Mediateka

mediateka.euskarabidea.es

Interneten garapenak erraztu eta ugaritu egin ditu Nafarroako euskaldunen mintzoak ezagutzeko bideak. Toki askotako solasak entzun daitezke gaur egun (eta hiztunak ikusi ere bai), sareari esker. Hona hemen zenbait aukera:

Nafarroako euskararen mediatekan dago gaur egun Nafarroa Garaiako eta Behereko hizkeren bildumarik handiena. Bideotekak ia 5.000 bideo artxibo ditu jasota; eta horiez gain beste bi mila pasatxo audio-artxibo ere bada fonotekan. Gaur egungoak ez ezik aurreko hamarkadetan jasotakoak ere badaudenez, euskara galdu duten herri batzuetako lekukotasunak badira Mediatekan. Erregistratu eta erabiltzaile bihurtu beharra dago baliabideak osorik ikus-entzuteko; hala nahi ez dutenentzat, artxibo-zatiak besterik ez daude eskura.

Ahotsak

www.ahotsak.com

Ahotsak.com webgunea Deba ibarreko Badihardugu Euskara Elkarteak aspaldi honetan martxan jarritako proiektu aipagarria da. 200dik gora herritako 4000 pasatxo hiztun elkarrizketatu dituzte dagoeneko Euskal Herri osoko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta ezagutzera emateko. Une honetan Nafarroako 34 herritako datuak dituzte, audio hutsa batzutan eta bideoa beste zenbaitetan. Zinez interesgarria dira bai proiektua eta bai webgunea.

NiEuskalduna

nieuskalduna.metroo.es

Labrit Multimedia, lehendik ere aipatu dut blog honetan. Iruñako enpresa honek Nafarroako ondare ez-materiala biltzeari ekin dio eta gaur arte kaleratu dituen DVDetan eskualde andana bateko hizkerak daude jasota. Lanen batzuk Youtuben dituzte, eta Ni, Bidasoa izenekoan Baztan-Bidasoa inguruko zenbait hiztun ikusi eta entzun ahal izango dituzue.

Ni euskalduna izeneko proiektua, bestalde, euskararen eremuan zeharreko herrietara joan, adineko jendea bildu, eta beraien bizipenei buruzko bideoak sortu eta ezagutzera ematen ari da. Bizkaian eta Gipuzkoan aritu dira batez ere orain arte, baina Nafarroako hiru herritan izan dira dagoeneko:  Donezteben, Goizuetan eta Mugiron.