Archive for ekaina, 2013

Euskararen lekukoak: IRUNBERRI

Irunberri mapa

Irunberri, Iruña eta Agoiztik Zangozarako bidean

Irunberri Zangozako merinaldeko herri garrantzitsua da egun, eta are garrantzitsuagoa izan zen antzina, Agoitz, Elo eta beste zenbaitekin batera: historia luzea du eta bere kokagune estrategikoak badu horretan eraginik. Mugakide izan dituzte irunberriarrek erromantzez oso goiz mintzatzen hasitako hainbat eskualde; izan ere, aspaldi-aspaldikoak dira erdalduntzearen arrastoak Nabaskoze-Domeño aldean, eta Oibar-Zangoza ingurukoei buruz, zer esanik ez. Baina eskualdeko buru ezezik hizkuntzen arteko ukipen eremuko izate hori gorabehera, Irunberri herri zeharo euskalduna izan dela ematen du, XVI. eta XVII. mendeetako lekukotasunei begiratu orduko ikus daitekeenez. Badira, zoritxarrez, oraindik bete gabe dauden hutsuneak. Ez dakigu zehaztasun osoz noiz arte iraun ote zuen euskarak Irunberrin, eta euskara horrek ez du gaur arte inolako testurik utzi; ez da gezurra Nafarroako beste eskualde batzuetakoa baino are isilago hil zela esatea. Bizi izan zen, ordea, eta han-hemenkako agiri zaharretan bere arnasaren arrasto aski argiak utzirik gainera.

Irunberri gaur

Herriak ez ditu gaur 1500 biztanle. Bi mila izanda ere badago.

1575. Urte hartako prozesu batean Juan Blanco lekuko irunberriarraren hitzak jaso zituzten herrian izandako gertakari batzuk aztertzerakoan. Hark zioenez, Irunberriko aguazila matxinatutako herritar batzuk arrazoibidera eramaten saiatu zen, baina Juan Calbo izeneko haietako bat,  agintariari entzungor eginik, deiadarka hasi zen: odolquy, odolquy beardela, que quiere decir, sangre, sangre es menester. Lekukoak kargu hartu zion orduan -alferrik- Calbori: sino tenia berguença un ombre de sus años hablar lo suso dicho y alborotar a los bezinos, el qual torno otra bez a dar mayores vozes y decir, odolquy, odolquy bearda

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrenda ezagunean, bascongado izenburua duen herrietako bat da Irunberri.

Irunberri SanBartolome

Irunberriko San Bartolome gaur egun

XVI. m. amaiera. Artariain izeneko apaiz batek euskarazko predikua egin zuen herriko San Bartolome ermitan.

XVII.m. hasiera. 1582an jaiotako Pedro de Torres adioztarra Irunberrin bizi zen. Euskaldun hutsa zen nonbait eta, hari buruz esaten zutenez, por no entender ni hablar el romançe, ha hablado siempre con todos los de la villa en lengua vascongada.

1624. Irunberriko biztanleak Leirerantz abiatu ziren prozesioan, euria eskatzeko. Hango fraideekin borrokan hasi omen ziren, eta Trinitateko ermitauak prozesio-gurutzea eskuetan hartuta mehatxu egin zien monjeei, honela esanez: Indac onat maquil ori, nic adituco diat fraide hoc.

