Izarbeibar eskualdeko herria da Uterga, Iruñetik Gareserako bidean dagoena. 200 biztanle baino ez dituen arren, Juan Beriain abadearen jaioterri izate hutsagatik merezi luke aipatzea Nafarroari eta euskarari buruzko txoko honetan. Baina ez zen XVII. mendeko idazle hura utergarren euskalduntasunaren froga bakarra izan; ez berankorrena ere. Inguruko herrietan bezala, XX. mendean sarturik ere ez zuten Utergan guztiz ahaztu herria herri zenetik mintzatutako euskara. Hizkuntzak historian zehar utziriko arrasto batzuk aipatuko ditut ondoren.

Uterga 2

Uterga,

1545. Sarriako jaunaren ezkontza dela idatzitako agirietan adierazi zutenez, Utergan, Adiozen bezala, euskara baizik ez zekiten.

1547. Juana izeneko Utergako neska gazte batek eta Adiozko Martin Azterainek elkarri emandako ezkontzako fedea gorde da, mutikoa ondoren elizaz beste emakume batekin esposatuta, auzitara eraman zuelako neska gazteak. Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan dago agiria. Honako hau izan zen, antza,  Martinek esandako ezkontitzei Juanak eman zien erantzuna: nic Joanna y Martin arçenaut /neure sposoçat / eta hic arnaçac eure sposaçat / eta prometaçen diat / ez verçe senarric eguiteco / viçinayçen artean / eta guardaçeco lealtadea / ala fedee, ala fedee, ala fedee.

1587. Gasteizeko apaizgaitegiko nafar herrien zerrendan, bascongado izenburua duen herri multzo barruan dago Uterga

1600. Urte hartako bisitaldian honako agindua eman zion gotzainak Uterga Olandaingo bikarioari: que  al tiempo del ofertorio enseñe solamente dos palabras de la doctrina cristiana y cuatro oraciones de la Iglesia en bascuence y explicitamente. Juan Beriainen osaba zen bikario hura.

1602. Jaietako musika zela-eta istilua sortu omen zen herriko bi talderen artean. Liskarrean ari zirela honela esan zion Martin de Uterga izeneko batek beste taldeko kide bati: badiqueat orraa bofeton bat aurrari bezalaque vuelto en castellano -irakur omen daiteke eskuizkribuan bertan, Idoatek adierazi zuenez- quieren decir, bien te dará hacia ay un bofeton, como a un niño.

Uterga Beriain

Beriainen XVII. mendeko lanetako baten hasiera

1621-1626. Arestian aipatutako Juan Beriainek (1566-1633), Tratado de cómo se ha de oyr missa eta Doctrina Christiana liburu elebidunak argitaratu zituen. Baita gogoratu ere, haietan, Iruñerriko berezko hizkuntza izateagatik erabili zuela euskara bietan, gaztelaniarekin batera.

XVII. mendean zehar, ikustariaren aginduak herritarrei euskaraz jakinarazi zizkietela dago adierazita parroki artxiboetan.

Uterga_iglesia_Asunción_de_María

XVIII. mendean euskara erabili zuten doktrina irakasteko Jasokunde parrokian.

1759. Doktrina euskaraz irakasten zutela jakinarazi zuten orduko agirietan.

1791. Juan Miguel Mendia Utergan jaiotako 26 urteko elizgizona zen, ordurako ordena txikiak hartutako gaztea. Beste bi hautagairekin ari zen lehian, herrian bertan benefiziodun nor bihurtuko; eta bere iduriko alde zeuzkan arrazoiak idatziz jarri zituen, gotzainari jakinarazteko asmoz. Hautagairik onena zelakoan zegoen Mendia… pues es también dueño del idioma bascongado cuio lenguaje es el dominante en dicho lugar.

XVIII. mende amaiera. Garai hartakoa ematen du 1954an Utergan Aita Anselmo Legarda zenak topatutako 69 orrialdetako katiximak. Ez dago oso-osorik,  eta sinadurarik ere ez du, baina testua aztertzerakoan Izarbeibarkotzat jo zuen Aita Ondarrak 80ko hamarkadan.

1863. Bonaparte printzeak euskalduntzat jo zuen Uterga bere mapan. Hala eta guztiz ere, bi berde mota, ilunagoa eta argiagoa, erabili zituen hegoaldeko goi-nafarrera irudikatzeko, toki batzuetan eta besteetan euskarak zuen indarraren arabera, eta berderik ahulena egokitu zien Uterga eta inguruko ia herri guztiei. Ordurako euskara ez zen, nonbait, gehiengoaren hizkuntza.

Captura

1923an Utergako azken euskaldunari buruz Larrekok idatzitako artikulua

1923. Fermin Irigarai ‘Larreko‘ idazle auriztarra euskaraz aritu zen herriko agure batekin, urriaren 15ean La Voz de Navarran idatzitako artikuluan adierazi zuenez. 82 urte zituen gizonak, herrian bizi izan zen beti soldadutza denboran izan ezik, eta gurasoak euskaldunak izanik bera zen -gazteena izanik ere- anaia-arreba guztien artean euskara ikasi zuen bakarra. Bazekien euskaraz nola edo hala, baina ez zen seguru asko euskaldun osoa izango, zenbait galderari erantzuteko gauza izan bai, baina Larrekoren beste batzuei gaztelaniaz erantzun baitzien. Euskalduntzat jo zuen hala ere Irigaraik: a mi juicio es suficiente que conserve algunas frases y palabras para concederle a él el mérito y el honor de ver [sic] el último euskeldun de Uterga,  y nosotros de lamentar en él la desaparición completa del euskera en dicho pueblo.

1925. Euskaldun bat geratzen omen zen Utergan Amado Alonsoren filologo lerindarraren esanetan; Larrekok aipaturiko huraxe bera izango zen noski: Hoy mismo vive aún el último euskalduna de Uterga, a 6 kilómetros de Puente la Reina, más de 15 kilómetros al sur de Pamplona. 1928an azken euskaldun honen heriotza iragarri zuen Alonsok berak.

1927. Fernando Pérez de Laborda ikerleak bere blogean adierazitakoaren arabera, Larrekoren eta Alonsoren datuekin bat etor daitekeen utergar bakarra 1841ean jaiotako Celedonio Azcárate Arregui litzateke. 1927an hil zen Utergako seme hau, eta berarekin batera, ziurrenik, baita bere herriko euskal mintzoa ere.

Utergako udalerria

Situada en la ruta que une Pamplona con Puente la Reina y Estella, la pequeña localidad de Uterga merecería de por sí un espacio en la historia del euskera en Navarra debido a que fue lugar de nacimiento de Juan de Beriain, escritor del siglo XVII anteriormente mencionado en este blog. Pero lejos de limitarse a ese hecho, una serie de interesantes testimonios jalonan el devenir de la lengua vasca en esta villa en la que perduró, como en todo Valdizarbe, hasta el mismo siglo XX, de tal manera que hace tan solo cien años nos habría sido posible aún recoger el euskera propio de Uterga de boca de sus mayores.