Duela zenbait egun Nafarroako Pirinio aldeko euskal mintzoen egoera laburbiltzen saiatu nintzen, Aezkoatik Esteribarrerako ibilbidean zehar. Orduan idatzitakoaren osagarri, ibilbide hori bera proposatzen duen Labrit Multimedia-ren DVD bat aipatu nahi dut.

Aurreko sarrera batean ere ekarri dut blog honetara Labrit Multimedia enpresa Nafarroako ondare ez materiala bildu eta ezagutarazteko egiten ari den lan aipagarria. Odieta haranari eskaini zioten ikus-entzunezkoaz aritu nintzen ordu hartan; orain, ordea, hainbat gauzatan desberdina den Garaioatik Iragira, Euskara bidean izenekoa aztertuko dut.

Garaioatik IragiraIzenburua: Garaioatik Iragira, Euskara bidean

Argitaratzailea: Labrit Multimedia

Zuzendaria: Gaizka Aranguren

Urtea: 2011

Euskarria: DVDa 

Hizkuntza:  euskara 

Iraupena: 28 minutu.

Salneurria: 10 euro.

Labritekoek Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker 2011n argitara emandako DVD hau ordu erdiko dokumentala dugu, edozeinek ikusteko arina eta atsegina. Labur askoa, Odietari buruzkoaren aldean; ez du hori ezberdintasun bakarra. Beste zenbait lanetan ondarea jasotzea izan dute helburu nagusi egileek, eta gaika antolatutako hainbat ordutako elkarrizketa-atal sorta luzeak plazaratu dituzte. Material biltze hutsa, esan liteke. Garaioatik Iragira… hau, ordea, dokumental itxurako ekoizpen landuagoa da. Pirinio aldeko jendearen bizitza bertako hiztunek aurkezturik gerturatu nahi diete ikus-entzuleei, halako dramatizazio puxka ere baduen gidoi baten bitartez.

Izenburuak adierazi bezala Garaioako hilerritik abiaturik, hainbat alor jorratzen dituen DVDa da: heriotza, lana, Amerika, kontrabandoa, elikadura, gaztaroa, eskola eta haurtzaroa. Bizitzaren zikloa, azken batean, atzekoz aurrera, amaieratik hasierara bitartean.

Ibilbide horrek gidari bereziak ditu: Iragiko Leandro eta Itziar Lintzoain aita-alabak, aktore lanetan. Garaioatik Iragira bidaiatu ahala (Aria, Erro eta Eugin barrena), haien arteko elkarrizketak eskualdeko bizimoduaren heriotzatik jaiotzarainoko hainbat ardatz nagusi aurkezteko balio du, eta aita-alabaren hitzak dira, aldi berean, dokumentalean bildutako Aezkoa, Erroibar eta Esteribarreko euskaldunen lekukotasunei bide ematen dietenak.

Era horretan kontaketa arin eta bizia itxuratu dute Labritekoek. Atseginez ikusten den lana, Pirinio aldeko errealitatetik urrun bizi den euskaldun askori arrotz gerta dakizkiokeen inguru eta mintzoetara hurbiltzeko tresna ederra.

DVD honek nolabaiteko zapore gazi-gozoa duela esango nuke: egia da, batetik, elkarrizketatutako 25 euskaldunetatik gehienak edadekoak direla; ondorengo hamarkadetan itzaltzeko bidean dauden hizkeren lekukoak, oro har. Nafarroako hainbat mintzaira badoazkigu, eta gaur landa-lana eskaintzen duten horiek, gordailuetan baino ez dira bihar biziko. Baina bestetik, oso esanguratsua da dokumentalaren heriotzatik jaiotzarako noranzko hori, eta ibilbidearen helmuga Iragi izatea ere bai. Iragi, zein eta -bere txikian- gaur arte euskararen transmisioa bermatu duen inguruko herri bakarra. Ez da dena galdu. Bada belaunaldi berririk ere. Nafarroako Pirinioan era bateko euskara galduko da, guztiz galdu edo neurri handi batean bai behintzat; baina hizkuntza gorde, landu edota berreskuratu nahi duten askoren ahaleginari esker, bizirik iraungo du, jaioko da berriz, arbasoena ez den itxura berritua izan arren.