Elizgizon nafarra, euskarak izan duen idazle zaharretan oparoenetakoa eta Iruñerriko euskararen lekuko idatzi nagusia.

Izugarri egile emankorra izan arren, urte askotan zehar zabala bezain ezezaguna izan da Lizarragaren lana. Funtsezkoa da ordea hainbat hutsune betetzeko; idazle garaikide gutxi daude Nafarroan, eta ia alerik ere ez Iruñea inguruan mintzo zen euskalkira hurbildu nahi izanez gero. Ez da harritzekoa  Nafarroako euskararen erraldoi bakartitzat jo izana. Juan Apezetxea euskaltzain urgazle goizuetarraren interesari eta ahaleginari esker atera da ilunpetik, hein handi batean, Eguesibarrekoa.

Elcano Migelena

Elkanoko Migelena duela hainbat urte

Zangozako Merinaldean dagoen Elkano herrixkako Migelena etxean munduratu zen Joakin Lizarraga Iragi 1748ko irailean, Iruñetik kilometro gutxitara, baina gaurkoaren antzik ere ez zuen Iruñerri hartan. Elkanon bertan jaioa zen aita eta Anue haraneko Egozkuen ama. Bost seme-alabatan zaharrena izan zen Joakin; arreba bat izan ezik, ordea,  umetan hil ziren anaia-arreba guztiak.

Laurogeita sei urte betetzera iritsitako Lizarragak oso gutxi eman zituen jaioterritik kanpo, eta gaztarokoak izan ziren. Iruña inguruko beste nekazari askoren semeak bezala, gaztetxotan Elkanoko eskola ttikia utzi eta hiriburuko La Anunciadara jo zuen, jesuitengana (1760). Hiru urte eman zituen humanitate ikasten Aita Sebastian Mendiburu bera irakasle ibilitako ikastetxe hartan, handik Valladolid aldera egin aurretik, sona handikoa zen Villagarcía de Campos-eko nobiziatura. Ez zen han ere itzal handiko jesuitarik falta: Aita Francisco José Islak Villagarcían zela idatzi berria zuen 1760ko hamarraldian Historia del famoso predicador Fray Gerundio de Campazas obra famatua. Bertutetsu eta zintzo iritzi zion Islak Elkanoko gazteari.

Valladoliden nobizio zebilela aldarrikatu zuen Carlos III.ak Pragmática Sanción izeneko legea (1767), Jesusen Lagundiko kide guztiak erbesteratzera behartu zituena. Iparralderantz abiatu behar izan ziren Villagarcíako nobizio gazteak, esku hutsik ia-ia; Italiarako bidean haietako asko. Baina Elkanokoa, jesuita bihurtu ezean elizgizon behintzat izateko erabakia sendo hartuta, erbesteratzeari -eta, horrenbestez, Lagundiari- une hartan uko eginda herrira itzuli zen. Filosofia eta Teologia ikasketak amaitu eta 1771n apaiztu zen Donostian.  Handik bi urtera sorterriko bikario izendatu zuten eta heriotzara arte bizi izan zen Migelenan, parroki-zereginari emana. Hainbat urte beranduago Iruñeko Apaizgaitegiko humanitate ikastegiaren ardura eskaini bazioten ere, ez zen Elkanotik mugitu; hil arte eutsi zion jaioterriko bikariotzari. Ia hirurogeita lau urtez, beraz.

Mende erditik gorako lan luze, etengabe eta ixil horren fruitu dira apaizgintza urtetik 1821ra arte Joakin Lizarragak idatzitako euskarazko testuak. Fruitu horiek denak Elkanokoaren asmo didaktikoaren argitan ulertu behar dira, Trentoko Kontzilioak bi mende luze lehenago egindako gomendioak guztiz bereganatu baitzituen. Lizarragaren ustez ez zaio aski kristauari meza entzutea; heziketarako behar-beharrezkoa da katekesia, eta eliztiarrek katekesi horretatik ahal duten probetxurik handiena ateratzea. ‘Probetxu’ horrek kezkatzen zuen batez ere bikario eguesibartarra; horregatik, alferrikakotzat zituen entzuleak aspertzeko moduko prediku luze-lehorrak eta testuak ondo egituratzearen garrantzia aldarrikatu zuen:

