Inoiz artxibategi batean sartu eta antzinako paperek gordetako sekretuetan murgiltzen hasi denak ongi jakingo du aurkikuntza nekez izaten dela ahaleginaren berehalako ordain. Litekeena da egun arrakastatsu bakoitzeko hainbat alferrikako egotea. Fernando Maiora Mendiak (Artaxoa, 1961) badaki horren berri, Nafarroako  artxibo frankotan bisitari ezagun-ezaguna baita. Urteak daramatza bilaketa lan isil eta sarritan esker gaiztokoari emana, eta  hainbat liburu kaleratu ditu orain arteko lan horren fruitu. Hemen aipatu nahi dudana, blog honen izaerarekin bat etortzeaz gain, ez da oso aspaldikoa; eta Maioraren liburuek edizio murritz samarrak izan ohi dituztenez baliteke irakurleren batek oraindik ez ezagutzea.

fernando-maiora-

Fernando Maiora

Izenburua: Reino de Navarra. Euskera. Injurias, coplas, frases

Egilea: Fernando Maiora Mendia

Urtea: 2011

Hizkuntza:  gaztelania  

Orrialde kopurua: 189

Salneurria: 20€

Nafarroako Artxibo Orokorrean dauden 250 bat agiritan bildutakoa isuri zuen Maiorak lan honetan. 1441ekoa da zaharrena eta 1891koa azkena; % 80tik gora, dena den,  XVI eta XVII. mendeei dagozkie, eta ordukoak dira lekukotasunik interesgarrienak.

Oso interesgarria da, halaber, aurkitutako euskararen arrasto horien geografia banaketari erreparatzea. Azpiko mapan duzue, arrastoen luze-laburraren arabera koloreztaturik:

Navarra-loc.svg

Gorriz, esaldiak edota testu laburrak. Laranjaz, esaldi-zatiak nahiz sintagmak. Horiz, hitz hutsak. Borobil beltza dutenak (Miranda de Arga, Santakara) dudazkotzat ditu egileak.

Izan ere, Maiorak arakatutako prozesu batzuetan hitz bakar batek salatu du zein zen paperean aipatutako gizon-emakumeen berezko hizkuntza, iluntasunaren erdiko flash labur baten gisa beste hizkuntza batean mintzo zen burokraziaren zirrikituen artean agertua: amabiac, yxo, arguia, ator, gaysua Beste hainbatetan hitz pare bat baino ez da, baina hizkuntzaren bizitasunari buruzko albiste baliotsuak emateko modukoa, irainak direnean esaterako: ozarr liquisa, ladron çarra, apo sorguina, puta ordia, apez alabaTarteka, esaldi osorik eta testutxotzat jo daitekeenik ere topatu du ikerlari artaxoarrak. Lekukotasun interesgarriak beti ere, baina are interesgarriagoak bertako euskara galdua duten eta gaur arte inolako testu luzerik utzi ez diguten inguruetan; Artaxoan bertan edota Orbaibarren, adibidez.

Maioraren liburuko azken lekukotasun horien adibide, beste askoren artean, honako hiru hauek:

Bakedano, Ameskoa, 1566. Jokoan sortutako liskar batean Martin Gonzalez izeneko batek esandako irain hitzak: dollorr, traidore seme, puta seme (…) lehenere beguietan haducat eta guero vada lehen vada ene escuetaric joanen haiz, ques deçir, yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos…

Olaz-Txipi, Egues, 1596. Herriko sakristau-ohiak esandakoak, orduko apaizarekin ika-mikan ari zela: dixo semejantes palabras que estas, bada ni elbanenquio alsusaten olazeneco mutilcoa baze lagunic ezluela nic jaquinenique cer eguin, que si lo topaba en Alsusate solo, sin otra compañia, sino el mochacho de los de casa de Olaz, quel sabria que hazer…

Artaxoa, 1607. Ohitura omen zen hilobi gainetan alonbrak (alfonbrak) edota piztutako kandelak jartzea, heriotza osteko lehendabiziko urtean; ez, ordea, urtea bete ondoren. 1607ko martxoaren 3an neskame bat sartu zen elizan, bere jaunak aginduta, haren emazte zenaren hilobian alfonbrak-eta jartzera. Miguel Colomo alkatea hantxe zen, y el dicho Miguel Colomo disculpante, le hablo en bascuençe a la dicha criada y le dixo desta manera, este saçula bana alonbra orie çe urtea beteric dagola çoas caynço çure nagusiari nic erran dia yçudala

Antzinako bizimodu eta gorabeheren gordailu diren artxiboek behinolako euskararen aztarna ezezagun asko gordeko dituzte oraindik; baina orain arte azaleratu direnak ezagutzeko ezinbestekoa izan da Maioraren eta bera bezalako beste askoren ahalegina eta pazientzia. Artaxoarraren kasuan, gainera, txalotzekoa iruditzen zait jaioterrian aspalditxo galdu zen eta berak etxean ikasterik izan ez zuen euskarara bere kabuz hurbildu eta hura ezagutzera emateko agertzen ari den borondate sendoa. Begien aurrean jarri dizkigu datu baliotsu ugari, beste batzuek iturrietara jo eta Nafarroako aspaldiko euskararen ezagutzan aurrera egin ahal izateko.

 

El artajonés Fernando Maiora lleva años difundiendo testimonios antiguos de la presencia del euskera en Navarra recogidos pacientemente en diferentes archivos. El libro comentado en esta entrada recopìla una gran cantidad de palabras y frases procedentes de la montaña y la zona media de Navarra, datadas fundamentalmente en los siglos XVI y XVII, y que han llegado hasta nosotros gracias al hecho de que en los procesos judiciales de antaño, redactados única y exclusivamente en lengua castellana, se hacía necesario en ocasiones recoger literalmente las palabras, insultos o amenazas que los testigos (con frecuencia monolingúes vascófonos) habían proferido al ocurrir los hechos juzgados. Estos testimonios aportan valiosos datos sobre la extensión y algunas características del euskera hablado en gran parte de Navarra durante la Edad Moderna.