoz izeneko batekin hartutako zorraren ondorioz. 350 dukat zor zituen Amenduxek, eta bere lanbideari zegozkion egitekoengatik Nafarroatik kanpo zegoenez, Antonio de Garro osabak, Erret Kontseiluko atezain zenak, aurreratu zuen dirua. Amendux iruñeratu zenean (1567) zorragatik preso hartu eta espetxeratu zuten;  Tafallan espetxeratu ere, ezinbestean, Iruñea izurrite batek hartua zegoelako eta Erret Kontseilu guztia, Antonio de Garro barne,  bertara joana baitzen babes bila. Amendux Tafallan geratu zen beraz harrapatuta, zor zuena erraz ordaintzeko balioko omen zuten Iruñeko ondasunak baliatu ezinda, eta osabaren jokabidearekin gero eta minduago. Etxebeltz hila zen ordurako. Hainbat eskutitz idatzi zituen iruindarrak kartzelan, ustez nozitzen ari zen bidegabekeria salatuz eta hainbat eskari eginez. Alferrik izan ziren: abuztura arte iraun zuen Tafallako espetxealdiak. Hilabete haietan idatzi zituen seguruenik Amenduxek bere olerki ezagunak, sentitzen zuen ezintasunaren eta amorruaren erakusgarri:

Hemen naça orçiric / noyzbait gozo ericiric

Erioac huste gabe dolorosqui egociriq…

Abuztuan, izurritea urrunduta, Iruñeko presondegira bidali zuten Amendux; eta azkenean, irailean, Sancho de Burutain koinatak emandako bermeari esker, aske geratu zen. Handik aurrera, ordura arte izan zituen kudeatzaileen ustezko bidegabekeriak  salatu, kontuak eskatu eta bere izen ona berreskuratzea izan zen iruindarraren helburu nagusia; hamar urtetik gora iraun zuen asmo horrekin epaitegian hasitako prozesuak, Erret Kontseiluak arrazoia Amenduxi eman ostean hainbat alegazio aurkeztu zirelako. Kontseiluko aguazil izan zen Amendux bere azken urteetan, eta alde horretatik ohorea berreskuratzea lortu zuela ematen du; baina 1567an hasitako prozesu luzea amaitzearekin batera hil zen 1580an, 40 urte eskas zituela.