Egilea: Patxi Salaberri (zuz.)
Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra
Zortzi artikuluk eta argitalpen baten iruzkinak osatuta kaleratu da FLV aldizkariaren 114. ale hau. Nafarroarekin lotutako lan batzuk azpimarratuko ditut jarraian.
Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (5- Hego-Esteribarko laginak: Ilurdotz-1). Koldo Artola.
Nafarroako hainbat eskualdetan euskarak, apalduz joan ahala, ito aitzin utzi zituen azken arrastoak ezagutu nahi dituenarentzat, ezinbestekoa da 70eko hamarkadatik Koldo Artolak burutu duen lana. Uztarroze, Inbuluzketa, Anoz, Urritzola… mingarria bezain luzea da donostiarrak azken euskal hiztunaren bila bisitatutako herrien zerrenda, baina ahalegin horri zor diogu hiztun horien ahotsa itzali aurretik Nafarroako euskararen hego-mugako hainbat xehetasun betirako galdu ez izana. Azken urte hauetan Zaraitzu, Artzibar eta Esteribar inguruan bildutakoak plazaratu ditu, FLV aldizkaria horren lekuko, eta oraingo honetan Ilurdotz herriska du hizpide: Esteribar haranaren hegoaldean, Egueseko Egulbatirekin mugakide eta Iruñea horren urrun ez duelarik, bertako seme zen Joaquin Garrues salestarra topatu zuen ezustean donostiar ikerleak 1981ean. Garruesek berak ere ez zuen bere burua euskalduntzat, gaztetan ikasitakoak urteen joan-etorriak ustez eramanik, baina pazientzia handiz euskara ia ahaztua zuen hondar hiztun honen altxorra bost urtez bildu ondoren, dagoeneko zeharo galdu den hizkera baten oihartzun hori ekarri du paperera Koldo Artolak, garai bateko Fidela Bernatekin eta beste hainbatekin egin zuen gisan.
Bi testu llabur Aezkoa eta Zuberoako: Garralda (1828) & Larraine (1817). Iñaki Camino.
Koldo Artolari bezala, Iñaki Caminori ere asko zor dio Nafarroako (eta beste hainbat lekutako) euskararen nondik norakoaren ezagutzak. EHUko irakasleak XIX. mende hasierako bi testu plazaratu eta iruzkindu ditu Fonteseko ale honetan: Garraldako herritar ezezagun batek Javier Loperena apaizaren etxeko saihetsean jarritako idazki gogorra, eta Larraineko idazkariak Otsagabikoari bi herrien arteko auzi bat zela eta idatzitako gutuna. Ez dira inola ere testu jasoak (lehendabizikoa batez ere) eta bigarrenak, gainera, bailara ezberdinen arteko komunikazioari usu darion zehazgabetasun dialektala ere badu, baina interesgarriak dira oso, hizkuntza alorrean ez ezik, gutxiago topatzen direlako horrelakoak gurean ohiko erlijio gaikoak baino, eta horrelako testuek sortu zireneko gizartearen bizimodua eta gorabeherak hobeto antzemateko leiho txikiak, edo ez hain txikiak, irekitzen dizkigutelako.
Sobre el origen de Martín Portal, autor de la poesia premiada en Pamplona en 1610. Gontzal Aldai.
La escasez de textos vascos de una cierta antigüedad hace especialmente dignos de interés a los autores tempranos de cuyo nombre tenemos noticia. Sin embargo, esa misma antigüedad hace que no pocas veces sus circunstancias sean poco o nada claras. Es el caso de Martín Portal, cuya composición resultó premiada en el certamen de poesía religiosa en lengua vasca organizado en Pamplona en 1610 -iniciado en 1609 y que por desgracia no tuvo continuidad- y de quien se ha solido dar por sentado que refleja un habla navarra occidental, tal vez la de las Améscoas o alguna cercana, aunque en base a argumentos excesivamente endebles. Esta consideración es el punto de partida del artículo de Gontzal Aldai, investigador con un largo recorrido en el estudio del euskera arcaico. Aldai ha ido desgranando meticulosamente las diferentes opciones que se podrían plantear a la hora de atribuir un origen al euskera utilizado por Portal, tomando como referencia una serie de rasgos lingüísticos presentes en el testimonio escrito que nos dejó, para llegar finalmente a postular que la hipótesis más plausible no es probablemente la del occidente navarro, ni incluso la del oriente alavés (si bien las coincidencias del texto de 1610 con el del sabandotarra Juan Bautista Gámiz son reseñables) sino tal vez la de la zona noroccidental de Gipuzkoa, de donde según Aldai podría perfectamente provenir Martín Portal.
Euskararen ekialdeko mugak, Hegoaldean. Patxi Salaberri Zaratiegi.
Koldo Artolak XX. eta XXI. mende-kantoi honetako nafar euskararen hego-mugak pazientziaz arakatu dituen bezalaxe, ezinbestekoa da Patxi Salaberriren ekarpena hizkuntzaren aspaldiko mugen atzerakadaz jabetzeko. Eslaba aldeko mintzoari buruzko doktore tesian bilaketa ahalegin eskerga egin zuen uxuetarrak, toponimiatik abiatuta, Nafarroako ekialdean behinola hitz egindako euskara nolakoa zen eta noiz desagertu bide zen argitze aldera. Horren lan mardulari sakonegi deritzonak Nafarroako Gobernuak 2004an argitaratutako Vascuence y Romance: Ebro-Garona, un espacio de comunicación liburura jo dezake, Nafarroa Ekialdeko euskararen mugei buruzko laburpen argia baita, lekukotasun historiko baliotsuak ere badakartzana (2004ko horretan bertan, gainera, aipagai dugun Salaberriren aurtengo lanaren osagarri, Mikel Belaskoren artikulu interesgarria aurkituko du irakurleak). Baina gatozen harira. Fonteseko azken ale honetan Salaberrik, toponimia bera eta ezagutzen diren hainbat lekukotasun oinarri dituela, Nafarroako euskararen hegoaldeko mugaz dakiguna laburbildu du. Egia esan, ez Nafarroakoa bakarrik. Artikuluaren izenburuko ekialdeko horrek iradoki bezala, Nafarroaz haratago dauden Huescako lurraldeez ezagutzen denari ere ez dio begirik kendu. Salaberriren azalpenak mapa baten aurrean segitzen dituen irakurle arretatsuak garbi ikusiko du ezagutzen diren datuen araberako euskararen hegoalde-muga horrek ez duela inola ere lerro zuzen baten itxurarik: ez du sakontasun argirik Gareseko hegoaldean, baina agerikoa da Uxue baino dexente hegoalderago zabaldu zela, nahiz eta Zangoza inguruan berriz ere iparraldera egin.
Gainerako artikuluak:
– Tonuak Gazteen Testu Irakurrietan. Aintzane Etxebarria, Iñaki Gaminde, Urtza Garay, Asier Romero.
– Etimologiak ate-joka, din-don…(jo eta josi; eman eta iramo(n); jin eta jainko). Borja Ariztimuño.
– Mendebaldeko toponimia, euskararen mugaren adierazle. Mikel Gorrotxategi.
– Observaciones para una delimitación de la lengua vasca en Álava. Elena Martínez de Madina, Roberto González de Viñaspre.
– PUBLICACIONES. El elemento vasco en la obra Toponimia Histórica. Origen y evolución de nuestros topónimos más importantes.
7 otsaila, 2013 on 09:31
Kalean da Fontes Linguae Vasconum 115. Hona aurkibidea
Kalean zegok dagoeneko FLV 115. Akaso ez ditek oraindik sareratu.Hona aurkibidea.
Iván Igartua
Pallas hiztegiaren euskal iturri lexikografikoak ………………………………… 177
Koldo Artola
Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (6 – Hego-Esteribarko laginak:
Ilurdotz II)………………………………………………………………………….. 195
Orreaga Ibarra
Artzibar iparraldeko hizkeran sakonduz………………………………………….. 255
Gervasio di Cesare / Kike Fernández de Pinedo
Euskara y nobleza en la Llanada alavesa oriental………………………………. 287
Luis Mari Zaldua Etxabe
Juan Arin Dorronsororen. Enirio-Aralarko krokisa (1940) …………………. 307
Patxi Salaberri Zaratiegi
Topónimos alaveses de base antroponímica terminados en -ain, -egi, -eta
(-keta), -ika, -iku (-iko), -inu (-ina), -itu (-ita), -ón …………………………… 323
7 otsaila, 2013 on 12:45
Mila esker, Ekaitz!
Ez zaidak oraindik alletu eta horregatik ez zioat aipamenik egin, eta bai ordea neukan azkenari. Jasotakoan aurrekoarekin bezala egiten ahaleginduko nauk. Ongi izan!
8 otsaila, 2013 on 23:11
Zer egiten ahal da aldizkariaren paperezko edizioa lortzeko? Nun da salgai? Milesker
9 otsaila, 2013 on 00:42
Kaixo, Iñaki.
Iruñean bazara, Navas de Tolosa kalean topatuko duzu salgai, Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Sailak duen bulegoan. Nolanahi ere, harpide bihur zaitezke Argitalpen Sailekoekin harremanetan jarriz, bai telefonoz (848427121), bai posta elektronikoz ere (fondo.publicaciones@navarra.es).
9 otsaila, 2013 on 23:40
Milesker!
21 ekaina, 2013 on 10:09
Egun on,
interneten daude FLVko artikulu guziak:
Ale berrienak:
http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Cultura+y+Turismo/Publicaciones/Revistas+Principe+Viana/
Eta ale zaharrak:
http://www.vianayborgia.es/Entrada_ListaAutoridades.html
21 ekaina, 2013 on 17:46
Arratsalde on, Josetxe!
Halaxe da, eta vianayborgia.es-ek eskainitako digitalizazioa bereziki interesgarria da, ale zahar den-denak daudelako. Dialnet-en, adibidez, ezin dira FLVko materialik zaharrenak kontsultatu.
Mila esker oharragatik eta bloga bisitatzeagatik!