 “Ala aisago delaríc, aguián izánen ere dá próchu yágo, cerén ezi predícu lúcea baiño lenágo aca­batzendá comunquiró adizaleén aténcioa, ta devócioa, eta génde comúnac artáic guti entendátzen, ta gutiágo daráma echéra, ezpadá choil claro eta seguída onéan”

Lizarraga sermoia

Lizarragaren sermoi-hasiera bat (‘Bidegileak’ bildumatik ateratako irudia)

Ez zituen beraz gogoko irakurketa hutsera lerratutako sermoi (eta sermolari) hotzak eta bai, aitzitik, nork bere erara eta entzuleen beharretara egokitutakoak. Berak idatzi zuena ere, unearen arabera moldatu eta eraldatzeko moduko oinarritzat zeukan, nonbait. Eta horrela, alez ale, egunez egun eta igandez igande, bost mila foliotik gorako uzta bikaina bildu zuen Joakin Lizarragak. Ez zuen bere idazkirik inprentara eraman; hil eta hamaika urtera, 1846an, argitaratu zen Ramon Barojarenean Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac, Elkanokoaren obraren lehendabiziko ataltxoa; XX. mendearen bukaerara arte asko ziren artean argitan eman gabe zeuden idazkiak, eta azken urteotako ahaleginak bete du hutsune hori.

Elkanoko Lizarragaren ekoizpen mardularen erdia katekesi-irakaspena da; heren bat-edo betetzen dute homilietarako gaiek, eta gainerakoa 187 santuren biografiak eta erlijio gaiko hainbat kopla dira. Balio handiko lekukotasuna utzi zuen, XX. mendean itzalitako Eguesibar inguruko euskarara hurbiltzeko biderik baliagarriena baita.

Hona hemen San Ferminen bizitzari dagokion Lizarragaren pasartetxo bat, egungo grafiara moldaturik:

Andik pasatu ze Anbiano deitzen den ziudadera, non berrogei egunes konbertitu zitue irur milla persona. Bi Presidente Lonjinos ta Sebastian deituak, jakinik ziertoki, anitz erri ta ziudadeetan despreziaturik idolo banoak, beneratzen zela Jesu Kristo Jangoiko-gizon egiaskoa, S. Ferminen predikatzearen medios, etorri zire arara prisaka, ta fuerteki erreprehenditurik, zeren plantatzen zuen errelijione berri bat enperadoreen manamenduen kontra, sarrarazi zute karzelean: eta beldurrak libra zezan jendeak len bekala, ilarazi zute ixilkias presondegian. Presidenteetaik bata il zute jendeek orgatik: berzeas oroat inen zute, ezpaze eskapatu. Sanduaren gorputza orziarazi zue honratuki Faustiniano Sendadoreak, zeñen semea Firmio izan ze Amiensko Obispo, ta ala deitua, zeren S. Ferminek bataiatu zuen bere Aitareki bateo. Pasatus denborak, ia niork etzekie non zegon ortzirik sandua, ta guziek naiak: alik eta Teodoriko erregeren denboran S. Salbiok Amiensko Obispo zenak asko baru, ta orazioen kostus logratu zuenerrebela zezan Jangoikoak non zeuden altxaturik sandu gonen errelikiak.

Lizarragaren sermoiak, Literaturaren Gordailuan

Joaquín Lizarraga (1748-1835), párroco durante más de 63 años del lugar de Elcano, en el valle de Egüés y anexo a Pamplona, es una de las figuras más interesantes de la literatura navarra en lengua vasca desde un punto de vista lingüístico y filológico. Movido por su propio celo eclesiástico, compuso una producción enteramente catequética que abarca unos cinco mil folios (sermones, vidas de santos, coplas…) y que supone prácticamente la única muestra de la variedad de la lengua hablada durante siglos en la comarca de Pamplona y desaparecida a lo largo del siglo XX.