Urteak daramatza Iruñeko Labrit Multimedia enpresak Nafarroako ondare ez-materiala biltzen, aztertzen eta jendaurrean aurkezten. Ehundaka eta ehundaka nafar elkarrizketatu dituzte dagoeneko bizimoduak, ohiturak, mintzoak… azken batean, bizitzaren lekukotasunak jaso eta ezagutarazi asmoz. Hainbat fruitu eman ditu orain arteko bilketa ahalegin honek, eta une honetan bertan beste zenbait egitasmo aurrera doaz. Hona ekarri nahi izan dudan lana ez da Labritekoen azken emaitza (zertan dabiltzan jakin nahi duena Twitterrez balia daiteke), baina interes handikoa iruditu zait une honetantxe bertako euskara guztiz galbidean duen haran bat duelako mintzagai, eta laster betirako itzaliko den mintzo baten lekuko delako.

odieta_karatula

 

Izenburua: ODIETA – XX. mendeko lekukotasunak / Testimonios del siglo XX.

Argitaratzailea: Labrit Multimedia

Zuzendaria: Gaizka Aranguren

Urtea: 2009

Euskarria: DVDa 

Hizkuntza:  gaztelania eta euskara 

Iraupena: 175 minutu.

 

Odieta harana Lizasotik Iruñerantz doan errepidean dago, hiriburutik 20 bat kilometrora-edo, Ultzama eta Ezkabarteko dermioen artean. Zortzi herrik osatzen dute: Latasa, Gelbentzu, Gaskue, Erripa, Gendulain, Ziaurritz, Anotzibar eta Ostitzek. Azken hau haranaz kanpoko udala izan zen luzaroan.

Hamabost odietar -bederatzi gizon eta sei emakume- elkarrizketatu zituen Maite Lakarrek DVDa osatzen duten lekukotasunak biltzeko. Poztu egin nintzen Gaizka Arangurenek haietako hiruk euskaraz (ere) hitz egin zutela jakinarazi zidanean. Odieta erdalduntzen hasita zegoen 1935ean Irigaraik datu-bilketa egin zuenerako. Sánchez Carrionek eta Yrizarrek oso galera nabarmena irudikatu zuten 70eko hamarkadan -azken honek haran osoan 40 euskaldun ere ez zeudela idatzi zuen-. Ez nuen uste honezkero Odietako euskara eman zezakeen bertako adinekorik izango zenik. Eta, hala ere, hiru lekuko bizi ziren oraindik Labrit Multimediakoek 2009an argitara emandako materiala grabatu zutenean. Gizonezkoak hirurak: Latasako Mariano Ciganda (1910ean jaioa) eta Martin Elizondo (1922-), eta Gelbentzuko Pedro Oiartzun (1925-). Azken bi hauek ditugu Odietako hondar euskaldun zaharrak, Mariano Ciganda 2010ean hil baitzen, ehun urteak beteta.

latasa odieta

Latasa

 

Odietako euskararen azken pausagune omen diren Latasa eta Gelbentzu haranaren ipar aldean daude, eta gertu dute horrenbestez artean euskaldunago iraun duen Ultzama. Bi herri horietatik kanpo ere nabaria da oraindik udalerrian zehar euskararen itzala: Gendulain herrixkako Goldaraz ahizpak, esaterako, euskara ulertzeko gauza dira eta hainbat esalditxo, asmakizun edota esaera dituzte gogoan. Nolanahi ere, Bonapartek Olaibarreko aldakia deitu zuena -Odieta, Olaibar, Ezkabarte eta Atarrabia, Iruñea ondo-ondoan- desagertzear dago, beste hainbati historian zehar gertatu bezala. Interes berezia du horregatik, nire ustez, DVD honek.

Euskarazko lekukotasunak alde batera utzita ere, ikus-entzunezkoa ia hiru orduko emaitza ederra da, 10 ataletan banatua (etxea, bizitza, ekonomia, bestak, erlijioa, osasuna, sinismenak, gerra, harremanak eta euskara) eta era guztietako elkarrizketak dituena. XXI. mendea ziztu bizian ezabatzen ari den XX.eko bizimodu, ohitura eta sineskera asko jaso dituzte Labritekoek, gaur egun gainbehera datorren ahozko transmisio gero eta eskasagoak eta gure komunikazio ohitura berriek horiek denak inola ere galtzen utz ez diezaguten.