Ordu gutxi barru ezagutuko dugu nork irabaziko duen Nafarroako 41. Bertsolari Txapelketa. Arratsaldeko bostetan dute hitzordua Anaitasuna kiroldegian alde bateko eta besteko bertsozaleek. Hantxe izango da azken bi txapelak eraman dituen Julio Soto beste zazpi lehiakideei aurre hartu nahirik; tartean txapela janztea zer den ondotxo dakienik ere bai. Hona hemen biharko finalisten profil azkarrak:

Barberena Jon

Barberena

JON BARBERENA. Elizondotarra, 1979an jaioa. Antropologia ikasketak egin ostean irakasle dabil gaur egun. Baztandarrak eskarmentu handi samarra du finaletan; 2007 eta 2008koetan bigarren izan zen eta txapela eskuratzea da falta zaion urratsa. Ahozkoan ez ezik bertso-paperetan ere ibilitakoa.

oskar estanga

Estanga

OSKAR ESTANGA. 1978an sortu zen Araizko Gaintza herrian. Magisteritza Musikalean diplomatua da, eta Iruñeko bertso eskolan trebatutakoa. Gazteentzako Xalto Sarian bezala, Nafarroako Txapelketa Nagusian ere finalista izatea zer den badaki (zortzigarren geratu zen 2011n) eta horretaz gain Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ere parte hartu du.

Eneko Fernandez

Fernandez

ENEKO FERNANDEZ lesakarra (herri bereko hiru arituko dira finalean) 1977an jaio zen. Beteranoenetakoa da adinari begira, baina estrainekoz dabil Nafarroako Txapelketan eta ezin ibilbide hobea egin du aurreneko honetan. Bortziriak eta Baztango bertso eskoletako kidea da. Bardoak 2012 txapelketa irabazi zuen Iñigo Olaetxea eta Estitxu Fernandezekin batera.

aimar_karrika

Karrika

AIMAR KARRIKA Auritzen jaio zen 1988an. Bera dugu finalistarik gazteena, eta Fernandezekin batera finalik orain arte jokatu ez duen bakarra ere bai. Laugarren aldiz ari da parte hartzen, nolanahi ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketan.  Xalto Sariketa irabazi zuen 2011n, eta Izeta Saria iaz. Bertsolaritza irakaslea da.

lagoma_erika

Lagoma

ERIKA LAGOMA. Finaleko emakume bakarra (Lesaka, 1981). Duela bi urte Estitxu Arozenak lortutako hirugarren postua errepikatuko balu bere lanik txukunena onduko luke, Lagoma birritan izan baita laugarren (2007 eta 2008an). 6 aldiz hartu du parte txapelketan 2004tik, eta lau aldiz izan da finalista. Eskolarteko Txapelketa ere bi aldiz irabazi du. Filologia ikasketak ditu.

Lazkoz

Lazkoz

ENEKO LAZKOZ (Etxarri-Aranatz, 1983). 2011ko azken finalean zazpigarren izatetik dator; 2010ekoan ere aritu zen, eta seigarren gelditu. Lehen urratsak Etxarriko bertso eskolan emanda, Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2001ean. Lekunberriko bertso eskolan dabil gaur egun. Hargin lanetan ere bai.

Silveira

Silveira

XABIER SILVEIRA. Finalistarik beteranoena, bai adinez, bai ibilbidez. 1976an jaiotako lesakar hau hirugarren gelditu zen 1993an Xalto Sariketaren lehendabiziko edizioan. Eskolartekoa irabazi zuen urtebete beranduago eta Nafarroakoa, estrainekoz, 1997an. Harez geroztik beste bost aldiz eraman du txapela; azkena, 2009an. Bigarren izan zen 2011n.

soto

Soto

JULIO SOTO. Egungo txapelduna, duela bi urte Silveiraren aurkako lehia estua irabazita; 2010ean ere bera izan zen nagusi. Gorritin sortu zen 1987an. Hirutan irabazi du Eskolarteko Txapelketa, eta Xalto Saria ere bereganatua du. Erregulartasun handiko lana egin du azken edizioetan: hirugarren izan zen 2008an, eta txapeldunorde 2009an, Silveiraren atzetik. Bion artetik aterako ote biharkoa ere?