ameskoa mapaAmeskoa ibarra, Lizarrako Merinaldearen ipar-mugan dagoen eskualdea da. Araba du mendebaldean, Urbasa mendilerroa iparralderago, Lokiz hegoaldean eta Allin harana eta Lizarra hego partean. Bi zatitan banatuta dagoela esan daiteke: Ameskoabarrena izenekoa Ekala, Zudairi, Gollao, Bakedao, San Martin, Barindao eta Artatzak osatzen dute. Ameskoagoiena, aldiz, Aranaratxe, Larragoa eta Eulatek. XIX. mendera arte bizirik iraundako euskararen oroimena XX. mendean itzalixe gelditu eta gero, berpiztu egin dira XXI. mende hasiera honetan ameskoarren betidaniko hizkuntzaren kontzientzia eta ezagutza. Hainbat ikerlek bildu dituzte azken mila urte hauetan euskarak Ameskoan utzitako arrasto nabarmenak. Berririk ere agertu da mende honetan bertan. Horietako batzuk gogoratuko ditut hemen.

XIV. mendeko zenbait ezizen iritsi zaizkigu: Yturrico, Çuria, Garraça, Sendoa.

XV. mendekoak dira, aldiz, Legor, Ezquerra, Larrequo, Nagusia, Gorria, Lucea. Zenbait toponimo ere bada orduko agirietan: Baçarre mendia, Amescoa çarra, Ur hederra izeneko eliza ere bai.

XVI. mendean zehar abizenak finkatuz joan arren hainbat ezizen jaso ziren oraindik. Aurrekoetako batzuk ez ezik, honelakoak: Çamarguin, Indar, Galant, Bazterra edo Errota.

1512. Estraineko aldiz bildu zen paperean Amescoa varrena toponimoa.

1550. BAKEDAO. Herri hartako bi gaztek, Juanek eta Teresak, elkarri emandako euskarazko ezkontitzak gorde dira. Ez dira seguru asko Ameskoan mintzatzen zen hizkeraren lekuko zuzenak; bai ordea euskarak zuen bizitasunarenak:

Bakedao

Bskedao, Ameskoabarrena

Nic çuri Joaneç emayten derauçut

neure fedea / çuri Theresa

çure senarr yçayteco /

eta ez çuçaz verce emazteric eguiteco

nic eta Teresa çuri Joaneç

ematen derauçut neure fedea

ez verce senarric eguiteco çuçaz verceric

1556. ARTAZA. Zuhaitz mozketari buruzko auzi batean, notariak bertako lekukoren bati egin zion galde, eta jarraian bere adierazpena hari irakurri ere bai, declarandosela en bascuence que es su propio lengoaje.

1556. BAKEDAO. Beste horrenbeste.

1566. BAKEDAO. Kartetan ari zirela berotuta sortutako ika-mika batek auzitara eraman ziten zenbait gizaseme. Auzi hartan idatzitakoaren arabera, Pedro Oiartzun izeneko gizon batek joko zikina leporatu zion Martin Gonzalez zeritzon beste bati. Oso gogor erantzun zion honek: dollorr, traidore seme, puta seme, ques deçir, suçio ruin, hijo de traydor, hijo de puta, que es la mas grabe ofensa e ynjuria que de palabra se puede hacer y mal dixo, lehenere beguietan haducat eta guero vada lehen vada ene escuetaric joanen haiz, ques deçir, yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea después, tu as de morir en mis manos o por mis manos…

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkituriko Nafarroako herri-zerrendan, bascongado izenburua duen multzoaren barruan ageri dira Ameskoabarreneko herri guztiak. Ez dago Ameskoagoienekoen aipamenik, ez baitzegozkion Iruñeko Gotzaindegiari,  Kalagurrikoari baizik.

1591. EULATE. Bi eulatear lehiatu ziren Ameskoagoieneko Alkatetza eskuratu nahirik: Joannes Alvarez de Eulate eta Joannes de Mezquia zuten izena. Mezquia hautagaiaren aldeko argudioetako bat que habla romance zen. Ezagutza azpimarratu izanak berak agerian uzten du ezohikotasuna.

1620. ARANARATXE. Artzapezpikuaren ikuskariak apaizari utzitako agindua honako hau izan zen: que sea muy cuidadoso en enseñar la doctrina y darla a entender en el lenguaje de la tierra.

Mendean zehar beste hainbat unetan agindu zituzten antzekoak bisitariek:

1630. BAKEDAO. Bertako apaizari kristau ikasbidea eta otoitzak euskaraz irakasteko agindu zion, eta ez beste inongo hizkuntzatan, zeren eta la bascongada es la común de esta valle.

1649. EULATE: …les yntime y notifique en alta e intiligible voz y les declare de verbo ad verbum en la lengua materna del dicho lugar que es la bascongada…

1685. SAN MARTIN: …y di a entender su contenimiento en la lengua Materna que es la bascongada…

1694. EULATE: …comunicados en el ofertorio de la Missa mayor en la lengua vulgar…

1701 eta 1713. ARANARATXE: Juan eta Miguel Saez de Jaureguik ere euskaraz irakurri zituzten Gotzaitegitik zetozen aginduak. 

1721. EULATE. Nicolas Ybannes de Ursua apaizak idatzita utzi zuenez certifico yo, el cura infrascrito haver publicado y hecho notorio al Pueblo en Lengua Bulgar todo lo arriba referido… Dena den, une honetatik aurrera ez dago artxiboetan horrelako iragarpenak euskaraz egin izanaren beste inolako arrastorik.

XVIII. m. GOLLAO. Auzietan datu hartzaile aritzen ziren komisarien izenak, ibilitako tokiak eta datak biltzen zituen Libro de repartimientos delakoan, euskaraz mintzatzen ziren herrien zerrendan ageri da.

1732. Lizarrako notari batek adierazi zuenez, hainbat urte lehenago bai berak, bai beste zenbait lankidek, nahiz eta no sabían ni saben otra ydioma que la castellana, Ameskoako herrietan –que hablan la lengua bascongada– informazioak biltzeko aukera zitzatela lortu zuten.

Artatza. Bertako apaiz izan zen Juan Vicente Díaz (1752-1823)

1750. BAKEDAO, EKALA, GOLLAO, EULATE. Bakedaoko 18 urteko Catheriña Martinez neskame zebilen Ekalako etxe batean, eta etxe hartan bertan bizi zen Juan Gil gazte ekalarrak berarekin ezkontzeko eskatu zion. Baita onartu ere neskak. Mutilari damutu egin zitzaion ordea, gaixotu egin baitzen Catheriña, eta gaixotasunaren ondorioz dexente itsustu zitzaizkiolako begi bat eta hanka biak. Juanek atzera egin, neska auzitara eraman, eta epaitegietara jo zuten. Eginbideen ardura Lizarrako San Juango parrokoari egokitu zioten; ez zen euskalduna, eskribaua ere ez, eta Bakedaoko neskak gaztelaniarik jakin ez. Itzultzailea hartu behar izan zuten beraz: Bakedaoko Christobal Azpilqueta, que enttiende en amuas ydiomas. Ezkongai ohiak jarritako demanda neskari euskaraz jakinarazi ziona, aldiz, Gollaoko apaiza izan zen. Prozesuan adierazten denez, gainera, Eulateko Pablo Perez izeneko batek lagundurik joan zen Juan Gil Catheriñarengana, emandako ezkontitza baliorik gabe gelditu zela onar zezan-edo. Nekez joango zen eulatearra gaztelaniaz ez zekien neska batekiko tratuetan laguntzera, bera ere euskalduna izan gabe. Aipatutako beste lau ameskoarrak euskaldunak ziren; neska, gainera, euskaldun hutsa.

1800. BARINDAO. Diego Miguel de Echabarri izeneko elizgizona Barindaon bizi zen eta Ameskoan betetzen zuen bere zeregina. Urte hartako prozesu batean idatzi zutenez habla y entiende con la mayor perfeccion los dos idiomas.

1800? ARTATZA, ZUDAIRI. Urte horren inguruan idatzi zen 2001ean Barindaoko etxe batean agertutako euskarazko testu bat. Balbino García de Albizu ameskoarraren ikerketaren arabera, 1780tik Artatzako apaiz izandako Juan Vicente Diaz zudairetarra izango litzateke testuaren egilea. Doktrina zati bat da, lehendabiziko zortzi mandamenduei buruzko ohiko galde-erantzunak dakartzana. Hona hemen pasartetxo bat:

Seigarna Lujuyaco becatuti apartaceaartaza zatia

P. Zer aguinzeyzu mandamentu santuorrec?

R. Yzangaytezela garbi eta casto yzez, pensamentuc eta obraz.

Zazpigarna ez igori ecer oscia

Pregto. Zeraguinzeizu mandamentu santuorrec?

R. Ezzarogula igori ezer quendu, eta ez iduqui gauzaric progimo lagunaren borondatiaren contra.

Esanguratsua da Ameskoabarrenean XVIII-XIX. mende mugan euskarazko doktrina idatzi behar izate hori. Nekez egingo zuten halakorik biztanle guztiek edo gehientsuenek bi hizkuntzak ezagutu balituzte.

1823. ZUDAIRI. Juan Vicente Diaz Artatzako bikario euskaldunaren heriotza.

Ameskoa 1870

Ameskoa inguruak Brocaren mapan

1863. Bonaparte printzeak ez zuen Ameskoa bere mapan euskalduntzat jo; kolorerik gabe utzi zuen. Hala ere, Bruno Echeniqueri apirilaren 9an idatzitako eskutitzak honela dio: En Ciordia, donde el vasc. se habla intensamente, me han asegurado que en todo el partido de Estella no hay más que estos pueblos donde sólo algunas personas siguen hablando esta lengua: Eulate, San Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano. Urra, Baríndano, Artaza… Me interesan estas localidades por ser las únicas, según me dicen, del partido de Estella, que conservan un hálito de la lengua vasca. Hau irakurrita, Ameskoa euskalkien mapan euskararen eremutik at agertzea printzearen ohituraren ondorio litzateke (herri batean hiztun gutxi gelditzen baziren, adinekoak, eta euskara ez zerabiltenak, kontuan ez hartzea, alegia); baina 1860ko hamarkadan euskaldun zahar ameskoarrik bizi zela pentsatu beharko genuke.

1865-1870. Bonaparteri adierazitakoaren ildo beretik doa Paul Brocak bere euskararen mugei buruzko mapan emaniko informazioa. Sendagile frantziarrak Ameskoako herri guztiak sartu zituen euskara oraindik guztiz galdu gabeko eremuaren barrenean.

Ameskoa Alta-Baja

Ameskoabarrena eta Ameskoagoiena

Ez dago Ameskoako euskarari buruzko albiste berriagorik. Elizbarrutiaren 1904ko gidan erdalduntzat jo zituzten herri guztiak. 1919an honako hau idatzi zuen Simón Negro Juanvelz misiolari zudairetarrak: es una verdadera calamidad, que se haya dejado perder en toda Amescoa el lenguaje éuskaro con el que son conocidos todos sus lugares, ríos, montes y heredades.

El afortunado descubrimiento, en 2001, de un pequeño texto escrito en euskera atribuible a Juan Vicente Díaz, hijo de Zudaire que fuera entre 1780 y 1823 vicario de Artaza (el fragmento de una doctrina, más concretamente) ha arrojado nueva luz sobre la variedad lingüística de las Amescoas, de cuya existencia abundan los testimonios desde la Edad Media hasta hace un par de siglos. El euskera amescoano parece haber formado parte de una zona de transición en la que confluirían rasgos navarros con otros más occidentales. En cualquier caso, aún en torno a 1800 se hacía necesario escribir en lengua vasca las preguntas y respuestas con arreglo a las cuales se enseñaba la doctrina. Ese hecho no puede ser ajeno a la existencia de importantes sectores de población que no estarían capacitados para aprenderla correctamente en ninguna otra lengua; y permite a su vez concluir que la última generación de amescoanos que conoció el euskera de su tierra difícilmente pudo nacer antes del siglo XIX, más todavía cuando gracias a Luis Luciano Bonaparte y a Paul Broca sabemos que en la década de 1860 aún quedaban vascoparlantes en todos los pueblos del valle.