Egilea: Patxi Salaberri (zuz.)

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra

Urtea: 2012ko uztail-abendua

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Euskarria: papera (sarean, hemen)

FLV 115

2012ko bigarren Fontes honek aski alor ezberdinetako sei artikulu bildu ditu. Horietako hiru daude, bete-betean edota zeharka, Nafarroarekin lotuta:

Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (6- Hego-Esteribarko laginak: Ilurdotz-II). Koldo Artola.

2006tik Arantzadi Zientzi Elkarteko ikerleak Artzibar inguruko euskarari eskainiriko lan zabalaren seigarren atala dugu hau. Bosgarren atalaren amaiera da berez, donostiarrak berak aitortzen duenez, bosgarren saiorako bildutako datu kopuruak artikulu bakarrean plazara daitekeenaren muga gainditurik 114. alean ezin sartutakoekin osatu baitu 115.eko hau.

Horrenbestez, orain ere Esteribar haraneko Ilurdotz herria du hizpide Artolak, bertako seme Joaquin Garruesi 1981 eta 1986 bitartean bildutako 25 hizketa-atal eta hainbat esaldi solterekin batera, herri bereko Ignacia Armendariz anderearen ezpainetatik 1986an bertan jasotako kantatxo bat ekarri dituelarik Fonteseko orrialdeetara. 2012ko lehendabiziko FLV aurkeztean adierazi nuen bezala, aski maila apaleko hiztuna iritzi zion Artolak Garruesi, baina balio handiko testigantza eman zuen, ikerlearen galdera guztiei erantzuten ahalegintzeaz gain, ezinezkoa zelako XX. mendearen akabailan Eguesibarren (Elkanoko Lizarragaren sorterrian, beraz) behinola hitz egin zen euskaratik hurbilago zegoen lekukorik topatzea. Hasiera batean Artolaren aurrean bere burua euskaraz saiatzeko ere ezgauza ikusten zuen salestar hari zerbait zor dio Nafarroaren erdiguneko hizkeren ezagutzak.

Hego Esteribar - Artzibar

Biribil gorri batean,1980ko hamarkadan Artzibarko aldaera biltzeko Artolak arakatutako herriak. Berdez azpimarraturik, gaur euskaldun zaharrak dituzten herririk hurbilenak.

Zer esanik ez lan honen egileari. Artzibarko aldaera hau aztertzeko ezinbesteko iturri ditugu Koldo Artolak Fontesen argitara emandako sei artikuluak, 1971 eta 1992 bitarteko ahalegina biltzen dutenak. Epe horretan, Garrues ez ezik, Artzibar iparraldeko Arrieta eta Hiriberri herrietako azken euskaldun zaharrak galdekatu zituen (oraindik bizi den Soledad Arboniés barne). Azken hauen mintzoan oinarritu da ondoren aipatuko dudan bigarren artikulua.

Artzibar iparraldeko hizkeran sakonduz. Orreaga Ibarra.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak sakonki aztertu ditu Ultzama inguruko mintzoa, Esteribarkoa eta Erroibarkoa, besteak beste. Azken urteotan (2008) Artzibarkoa ere izan du FLV aldizkarian hizpide. Artolak XX. mende hondarrean Arrieta eta Hiriberrin bildutako datuak baliatuz, azken hiztunen mintzoaren nondik norakoa zehazten eta laburbiltzen ahalegindu da ikerle mezkiriztarra artikulu honetan.

Fonologia, morfologia, sintaxia eta hiztegia (onomatopeiak barne) orrazturik, bat etorri da Ibarra duela urte batzuk Iñaki Caminok hizkera honi buruz agertutako iritziarekin: ikerle donostiarraren ustez Erroibarrek, Hego Esteribarrek, Eguesibarrek eta Artzibarrek osatu bide zuten erdialdeko hego-nafarrera esan zion hura; baina  horren baitan ere estuagoa omen da Artzibar eta Eguesibarren arteko lotura eta nabarmenagoa bi haran horiek, Erroibar eta Esteribarren aldean, haien mintzoetan ageri duten ekialdeko kutsua. Azpiko irudian dago bilduta hego-nafarreraren banaketaz Caminok 2003an egindako proposamena:

Hego Nafarrera eta Artzibar iparraldea

Berdez, mendebaldeko hego-nafarrera dago adierazita Ollaran, Goñerria, Gesalatz eta Oltza). Urdinez, hegoaldekoa (Itzarbeibar). Morez, ekialdekoa (Aezkoa). Elkarren antzeko laranja ilunak (Hego Esteribar, Erroibar) eta gorriak (Eguesibar, Artzibar) osatuko lukete erdialdeko hego-nafarrera. Orreaga Ibarrak, gezi batez markatua ageri den eremua aztertu ostean, berretsi egin du horrenbestez azken horri dagokionez Caminok proposatutakoa.

 

Euskara y nobleza en la Llanada alavesa oriental. Gervasio di Cesare / Kike Fernández de Pinedo.

Izenburuak adierazi bezala, artikulu honen aztergaia ez da Nafarroa; Arabako Lautadaren ekialdean XVI-XVIII. mendeetan hizkuntza egoera zein izan zitekeen argitzen lagun dezaketen zenbait lekukotasun interesgarri dakartza berez, lehendabiziko biek, gainera, arabar nobleen eta euskararen arteko harremana agerian uzten dutelarik. Hala ere, badu lanak Nafarroarekiko loturarik. Egileek gogora ekarri nahi izan dute mende haietan bertan Nafarroako nobleziak ere euskararekin zuen lotura eta hori frogatzen duen zenbait gertaera aurkituko du irakurleak (297-298. orr.). Azken hamarkadetan Florencio Idoate, Jimeno Jurío, Ricardo Urrizola edota Jose Luis Erdoziari esker ezagutzera emandako datu horiek argi uzten dute Burundan edota Itzarbeibarren, besteak beste, goiko gizarte-mailan zeuden nafarrek euskara ere bazerabiltela, eta behin baino gehiagotan beste hizkuntzarik ez zekitela.

 

Gainerako artikuluak:

– Pallas hiztegiaren euskal iturri lexikografikoak. Iván Igartua.

– Juan Arin Dorronsororen Enirio-Aralarko krokisa (1940). Luis Mari Zaldua Etxabe.

– Topónimos alaveses de base antroponímica terminados en -ain, -egi, -eta (-keta), -ika, -iku (-iko), -inu (-ina), -itu (-ita), -ón. Patxi Salaberri Zaratiegi.

 

El número 115 de la revista Fontes Linguae Vasconum aporta información muy valiosa acerca de la ya extinta habla vasca del entorno del Valle de Arce, y lo hace por dos vías: el testimonio del último vascoparlante de Ilurdoz (sur de Esteribar) recogido en los años 80 por Koldo Artola, y la descripción de los rasgos del habla del norte del Valle de Arce (Arrieta y Villanueva) por parte de Orreaga Ibarra, en base a los datos recogidos por el propio Artola entre los años 70 y 90. Hoy en día no vive ya en el valle ninguna persona capaz de expresarse en el idioma de sus mayores, pero la caracterización del euskera de la zona es de gran importancia para comprender mejor la distribución geográfica de las variedades del antiguo dialecto navarro meridional. El lector castellanoparlante puede, por otra parte, acceder a un interesante artículo de Patxi Salaberri sobre toponimia alavesa, que incluye una sugerente interpretación del topónimo Mendo(t)za distinta a la clásica apuntada ya por Mitxelena.

Tags: aldizkariak, argitalpenak, FLV, Fontes Linguae Vasconum