Archive for apirila 11th, 2013

Euskararen lekukoak: DEIERRI

Aurreikusi aldaketak

Zirauki, Lizarra eta Gesalaz arteko hirukian sartutako haran zabal eta historiaz betea da Deierri. Antzina Abartzuza eta Lezaun herriak ere bildu zituen; Estellerriko iparraldean egonda, eta hainbat herri beste magalean gaur ere euskalduna den Urbasara begira dituelarik, askok uste baino beranduagora arte eutsi zion aspaldiko hizkuntzari ibar honek. Ez da ezinezkoa azken euskaldun zahar deierritarrek XX. mendea ezagutu izana. Edonola ere, Deierriko euskarari buruzko albisteak ugariak dira oso. Ahalik eta egokien bildu nahi izan ditut jarraian horietako hainbat, ezagutu nahi dituenarentzat.

Eraul

Eraul, Deierri, Lizarratik 6 kmtara.

1556. ERAUL. Zuhaitz mozketari buruzko auzi batean, notariak bertako lekukoren bati egin zion galde, eta jarraian bere adierazpenak hari irakurri ere bai, declarandosela en bascuence que es su propio lengoaje.
1564. RIEZU. Iratxeko ordezkari batzuek agindu bat eman zieten bertako herritar batzuei, en bascuençe y romançe para que bien la pudiesen entender. Beste horrenbeste gertatu zen urte berean MURUGARREN eta ZABAL herrietan.
1564. ERAUL. Urte hartan bertako euskaraz idatziriko ezkontza gonbidapen baten zirriborroa dago gordeta herri honetako Lander sendiaren etxean.
1567. AZKONA. Liskar batean, mehatxu egin zioten herriko Barbara de Azcona andere gazteari. Mehatxatzaileak eskua kopetan jarri eta honela esan zion: vada aseguin arreçan eçen ni bengatuco nayçan, que quiere decir en romançe, pues toma placer, que yo te me bengare.
1581. ARANDIGOIEN. Bizilagunak kexu ziren erretoreak euskaraz ez zekien Arellanoko seme bat izendatu zuelako apaiz lagunkide (que no entiende a los feligreses por ser bascongados y no sauer romançe). Apaiz lagunkidearen esanetan denek ulertzen zuten gaztelania; herritarrek ziotenez, askok herritik kanpora jo behar zuten aitortzeko eta lau bizilagunek bakarrik zekiten gazteleraz, kanpotik helduak beraiek (son adbenedizos al lugar…permanecerán en el lugar poco tiempo)
1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da haran osoa.

Nafarroako udalerriak - Deierri

1600. ARANDIGOIEN. Elizgizon batek adierazi zuen herritarrak euskaraz baizik ezin zirela aitortu, de su natural vascongados izanik. Urte hartan erretoretzarako hautagai erdaldun eta euskaldun bana suertatu zitzaizkienean, bigarrena hobetsi zuten herritarrek zeren eta hainbat etxetan no saben ni hablan romance. Herritar gehienek ez zekiten gaztelaniarik batere, edota oso gutxi.
1683. Aurrekoaren antzeko egoera izan zen berriro ere herri hartan bertan.
XVIII. m. BEARIN, EGIARTE, RIEZU. Auzietan datu hartzaile aritzen ziren komisarien izenak, ibilitako tokiak eta datak biltzen zituen Libro de repartimientos izeneko liburuan, euskaraz mintzatzen ziren herrien zerrendan ageri dira.
XVIII. m. ERAUL. Ba omen zeuden euskaraz baino ez zekiten herritarrak.
1722. ERAUL. Lizarrako apaiz hautagai bat baztertu zuten Eraulgo herritarrek, gaztelaniaz besterik ez zekielako. Honek zinpean aitortu zuenez mucha parte de ella [euskara] la entiende y comprende, aunque no puede hablar ni colocar las palabras corrientes, por el poco uso y ejercicio que ha tenido en hablar dicha lengua. Auzi hartan erabaki zenez, aurrerantzean aukeratuko zen edozein erretorek hábil en el idioma vascongado behar zuen izan.
XVIII. m. amaiera. RIEZU. Latorre komisariak zioenez, ia riezutar guztiek ezagutzen zuten gaztelania, baina entienden igualmente el ydioma bascongado al modo que en todo el valle de Yerri.
XVIII.m. amaiera. RIEZU. Kanpoko elizgizon euskaldun batek Riezuko eliztiarrak aitortzan entzun zituenean, la mayor parte de ellos lo acían en ydioma bascongado, errazagoa gertatzen zitzaielako. Era berean herritar gehienek, agurretan, euskararik ez zekitenekin besterik ez omen zuten gaztelania erabiltzen. Muezeko apaizak adierazi zuenez, Riezun apaiz izateko no solo es precisa la inteligencia sino también el uso de la lengua vascongada.
XVIII. m. amaiera. RIEZU. Ramón Muzkiz sendagile erdaldunarentzat arazo zen bere hizkuntza-egoera: algunas veces se ha visto bastante apurado para darles a entender lo que ordenaba cuando hacía las visitas.

