Blog honetan askoz sarriago aipatu ditut orain arte Nafarroako mendebalde eta erdialdeko idazle eta herriak (Ameskoa, Gesalatz, Deierri, Artaxoa, Lizarra…Elizalde, Ibero, Undiano, Beriain…) ekialdekoak baino. Ekialderago ere hitz egin zen euskaraz, dena den, eta hemen utzi nuen duela zenbait aste XVI. mendeko adibide adierazgarri bat. Aski beranduagora arte ere egin zen euskaraz, hizkuntzak utzitako arrasto dokumentalak horren ugariak ez izan arren, zenbait eremutan behintzat lehenxeago galdu zelako agian.

Uxue1Horrela bada, Uxueri dagokionean, inguruko zenbait herrirekin bezala, nahi baino gutxiago da bertako euskarari buruz dakiguna, eta utzi ere, nahi baino albiste gutxiago utzi zituen hango mintzoak itzali aurretik. Edota nahi baino gutxiago agertu dira gaur arte. Baina badira, izan; eta mende luzez uxuetarren hizkuntza zein izan zen zalantzarik gabe ikusteko adinakoak. Biziko al ziren Uxueko azken euskaldun zaharrak XIX. mendera arte? Litekeen gauza da. Eta hala izan ez bazen, ez zen asko faltako. Hona hemen euskarak Erriberaren begiraleku den Uxuen utzitako arrasto zenbait:

XIV. mendeari dagozkio bildutako abizen hauek: Gongaldeco, Sendoa, Belça, Içurra, Ongaya, Mendico, Erregue, Ortigorria, Jurico, Bazterreco, Borru, Bidaguille, Buruçagui.

1571. Galipentzuko abade berriaren aukeraketak eragindako prozesuan, Juan Mateo hautagai euskaldunaren aldeko lekukotasuna eman zuen Eslabako bikarioak. Derrigorrezkoa iritzi zion honek Galipentzu bezalako herri batean apaiz euskalduna izendatzeari, eta Mateoren alde agertu zen horrexegatik, ederki betetzen zuelako bere apaiz lana euskarari zegokionean, eta beste hautagaia erdaldun hutsa zelako. Eslabako bikarioak adierazi zuenez Uxueko hainbat herritarrek ere gustuko zuten Mateo galipentzuarraren hizkera: hace muy bien su ofiçio en quanto a la platica, conforme al estilo de la tierra, y […] lo ha oido de personas de Galipienço y Uxue, porque a las vezes suelen preguntar si hacen bien el ofiçio, y ha entendido tener contento de la platica del dicho don Juan Matheo.

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan,  bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da.

Uxue euskara

2011n Uxueko euskarari buruzko datuak bilduz La Voz de la Merindad aldizkarian agertu zen gehigarriaren azala.

1611. Petrikilo frantses batek hesteak atera zizkion Uxueko gazte bati, herriko hainbat biztanle lekuko zirela, hernia bat sendatu nahi ziolarik. Ikusleekin batera petrikilo uxuetar bat ere bazen han, frantsesari laguntzen aritu omen zitzaiona. Lekuko batzuen esanetan euskaraz esan bide zuen Uxueko sasimedikuak gaztea sendaketa hartan hiltzen ez bazen beste inongotan ez zela hilko.

1676. Ordu hartan erregearen eskumena zen Uxueko Santa Mariako priorea aukeratzea; herrian apaiz aritzeko hautagai izango zenak euskararik beharko ote zuen galdeturik, honako hau izan zen erantzuna: se halla ser necesaria la inteligencia de dicha lengua por ser la común y general de aquel pueblo en que muchos no entienden otra. Antonio Domínguez Ortiz historiagileak jaso zuen datua 1970eko liburu batean, baina ez du gurean apenas oihartzunik izan, Mikel Burgik 2015eko urtarrilean topatu eta karrikaratu duen arte. XVII. mende amaierara bidean uxuetar ugarik euskara beste hizkuntzarik ulertzen ez zuela, ez da edonolako albistea.

