Archive for otsaila 6th, 2013

Euskararen lekukoak: URRAULGOITI

Bertako euskara galduta edo galtzear duten herrien behinolako hizkuntza egoerari buruzko albisteak bildu nahi ditut, pixkanaka-pixkanaka, atal honetan. Zerrenda osatugabea izango da ezinbestean, hutsuneak izango dituelako batetik, eta hainbat ikerleri esker aldian behin datu berriak agertzen ari direlako bestetik. Gogo onez hartuko ditut idatzitakoa hobetuta edo aberastuta ikusi nahi duzuenon ekarpenak.

elkoazUrraulgoiti

 

XVII.m. hasiera. EPAROZ. Gaztelania erabiltzen zen sermoietan, besteak beste erdal lurretako jende ugari hurbiltzen zelako haietara, antza denez.

1629. Haraneko herrixketan sólo se habla vascuence, todos son puros vascongados.

1631. EZKANIZ. En la lengua bulgar del lugar jaso zituzten herritarrek, apaizak emanda, ikuskariaren aginduak.

XVIII. m. amaiera. Eliz tribunaleko Libro de repartimientos delakoan euskalduntzat jo zen harana.

1720. JAKOISTI, IRUROZKI. Juan San Martinek emandako datuaren arabera, bi herriotako eliza-liburuetan bederen idatzita dagoenez, Ebanjelioa herritarrei euskaraz azaltzeko agindua eman zien gotzainak abadeei.

esteban de adoain 3

Esteban Adoain

1762. ARIZTU. Oibarreko seme bat izendatu zuten erretore; handik gutxira uko egin zion karguari, beharrezko baitzen entender y sauer hablar la lengua bascongada. Hark ez zekien. Aizkurgitar batek bete zuen azkenean kargua.

XIX. m. hasiera. SANTA FE. Aunque la obligacion es de predicar en Basquence por ser este balle bascongado, gaztelaniaz egin ohi ziren erromeria egunetako predikuak por concurrir forasteros de pueblos romanzados edota porque no siempre se halla orador vascongado.

1808-1872. ADOAIN. Herrian bertan jaiotako Esteban Adoain kaputxinoa euskalduna zen. Bere euskarazko idazkietan ez zuen, ordea, sorterriko hizkera garbirik jaso, urte asko eman baitzituen Adoaindik urrun.

1825-30 aldera. ONGOZ. 80 urte zituela 1935ean hildako José Meleroren gurasoek euskaraz baino ez omen zekiten.

XIX. m. erdialdea. IRUROZKI, ONGOTZ, OZKOIDI. Euskaraz egiten omen zen oraindik. 1931n hildako irurozkitar baten esanetan, gazte zenean adinekoen artean euskara zen nagusi. Euskara apaldurik zegoen, dena den, haranaren hegoaldean.

Urraulgoiti3

Urraulgoitiko eremu euskalduna Bonaparteren mapan. Ditugun albisteen arabera XIX. mende erdialdean euskaldunak bazituzten gainerako herriak, azpimarratuta.

1863. Bonaparteren mapak galbidean irudikatu zuen Urraulgo euskara, haranaren erdia baino gehiago hizkuntzaren ezagutza marratik kanpo utzirik. Ariztu, Elkoaz, Arangozki, Aietxu, Jakoisti, Adoain, Artanga, Ongoz, Txastoia eta Lareki bakarrik bildu zituen printzeak hegoaldeko goi-nafarreraren barrenean, eta ezarri ere, kolore ahuleko eremuan ezarri zituen. Adoain-Ongoz-Lareki lerrotik beherako gainerako herri guztiak erdalduntzat jo zituen, nahiz eta -ohikoa den legez- ez duen horrek esan nahi gainerako horietan euskaldunik batere ez zegoenik, ondoren ikusiko den bezala.

1865. Jimeno Jurioren esanetan, Urraul osoa zegoen erdaldundua 1865erako, Urraulgoitiko ipar muturra izan ezik.

1905. Azkuek, bere hiztegiaren hitzaurrean (XXVIII. or.) Bonaparteren datuetan oinarritutako herri euskaldunen zerrenda eguneratua idatzi zuen euskalki bakoitzaren hedadura finkatu asmoz. Printzeak euskararen eremuan jotako Urraulgoitiko guztietatik Ariztu besterik ez zuen zerrendan sartu.

Ozkoidi

Ozkoidin, 1930eko hamarkadara arte behintzat ez zen iraungi euskara

1925. ARIZTU. Irigaraik, bere ikerketetan, herrian oraindik bertako euskaldunak bazirela ikusi zuen.

1935. OZKOIDI. Dominica Echarte ozkoidiar euskaldunaren heriotza. 103 urte zituela hildako emakume honek bera haurra zela Ozkoidin dena euskaraz egiten zela esan ohi zuen. Hainbat urte geroago, mendialdetik jaitsitako euskaldunekin euskaraz egiten jarraitu zuen Echarte andereak.

1945, 1950. ELKOAZ. Haranaren ipar muturreko hondar euskal hiztunen heriotza: benetako azken euskalduna 1945ean 80 urtez hildako Fermín Errea izan bide zen. 1950ean 90 urtez hildako José Villanuevak ba omen zekien zerbait.

1952 inguruan. Hizkuntza ahaztuta ere, euskararen arrastoak nabarmenak ziren oraindik urrauldarren artean. Idiei-eta geldirik egoteko ago! esaten zieten urte haietan. Gerora Basaburuko apaiz bihurtutako Andres Petrirenari zor diot datua.


‘Euskera aukera’, NUPek antolatutako bideo labur lehiaketa

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintza Zuzendaritzak aurten abiarazitako lehiaketa da hau, eta Unibertsitatean euskara sustatu asmoz sortu dute. Irabazleak Gorka Larralde eta Mikel Arraiz izan dira, lehiaketak bezala ‘Euskera aukera’ izena zuen lanari esker, eta 1000 euroko saria eskuratu dute. Bigarren saria, aldiz, Roberto Casadoren ‘Edozein egunetan’ izeneko lanari eman diote.

 

Hona hemen irabazleen bideo lana:

Euskera, aukera

 

Albistea, zabalago, NUPen webgunean


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko otsaila
    A A A A O I I
    « Urt   Mar »
     123
    45678910
    11121314151617
    18192021222324
    25262728  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu