Faltzes

Ekainaren 1ean izango dute berez Faltzesen azken urteotan ohiko bihurtu den euskararen festa. Hala eta guztiz ere, aurtengoa hamargarren Euskararen Eguna izango delarik, zifra biribil hori aurrerapenez ospatu nahi izan dute eta bihar, maiatzak 25, ikuskizun berezia izango da Pedro Iturralde aretoan arratsaldeko 8etatik aurrera. Herriko zenbait kultur taldek hartuko dute parte biharkoan: herriko abesbatza arituko da, eta dantzariak, txalapartariak edota antzerkia ere izango dira bertaratzen direnentzat.

Heldu den larunbateko festari dagokionean, aldiz, Tafallako Baigorri abesbatza eta Tafallako Joaldunak izango dira ikus eta entzungai Faltzesen, eta horiekin batera kontzertuak, herri-bazkaria, irrintzi lehiaketa edota haur-jolasak ere iragarri dituzte, besteak beste.