Archive for apirila, 2013

Euskararen lekukoak: AMESKOA

ameskoa mapaAmeskoa ibarra, Lizarrako Merinaldearen ipar-mugan dagoen eskualdea da. Araba du mendebaldean, Urbasa mendilerroa iparralderago, Lokiz hegoaldean eta Allin harana eta Lizarra hego partean. Bi zatitan banatuta dagoela esan daiteke: Ameskoabarrena izenekoa Ekala, Zudairi, Gollao, Bakedao, San Martin, Barindao eta Artatzak osatzen dute. Ameskoagoiena, aldiz, Aranaratxe, Larragoa eta Eulatek. XIX. mendera arte bizirik iraundako euskararen oroimena XX. mendean itzalixe gelditu eta gero, berpiztu egin dira XXI. mende hasiera honetan ameskoarren betidaniko hizkuntzaren kontzientzia eta ezagutza. Hainbat ikerlek bildu dituzte azken mila urte hauetan euskarak Ameskoan utzitako arrasto nabarmenak. Berririk ere agertu da mende honetan bertan. Horietako batzuk gogoratuko ditut hemen.

XIV. mendeko zenbait ezizen iritsi zaizkigu: Yturrico, Çuria, Garraça, Sendoa.

XV. mendekoak dira, aldiz, Legor, Ezquerra, Larrequo, Nagusia, Gorria, Lucea. Zenbait toponimo ere bada orduko agirietan: Baçarre mendia, Amescoa çarra, Ur hederra izeneko eliza ere bai.

XVI. mendean zehar abizenak finkatuz joan arren hainbat ezizen jaso ziren oraindik. Aurrekoetako batzuk ez ezik, honelakoak: Çamarguin, Indar, Galant, Bazterra edo Errota.

1512. Estraineko aldiz bildu zen paperean Amescoa varrena toponimoa.

1550. BAKEDAO. Herri hartako bi gaztek, Juanek eta Teresak, elkarri emandako euskarazko ezkontitzak gorde dira. Ez dira seguru asko Ameskoan mintzatzen zen hizkeraren lekuko zuzenak; bai ordea euskarak zuen bizitasunarenak:

Bakedao

Bskedao, Ameskoabarrena

Nic çuri Joaneç emayten derauçut

neure fedea / çuri Theresa

çure senarr yçayteco /

eta ez çuçaz verce emazteric eguiteco

nic eta Teresa çuri Joaneç

ematen derauçut neure fedea

ez verce senarric eguiteco çuçaz verceric

1556. ARTAZA. Zuhaitz mozketari buruzko auzi batean, notariak bertako lekukoren bati egin zion galde, eta jarraian bere adierazpena hari irakurri ere bai, declarandosela en bascuence que es su propio lengoaje.

1556. BAKEDAO. Beste horrenbeste.

1566. BAKEDAO. Kartetan ari zirela berotuta sortutako ika-mika batek auzitara eraman ziten zenbait gizaseme. Auzi hartan idatzitakoaren arabera, Pedro Oiartzun izeneko gizon batek joko zikina leporatu zion Martin Gonzalez zeritzon beste bati. Oso gogor erantzun zion honek: dollorr, traidore seme, puta seme, ques deçir, suçio ruin, hijo de traydor, hijo de puta, que es la mas grabe ofensa e ynjuria que de palabra se puede hacer y mal dixo, lehenere beguietan haducat eta guero vada lehen vada ene escuetaric joanen haiz, ques deçir, yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea después, tu as de morir en mis manos o por mis manos…

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkituriko Nafarroako herri-zerrendan, bascongado izenburua duen multzoaren barruan ageri dira Ameskoabarreneko herri guztiak. Ez dago Ameskoagoienekoen aipamenik, ez baitzegozkion Iruñeko Gotzaindegiari,  Kalagurrikoari baizik.

1591. EULATE. Bi eulatear lehiatu ziren Ameskoagoieneko Alkatetza eskuratu nahirik: Joannes Alvarez de Eulate eta Joannes de Mezquia zuten izena. Mezquia hautagaiaren aldeko argudioetako bat que habla romance zen. Ezagutza azpimarratu izanak berak agerian uzten du ezohikotasuna.

1620. ARANARATXE. Artzapezpikuaren ikuskariak apaizari utzitako agindua honako hau izan zen: que sea muy cuidadoso en enseñar la doctrina y darla a entender en el lenguaje de la tierra.

Mendean zehar beste hainbat unetan agindu zituzten antzekoak bisitariek:

1630. BAKEDAO. Bertako apaizari kristau ikasbidea eta otoitzak euskaraz irakasteko agindu zion, eta ez beste inongo hizkuntzatan, zeren eta la bascongada es la común de esta valle.

1649. EULATE: …les yntime y notifique en alta e intiligible voz y les declare de verbo ad verbum en la lengua materna del dicho lugar que es la bascongada…

1685. SAN MARTIN: …y di a entender su contenimiento en la lengua Materna que es la bascongada…

1694. EULATE: …comunicados en el ofertorio de la Missa mayor en la lengua vulgar…

1701 eta 1713. ARANARATXE: Juan eta Miguel Saez de Jaureguik ere euskaraz irakurri zituzten Gotzaitegitik zetozen aginduak. 

1721. EULATE. Nicolas Ybannes de Ursua apaizak idatzita utzi zuenez certifico yo, el cura infrascrito haver publicado y hecho notorio al Pueblo en Lengua Bulgar todo lo arriba referido… Dena den, une honetatik aurrera ez dago artxiboetan horrelako iragarpenak euskaraz egin izanaren beste inolako arrastorik.

XVIII. m. GOLLAO. Auzietan datu hartzaile aritzen ziren komisarien izenak, ibilitako tokiak eta datak biltzen zituen Libro de repartimientos delakoan, euskaraz mintzatzen ziren herrien zerrendan ageri da.

1732. Lizarrako notari batek adierazi zuenez, hainbat urte lehenago bai berak, bai beste zenbait lankidek, nahiz eta no sabían ni saben otra ydioma que la castellana, Ameskoako herrietan –que hablan la lengua bascongada– informazioak biltzeko aukera zitzatela lortu zuten.

Artatza. Bertako apaiz izan zen Juan Vicente Díaz (1752-1823)

1750. BAKEDAO, EKALA, GOLLAO, EULATE. Bakedaoko 18 urteko Catheriña Martinez neskame zebilen Ekalako etxe batean, eta etxe hartan bertan bizi zen Juan Gil gazte ekalarrak berarekin ezkontzeko eskatu zion. Baita onartu ere neskak. Mutilari damutu egin zitzaion ordea, gaixotu egin baitzen Catheriña, eta gaixotasunaren ondorioz dexente itsustu zitzaizkiolako begi bat eta hanka biak. Juanek atzera egin, neska auzitara eraman, eta epaitegietara jo zuten. Eginbideen ardura Lizarrako San Juango parrokoari egokitu zioten; ez zen euskalduna, eskribaua ere ez, eta Bakedaoko neskak gaztelaniarik jakin ez. Itzultzailea hartu behar izan zuten beraz: Bakedaoko Christobal Azpilqueta, que enttiende en amuas ydiomas. Ezkongai ohiak jarritako demanda neskari euskaraz jakinarazi ziona, aldiz, Gollaoko apaiza izan zen. Prozesuan adierazten denez, gainera, Eulateko Pablo Perez izeneko batek lagundurik joan zen Juan Gil Catheriñarengana, emandako ezkontitza baliorik gabe gelditu zela onar zezan-edo. Nekez joango zen eulatearra gaztelaniaz ez zekien neska batekiko tratuetan laguntzera, bera ere euskalduna izan gabe. Aipatutako beste lau ameskoarrak euskaldunak ziren; neska, gainera, euskaldun hutsa.

1800. BARINDAO. Diego Miguel de Echabarri izeneko elizgizona Barindaon bizi zen eta Ameskoan betetzen zuen bere zeregina. Urte hartako prozesu batean idatzi zutenez habla y entiende con la mayor perfeccion los dos idiomas.

1800? ARTATZA, ZUDAIRI. Urte horren inguruan idatzi zen 2001ean Barindaoko etxe batean agertutako euskarazko testu bat. Balbino García de Albizu ameskoarraren ikerketaren arabera, 1780tik Artatzako apaiz izandako Juan Vicente Diaz zudairetarra izango litzateke testuaren egilea. Doktrina zati bat da, lehendabiziko zortzi mandamenduei buruzko ohiko galde-erantzunak dakartzana. Hona hemen pasartetxo bat:

Seigarna Lujuyaco becatuti apartaceaartaza zatia

P. Zer aguinzeyzu mandamentu santuorrec?

R. Yzangaytezela garbi eta casto yzez, pensamentuc eta obraz.

Zazpigarna ez igori ecer oscia

Pregto. Zeraguinzeizu mandamentu santuorrec?

R. Ezzarogula igori ezer quendu, eta ez iduqui gauzaric progimo lagunaren borondatiaren contra.

Esanguratsua da Ameskoabarrenean XVIII-XIX. mende mugan euskarazko doktrina idatzi behar izate hori. Nekez egingo zuten halakorik biztanle guztiek edo gehientsuenek bi hizkuntzak ezagutu balituzte.

1823. ZUDAIRI. Juan Vicente Diaz Artatzako bikario euskaldunaren heriotza.

Ameskoa 1870

Ameskoa inguruak Brocaren mapan

1863. Bonaparte printzeak ez zuen Ameskoa bere mapan euskalduntzat jo; kolorerik gabe utzi zuen. Hala ere, Bruno Echeniqueri apirilaren 9an idatzitako eskutitzak honela dio: En Ciordia, donde el vasc. se habla intensamente, me han asegurado que en todo el partido de Estella no hay más que estos pueblos donde sólo algunas personas siguen hablando esta lengua: Eulate, San Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano. Urra, Baríndano, Artaza… Me interesan estas localidades por ser las únicas, según me dicen, del partido de Estella, que conservan un hálito de la lengua vasca. Hau irakurrita, Ameskoa euskalkien mapan euskararen eremutik at agertzea printzearen ohituraren ondorio litzateke (herri batean hiztun gutxi gelditzen baziren, adinekoak, eta euskara ez zerabiltenak, kontuan ez hartzea, alegia); baina 1860ko hamarkadan euskaldun zahar ameskoarrik bizi zela pentsatu beharko genuke.

1865-1870. Bonaparteri adierazitakoaren ildo beretik doa Paul Brocak bere euskararen mugei buruzko mapan emaniko informazioa. Sendagile frantziarrak Ameskoako herri guztiak sartu zituen euskara oraindik guztiz galdu gabeko eremuaren barrenean.

Ameskoa Alta-Baja

Ameskoabarrena eta Ameskoagoiena

Ez dago Ameskoako euskarari buruzko albiste berriagorik. Elizbarrutiaren 1904ko gidan erdalduntzat jo zituzten herri guztiak. 1919an honako hau idatzi zuen Simón Negro Juanvelz misiolari zudairetarrak: es una verdadera calamidad, que se haya dejado perder en toda Amescoa el lenguaje éuskaro con el que son conocidos todos sus lugares, ríos, montes y heredades.

El afortunado descubrimiento, en 2001, de un pequeño texto escrito en euskera atribuible a Juan Vicente Díaz, hijo de Zudaire que fuera entre 1780 y 1823 vicario de Artaza (el fragmento de una doctrina, más concretamente) ha arrojado nueva luz sobre la variedad lingüística de las Amescoas, de cuya existencia abundan los testimonios desde la Edad Media hasta hace un par de siglos. El euskera amescoano parece haber formado parte de una zona de transición en la que confluirían rasgos navarros con otros más occidentales. En cualquier caso, aún en torno a 1800 se hacía necesario escribir en lengua vasca las preguntas y respuestas con arreglo a las cuales se enseñaba la doctrina. Ese hecho no puede ser ajeno a la existencia de importantes sectores de población que no estarían capacitados para aprenderla correctamente en ninguna otra lengua; y permite a su vez concluir que la última generación de amescoanos que conoció el euskera de su tierra difícilmente pudo nacer antes del siglo XIX, más todavía cuando gracias a Luis Luciano Bonaparte y a Paul Broca sabemos que en la década de 1860 aún quedaban vascoparlantes en todos los pueblos del valle.


Ezkabarteko Euskararen Eguna, larunbatean

arre

Arre (Ezkabarte)

 

Apirilaren 27an, larunbatarekin, Ezkabarteko Euskararen Eguna ospatuko da estraineko aldiz, bailarako zenbait euskaldunek bultzatuta. 11:00etatik aurrera elkartuko dira Arren, baina heldu diren urteetan haraneko beste herri batzuetan egiteko asmoa dute. Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: joaldunak, txistor jatea, dantzari txikiak, herri-kirolak, puzgarriak… Bazkaria ere izango da, Arreko plazan, eta bada oraindik bertako tabernetan txartelak eskuratzerik.

Ezkabarte hainbat herrik osatutako Iruñerriko dermioa da, 2000 bat biztanlekoa, hiriburuaren iparraldean dagoena. Arre eta Sorauren dira haraneko herririk jendetsuenak. Bertako euskara XX. mendearen bigarren erdian itzali zen arren, Anoz herriko azken hiztunaren heriotzarekin, haziz doa pixkanaka hizkuntza berreskuratu dutenen kopurua.


Mikelestorena, Jose Antonio (1710-1785)

Lesakako eliza

Tourseko San Martin eliza, Lesakan.

XVIII. mendeko apaiz, predikari eta idazle nafarra, euskarazko erlijio liburutto baten idazlea.

Orain arte aipatu ditudan behinolako idazle nafar asko ez bezala, gaur ere euskaraz mintzo den eskualde batekoa zen Jose Antonio Mikelestorena: Lesakan jaio zen, Bortzirietan, 1710eko azaroan. Nicolas Alzolak bildu zituen XX. mendean elizgizon honi buruzko hainbat albiste; baita Joxemiel Bidador zenak ere, duela zenbait urte.

Bortziriarrak zituen gurasoak ere Mikelestorenak: aita, Pedro, etxalartarra zen. Maria Josefa Endara ama, aldiz, Lesakan bertan sortua. Iruñean apaiz ikasten hasi eta 1729an bihurtu zen tontsuradun. Ordena nagusietan lehena 1733ko irailean haru zuen Iruñean eta urtebete beranduago apaiztu zen; Irun aldera joa zen, kapilau, azken botoak hartu baino lehen, 1733ko subdiakono izendapenerako hantxe baitzen: D. Joseph Ant[oni]o Miquelestorena, Cap[ella]n de Irun. Beste hainbat egiteko bete zituen: Lesakako erretore izan zen urte luzez, eta Irunen ez ezik, Donostian ere izan zen kapilau: lekaime oinutsena, hain zuzen ere.  Horrekin batera, Lesakako San Agustin lekaimetxeko zuzendaria izan zen 1768tik aurrera. Zeregin horretan ziharduela, gaztelaniazko lantxo bat idatzi zuen: Hernaniko lekaime agustindarrek beren bizimodua arautu eta zuzentzeko asmoz argitara emandako Erregela-liburuaren sarrera, hain zuzen. Manuel Larramendi bera izan omen zen Hernaniko mojei Erregela berritzeko proposamena egin ziena; andoaindarrak eta lesakarrak elkar ezagutuko zutela ez da dudarik. Baina bada froga argiagorik.

Zubigaineko dantza

Lesakako dantzariak. Dantzak arrisku iturri nabarmena ziren Mikelestorenarentzat.

Sermolari bikainaren sona izan omen zuen Mikelestorenak Gipuzkoan. Horren lekuko, Larramendi beraren lehengusina Manuelak 1747 eta 1748an Aita Francisco Islari, Joaquin Lizarraga ezagutu zuen jesulagun eta nobelagileari, eskutitz bidez adierazitakoak:  ‘Nos predica un señor sacerdote angelical (…) Se llama Miquelestorena (…) Aseguro a vd. que en cualquier parte hubiera lucido. Y el vascuence claro, hermoso, sin mezcla ninguna’. Manuela Larramendiren esanetan, aitortza asko eta asko eragin zuten lesakarraren sermoiek.

Mikelestorena liburua1

Mikelestorenaren liburua (iturria: www.liburuklik.euskadi.net)

Lekaimeen arau berritzeak eta predikazioak, beraz, elkarrengana bilduko zituzten Larramendi eta Mikelestorena; ez ordea dantzek. Mendiburu bezain haien kontrako izan zen Lesakako erretorea. Dantzen inguruan oiartzuarra eta Larramendi bat etorri ezinak eragin zuen andoaindarrak Mendibururen Christau dotrin edo catecismo lucea lanaren aldeko iritzirik ez ematea. Probintzialari idatzi zion orduan Mendiburuk bere burua zuritzeko, eta dantzen aurkako bere jarrera beste apaiz askok ere bazutela frogatzeko. Mikelestorena -‘bien conocido del censor‘- erabili zuen adibide gisa. Sebastian Mendibururen eskutitzari esker dakigu ez zela Lesakan dantzarik izan 1737 eta 1765 bitartean eta horren eragile Mikelestorena izan zela:  ‘Aunque hay tamboril que convide todos los días de fiesta en Lesaca, se puede decir que no ha habido allí danzas estos 28 años por la oposición que les hace don Joseph Antonio Miquelestorena, siendo así que Lesaca es pueblo desparramado, y de cosa de dos mil almas de comunión, y al mismo tiempo es pueblo, donde hay tanta piedad, devoción y frecuencia de sacramentos, como en el lugar mejor arreglado de todo el vascuence’

Urte haietan zehar eman zuen argitara bere euskarazko obratxoa: Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza, D. Joseph Miquelestorenac eracutsia bear bezala, Iruñeco Martinez libruguillearen ondorengoen echean. 1749koa da lehendabiziko edizioa, izenburuan bertan esan bezala Txapitelako Martineztarren inprimategian atondua. Erdi Arotik datorren eta euskarazko literaturan aurretik ere ezaguna zen Ars moriendi delakoaren tradizioan txertatu beharreko testua da; kristauari ongi hiltzen laguntzeko gidaliburua da, beraz. Jaunartu zein aitortu aurretik edo bitartean, edota meza entzuterakoan pentsatu, egin eta esan beharrekoa biltzen duen liburuska, prosaz batez ere, nahiz eta badituen hasierako zatian lauko gutxi batzuk. Bertsoetan, prosan bezala, ideia bat da nagusi: hobe du bizi denak heriotzako unerako zuzen prestatu. Hura etor dadinean kondenatu egingo gaituzte gure ordura arteko gaizki eginek:

Captura Mikelestorena

Hainbat argitaraldi izan zituen Mikelestorenaren lanak; bost behintzat bai, XVIII. mendea bukatu baino lehen. Ez zen beraz hedapen eskaseko liburua izango. 1970ean hildako Francisco Lekaroz apaiz lesakarrak gogoan zuen XX. mende hasieran bazela oraindik Mikelestorenaren Cerura-ren ale bat Lesakako elizan. Gurutze biderako zerabilten.

1785eko urtarrilean hilburukoa egin zuen; ez zuen aberastasun handirik pilatu. Harekin bizi ziren etxekoandreaz eta neskameaz ez ezik, bi ilobaz oroitu zen bere azken egunetan. Ordurako Lesakan bertan apaiz zebilen haietako bati utzi zizkion zeuzkan liburu guztiak. Ez zuen adierazi, zoritxarrez, zein, zenbat eta nolakoak ziren.

 Urte hartan bertan, urriaren 27an, hil zen Jose Antonio Mikelestorena bere jaioterrian.

