Lizarrako Merinaldean Lizarra bezala, Erriberrikoan Artaxoa izan bide zen euskararen azken pausalekuetako bat, Orbaibarrekin batera. Lekukotasunek Artaxoa luzaroan euskararen lurraldearen muga izan zela iradokitzen digute, baina XIX. mendean bertan hizkuntza zaharra entzun eta erabili zuten artaxoarrek Tafallatik kilometro gutxitara. Luzeak dira ordea ahanzturaren atzaparrak, eta erraz errotzen dituzte sustraiak; Fernando Maiora artaxoarra izan da ahanztura horren aurka gehien saiatu denetako bat. Maioraren Artaxoa udalerriaeta beste batzuen ahaleginari esker, luze eta oparoa da egun euskarak Artaxoan utzitako lekukotasunen zerrenda. Haietako batzuk hemen bildu ditut:

XIV. mendea. Bildutako zenbait abizen: Lasterco, Çamorguina, Mendigorrico, Mutilederra, Gorrizco, Gaztoa, Echajauna, Vazterreco, Solla, Urdina, Surra.

1441. Nafarroako Artxiboan dauden Artaxoako paper batzuetan honela irakur daiteke: quoatro toaias, una cubierta de cuxtia o de cobertura, clamadas en bascuenz covertura de ohavete

1561. Orduko auzi batean irakur daitekeenez, oyo y comprehendio este testigo que el dicho Vitor de Alegria quexante dixo mal grado aya por que fuy aberlo deziendo en bascuençe esquerr gayz duela escasac pero no sabe por que fin ny por que causa ny razon dixo las dichas palabras…

1573. Donamartiri Untzeko gazte batzuek liskar odoltsua izan zuten Artaxoa parean bertako biztanle batekin mahats-ale batzuk zirela eta. Borroka hasi ostean armarik gabe geratu zen halako batean Artaxoakoa; çatoz Martyn eskatu zion orduan alboan zuen mutil bati, lagun ziezaion.

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, ez dago bascongado izenburua duen herri multzo barruan. Dena den, bi mende beranduago ere euskaldun zirauela dakigu gaur egun.

1602. Martin Lascarro  languin buruçaguy del molino truxar de la dicha villa izan zen.

1607. Ohitura omen zen hilobi gainetan alonbrak (alfonbrak) edota piztutako kandelak jartzea, heriotza osteko lehendabiziko urtean; ez, ordea, urtea bete ondoren. Martxoaren 3an neskame bat sartu zen elizan, bere jaunak aginduta, haren emazte zenaren hilobian alfonbrak-eta jartzera. Miguel Colomo alkatea hantxe zen, y el dicho Miguel Colomo disculpante, le hablo en bascuençe a la dicha criada y le dixo desta manera, este saçula bana alonbra orie çe urtea beteric dagola çoas caynço çure nagusiari nic erran dia yçudala…

1614. Corpus egunean palioa noren artean eraman zozketatu zen personas onrradas y chandros de la villa zenbaiten artean.

1692. Herritarren arteko liskar batean purdion esan zuen haietako batek, gaztelaniazko beste zenbait irain hitzen artean.

1704. Larragako Juan de Macayak kaparetasun agiria eskuratzeko prozesuari ekin zion. Lapurdiko Makaia herrira joan eta Nicolás de Armendariz artaxoarrak egin zion lagun. Hango Gracián d’Artagieta eta Estefanía de Zururtekin hitz egiteko Artaxoakoa izan zen itzultzaile; Larragakoak ez omen baitzekien ongi euskaraz.

1742. Antonia de Sesma lekukoaren eta Juachin Francisco de Pitillasen neskamearen arteko elkarrizketan dicha criada le dijo, pues boy a casa de Mathias Lascarro, que esta en el corral Simon de Armendariz y le dire me coja algunas brevas y la que declara le dijo, or compon

Artaxoa

Artaxoa

1760. Francisca Iriarterekin ezkonduta zegoen José Pérezek dibortzioa eskatu zuen. Antonio Latorre euskalduna izendatu zuten en este negocio de pueblo vascongado datuak hartzeko.

1762. Hainbat lekukok adierazi zuten gau batez hiru artaxoar gazte (Juan Miguel Abinzano, Saturnino Leoz eta Andres Lasa) zalapartaka aritu zirela kaleetan zehar, eta Juan Josep de Colomo alkatearen eta haren emazte Manuela de Buzunarizen etxe aurrera hurbildurik, ay ene choria eta gaysua bezalako hitzak oihukatu zituztela, bikoteari iseka egiteko asmoz.

1763. Hermenegildo Muez artaxoarrak, ardozaleegia izaki, behin baino gehiagotan jasan behar izan zituen herriko haurren adarjotzeak, Catalina Lascarro lekukoaren arabera: algunas vezes ha visto y oido, que yendo por la calle varios niños le gritaban narru, que es termino bascongado y quiere dezir pellejo, a lo que se inquietaba contra dichos muchachos…

1777. Máximo de Egüés apaiz artaxoarrak euskaraz aitortu zuen Francisco de Ecay morroia, jatorriz mendialdeko herri batekoa zena.

1781. Martin de Belaunza eta Vicente de Abinzano ika-mikan hasi ziren Belaunza nagusiak Abinzano ogipekoari zulo bat ongi egiteko eskatu zionean. Joaquin de Donamaria izan zen garraztuz joan zen liskarraren lekuko: …el referido Abinzano dijo, tu tienes mucho demonio de sangre, el demonio te ha parido, demonio de hijo en lengua bascongada y esto repitio bastantes vezes y a breve rato oyo algunas vozes y noto que dicho Abinzano estaba dando de patadas a dicho Martin y pegandole de puladas, hallandose este en tierra y diciendole demoniodola

1783. Miguel Eleta Artaxoan bizi zen baina ez zen hangoa. Ez zekien euskaraz; zenbait esamolde besterik ez. Behin batez  asmo txarrez hurbildu zitzaizkion hiru bizilagun. Haiek gerturatu aurretik atorgona esan zien Eletak. Gertaera hauen lekukoa Artaxoara ezkondutako Joaquin Solano lerindarra izan zen: ez zituen entzundako hitzak ulertu, ez baitzekien euskaraz.

1801. Zenbait biztanle herrian ikusitako untxi bat harrapatu nahian zebiltzalarik, hil zutenean denek beretzat hartu nahi izan zuten; Luisa Echegoyen lekuko artaxoarrak entzun eta adierazi zuenez, bere senarra untxia altxatu eta eramaten saiatu zenean Maximo Abinzanok dijo darle duro en idioma vascongado eta gainerako guztiak bere senarrari joka hasi zitzaizkion.

1804. Carlos Zabalza preso hartuta zegoen herriko espetxean herritar bat zauritu ostean. Prozesuan honako hau dago idatzirik: no recuerda hubiese proferido las palabras con que se la hace cargo y solo es cierto que todo su enfado y colera ere dirigida a dicho Arrazuvi y el motivo de tirar a este la segunda garrotada fue la de haverle injuriado en lengua Bascongada con la espresion de demonioarcodola que en castellano quiere decir sangre de diablo…

1804-2-20. Máximo de Egues apaiz artaxoar euskaldunaren heriotza.

1815. Sekulako iskabila sortu zen Mendigorrian Artaxoako hogeita hamar bat gazteren eta bertakoen artean. Artaxoarrak tropelean eta zalapartaka sartu ziren, nonbait, herrian. Euskaraz hitz egiten zutelako jakin zuten mendigorriarrek inguruko herritik zetozela; hala adierazi zuen lekuko batek (hiban corriendo hablando en Bascuenz). Artaxoa euskalduna zen Mendigorriaren aldean.

1825 inguruan. 1900ean-edo hildako amona artaxoar batek gaztetan ikasitako euskarazko kopla bat irakatsi zien ilobei. Deformatuta heldu zitzaion kopla hori hainbat urte beranduago Aingeru Irigarairi: tzero banan diketa / tzero vake mendi / tzero varana mate / mundoen atati. Beranduago, irakurketa hau egin izan da: zeruak handik eta / zeruak hemendik / zerura naramate / mundu honetatik

1876 Urte hartan hil zen Pablo Esparza, Mendigorriako 1815eko liskarrean parte hartu zuen artaxoarretako bat. Gaur egun arte ezagutzen den artaxoar euskaldunetan berantiarrena litzateke.

Artajona fue uno de los últimos reductos del euskera en la Merindad de Olite, si no el último. Gracias a la abundancia de testimonios que han sido rescatados durante las últimas décadas sabemos que la villa del cerco conservó la lengua vasca cuando otras limítrofes como Mendigorría o Larraga ya la habían perdido parcial o totalmente. Hay noticia de vascoparlantes artajoneses hasta muy avanzado el siglo XIX.