1627. Enerizko apaiz euskaldun bat eta Zangozako Lubián lizentziatu erdalduna Irunberriko erretore bihurtzeko lehian zebiltzan. Lubianek zioenez irunberriarrek ulertzen zuten gaztelaniaz, eta ez zen derrigorrezkoa bikarioak euskaraz jakitea, parrokiako kabildoko beste hainbat elizgizon euskaldunak izanik.  Herritar askoren iritzia bestelakoa omen zen: la lengua natural, materna y ordinaria, y la que los antepasados han hablado ordinariamente en esta villa es la vascongada (…) de cuatro partes de vecinos y habitantes, las tres no saben ni entienden la lengua castellana. No hay casa donde no haya dos o tres personas totalmente vascongadas (…) Con el transcurso del tiempo parece que los más vecinos saben ambas lenguas, aunque la más hablada de ordinario es la vasca (…) Nabarmenago mintzatu zen Narduesko abadea Irunberriren izaeraz: Fuera de los pueblos de las montañas, por maravilla en todo el reino se hallará villa grande en que sea más natural y ordinaria la lengua vascongada. Baieztapen horiek bermatzeko oso datu zehatzak gehitu zituzten: Abadia auzoko 100 etxeetan, lautan ere ez ziren gaztelaniaz mintzo; San Juan auzoan ere, hor nonbait. Barrio verde zelakoan, aldiz, son puros vascongados. Dena den, zangozarrak eskuratu zuen kargua.

Irunberri antzina

Irunberri, antzinako irudi batean

1661. Urte amaieran antzeko auzi bat sortu zen. Beste bi elizgizon lehiatu ziren erretore kargua eskuratzeko: Eaurtako euskalduna eta Ustaizeko erdalduna. Azken honen aldekoek ere aitortu zuten ordu hartan Irunberrikoen herenak ez zekiela gaztelaniarik. Euskaldunari eman zioten azkenean erretoretza.

Irunberri Rebolé

Eusebio Rebolé-k 1988an argitara emandako Irunberriko historiari buruzko lan mardula

1696-97. Jaiotzaz kasedarra zen Andres Muruzabal apaiza. Herri erdalduna zen Kaseda, hemen azaldu dudan bezala. Hamalau urtez Irunberriko lekaime beneditarren monastegian aritu ondoren, Agoizko bikario postua eskuratzen saiatu zen. Beste hiru hautagai zeuden, agoiztarrak hirurak, eta euskaldunak. Haietako bik Muruzabal Agoitzen zerbitzatzeko gai ez zela salatu zuten, zeren eta no entiende el ydioma bascongado, nahiz eta orduantxe bertan ikasi nahian omen zebilen. Kasedarrak ez zuen argudioa onartu; lehiakide agoiztarrek esandakoa ez zen egia; berak bazekien euskaraz. Ez Kasedan ikasirik, noski, baizik eta por haber residido muchos años en la villa de Lumbier, donde se habla el dicho ydioma de bascuence. Mendinuetako abadeak berretsi egin zituen Muruzabalen hitzak: Irunberriko egonaldian (donde se habla) ikasi zuen hizkuntza, eta  kasedarra euskaldun hutsak aitortzen ikusia zen Mendinuetakoa, Urrotzen zein Irunberrin bertan. Euskara azterketa egin zioten Muruzabali Iruñean, bikariotza eman zurretik. Gainditu egin zuen.

Irunberri ingurua Bonaparte Paint

Bonapartek adierazitako bertako euskararen muga Irunberri inguruan

1767. Errege-kontseiluko komisari erdaldunek, beren lan-esparrua zabaldu eta deklarazioak leku gehiagotan hartu nahirik, ordura arte euskaldun huts gisa hartutako Nafarroako hainbat herritan biztanle gehienek gaztelania nahikoa ere bazekitela defendatzen zuen zonifikazio-proposamena aurkeztu zuten. Beraien ustez euskaldun huts izateari utzitako herri-zerrenda horretan ez zuten Irunberri aipatu eta horrela, esan gabe, erdalduntzat jo zuten herria. Egia da komisarien ikuspegia interesak bultzatutakoa zela eta bere opilari su ibili zirela seguruenik. Aingeru Irigarairen ustez euskararen eremuaren muga izango zen Irunberri 1778 urte inguruan.

XIX. mende hasiera. Garai hartan pentsatzen du Eusebio Rebolé historialari irunberriarrak itzali zela euskara herrian: probablemente los últimos lumbierinos que se expresaron en su lengua materna llegaron hasta principios del siglo XIX.

1863. Euskara galdutako eremuan irudikatu zuen Irunberri Bonapartek. Kilometro gutxitara zuen hegoaldeko goi-nafarreraren azken muga: Gergitiain, Indurain eta Turrillasen barrena igarotzen zen.

Irunberri mapaLa villa de Lumbier, antesala del Pirineo  y situada en zona de temprano contacto con gentes y tierras de habla romanzada, pasó sin embargo en tiempos por ser una de las villas grandes alejadas de la montaña en que más natural y ordinariamente se conservaba el euskera, según testimonio del siglo XVII recogido en esta entrada del blog. No podemos precisar la fecha en que el idioma hablado largamente por sus gentes se extinguió en la localidad -aunque bien puede pensarse que perduró al menos hasta los albores del siglo XIX, hace no más de dos siglos-, y desgraciadamente, no ha aparecido hasta hoy ningún vestigio documental de alguna extensión que nos permita conocer más de cerca el euskera de la villa. Pero en todo caso no faltan testimonios reveladores de cuál era la lengua en que se expresó hasta el siglo XVIII la generalidad de los habitantes de Lumbier, a tiro de piedra del Romanzado, la Val de Aibar o Sangüesa, 


Nafarroako euskal mintzoen mugak: 1970

Yrizar

Pedro de Yrizar

Duela berrogei bat urte bi ikerlari ezberdinek, zeinek bere aldetik, Nafarroako euskal mintzoen mugei eta egoerari buruz emandako xehetasunak laburbiltzen ahaleginduko naiz sarrera honetan.

1970 inguruan eguneratu ahal izan ziren Nafarroako euskararen atzerakadari buruzko albisteak, aspaldiko urte haietan sakontasunez ikertu gabe zeudenak. Oso eite desberdineko ahalegin handi bana burutu zuten horretarako Jose María Sánchez Carrión Txepetxek eta Pedro de Yrizarrek.

TXEPETX 1970

Txepetxen 1972ko liburua

Txepetx gazteak, unibertsitate ikasketak Granadan hasi berriak zituela (18 urte eskas!), Nafarroa euskaraduna orraztu zuen 1970eko udan zehar, alderik alde, hizkuntza zein egoeratan zen ikusteko asmoz. Euskararen mugek ez ezik, bereziki kezkatu zuten Cartagenan jaiotako ikerle gaztea euskara eta erdararen arteko harreman desorekatuak eta hizkuntzaren atzerakada eragiten zuten arrazoiek. Herri askotan ibili eta makina bat berriemaileri galdetu ostean, Sánchez Carrionek ordura arteko euskal ikerketetan parekorik ez zuen liburu batean bildu zuen bere lana: 1972an Nafarroako Diputazioak argitara emandako El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra (1970) delakoan. Ez da Nafarroako euskararen estatistika bilduma (datu ugari ere badituen arren); askoz ere gehiago du Nafarroan une hartan euskarak zuen arnasaren, edo arnasestuaren, kronikatik. Hurrengo hamarkadetan haien mintzoa galtzera zihoazen zenbait ibarretako agoniaren irudi goibela ere bada, tarteka. Txepetxentzat hizkuntzaren egoera zehatza ezagutzea, hura salbatzen hasteko lehendabiziko urratsa zen.

RSVAP

BRSVAP aldizkariaren ale bat

Ia aldi berean, euskararen alorrean ordurako hogei urte baino gehiagoko bidea egina zuen  beste ikerle handi batek, Pedro de Yrizar azkoitiarrak (1910-2004), asmoz eta izaeraz ere oso bestelakoa zen lan bat prestatu eta ezagutzera eman zuen: BRSVAPek 1973an argitaratutako Los dialectos y variedades de la Lengua Vasca. Estudio lingüístico-demográfico. Yrizarren xedea, oraindik ere erroldan oinarritutako datuak eta inkesta soziolinguistikoak pentsaezinak ziren urte haietan, euskal mintzoek beren orduko eremu barrenean zenbat hiztun zituzten zehazten ahalegintzea izan zen, oinarri gisa Bonaparteren sailkapena harturik. XX. mendean zehar ez zen ordura arte inor saiatu hutsune hura betetzen.

Ez ziren lan errazak, ez bata eta ez bestea, eta ez da harritzekoa zenbaitetan Txepetxen eta Yrizarren datuak guztiz bat ez etortzea. Txepetxek, bestalde, ez zituen euskararen hego-mugan euskara galtzear zuten zenbait eremu aztertu (Artzibar edo Txulapain, esaterako). Baina azken batean bi proiektuek osatu eta, blog honen gaiari dagokionez, Nafarroan euskarak bizi zuen egoeraren ikuspegi oparoa eskaini zuten bien artean.

Ikuspegi horren eta 1980rako Tellabidek eta Artolak emandakoaren arteko alderaketa eginda, 70eko hamarkada hartan Nafarroako euskararen hedadurak izandako galera ezagutzera hurbil gaitezke:

Erronkariko Uztarroze, Izaba eta Urtzainkin topatu zuen hiztun bakanen bat Txepetxek (azken bi herrietan, bana baino ez). Erronkari herrian azken euskaldun zaharra 1969an hila zen, 70eko hamarkadan zehar Urtzainki eta Izaban bertan gertatzera zihoan bezala.

Urtzainki

Urtzainki, Erronkariko euskararen hego-muga 1970ean. 1974an hil zen azken hiztuna

Zaraitzuri dagokionez Espartzan ezarri zuten bi ikerleek beren bilaketen muga. 60 urtetik gorakoak ziren zaraitzueradun guztiak, onenean ere. Bazen hegoalderago, Ibiztan, hiztunen bat behintzat (Koldo Artolak hainbat urte beranduago jakinarazi zuenez) baina 1970eko lan hauek ez zuten horrelakorik jaso.

Bat etorri ziren Sánchez Carrión eta Yrizar Aezkoako Ariben, Abaurrepean, Garaioan eta Orbaizetan euskara gainbehera zihoala esaterakoan -ez, ordea, Orbarako egoeran- eta herririk euskaldunenak Aria eta Abaurregaina zirela atera daiteke bien lanetatik. Abaurregainaz arduratu zen batez ere Txepetx, ‘prueba del extraordinario interés que nos despertó la situación lingüística de este pueblo, al que cabe calificarlo como uno de los últimos reductos del vasco en el Pirineo’. Herrikoen %50 jo zuen Txepetxek euskalduntzat. Yrizarrek, aldiz, %75. Euskaldunagoa bide zen Aria, dena den, haur euskaldunik ere topa baitzitekeen oraindik, nahiz eta ordurako zerabilten hizkuntza gaztelania omen zen.

Aezkoa hegoaldean den Urraulgoitin hiztunik ba ote zen jakiten ahalegindu zen Yrizar, alferrik. Ez askogatik: hogei urte eskas lehenago hildako urraulgoitiar euskaldun zenbaiten berri eman zuen 80ko hamarkadan Juan San Martinek. Hala ere, euskara haranean zuela 100 urte galdu zela eta azken hiztunak ere de los Municipios limítrofes izan omen zirela esan zion Urraulgo apaiz batek Yrizarri. Leku askotan euskara galdu eta handik gutxira aspaldiko gauzatzat hartu izanaren adierazgarri.

Txepetxek ez zuen ez Artzibar ez Orotz-Beteluko daturik bildu (Erroibarkorik ere, apenas), baina Yrizarrenak balia daitezke. 16 euskaldun zahar gelditzen omen ziren Artzibar haranean, Azparren-Uritz-Espotz lerrotik iparralderakoak denak. Orotz-Betelun, aldiz, 11. 70 urtetik gorakoak, nonbait, batzuk zein besteak.

Azparren

Artzibarko Azparren, Oroz-Betelutik Urraulgoitirako bidean.  Euskaldun zahar bakarra omen zuen 1970ean

Artzibartik hego-mendebalderantz dagoen Arriasgoiti ibartxoan alferrik ibili ziren Tellabide eta Artola (1980) bertako euskaraz mintzo zen norbait topatu nahirik. 1970ean ere kale egina zen Yrizar: Erroibarrera begira den Urrizelki herrian saiatu zen, baina fruiturik lortu gabe. Erroibarri buruz azkoitiarrak eman zituen albisteak, ordea, ez datoz bat 1980koekin. Yrizarrek ez zuen bertako hiztunik aurkitu ez Ardaitzen, ez Bizkarretan. Hamar urte beranduago, kostata izan arren, herri guztietan aurkitu zuten hiztunen bat.

Esteribarrerako, Ana Etxaide hizkuntzalari donostiarrak 1967an emandako albisteak zeuden, eta horiexek aipatu zituen Sánchez Carrionek, ekarpen berririk egin gabe. Yrizarrek berritu egin zituen herri gehienetako datuak, baina euskararen hego-mugako sei herrixkatan berak ere 67koak hartu zituen kontuan. Datu horien arabera, Larrasoañatik gorako herri guztietan gelditzen zen sikiera euskaldun zaharren bat, Zubirin izan ezik. Artzibarrera begira dagoen Errean ere hiru hiztun bizi ziren 60ko hamarkada hondarrean; ez, ordea, handik behera. Alferrikakoa iruditu zitzaion horregatik Yrizarri Egues haranean galdeketarik egitea eta galdutzat jo zuen hango mintzoa. Gogora ekarri behar da hala ere 80ko hamarkadan euskara oraindik guztiz ahaztu ez zuen Ilurdozko seme bat ezagutu zuela Koldo Artolak, eta Hego Esteribarko Ilurdotz Eguesko Egulbati baserritik kilometro pare batera baino ez dagoela.

Ollakarizketa

Txulapaingo Ollakarizketa herria, gaur egun.

Iruñerriko euskara hilzorian topatu zuen Yrizarrek. Olaibarko albiste lauso samar batzuk bildu zituen, gehiago zehaztu gabeko ‘alguno sabe hablar, 2 ó 3 a lo más en cada pueblo‘ edo. Herri horiek haranaren iparraldekoak izango zirela suposatu zuen: Beroitz, Zandio eta Osakain. Ezkabarten, bestalde, ez zuen euskaldunik aurkitu, eta Txepetxek berak Anotzen bakar bat ere ez zegoela idatzi zuen [duela gutxi aipatu nuen urte batzuk geroago Ezkabarte eta Olaibarko azken bi hiztunak izan bide zirenak eriden zituela Artolak Anotz eta Olaitzen; baina ez da dudarik 1970erako itolarrian zegoela bertako euskara ibar batean zein bestean]. Odietako Ostitz herrian ez omen zen euskaldunik gelditzen; bai ordea beste guztietan, euskara gero eta gibelerago zihoan arren. Eta Anueko Burutainen eta Etsainen hiztun oso bakar bat ere ez zen, Yrizarri adierazi ziotenaren arabera. Guztira, eta beti ere Azkoitikoari segika, 74 euskaldun zahar gelditzen ziren Anuen; beste 37 Odietan; 10 baino gutxiago Olaibarren. Eskuetako hatzekin konta daitezke berrogei urte beranduago bizi direnak.

Txulapain ere euskararen hegoaldeko azken muga zen 1970ean eta Txepetxek ez zuen bere bilketa lanean sartu. Bai ordea Yrizarrek, bertako euskararen gainbeheraren irudi argia emanez: los oriundos de Juslapeña de 80 años en adelante hablan correctamente el vascuence, adierazi zioten ikerle gipuzkoarrari. Haranean jaiotako hamazazpi aurkitu ahal izan zituen, Beltzuntze, Beorburu, Gartziriain, Markalain, Ollakarizketa, Osakar eta Usi herrietan. Nabazeko azkena 1967an zendu zela jakinarazi zion bertako apaizak. Arnas pittin bat gehiago bazuen artean iparralderago dagoen Atetz haraneko euskarak, nahiz eta ordurako pattalduta egon. Beuntza-Larrea eta Amalain guztiz erdaldunak ziren; oso makal zegoen euskara Eritze, Ziganda, Egillor eta Arostegin, nahiz eta azken horretan familia guztiz euskaldun bat gelditu; eta Beuntzan eta Berasainen besterik ez zekiten gehienek euskaraz. Baina bi hauetan ere galdua zuten haurrek eta gazte askok, eta  nabaria izan zen atzerakada 60ko hamarkadan zehar.

Euskaldunago zirauen Imotz ibarraren hegoaldeko Gulian Aginaga eta Zia ziren ordura arte euskarari nola edo hala eutsi zioten bakarrak. 60 urtetik gorakoek zekiten euskaraz Aginagan; Zian bazegoen gazteagoren bat ere. Desagertua da gaur egun bi herriotako mintzoa.

Arakil, duela berrogei urte gaur egun bezala, aspaldi erdalduntzen hasitako eremua zen. Ez Txepetxek, ez Pedro Yrizarrek ez zuten  Irurtzun hiriburua euskalduntzat jo. Ceutan hazitako hizkuntzalariak Etxarren, Etxeberri, Egiarreta, Ihabar eta Satrustegin aurkitu zituen Arakilgo euskara ezagutzen zuten gutxi batzuk. Yrizarren zerrendan Zuhatzu ere badago. Herri bakar batean ez omen zeuden zazpi hiztun baino gehiago. Gaur badakigu bazela oraindik euskaldun zaharrik Urritzola eta Ekai herrietan ere, bederen.

Olazti

Olaztin herritarren %5-7 jo zuten euskalduntzat Txepetxek eta Yrizarrek 1970ean

Handik ezker, Arabako mugaraino, bat dator ezinbestean Sánchez Carrionek eta Yrizarrek ezarritako muga hamar urte beranduago Tellabidek eta Artolak adierazitakoarekin: denek aurkitu zituzten hiztunak Irañetatik Ziordiara bitarteko leku guztietan. Aipatzekoa da nolanahi ere higatuta zegoela ordurako euskararen transmisioa Sakana eta Burundako herri askotxotan, gaur egungo egoera heterogeneoa eragin zuten hainbat dinamika abiatuta baitzeuden duela 40 urte. Hauek ezagutzeko ezin interesgarriagoa da Txepetxek eskualdeari eskaini zizkion orrialdeetako hausnarketak irakurtzea. Nik hemen laburzurrean baino ez ditut emango berak adierazitako zenbait datu, eta horretarako, gehiegi sinplifikatuz seguru asko, eskualdeko herriak lau multzo handitara eramango ditut:

1) Multzo batean, euskara egun galdua duten Altsasu, Olazti eta Ziordia daude. 1970erako oso atzeraka zihoan hiruretan; Ziordia doi-doi sartu zuen Txepetxek (Yrizarrek legez) euskararen eremuan.

2) Beste multzo batean, oraindik euskaldun kopuru handi(xko)a izan arren era batean edo bestean hizkuntzaren transmisio-eten garbia ageri zuten herriak sar daitezke. Aspaldikoak ziren eten batzuk: Uhartekoa, 1930 ingurukoa; Irañeta eta Iturmendikoa 1940an-edo hasia; 1945ekoa hor nonbait Bakaikukoa. 1970erako erdaldundutako herriak ziren hauek guztiak, gutxiago ala gehiago. Gaur egun itzaltzeko zorian dago herriotako euskara.

3) Gaztelania eta euskara lehian zireneko herriak, nor nagusituko. Lakuntza, Arruatzu eta Etxarri zeuden egoera horretan, baina ezin ziren hiru hauek ere zaku berean sartu. Lehendabiziko bietan kinka larrian zegoen euskararen transmisioa, eta haur nahiz gaztetxoak ziren erdaldunenak. Etxarrin egoera bitxiagoa antzeman zuen Sánchez Carrionek: el vascuence ha pervivido […] como lengua de lo tradicional, frente al castellano que ha representado la lengua de lo moderno. Etxarriko ikastola hasiberriak herriko euskararen iraupena begi baikorragoz ikustera eraman zuen Txepetx.