1719. XVIII.m. hasieran Esteban de Goikoetxea mandazain bakaikuarra Tafallako ferian zen, Juan de Echaide eta Manuela de Larumberenean ostatu hartuta; gaixotu zen nonbait, sukarren batek jota, eta Lucas anaia joan zitzaion Bakaikutik Tafallara Estebanek hala eskatuta. Bera hildakoan semeen ardura hartzeko eskatu zion Estebanek anaiari; beranduago, penaz aitortu zion gaixoak Juan ostalariari anaiak aitaren etxea saldu egin zuela, eta auzirik egon ez zedin bere partez esku hartzeko eskatu zion. 1719an, Juan ostalaria ere hilda ordurako, gertakari hauei buruzko auzian Uxueko biztanle zen María de Muriones deitu zuten lekuko. 60 urtekoa zen ordu hartan. Gertakari haiek izan zirenean Maria ere Etxaiderenean ostatu hartuta zegoela eta anaien artean hitz egindakoa aditu zuela adierazi zuen; en lengua bascongada izan zuten bakaikuarrek elkarrizketa hura, cuyo ydeoma o lengua entiende mui bien la declarante. 

Xurio 1720

Xurio azkaindarraren obra honen ale bat zuten XVIII. mendean Uxueko elizan.

1720…?. Uxueko parroki-liburutegian Mixel Xurio lapurtarraren Jesukristoren imitazionea obraren ale bat gorde dute. Xuriorena abiapuntutzat hartuta bertako elizgizonen batek uxuetarrentzat euskarazko sermoiak prestatu izanaren seinale? Ez dakigu noiz helduko zen liburua hara, baina Jesukristoren Imitazionea 1720an argitaratu zen lehendabiziko aldiz; ezin urte hura baino lehenago uxueratu. Askoz ere beranduago (XX. mende hasieran), eliza hartan bertan euskarazko Bibliaren ale bat bazutela zioen oharra idatzi zen. Galduta dago egun Biblia hori.

1725-1750. Euskararen muga-ertzean irudikatu du Patxi Salaberrik Uxue, ezagutzen diren datuen arabera. Eslaba aldeko euskarari buruzko tesian adierazitakoaren arabera, adibidez, 1750eko euskararen balizko muga hori Puiuk, Lergak, Uxuek, Eslabak, Zarek eta Leatxek osatuko zuketen, besteak beste. Gogoratu beharra dago Uxueren mugakide den Galipentzun euskara galdu berri aurkezten digula 1730eko lekukotasun batek.

1808. Frantsesen gudarosteko ofizial bati eta bere emazteari eraso egin zieten gizonezko batzuek Tafallako kaleetan zebiltzala. Erasotzaileen janzkera eta hizkera zirela eta, Uxuekoak zireneko susmoa hartu zuten. Datua ez da nahi bezain esplizitua, baina zer esan nahi ote du ‘hizkera’ hitzak? Euskara ez bada, gauza izango al ziren atzerritar batzuk Uxueko gaztelania Tafallakotik bereizteko?  Edota ordurako erdaldundua bide zen Tafallaren aldean, erasotzaileei beste hizkuntza bat -euskara- entzun izana, inguruko herri euskaldunagoekin lotuko al zuten frantziarrek, eta Uxue aipatzea oraindik bertan itzali gabeko euskalduntasunaren seinaletzat hartu beharko genuke? 1863rako, nolanahi ere den, euskararen mugatik at irudikatu zuen herria Bonapartek, argi eta garbi gainera.

La villa de Ujué, atalaya privilegiada al sur de la cual se extiende La Ribera, parece haber sido durante largo tiempo frontera lingüística entre la Navarraujue nafarroan que se expresaba mayoritariamente en lengua vasca y la que no. Los topónimos de finales del siglo XX, atribuibles al euskera en un 50% según Mikel Belasko, recogen aún en gran medida los ecos de un pasado que se desarrolló fundamentalmente en dicha lengua. Por otro lado, las evidencias documentales y los indicios de conocimiento de la lengua vasca que han sobrevivido al paso del tiempo, a pesar de no ser a día de hoy tan abundantes como en otras zonas de la comunidad, dan testimonio inequívoco de que el euskera se empleó hasta fechas relativamente recientes; incluso, tal vez, hasta ese mismo siglo XIX a mediados del cual Bonaparte situó ya la localidad fuera de la zona coloreada siquiera débilmente en su célebre mapa.