 

Mikelestorenaren lana faksimilean ikusgai

Mikelestorena, klasikoen gordailuan

 

Joseph Antonio Miquelestorena, sacerdote y predicador lesakarra del siglo XVIII, y coetáneo de figuras de prestigio como Manuel de Larramendi o Sebastián Mendiburu, a quienes conoció, es sin embargo -como demasiado frecuentemente sucede cuando hablamos de autores navarros en euskera- mucho menos conocido que aquellos e incluso bien poco entre sus propios paisanos. Aun sin alcanzar las cotas reconocidas a la oratoria del propio Mendiburu (con quien compartió una inflexible animadversión a las danzas) fue conocido y destacado por sus dotes para la predicación. Nos legó una única obrita en lengua vasca, cuyo título equivaldría a Fácil camino a emprender por quien desea el cielo, compendio muy al gusto de la época de los hábitos, gestos y oraciones que habían de caracterizar al cristiano para evitar el pecado y la condenación eterna, y que fue impreso repetidas veces a lo largo de su siglo. 

 

 

 

       

 

 


Euskalerria Irratia Europako Parlamentuan: prentsa-laburpena

Hona hemen Euskalerria Irratiak ostegunean Estrasburgon eginiko agerraldiak hainbat komunikabide idatzitan utzi duen arrastoa:

Diario de Noticiaseuskalerria-irratia-en-estreuskalerria_23518_1

EFE

Berria

Argia

EITB

Euskalerria Irratia

 

 

 

 

 


Nafarroa eta euskara hizketagai Manu Robles Arangiz fundazioak

Sagrario Aleman

Sagrario Aleman

diezde_ultzurrun_kike

Kike D. de Ulzurrun

Nafarroa eta euskara uztartu nahi dituen mahai ingurua antolatu du biharko Manu Robles Arangiz fundazioak Iruñean.  Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik Nafarroan? / Euskera en Navarra: ¿y ahora qué podemos hacer?  izenburupean iragarri dute biharko saioa antolatzaileek. Aski solaskide adituak bildu dituzte, aditurik inon bada: Sagrario Aleman euskaltzain imoztarra, Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria; Paula Kasares euskaltzain urgazle iruindarra, NUPeko irakaslea, eta IKAn, UEUn edota Behatokian ere aritua, besteak beste; Angel Erro idazle burlatarra, Eta harkadian ni edota Gorputzeko humoreak lanen egilea; eta Kike Diez de Ulzurrun kazetaria, Euskalerria Irratiko Elkarteko buru dena.

Paula Kasares

Paula Kasares

Anjel Erro

Anjel Erro

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Olibondoak eraikinean izango da mahai ingurua, goizeko 11:30etik aurrera.


Hizkuntzaren argazkiak: Galipentzu, 1571

Galipentzu, 1571ko urriak 24. Hil egin da Miguel Gomez, herriko bikario adintsua. Aspaldiko partez ezindua zebilen; hamalau urte behintzat eman ditu bere betebeharrak bete ezinik. Bikario berria hautatu beharra dago, eta zenbait auzok dute horretatako eskumena. Alkateak herritar horiek bildu eta Juan Mateoren aldeko boza eskatu die. Galipentzutarra da Mateo, haiek bezala, eta bikariorde ibili da Gomezen eritasun urteetan.

Galipentzu zaharrak

Galipentzu. Herri zaharra, Kasedatik egungoa baino urrunxeago.

Bada, ordea, beste hautagai bat. Ez da herritar gehienen gustuko, nonbait, baina sona handiagokoa da elizbarrutian eta baditu aldeko zenbait Galipentzun ere. Ximeno de Lerga du izena; kasedarra da. Bizilagun dituzte galipentzutarrek kasedarrak; Aragoi ibaiak banantzen ditu.

