XVI. mendeko nafarra, Izarbeibarren ermitau ibilia eta galdutako zenbait euskal testuren sortzailea.

Blog honetan aipagai izandako Santxo Eltso ez da, zoritxarrez, XVI. mendeko Nafarroak utzi digun idazlanik gabeko idazle bakarra. Odietarra bezala, aipatzea merezi du euskaraz idatzi zuela jakin bai, baina gaur arte behintzat irakurtzerik izan ez dugun Juan Undiano ere. Lehenik José Goñi Gaztanbidek, eta ondoren Estornes Lasatarrek ezagutarazi zuten elizgizon hau duela berrogei bat urte, eta Antonio Unzueta karmeldar arabarrari zor dizkiogu gerora jakindako hainbat albiste; baina nafar honek idatzitakoak ezkutuan dirau itxuraz, galdu ez bada.

Undiano herria

Undianon bertan sortua ote?

Nongoa zen ere ezin zehaztu. Batetik, Undiano izeneko herria Iruñea hegoaldeko Zizurren dago; bestetik, Etxaurin eta Garesen behintzat dokumentatuta dago ‘Undiano’ abizena XVI. mendean zehar. Baina gaur arte bederen ez da jatorria argitu. Jaiotza data ere (1552an-edo) ezezaguna izango litzateke, XVIII. mende amaieran Cordoban argitara emandako Memorias sagradas de el Yermo de Córdoba liburuagatik ez balitz. Liburu horrek kapitulu oso bat eskaini zion XVI. mendean Cordobako ermitauek zuten ospeari, eta obratxo honi esker dakigu 24 urteko Juan Undiano apaiz gazte nafarra Cordobaraino joan zela 1576ko martxoan, sona horrek erakarririk, Andaluzia aldeko ermitauekin bizi eta haiengandik ikastera. Iturri honek berak aitortzen du inolako zalantzarik gabe Undianoren nafartasuna: era navarro por su nacimiento, hombre de letras e instrucción; pero desengañado y lleno del espíritu de Dios. Bi urte luze eman zituen Andaluzian oso modu apalean biziz, otoitzari emanik, eskean ibili gabe eta bizibidea eskulan xume batzuk saltzetik aterata. Martin de Cristo izeneko eremutar bertutetsu bat izan zuen eredu egonaldi hartan, eta 1577 hondarrean hura hil ondoren, La vida del exemplo de Solitarios el Ermitaño Martin de Cristo izeneko lanean bildu zituen Undianok harekin ikasitakoak.

1578an gazte nafarra sorterrira itzuli zela ematen du. Ez zuen, nonbait, etxean hegoalde urrunean adinako bertuterik aurkitu. Nafarroako baseliza inguruetan zebiltzan ermitau askok ez zuten espero zen apaltasun eta soiltasun eredurik ematen; aldiz, herriz herri ibili ohi ziren haietako askotxo, eskean, haien ongizate hutsari begira, ermitak zaindu gabe, eta behin baino gehiagotan emakumerik ere  ondoan izanik.

Undiano, kultura eta moral-hezkuntza handiko gizon jantzia, ez zen horrelakoa; eta egoera hura eraldatu nahirik, bizitza eremutarraren araudia eraberritu eta hobetzeko ahaleginetan hasi zen. Filipe II.ari berari idatzi zion neurriak hartzeko eskatuz, eta hasiera bateko erantzun ezak ez zuen gogogabetu. Azkenean (1584) erregeak auzia aztertzeko agindu zien Nafarroako agintariei eta erregeorde zen Almazango markesak ikerketa hasi zuen. Agerian utzi zuen ikerketa hark eremutar nafarrak, behar bezain eredugarri ez izateaz gain, gehiegi ere bazirela. Undianoren ekimenak eragindako 1585eko araudi berriak ermitau kopurua murriztu eta hainganako kontrola zorroztu egin zuen. Ez zen aski izan ordea, zenbaiten jokabide okerra ezin gelditurik, ermita guztiak ixteko agindu baitzuen Erregek 1596an. Ikusiko dugun bezala, izan zuen horrek eraginik Undianorengan.

Arnotegi 2

Arnotegi, eraberrituta, gaur egun

Araudi berria jakinarazi zenerako Iruñea ondoko Arletan bizi zen Undiano, gaur egun desagertua den San Martin ermitan. Baina Obanos ondoko Arnotegiko baselizara jo zuen urtebete beranduago: Juan de San Martin izeneko elizgizon batek kapilautza sortua zuen ermita hartan, kapilautzaren zaindari herriko eliz-agintariak eta sekularrak izendatuz, eta elizgizona hil zenean Undiano hautatu zuten ermitaz ardura zedin, erregeordeak berak gomendatuta (1586ko iraila). Ez zuen hala ere bake handirik izan. Obanosko herria izanik kapilautzaren zaindari, 1587an herriko seme bat izendatu zuten obanostarrek kapilau. San Martinek ezarritako araudia  alde omen zeukan Undianok: bera Arnotegin egonik ez zegoen beste kapilaurik izendatzerik. Hala adierazi zuten birritan Eliz Auzitegiek. Baina ordurako herriko agintariek Arnotegitik kanpo nahi zuten nola edo hala Undiano, eta berriro ekin zioten Filipe II.ak eremutarren jarduna bertan behera uzteko agindu zuenean: ‘eremutar izendatu zintugun, baina debekatuta daude aurrerantzean eremutarrak; horrenbestez, soberan zaude hemen’, zen mezua. Zeri heldu topatu zuen orduan ere Arnotegiko bizilagunak. Izan ere, 1596ko araudi hark zirrikitu bat utzi zien bizitza eremutarra seriotasunez bizitzen jarraitu nahi zutenei: beharrezkoa zen horretarako hautagaiaren egokitasuna eta bokazioa pisuzko sei elizgizonek aztertu eta bermatzea. Undianok azterketa eskatu zuen eta eremutar izateari utzita ere kapilau gisa Arnotegin jarraitzeko eskubidea aldarrikatu zuen; batzuen eta bestearen arteko ika-mika ikaragarri luzatu zen, harik eta, 1600eko urtarrilean, Iruñeko apezpikuak ermita itxi, ermitaua kale gorrian utzi eta zituen jabetzak zerrendatzeko agindua eman arte.

