Archive for otsaila 15th, 2013

Nafarroako Bertso Txapelketa: azken-laurdenen errematea bihar Zubirin

Nafarroako Bertsolari Txapelketak bihar izango du 1. faseko azken ekitaldia. Esteribarko Zubirin elkartuko dira arratsaldeko 17:30etik aurrera Ainhoa Aranburu, Oskar Estanga, Ander Fuentes, Iban Garro, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoena. Gautxori jatetxean dute hitzordua.

Biharko seikotearen lanen ostean azken-laurdenak osatuta geldituko dira. Zubiriko saioko onena finalaurrekoetan izango da, orain arteko lau ekitaldietako irabazleekin batera (Xabier Silveira, Migel Mari Elosegi, Julen Zelaieta eta Eneko Lazkoz). Aldez aurretik dago sailkatuta egungo  txapeldun den Julio Soto. Beste hamabi lagun izango dira finalaurrekoetan; azken-laurdenetan irabazle izan gabe punturik gehien izan dutenak, hain zuzen. Zubiriko saioa baino lehen, hauxe da behin-behineko sailkapena:

 

BERTSOLARIA

PUNTUAK

Erika Lagoma

340

Jon Barberena

331

Aimar Karrika

324,5

Oier Lakuntza

320,5

Eneko Fernandez

317,5

Iñigo Olaetxea

317

Iñaki Aleman

315,5

Xabier Maia

310,5

Saioa Alkaiza

308,5

Josu Sanjurjo

307

Amaia Elizagoien

302,5

Aritz Saragueta

301,5

Ioar Tainta

301,5

Egoitz Gorosterrazu

300,5

Alazne Untxalo

298,5

Iker Gorosterrazu

293

Patxi Castillo

291.5

Oskar Sanz de Acedo

289,5

Ekaitz Astiz

285,5

Haizea Beruete

228

Finalaurrekoak Atarrabia, Etxarri-Aranatz eta Elizondon izango dira martxoaren 2tik aurrera.

 

 

 


Eltso, Santxo (1522-??)

Elizgizon nafarra, Hegoaldean euskaraz argitara emandako lehen liburuaren egilea.

Duela gutxi arte oso idazle ezezaguna izan da geurean Santxo Eltso. Batetik, bere bizitzari buruzko daturik ia ez zegoelako, eta zeudenen artean egiazkoak zirenak eta ez zirenak behar bezala bereizita ez egoteagatik; bestetik, Eltsoren lanaren alerik ez delako guregana iritsi. Lehendabiziko lausoa, idazlearen bizitzari buruzkoa, nabarmen argitu da azken urteotan Ricardo Urrizolaren ikerketari esker. Bigarrenak -bere lana betirako galdu den ala ez, alegia- bere horretan dirau oraingoz.

Latasa Amarreko

Latasako Amarreko, Eltsoren jaiotetxea

Santxo Eltso 1522an jaio zen Odieta haraneko Latasa herrian, gaur egun Amarreko izena duen orduko Txikitxorena etxean. Hangoa zuen ama, Graxi Latasa, Santxo semea ezkongabe izan zuena. Aita, berriz, Martin Eltso zen, Latasatik kilometro batzuetara dagoen Eltso herriko abadea. Trentoko kontzilioak apaizen harremanak zeharo debekatu aurreko garai haietan ez zen ezohikoa horrelakorik gertatzea. Beste hiru seme-alaba izan zituzten Martinek eta Graxik.

Eltsoren genealogia3

Santxo Eltsoren zenbait senide eta arbaso

Santxoren umetako gorabeherak ezezagunak dira, baina gaztetan Alcalako unibertsitatera jo zuela garbi dago. 1544an kapilau onartu zuten bertako San Ildefonso kolegioan; ikasleei meza esateaz edota gaixoak zaintzeaz arduratuko zen, besteak beste, bere ikasketak egin artean. Teologian lizentziadun bihurtu zen, eta halaxe izendatu zuten latasarra hari buruzko agirietan: lizentziatu.