Bikarioa izendatzeko ahobatekotasunik ez, eta eliz tribunaletara heldu da auzia. Lerga kasedarrak gogor salatu du bere lehiakidea: Mateok bortxaz eskuratu bide ditu hainbat boz, eta galipentzutarraren prestakuntza eta jokabidea ez omen dira eredugarriak. Mateok, aldiz, bertakotasunaren argudioa astindu du bere alde: bikarioak herriko sekularren gomendioen arabera izendatu ditu apezpikuak aspaldidanik, eta azken 130 urteetan bertako semeak izan dira denak. Gainera -adierazi du Mateok- Kasedako batxilerra ezin da inola ere Galipentzuko kristauez arduratu: ez daki euskaraz.

Item que en la dicha villa de Galipienzo ay mucha gente que es bascongada, y qu’es necesario qu’el que hubiere de tener la cura de animas de la dicha yglesia sepa la dicha lengua bascongada, porque no podrian en otra confesarse ni receuir los sacramentos ni enseñarles la doctrina qu’es necesario, y el dicho bachiller Lerga no saue la dicha lengua bascongada, y el dicho mi parte saue muy bien la dicha lengua y el romançe, y assi a seruido la dicha vicaria con gran contento y satisfaccion de todo el pueblo

Kaseda

Kaseda eta Aragoi ibaia

Hainbat lekuko aurkeztu ditu Mateok bere esanak frogatze aldera. Baita hala egin ere. 65 urteko Salvador Perezek honako hau esan du: casi la lengoa que entre la gente de Gallipieço se platica y tracta es vascuenz, y que por ello y hauer muchas gentes que no entienden sino muy poco romançe, es cosa cierta que para administrar los sacramentos y confessar a los tales, es neçesario que sea bascongado el vicario. Luis Cruis izeneko militarrak berretsi egin du Kasedako hautagaiaren ezintasuna, jaioterriak berak eragina: el bachiller Lerga no save ni entiende el vascuenz, a mas de que en Caseda, donde es natural y suele residir, no se trata ni habla vascuenz. Zirujau batek hitz egin du: 47 urteko Joan Vicentek. Argi eta garbi hitz egin ere: en la villa de Gallipienço son naturales vascongados y se tracta mas comunmente la dicha lengoa vascongada que la castellana, y por ello es cosa muy necesaria qu’el vicario entienda la dicha lengua para la administracion de los sanctos sacramentos y confesiones, las quales entiende muy bien el dicho don Juan, como natural, y las habla y administra los sanctos sacramentos en vascuenz y romance muy bien, y que en Caseda, donde el dicho Bachiller es natural, no entienden la lengoa vascongada, y por no entenderla ha visto muchas vezes que bienen entre año pastores y otras personas vascongadas de Caseda a Galipienço a confesarse.

Eslaba

Eslaba, erabat euskaldun XVI. mende amaieran

Inguruko apaizek bat egin dute Galipentzuko hautagaiaren argudioarekin. Bertol de Sada euskaldunak (ausaz Zarekoa) honako hau esan du: en Galipienço hay mucha gente vascongada, y entre ellos algunos que no entienden el romance tan abiertamente ni de tal manera que en el se puedan confesar, y lo saue porque el testigo ha confessado y administrado el santo Sacramento a muchos de la dicha villa, a hartos en vascuenz por no sauer ni entender la dicha lengua castellana, las quales saue y entiende muy bien el dicho don Juan Mateo. Eslabako bikarioak, aldiz, 40 urte daramatza herrian. Gutxi hura baino egokiagorik iritzia emateko orduan. Bada, garbi du que si el cura no entiende la lengoa maternal, que nunca enteramente hara su descargo en lo que es obligacion a su curazgo, porque muchos, haunque platiquen con los romançados, quedan muchos sin entender ni percibir lo que los romançados quieren dar a entender, y haun de los muchos que sauen algo hablar, son muy pocos los que enteramente lo saben pronunciar ni dar a entender a los otros la lengoa que de su niñez deprendieron. Areago: que saue de cierto que, como los de Eslaba y Lerga son tan vascongados, los tienen a los de Galipienço como los de Aybar, Sanguesa y Caseda, que no entienden vascuenz. Eslabakoaren azken hitza ere Mateoren aldekoa izan da: hace muy bien su ofiçio en quanto a la platica, conforme al estilo de la tierra, y que lo ha oido de personas de Galipienço y Uxue, porque a las veces suelen preguntar si hacen bien el ofiçio, y ha entendido tener contento de la platica del dicho don Juan Matheo.

