Goñerri izan zen, seguru asko, Lizarrako Merinaldean euskarari eutsi zion azken eskualdea. Haran honek hizkuntzaren iraupenarekin lotutako hainbat albiste eta lekukotasun idatzi utzi ditu XX. mendera arte. Hona hemen horietako zenbait: Nafarroako udalerriak Goñi

  • 1587. Gasteizko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan,  bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da.
  • 1643. MUNARRITZ. Inor aitonen seme izateari buruzko ikerketa batean, bertako hamasei biztanlek itzultzaile bidez deklaratu behar izan zuten, ez baitzekiten gaztelaniarik.
  • 1643. URDANOTZ. Beste horrenbeste gertatu zen bertako hiru lagunekin.
  • 1686. URDANOTZ. Herriko bestetako meza nagusian, mezamutilak ez zien jauregiko alabei bakea eman nahi izan. Sekulako belarrondokoa eman zion horregatik amak. Euskarazko komentarioa egin zuen jarraian apaizak, eta gertakaria zela eta hasitako prozesuan esaldi horren hainbat bertsio ezberdin eman zuten eliztiar lekukoek: eliza sandu ontan escu egosten duenaz, Jaincoac valemoque castigu, edota Jangoico onipotenteac daqui castigatzen escu libertatuac lecu ontan, eta abar.
  • 1691. AZANTZA. 26 urteko Pedro de Baigorri eta 76ko Miguel de Larraya herritarrek deklaratu zutenez, hizketan entzun zituzten Azantza eta Aizpungo erretoreak, baina gazteleraz ari zirelako ez zieten ulertu.
  • XVIII.m. hasiera. Juan Camargo apezpikuak haranera egindako bisitaldian agindu zuen que el abad y sus subcesores cumplan con la obligación de explicar el Santo Evangelio, leyendo cada vez un capítulo correspondiente al día, inter missarum solemnia, por el catecismo romano del P. Eusebio de Nieremberg, explicando aquel brevemente en lengua bascongada.
  • XVIII.m. osoa. MUNARRITZ. Euskaraz adierazi zizkieten apaizek herritarrei gotzain-bisitaldietan agindutakoak.
  • Era berean, mende osoan zehar haranean sortu edota aurkitutako testu andana ederra iritsi da gugana. Nahiz eta multzo horretako idazki guztiek ez duten Goñerriko euskara maila berean islatzen, hizkera hura inguruko beste hainbat baino sakonago ezagutzeko balio izan dute, eta baita euskara paperean isuri zuten goñerritar batzuen izenak ezagutzeko ere: Juan Martin de Ibero munarriztarra (1729-1783) edota 1740an Goñin sortutako Joseph Markotegi.
  • 1765-67. Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Nafarroako hainbat herri euskaldunetan lan egiten utz ziezaieten idatzitako txostenetan, gehiengo euskalduna izan arren gaztelania ere den-denek ezagutu edota ulertzen zuten herri-multzoan eremuan kokatu zuten harana, hau adieraziz: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo.

    Goñi

    Goñi herria haranaren mendebalean dago, Sakanara begira

  • 1773. URDANOTZ. Anduezatarren askazikoak aitonen seme ba ote ziren jakiteko burututako prozesuan idatziz adierazi zenez, herritarren ohiko mintzaira euskara zen.
  • 1780. Abartzuzako Ramón Múzquiz sendagilea kontratatu zutenean, haraneko agintariek bertan behera utzi zuten aldi hartarako aldez aurretik ezarria zuten klausula, que prebiene haya de ser vascongado el medico que se condujere. Múzquizek berak aitortu zuen no hallarse bastante capaz en dicha ydioma.
  • 1756-1807. AZANTZA. Urte horietan bizi izandako Jose Goya Muniain azantzatarra, Sevillako kalonje izandakoa, Iruñeko gotzain izenda zezatela proposatu zuten, zeren eta posee el idioma vascongado, como nativo de este país.
  • 1816-17. Ordura arte adierazi zuten idatziz haraneko erretoreek, apezpikuen aginduari jarraikiz, herritarrei eguneroko irakurgaien edukia euskaraz azaldu zietela.
  • XVIII. m. amaieratik 1824ra arte. AZANTZA. Zarauzko frantziskotarrek egin zituzten bertan misio-predikuak como bascongados y acomodados al País.
  • 1863. Bonaparteren mapan, gehiengoa euskaraz mintzo zeneko eremuan sartu zuen harana printzeak.
  • 1870… GOÑI. 1900an jaiotako Urritzolako Juan Bautista Etxarren euskaldun arakildarrak 80ko hamarkadan adierazitakoaren arabera, berak ezaguturiko goñerritar euskaldun bat orduan jaioa zatekeen. Baliteke urte haietakoa izatea Goñerriko euskara jaso zuen azken belaunaldia.
  • 1878. Asociación éuskara delakoaren ekimenez, galdetegi bat luzatu zitzaien hainbat eskualdetako bazkideei euskararen une hartako egoera zehaztu asmoz. Oltzako bizilagun batek la divisoria entre el país esencialmente castellano y en el que se conserva con bastante generalidad el vascuence finkatu zuen. Haran osoa euskara oraindik con bastante generalidad gordetzen zuen lurralde horren barnean zegoen bere esanetan (1878ko maiatzak 22)

    Goñi. Enparantza.

  • 1884. Bere Gramática…n Campión-ek zioenez, ordurako gazteek zertxobait besterik ez zuten ulertzen.
  • 1904. GOÑI, URDANOTZ. Elizbarrutiko Guía estadística delakoan bertako apaizek baietz erantzun zioten ¿Se habla vasco? galderari. [datua, eta inkestaren zientifikotasuna bera, dena den, zalantzazkoak dira, Goñiko bi apaizetako batek baietz erantzun zuelako eta besteak ezetz: herriaren egoerari buruzko iritzi ezberdina…edota beraiek ba ote zekiten galdetzen zutela ulertu izana ?]
  • XX. m. hasiera. GOÑI. Hasta muy entrado el siglo actual [adierazi zuen Jimeno Juríok 1997an] euskaldunak izan ziren Baztilerena, Liserena (Saturnino Arzoz), Dorrekoa (Uspicio Gulina) eta Saldiserena etxeetako jaunak. Ubiarena etxeko anderea ere euskalduna zen eta bere senar azantzatarrarekin egiten zuen euskaraz.
  • 1934. Ubiarena etxeko andere euskaldunaren heriotza.
  • 1937. AZANTZA. Goñiko Ubiarena etxeko jaun azantzatarra (Saturnino Asiain) urte hartan hil zen.

El valle de Goñi fue probablemente el último de la Merindad de Estella en retener la lengua vasca cuando sus vecinos meridionales la habían perdido ya. Es conocida la existencia de vascoparlantes nativos de Goñi y Azanza hasta, al menos, la década de 1930.  Por lo demás, los testimonios que ratifican el arraigo multisecular del euskera en el valle son abundantes e incluso se ha conservado un apreciable número de textos escritos de temática religiosa que permiten conocer con bastante aproximación cómo era el habla vasca de las gentes de Goñi hace algunos siglos.