1032694_xabier_silveira_nafarroako_bertso_txapelketa_foto610x342

Silveira, Etxarrin nagusi

Xabier Silveira izan da onena igande arratsaldean Etxarri Aranazko Kultur Etxean jokatu den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdian. Lesakarra, bezperan Julio Soto bezala, zuzenean sailkatu da beraz hiru aste barru Iruñean izango den finalerako. Beste sei bertsolari aukeratu beharra dago oraindik, eta horien izenak heldu den asteburuan ezagutuko ditugu, finalerdi saioak Elizondon amaitutakoan. Izan ere, hirugarren finalerdiko irabazlea ez ezik, hiru finalerdietako gainerako lehiakideen artean bost puntuaziorik altuenak dituztenak ere iritsiko dira finalera. Silveiraren atzetik sailkatu diren Jon Barberenak, Eneko Lazkozek eta Eneko Fernándezek badute oraindik aukerarik. Ez ordea bosgarren eta seigarren egin duten Ander Fuentesek eta Josu Sanjurjok.

Martxoaren 9an arratsaldeko bost eta erdietan jokatuko den saioa baino lehen, bost puntuaziorik onenak honako bertsolari hauenak dira:

Erika Lagoma               436
Jon Barberena             426
Eneko Lazkoz               424
Eneko Fernandez       401,5
Oskar Estanga             400,5

Elizondoko saioan finalerako sailkatzen ahaleginduko diren bertsolariak Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia dira.