Eta Kaseda erdalduneko abadeak? Hara zer esan duen: en la villa de Galipenço hay mucha gente vascongada, y entre ellos casi comunmente no se tracta otra lengua sino la vascongada (…) este testigo algunos años le ha imbiado feligreses suyos que no entienden romançe a confesarlos, y le ha visto, assi a tales como a otros muchos de Galipenço, administrarles los sacramentos en vascuenz y romançe, muy a contento del pueblo.

1571n, beraz, vascongados, euskaldun hutsak, ziren Aragoiko mugatik hamar kilometrotara dagoen Galipentzuko biztanle gehienak. Zenbaitek bazekiten gaztelaniaz ere, baina gaztelania makestu eta traketsa, ez berezkoa. Askok horrenbeste ere ez. Galipentzu baino are euskaldunagoak ziren Eslaba eta Lerga, ipar-mendebaldera. Hain ziren euskaldun hutsak, non haien ikuspegitik Zangoza aldekoak bezain erdalduntzat zituzten Galipentzukoak. Zangozan bertan eta Oibarren ez zuten euskaraz ulertzen. Oibarrekin mugakide den Zare, aldiz, hizkuntza-mugaren beste aldean zegoen, Bertol apaiz euskalduna bere abizenaren herrikoa izan ala ez izan, ezaguna baita 1605ean Martin Baztan zaretarrak ez zekiela gaztelaniaz. Uxue bera euskalduna zen; hangoek ere estimatzen zituzten Mateok  eskualdeko eran esandakoak. Galipentzutik ibaiak banandutako Kasedan, aldiz, herriko hizkuntza ez zen euskara. Bazituen ordea euskaldunak (inguruko artzainak bakarrik?), aitortzera ezinbestean Galipentzura joan beharrekoak.

Galipentzuk XVIII. mende hasieran-edo galdu bide zuen euskara. Historiak egindako keinu ironikoa bailitzan, beste Mateo bati zor diogu albistea. 1730ean Orreagako kalonje zen José Mateo galipentzutarrak honela idatzi zuen: yo he conocido a todos los viejos hablar vascuence, y al  maestro, que fue causa se perdiese la lengua primitiva, que obró mal.

Kaseda ingurua

Galipentzu 1571

Euskararen ustezko muga 1600 inguruan

Gehiago jakin nahi duenak Jimeno Juríok FLV aldizkarian argitara emandako artikulua irakur dezake; era berean, Patxi Salaberriren ‘Sobre la frontera lingüística vasco-romance en la zona de Ujué’ izeneko lana, Nafarroako Gobernuak 2004an argitara emandako Vascuence y Romance. Ebro-Garona, un espacio de comunicación liburuan (95-105. orr.).

En los últimos años del siglo XVI era el río Aragón quien marcaba, en un determinado punto de la Navarra Media Oriental, la frontera entre el territorio que se expresaba en euskera y el que no. El proceso entablado en los tribunales eclesiásticos con motivo de la pugna por la vicaría de Gallipienzo entre Juan Mateo, vascoparlante nativo de la villa, y el casedano Ximeno de Lerga, desconocedor de dicha lengua, es uno de los más explícitos e interesantes de la época en lo que a información lingüística se refiere. Muestra a las claras que una gran parte de los galipentzuarras apenas chapurreaba el romance, cuando no lo desconocía por completo. Con todo, localidades como Lerga y Eslava eran aún más vascongadas, hasta el punto de considerar a los de Gallipienzo romanzados en comparación con ellas mismas. La frontera de la zona de habla vasca que al sur discurría entre Gallipienzo y Cáseda continuaba más al norte entre Sada de Sangüesa (vascoparlante a comienzos del XVII) y Aibar.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko apirila
    A A A A O I I
    « Mar   maiatza »
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    2930  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu