GaresGares da Izarbeibarko burua eta herririk jendetsuena, eta halako hiriburu funtzioa bete izan du aspaldian bai Olkotzeraino doazen eskualde bereko herrietarako, eta baita Izarbeibarrez landako beste batzuetarako ere. Iruñea eta Lizarra bitarteko bidegurutze eta Santiago Bidean geraleku garrantzitsu, ez zuen hala ere XX. mendera arte berezko euskara guztiz ahaztu. Agian 1930eko hamarkadan ere bazen oraindik euskaldun zahar garestarrik.

Biziki emankorra da herriaren euskaldun izateari buruzko lekukotasunen iturria. Horregatik, Izarbeibarko beste zenbait lekuri ere badagozkion batzuk baztertu eta Garesekin bereziki lotuta dagoen albiste andanatxoa ekarri dut hona:

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan,  bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da.

1614. Udaletxeko agiriek diotenez, Santiago parrokian bikario ziharduen Martín Ximénez de Benegorrik kobratu egiten zuen por los sermones de bascuenz dela quaresma. 1619ko beste agiri batek ere gauza bera dio: Ittem pague allicen[cia]do ximenez debenegorri Vicario dela parrochial de san pedro cien Reales por los sermones de bascuence que apredicado enla coaresma passada. 1630ean ere hala aritu zen Garesen Ximénez de Benegorri bera.

Garesen sermoiak euskaraz 1619

Irudia: euskeraenvaldizarbe.blogspot.com.es

1644. Garesko Iñigo de Mezkiriz salatu egin zuten, behor batekin sexu-harremanak izan omen zituela-eta. Torturatu egin zuten garestarra egia aitor zezan, gurpil bati eragin ahala gero eta estuago lotuta zeuzkan soka batzuen bidez; mancuerda du izena gaztelaniaz tormentu horrek. Jasandakoak euskarazko erantzuna eragin zion gizagaixoari:

vista su negativa se le manda dar la primera mancuerda y respondio, virgen santisima, madre de Dios, ayudame, que no tiene mas culpa que san Pedro y en basquenze decia, padre eterno, segun la culpa que tiene le de el castigo.

1659. Tafallako frantziskotar bat eskean ari zen Añorben. Margarita Lizarraga andereak ezin izan zion limosnarik eraman ezindua zegoelako, eta fraideak Tafailako zaindari izendatu berri zuten San Sebastiani bere burua gomendatzeko aholkatu zion. Handik gutxira Tafallan agertu zen anderea eskerrak emateko, sendaturik baitzegoen. Gertakari hura idatziz jarri behar zela eta, notari bati dei egin zioten, baina Miguel de Arregui nobizio garestarrari ere deitu behar izan zioten, itzultzaile, para que Margarita Lizarraga declarase el milagro que el glorioso santo San Sebastián, patrón desta ciudad de Tafalla, a hecho en ella, por causa de no sauer yo el escribano la lengua bascongada.

1686. Goñerriaz hitz egiterakoan aipatu nuen Urdanozko urte hartako prozesuan Gareskoa izan zen lekukoetako bat. Honela gogoratu zituen lekuko horrek jauregiko anderearen belarrondoko ostean Urdanozko erretoreak esandako hitzak: Vego isilic esta au puesto jarduquiceco. Desbergonzatu den vezala jarduquicen du. Honelaxe itzuli zituen hitzok eskribauak berak: “Esté callando, no es este puesto de Ablar, como desbergonzada que es está ablando”.

1733. Indiano ezizenez ezagutzen zuten Jose Aldaburu garestarra desagertu egin zen. Bilaketa lanak hasi zirelarik, San Pedro auzoko senar-emazte batzuek albiste bat eman zuten: desagerpen egunean ikusi egin zutela Aldaburu, aurpegia dezente estalita zeramaten bi gizoni ordua gaztelaniaz eta euskaraz galdezka.

1736. Herriko neskato batek maite-harremanak izan zituen mutiko batekin eta, haien ondorioz, notari baten aurrean hitzarmen bat onartzera behartu zuten. Han emandako hitza jan zuen, eta, zurigarri, notariak gaztelania hutsean azaldu ziola eta ulertu ez izana argudiatu zuen.

1754. Joan Bautista Gamiz sabandoarrak (1696-1773) garestar batzuen enkargua jaso zuen; eman zitzala bertsotan herriko hainbat biztanleren goitizenak: mepidi(e)ron vnos de la Puente que pusiese en verso los Apodos conq llaman avarios en dha villa, q melos dieron en un Papelón…

Hala egin zuen Gamizek. Errimak gaztelaniaz egin zituen, baina bildutako ezizenen erdia-edo euskarazkoak ziren: Apeza, Ypurdibeltz, Bustain churi, Guisurti, Vizcarandi, Gaysoa, Ogeytabi…

1777. Urte hartan misiolari zebilen José de Puente la Reina euskalduna zen.

1788. Garesko berriemaileak honako testu hau idatzi zuen Historiaren Erret Akademia prestatzen ari zen hiztegirako: los havitadores de esta villa son los antiguos Carenses, pues haunque el P. Moret no lo afirma del todo, lo conbence el mismo nombre de Garescon que siempre ha sido y es denominada en su natiba lengua bascongada, con el cual unicamente en el dia es conocida por todos los tragineros de vino que alli concurren.

Gares euskalduna 1790

Irudia: euskeraenvaldizarbe.blogspot.com.es/

1790. Garesko ubidea amaitu zelarik,  “Noticia del importante Canal de regadío de la Villa de Puente de la Reyna” izeneko agiria argitaratu zen. Dokumentuaren hasierak zalantzarik gabe berretsi zuen herriaren euskalduntasuna:

Esta inmemorial Villa, conocida en tiempo de los Romanos por Los Carenses, cuyo nombre conserva en el dia en su idioma nativo Vascongado…”

1806. Toledo aldekoa zen Luis Carlos y Zuñiga elizgizonak idatziz utzi zituen herriko euskararen berezitasun batzuk eskutitz batean: no dizen guizona sino guizone, singular; no ardoac, sino ardoec, plural, y algunos ardoic.

1815 inguruan. Paul Broca mediku eta antropologo frantziar ospetsuak  1875eko Sur l’origine et la repartition de la langue basque lanean adierazi zuenez, hirurogei urte lehenago baziren oraindik zenbait familia euskaldun Garesen. Are gehiago: lan hartan bertan Francisque Michel historialariak 1857an idatzitako Le Pays Basque. Sa population, sa langue, ses moeurs, sa literature et sa musique obraren aipamena egin zuen Brocak, are lekukotasun nabarmenagoa bildu baitzuen Michelek. Honi Erriberriko biztanle batek adierazi zionez, berrogei bat urte lehenago, han bertan aritu zen bera euskaraz Garesko lagunekin:  il avait parlé le basque, à Olite même, avec ses petits camerades.

1820. Cádizko Konstituzioaren aurkari talde bat herriko ostatu batean ezkutatu zen, alkatea eta kapitain bat atzetik zituztela. Hauek tabernan sartu eta ostalariari -gaztelaniaz- taldekoak ikusi al zituen galdetu ziotenean, ostalariak ez omen zuen galdera ulertu eta alkateak euskaraz egin behar izan omen zion. J. Juríoren ustez, Ignacio Baleztenak bildutako gertakari honen egiazkotasuna zalantzan jartzekoa da oso.

724px-Bonaparte_euskalki_mapa

Gares, gezi batek seinalatua, Bonaparteren mapan

1863. Bonapartek eremu euskaldunean irudikatu zuen Gares bere mapa famatuan. Erabilitako kolorearen arabera indar gutxi zuen ordurako euskarak bertan, baina gauza jakina da herri batean euskara adinekoek besterik jakin ez, eta erabiltzen ez bazuten printzeak herri hori mapatik kanpo utzi ohi zuela. Gares ondoko Artazu, bestalde, gehiengo euskaldunekotzat jo zuen. Jose Maria Otamendi izan zuen berriemaile Bonapartek Garesen. Lexikoa franko erdaldunduta egonagatik ere, zeharo hiltzear dagoen hizkera batean nekez eskura daitekeen aditz bilduma ederra jaso zuen bere sailkapenerako.

1870. Leandro Olivier Iruñeko agirizaina urte hartan joan zen bizitzera Garesera. Bere esanetan, hainbat garestarrek hitz egiten zuten oraindik euskaraz, eta gaztelania eta euskara nahasten zituen elkarrizketatxo jostalari hau erabili ohi zuten: -¿Dónde está tu marido? –Goixean joan da y todavía no ha venido.

1873. Azken Karlistaldian Don Karlosen aldekoak Lizarra defendatu nahian zebiltzala borroka latza izan zen Mañeru aldean. Brea koronel karlistak inguruko herrietan bildutako hainbat soldaduk gaztaleniaz apenas ulertzen zutela ikusi, eta Garesen jaiotako Angel Gorriti apaiza (1824-1898) hartu zuen itzultzaile bere esanak itzul ziezazkien.

1884. Bere gramatikan Arturo Campiónek  idatzi zuenez, oso adinekoak bakarrik mintzo ziren euskaraz Garesen.

1896. Urte hartako egunkari batean irakur daitekeenez, aún hay ancianos, aunque pocos, que lo hablan [euskara] en Puente la Reina y otros pueblos distantes de la Montaña.

1900 ingurua. Nicolas Ormaetxea Orixek Bonaparteren berriemaile izandako Jose Maria Otamendi garestarraren arreba ezagutu zuen: la dueña de la casa en que me criaron era de Gares -Juana Josefa Otamendi- y figúrese si nos era familiar el nombre de su pueblo! Cuando ella venía a Huici, hablaba con nosotros en vasco, y siempre decía Gáres, nunca Puente La Reina.

1900 ingurua. 1881ean jaiotako J. M. Satrustegiren aitonak (lanbideagatik Gares aldea ongisko ezagutzen zuenak) kontatu ohi zuenez, Garesa heldu eta euskara entzutean hasten zen etxean bezala sentitzen.

1936. Aingeru Irigarai (1899-1983) mediku euskaltzalearen seme Jose Angelek eta Aranzadi Elkarteko Fermin Leizaolak adierazi izan dutenez, behin baino gehiagotan entzun zioten Aingeru zenari Gerra Zibilean, frontean mediku zebilela, euskaraz aritu zela garestar batekin hura sendatzerakoan. Datu hau ez da Irigarairen inongo lanetan bildu eta ezin da beraz frogatu. Egia da, dena den, 1920 ostean ere bizi zen Izarbeibar aldeko euskaldun baten baino gehiagoren aditzea heldu zaigula.  Ez da, beraz, aldez aurretik baztertzeko moduko datua.
Puente la Reina, cabeza de la comarca de Valdizarbe, ha vivido fundamentalmente en euskera durante largos siglos. Son muchos los testimonios que lo hacen patente, y los últimos se extienden hasta la frontera del siglo XX, si no más allá; la última noticia, no confirmada, de la existencia de algún vascófono poseedor del habla de la villa se sitúa en el transcurso mismo de la Guerra Civil. Aunque tal extremo no pueda confirmarse, queda fuera de toda duda que hasta el siglo XIX la vida de puentesinos/garestarras de diferentes estratos sociales se desarrolló en la lengua que hoy vuelve a abrirse paso poco a poco.