Riezu

Riezu, Deierri eta Gesalaz arteko mugan.

1797. RIEZU. Erretoretzarako zazpi hautagai aurkezturik, lau onartu zituzten por ser el País vascongado y tener la debida inteligencia en ese idioma. Gainontzekoak baztertu egin zituzten tan sólo romanzados que ignoran absolutamente el bascuence izateagatik.

Ibiricu Deierri

Ibirikuko eliza. Asociación Éuskarak bildutako datuak zuzenak izatera, litekeena da herriak XIX. mende amaieran euskaldun zaharrak izatea.

1799. Haraneko eskoletako irakasleek erabilitzen zuten metodoaz honako hau idatzi zen: la primera probidencia que toman es el de prohibirles el uso del bascuence para poderles ynstruircon más facilidad en las primeras letras, castigandolos de lo contrario en proporción de la edad.
1858. ERAUL. Herri honetako ikazkinak euskaraz egiten zuen Abartzuzakoarekin.
1863. Bonapartek ez zuen bere maparen euskal eremuan Deierriko herririk sartu, eremu euskaldun horren muga haranetik oso hurbil egonagatik ere. Printzeak euskalduntzat jo zuen lekurik gertuena Gesalazko Iturgoien izan zen, kolore ilunez margotu zuelarik gainera, bertako herritarren gehiengoa euskal hiztuna zela adieraziz; eta Iturgoienek hurbilen duen herria Deierriko Riezu da. Kontuan hartu behar da, bestalde, aipatu 1858ko lekukotasuna Erauli dagokiola eta Eraul haranaren mendebaldean dagoela, Gesalaztik urrun. Badakigu, bestalde, Bonapartek ez zituela mapan adineko euskaldunak baino ez zituzten zenbait eskualde kontuan hartzen, baldin eta adineko haiek euskararik ez bazerabilten. Ameskoan hori bera egin zuela ezaguna da. Ez du ematen batere zaila, beraz, Deierriko herri batzuetan behintzat zenbait pertsonak euskara jakitea 1860ko hamarkadan, ez erabili arren. Ondorengo datuak indartuko luke hemen esandakoa.

1878. Goñerri aipatu nuenean adierazi bezala, Asociación Éuskara delakoa,  hainbat bazkidek betetako galdetegi batez baliatuz, euskararen orduko egoera zehazten ahalegindu zen. Oltzako bizilagun batek bildu zituen eskualdeko datuak; helburua la divisoria entre el país esencialmente castellano y en el que se conserva con bastante generalidad el vascuence finkatzea zen. Deierriko Ibiriku herria euskara oraindik con bastante generalidad gordetzen zuen lurralde horren barnean zegoen bere esanetan; Gesalatzi buruz eman zituen datuak eta haran horretan aipatu zuen muga zein zen kontuan hartuz, litekeena da Arizaleta eta Riezu ere, gutxienez, lurralde horren barruan hartu behar izatea (1878ko maiatzak 22).

El Valle de Yerri, extenso municipio situado al noreste de Estella y compuesto por casi una veintena de pequeños lugares, es otro de tantos parajes de la Navarra Media donde el euskera se mantuvo vivo hasta hace pocas generaciones. Los testimonios de los siglos XVI-XVIII son abundantes y, aunque sea muy difícil precisar el momento en que los últimos vascoparlantes nativos desaparecieron, queda fuera de toda duda que aún en el siglo XIX el euskera perduraba en el valle -no se puede descartar que algunos de esos últimos hablantes llegaran hasta el siglo XX- tanto como que la influencia de la escuela a partir de finales del siglo XVIII fue decisiva en el proceso de erosión de la lengua vasca.


Iruñeko gazteendako XXIII. Literatur Lehiaketa

Iruñeko Gazteendako XXIII. Literatur Lehiaketa

Udalak antolatutako lehiaketa honetarako lanak maiatzaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dituzte 14 eta 18 urte bitarteko gazte iruindarrek. Bi eratako lanak onartuko dituzte: poesia, eta narrazio laburra.

Gehiago jakin nahi izanez gero, jo hona.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko apirila
    A A A A O I I
    « Mar   maiatza »
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    2930  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu