Nire azken sarrerako edukiak ustez osatuta nituela blogean txertatu eta berehala -sarritan gertatu ohi den bezala- esandakoa aberastu dezaketen datu gehiago jaso ditut ezustean. Datu horiek gehitzearekin batera ezinbestekoa da Ultzamako Puri Etxeberriari eskerrak ematea, hari esker heldu baitzaizkit emango ditudan albiste berriak.

Aritzu

Aritzu (Isidoro F. Arbizuren argazkia)

Anue ibarreko Aritzuko Maria Jesus Villanueva aipatu nuen joan den eguneko azalpenetan; herrian izan nintzenean huraxe izan zen aipatu zidaten euskaldun zahar bakarra. Zoritxarrez, ez nuen harekin hitz egiteko aukerarik izan. Maria Jesusek berak, nire ibileren berri jakin zuenean, Ultzamako datu bilketan lagundu didan Puri Etxeberriarekin harremanetan jarri eta Burlatan bizi den Aritzuko beste euskaldun zahar baten izena helarazi dit: Graciosa Villanueva, Maria Jesusen ahizpaordea, hura bezala Usterri etxekoa. Euskaldun oso-osoa, euskaraz txukun asko mintzatzeko gauza dena, hasiera-hasieratik euskaraz ‘leitzen eta eskribitzen’ ez dakiela garbi utzita ere. 

Villanueva anderearen gurasoak ez ziren anuetarrak (Gaztelukoa bata, Ilarregiko ultzamarra bestea) baina Aritzun jaio eta bizi izan da betidanik alaba. Graciosak euskaraz besterik ez zekien 6 urterekin eskolaratu zen arte. Gerra osteko urte haietan Ablitastik joandako irakasle erdaldunak euskararen kalterako izan zuen eragina bizi-bizi gogoratzen du oraindik.

Emakume honekin hizketan pixka bat gehixeago luzatu ahal izan dut Aritzuko euskaldun zaharren zerrenda beti ere laburregia, hirugarren izen bat gehituz: Graciosaren koinata Maxima Urteagarena, hain zuzen. ahotsak.com-en badago Elizondora ezkondu eta gaur egun Aritzura itzuli den emakume honen aipua, ‘euskara ahaztu samartuta’ duela esanez. Graciosa Villanuevak, ordea, Maxima Urteaga bera bezain euskalduntzat duela ematen du.

Azkenik, Aritzun bizi den Eltsoko beste euskaldun zahar ultzamar baten albistea ekarri dit Graciosak. Aritzuko Gorrontzenean bizi den Maria Oronoz hain zuzen. Emakume hau nik Eltson topatutako Miguel Oronozen arreba da, eta harekin batera -beste albisteren bat jaso ezean- Eltsoko azken euskaldun zaharra ere bai, aspaldiko partez Anuen bizi dela ahaztu behar ez den arren.