Izarbeibarko abadea, Nafarroak emandako euskarazko idazlerik goiztiarrenetako bat.

Uterga

Uterga

Juan edo Iuan de Beriain 1566 inguruan jaio zen Izarbeibarko Utergan, Jimeno Juríok frogatutakoaren arabera. Jaiotza data, dena den, gutxi gorabeherakoa baino ez da, Beriainen haurtzaroari buruzko daturik ez baita ezagutzen. Izen bereko osaba bat zen Utergako abade 1580 baino lehenagotik;  osabaren lekua ilobak hartu zuen hura hil zenean. Horren aurretik, 1590ean bihurtu zen Juan gaztea subdiakono, eta 1591rako eliz onuraren bat zuen Utergan, osabak berak emanda, seguruenik. 1592an Orbaibarren dagoen Etxague herrixkako abade bihurtu zen, eta zazpi urtez bizi izan zen bertan, harik eta Utergako osabaren osasun kaxkarrak eraginda Orbaibartik alde egin eta Utergara itzuli zen arte (1599).

Abade zaharra 1601eko urrian hil zen. Beriain lizentziatua eta Juan de Olandain -utergarra hura ere- izan ziren abadetza eskuratzeko hautagaiak, eta Beriain aukeratu zuten herrikoek. 1602ko martxoan izan zen.

Ia hogeita hamar urtez izan zen beraz Utergako abade, oso osasun sendokoa ez izanagatik ere. Hainbat erialdi izan zituen eta larri gaixotu zen 1624an. Konkordun samarra zen, bestalde. Argudio hori erabili zuten Etxaguen, beste batzuekin batera, apaiz lanerako egokia ez zela frogatu nahirik.

Herritarrek errespetatu eta estimatu egin zuten, nonbait.  XVII. mende hasierako Utergako testamentu gehienetan Beriain izendatu zuten betearazle. Dozenaka herkideri mailegatu zien dirua bizi izan zen artean eta 1614an 300 erregu gari eman zituen uzta sasoian larri ibiltzen ziren nekazariei laguntzearren. Uterga ondoko Olandain herrixkaren lekualdaketaren amaiera ere berak kudeatu behar izan zuen: 1580ko erabaki baten arabera olandaindarrek haien etxeak eraitsi eta utergaratu beharra izan zuten, baina bi hamarkada beranduago guztiz bete gabe zirauen aginduak; Olandain zeharo hustu eta hango biztanle ohiak Utergan ezartzeko hainbat ardura hartu behar izan zuen Beriainek 1612ra arte.

joan_beriain

Beriainen ‘Tratado…’ (1621)

Bi liburu utzi zizkigun apaiz utergarrak: Tratacen da nola ençun vearden Meza edo Tratado de como se ha de oyr Missa (1621) eta Doctrina Christiana (1626). Ahalegin aipagarria eginez, elebitan eman zituen biak, gaztelania zein euskara baitzeuzkan elizbarrutiko hizkuntzatzat. 1620rako idatzia zuen mezari buruzko liburuaren sarreran honela idatzi zuen:

 

Escriuo en Romance, y bascuence lenguages deste Obispado, y aunque en diferentes partes del ay en algunas cosas, diuersos modos de hablar, yo escriuo el que se habla en Pamplona, Cabeça deste Reyno, y Obispado de Navarra; que es el que se habla en la mayor parte del, donde se habla bascuence, y el que mejor se entiende en todas las partes…

 

Pena zuen Beriainek, elizbarrutian gaztelania edo euskara hutsa zekiten hainbeste eliztar egonik: ‘es cosa lastimosa que aya tanta multitud de los que solo saben Bascuence, o solo Romance, y dizen las oraciones y el Credo en Latin […] porque es cosa cierta que no entienden lo que dizen, sino que hablan como los papagayos’. Pedagogikoa izan zen guztiz, horrela, Beriainek bi hizkuntzak erabiltzeko agertutako asmoa. Baina asmo didaktiko horren gainetik argi asko utzi zuen euskararekiko sentitzen zuen onespena: ‘escrivo en bascuence, porque no ha avido nacion en todo el mundo, que no se aya preciado de la lengua natural de su patria, y de enseñarla en las escuelas a leer y escribir […] Segun esto, razon es que nosotros estimemos nuestra lengua bascongada.’

Bere lehen lana argitara eman berri, okerrera egin zuen berriro Beriainen osasunak. 1624an hainbat hilabete eman zituen gaixorik eta testamentua egin zuen, ordezko bikarioa izendatzeaz gain. 1633an hil zen utergarra bere herrian, urtarrilaren hondarrean seguru asko.

 

Beriainen lanak, klasikoen gordailuan

‘Tratazen da nola enzun bear den Meza’ liburuaren edizio faksimilea.