Agiri horien arabera Eltso lizentziatua txirotasunean bizizale izan zen, eta Jainkoaren hitza barreiatzen ibili zen herriz herri hainbat lekutan; Nafarroan bertan,  Gipuzkoan eta Bizkaian, esaterako. Predikari saiatuaren sona izan zuen bizi izan zen artean.

Lan didaktiko horren osagarri, Trentoko Kontzilioan hartutako erabakien ondorioz, edota Nafarroa Garaia Iparraldeko giro Erreformazalearen balizko eraginetatik zaintzearren, doktrina bat idatzi zuen odietarrak elebitan: Doctrina Christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados en castellano y bascuence. XVII. mendeko Nicolás Antonio andaluziarrari zor diogu izenburua; Bibliotheca Hispana Nova izeneko lanean (1672) nafarraren liburuaren aipamentxoa idatzi zuen.

Laguntzaile boteretsuak izan zituen doktrina hark. Iruñeko apezpiku Diego Ramírez Sedeño de Fuenrealek eta erregeorde zen Don Juan de la Cerdá Medinacelliko dukeak, adibidez, goraipatu egin zuten Eltsok egindako predikari lana; eta gotzaitegiko parrokietan diru-bilketa egitea baimendu ere bai, obratxoa bukatuta zegoelarik, jasotako sosak baliatuz inprentara eraman eta argitaratu ahal izateko. Nicolas Antoniok  Doctrina 1561ekoa zela idatzi zuen; 1566ko urtarrilean egina zegoela gauza ziurra da. 1568rako dirua bildua omen zuen Eltsok eta inprenta-lanak bukatzeko agindua eman ahal izan zien Lizarran eta Iruñean ziharduten Adrian Anvers eta Tomas Porralis inprimatzaileei. Liburua plazaratzeko lana ez zen, ikusten denez, ez erraza ez berehalakoa izan.

Banaketa-arazoak ere izan zituen Santxo Eltsok. 1569an istilua sortu zen lizentziatuaren eta Juan Bastida izeneko mandazain tuterar baten artean. Eltsok Doctrinaren 444 ale utzi zizkion Bastidari, honek Cintruenigora garraiatu eta hango elizgizon bati eman ziezazkion. Enkargua ez zuen ongi bete eta liburuak tuterarraren etxean geratu ziren luzaroan, harik eta urtebete beranduago, tribunalek arrazoia emanda, Eltsok berreskuratu ahal izan zituen arte. Ehundik gora oso hondatuta zeuden, ordea, saguek janda edo txori-zirinek zikinduta, eta luze jo zuen kalteak ordaintzeko Latasakoak tribunaletan hasitako prozesuak.

cintruenigo3

Cintruenigo, Eltsoren doktrinaren 444 aleren jomuga

Prozesu horri esker jakin da doktrinaren 2.000 ale argitaratu zirela. Kontuan hartzeko kopurua da. Argitalpen ahaleginean Eltsok aldeko izan zituen haientzat liburua tresna baliotsua zen seinale, nonbait.

1572an sorterri ingurura itzuli zen. Ultzamako agintariek bertaratzeko eta haranean hiru hilabetez bizitzeko eskatu zioten odietarrari,

porque tenían mucha confianza en nuestro señor Jesucristo, que hallándose presente el dicho licenciado en el dicho valle e intercediendo a nuestro señor por los de la dicha valle, que no serían perdidos ni permitirá Dios que sean perdidos por tempestad de la piedra, como dijeron que habían sido perdidos en estos cuatro o cinco años últimos pasados, por lo cual estaban muy afligidos y necesitados…

Onartu egin zuen Eltsok proposamena, nahiz eta handik gutxira kexu agertu, haranekoek ez baitzituzten bete hark aldez aurretik ezarritako zenbait baldintza. Dena den, ultzamarren debozioaz eta uzta kaskarrez ez ezik lizentziatuak bereganatutako ospeaz ere hitz egiten duen gertakari honen ostean, ez dago hari buruzko beste inolako albisterik. Oraingoz behintzat 1572an dago etenda Hegoaldeko euskal idazlerik zaharrenaren arrastoa.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko otsaila
    A A A A O I I
    « Urt   Mar »
     123
    45678910
    11121314151617
    18192021222324
    25262728  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu