Berreskuratu egin du gaur Iruñean Xabier Silveirak 2010etik Julio Sotok zuen Nafarroako txapela. Lesakarra hogei puntuko aldeaz nagusitu zaio Gorritikoari eta horrenbestez txapeldun da berriro ere. Eta zazpigarren aldiz, gainera, datozen urteotan gainerako bertsolariek nekez gaindituko duten marka ezarrita; Silveiraren atzetik txapel gehien jantzi dituzten Amets Arzallus eta Manolo Arozena lau aldiz izan ziren irabazle, 2000 eta 2003 bitartean lehendabizikoa eta 1990-93 epean bigarrena. Migel Arozamena (1962-63-66), Joxe Migel Argiñarena (1979-82-86) eta Xalbador II (1980-85-88) hirutan nagusitu ziren. Urruti utzi ditu denak Silveirak.

Silveira 2013

Xabier Silveira, gaur, txapela jantzita

Giro ederra eta jendetza polita elkartu dira arratsaldean Anaitasuna kiroldegian; Nafarroatik kanpoko bertsozalerik ere bai, tartean. Txapela Bittor Elizagoienen eskutik hartu duen Silveiraren eta Julio Sotoren atzetik, Erika Lagoma izan da hirugarren, azken urteotan egindako bide ederrean beste urrats bat emanik. Lesakakoa laugarren izan zen 2007an eta 2008an. Hona hemen gaurko saioaren azken sailkapena:

Silveirak 588

Sotok 568

Lagomak 558

Fernandezek 541,5

Lazkozek 539,5

Barberenak 526

Estangak 506,5

Karrikak 480,5

Lan bikaina egin duen Eneko Fernandez sailkatu da beraz Txapelketa Nagusirako Silveira, Soto eta Lagomarekin batera. Txapelketan esperientziarik gabea izaki, txalotzeko moduko emaitza lortu du. Hiru lesakar, beraz, Euskal Herriko Txapelketan!