Undianok zeuzkan liburuen zerrenda idatzi zen horrenbestez; horregatik dakigu beste askoren artean ‘un libro Cancionero, de mano, en vascuence’ zuela. Hark berak egina, ala beste norbaitek sortutako eskuizkribua? Arnotegikoak euskaraz idatzi zuela susmatzeko moduko datua bada, gutxienez. Baina bere bizitzaren amaieran susmo guztiak uxatzeko moduko albistea eman zigun Undianok berak.

Undianoren testamentua 2

Undianoren testamentuaren kopia (iturria:www.euskomedia.org)

Obanoskoak eta Arnotegikoa XVII. mendean liskarrez beteta sartu ziren arren, ez zuen askoz ere gehiago iraun haien arteko gatazkak. Undianok Erromara ere jo zuen zuzenbidez zor ziotena eskatuz -alferrik- eta baita Iruñeko katedraleko priorearengana ere, ondoren. Hark bere alde egiteak (1601) baretu zituen obanostarrak eta ekarri zion bakea ermitau ohiari. Ordutik aurrera Arnotegin lasai bizi ahal izan zela ematen du, eta hil ere han hil zen, 1633an. Urte berean egindako testamentuaren XVIII. mendeko kopia bat gorde zen Obanosko elizan eta hantxe aurkitu zuten Estornes Lasa anaiek. Lehen iragarri dudan albistea testamentuaren bosgarren puntuan topatu zuten:

‘Item dijo [Undianok] que ha compuesto muchos versos en bascuenz y algunos en romance en materia moral y espiritual y ha sacado de algunos libros espirituales algunas Sumas y Capítulos y ha compuesto y hecho imprimir la Vida del Hermano Martín y ha sacado en su nombre impreso un libro titulado manual de principiantes, y disciplina de oración…’

Pasarte honi esker ziurta daiteke duda izpirik gabe Undiano XVI. mendeko euskarazko idazlea izan zela.

Betirako galdu al da, ordea, idatzi zuena? Madrilgo Liburutegi Nazionalean dagoen Miserere salmoaren XVI. mende inguruko euskal itzulpen bat elizgizon nafarrarena izan ote zitekeen proposatu zen 1980ko hamarkadan. Itzulpen osoa hemen irakur daiteke. Hau du hasiera:

Jauna misericordia eduqui nicaz
Asco deçunesquero, misericordiaz
Borra eçaçu Jauna maldade enea
Cerren piedadez ceran betea.

Jauna garbiago eguin naçaçu
becatu mutastoa quendu eguidaçu
badaçagut Jauna nere culpea
ene contra dago becatu enea

Itxuraz, ez da gauza erraza testu hori Undianorekin lotzea. Bera nongoa zen ez jakin arren (navarro horretaz gain) ditugun erreferentzia geografiko apurrek Iruñerriarekin eta Izarbeibarrekin lotzen dute; denborazkoek, aldiz, Juan Beriainekin. Eta Utergako erretoreak urte haietan bertan erabilitako duçu, çarade, nuen edo drauzquiçut gisako adizkiak, esaterako, urrun daude itzulpenean zehar ageri diren deçu, çera, neban edo diraust formetatik. Mendebalekoegiak dirudite Undianori buruz dakigun horretan txertatzeko.

Patuak hala erabakita, urte berean zendu ziren Undiano eta Beriain, 1633an. Euskarazko idazleak hain gutxi ziren XVII. mende hasiera hartan elkarrengandik hurbil baino hurbilago bizi izan ziren (eta hil) haietako bi, Izarbeibarkoen mende luzetako euskalduntasunaren adierazgarri.

 

Juan de Undiano, como Sancho de Elso, forma parte de la siempre excesivamente larga pero a la vez apasionante lista de autores en euskera cuyos textos nos son, a día de hoy, desconocidos. Undiano, hombre al parecer de gran cultura, sacerdote, eremita y reformador del eremitismo navarro en el último tramo del siglo XVI, vivió largos años en la ermita de Arnotegi, al sur de Obanos, con cuyos vecinos mantuvo interminables pleitos acerca de su derecho a permanecer en la misma. Aquellos litigios nos dejaron la noticia de que Undiano poseía al menos un cancionero manuscrito ‘en bascuenz’, del mismo modo que su propio testamento ratifica que produjo abundantes versos en lengua vasca. Lamentablemente, dichos versos, que junto con la noticia exacta del origen de su autor arrojarían nueva luz sobre el euskera navarro de su tiempo, no parecen haber sido encontrados aún.