Txepetx

Sánchez Carrión

4) Azken multzoa herri euskaldunek osatu zutela esan daiteke: Arbizu, Urdiain eta Ergoien. Baina ikusi zuen alderik -eta ez txikirik- hauen artean ere: Urdiainen, adibidez, euskararen indarraren oinarrian kontzientzia linguistikoa antzeman zuen (lo único a nuestro juicio capaz de preservar la vida del vascuence), kontzientzia hura sendotzeko garrantzi handikoa izan zelarik apaizaren lana (Joxemari Satrustegi, 1964tik aurrera); Ergoienen, ostera, isolamendua eta bakardadea iruditu zitzaizkion euskararen sendotasunaren oinarriak, baina oinarri ahultzat zituen haiek urdiaindarrenen aldean. Zorionez, isolamendu hori ezinbestean apaltzeak ez du oraino Ergoiengo euskararen etorkizuna arriskuan jarri.

Laburbilduz, azpiko irudietan ageri da Yrizarren eta Sánchez Carrionen ahaleginak elkartuz 1970erako proposa daitekeen Nafarroako euskal mintzoen hego-muga, aurreko sarreretan agertatutako beste muga berriagoekin batera. Bi ikerleen lanak aintzat hartuz, eta hutsuneak hutsune, honako hau litzateke hamarkada hartan euskara zeharo galdu zuten herrien zerrenda: Urtzainki eta Izaba (Erronkari), Saragueta (Artzibar), Illarratz eta Setoain (Esteribar), Beltzuntze, Markalain, Gartziriain eta Ollakarizketa (Txulapain), Etxeberri, Zuhatzu eta Etxarren Arakil), eta Olaibarko Beroitz, Zandio eta Osakain -azken hiru hauek dudazkoagoak, Yrizarrek jasotako datuak guztiz zehatzak izan ez zirenez-.

Las valiosas aportaciones de Jose María Sánchez Carrión (1972) y Pedro de Yrizar (1973) nos permiten tener un conocimiento más que aproximado de la situación de las hablas vascas de Navarra a principios de la década de los 70 y del punto en que se encontraba su retroceso. En esta entrada he procurado resumir dicha situación, comparándola con los datos de la década de los 80 y los límites actuales ya mencionados en este blog. De los dos estudios comentados sobre estas líneas se desprende que hacia 1970 el euskera autóctono agonizaba en los valles de Roncal, Arce, Olaibar, Ezkabarte, Juslapeña, Gulina y Arakil, así como en el extremo occidental de la Burunda entre Alsasua y Ciordia; retrocedía a gran velocidad en Salazar, Aezkoa, Erro, Esteribar, Anué, Odieta, Atez, Irañeta, Huarte-Arakil, Bakaiku o Iturmendi; y se podía dar por desaparecido en Urraul Alto, Arriasgoiti o Egüés. Todo ello se recoge en los mapas que acompañan a estas líneas.

Nafarroa 2013-1970 a

 

 

 

 

 

Nafarroa 2013-1970 b

 

 

 

 

 

Arakil 2013-1970

Arakil ingurua. 2013: urdinez. 1980: gorriz. 1970: berdez.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Txulapain 2013-1970

Txulapain-Olaibar lerroa. 2013: urdinez. 1980: gorriz. 1970: berdez.


Miranda Argako Erdialde ipuin lehiaketako lanak, liburu batean

Miranda Arga Erdialde

Urte mordoxka darama lanean Miranda Argako Euskararen Lagunak elkarteak bere inguruan euskara sustatu nahirik. Hamarretik gora, esate baterako, Mirandako Euskararen Eguna errealitate bihurtzen. Horrekin batera Erdialde izeneko kontakizun labur lehiaketa ere sortu zuten 2008an.

Orain, lehiaketa hori seigarren ediziora iristearekin batera, liburu bat argitaratu berri dute elkartekoek, aurreneko bostetan saritutako lanak bildu eta plazaratzeko.

Hemen klik eginez irakurri ahal izango duzue liburua nola eskura daitekeen, eta baita aurtengo seigarren edizioan saritutako parte hartzaileen zerrenda eta lanak ere.


Hizkuntzaren argazkiak: Zirauki, 1645-1650

cirauqui_t3100503

Zirauki

Zirauki, 1645. Done Jakue Bidean Iruñetik aitzin zazpi legoatara, Gares eta Mañeru gibel utzirik; Lizarra baino hiru legoa eskas lehenago. Filipe IV.a da urte hauetan Espainian errege, baina gortea urrutiko gauza da ziraukiarrentzat. Ez, ordea, Leringo konterria, haren meneko baitira,  herriko zaharrenen aitonek gogoratuko luketena baino lehenagotik. Halaxe dira Nafarroako beste hainbat hiri ere: erdaldunak haietako batzuk, Carcar edo Sesma kasu; euskaldunak beste hainbat: Eslaba, Zare edo Arruatzu. Zirauki inguruko gainerako herriak ez dira konterri berekoak; baina hizkuntzari dagokionez, ez dago alderik. Mañeru, Gares edota Lorka bezala, betidanik izan da Zirauki euskaldun. Herria herri denetik.

Leringo kondestablearen zergapeko dira ziraukiarrak, beraz; eta jaunaren eskumena da justizia ezartzea eta horretaz arduratuko den alkatea izendatzea ere bai. 1645ean Torrea izeneko lizentziatua dute agintari Ziraukin Leringoaren partez; hura da konterriak ezarritako alkate nagusia. Eta huraxe, era berean, ziraukiarren arazoaren iturburu.

Agerikoa izanik Nafarroa gehienak berezkoa duela euskara, aspaldikoa da erresuma zaharrean notariek jakin beharreko hizkuntzei buruzko araudia. 1645eko nafarrek, are adinekoek ere, ez dute besterik ezagutu: Errege-Kontseiluaren aginduz, herri euskaldun batean istilurik edo salaketarik gertatzen bada eta agintariek herri horretan lekukotasunak jasotzeko eta herritarrei deklarazioa hartzeko ordezkaririk bidali behar badute, ezinbestekoa da haiek euskaldunak izatea. Nafarroako lurralde euskaldun zabalean nagusi den elebakartasunaren ondorio argia da: gutxi dira, mendialdean ez ezik erdialdean ere, euskara ez den beste hizkuntzarik dakitenak. Araudia gehiengo horri egokitzea baitezpadakoa da. Eta halaxe egokituta dago. Horrela egin da jendearen oroitzapenak gogora dezakeen bezain aspalditik. Eta ez epaitegi zibiletan bakarrik; Elizarenetan ere bai.

Leringo konterria

Leringo konterria 1425ean sortu zen

Baina Ziraukira komisariak bidali beharrekoa Leringo konterriko alkate nagusia da, eta Torrea ordezkari erdaldunak ari da bidaltzen herrira, behin eta berriz. Hamaika arazo ekartzen ari zaie jokabide hori ziraukiarrei: auzitan daudenek ez diote notariari ulertzen, ezta honek ere aditu beharrekoei, eta ezin adierazpenak egokitasunez egin. Gaizki ulertuak, hanka sartzeak eta erabaki bidegabeak egoera horren ezinbesteko ondorio ari dira bihurtzen. Alkatearengana jo dute herrikoek jokabidea alda dezala eskatuz. Alferrik. Nora jo, orduan? Errege-Kontseilura, halabeharrez. 1645eko iraila da. Erresumako justizia erakunde nagusiaren aurrean Torrearen jokabidea salatu eta Ziraukira notari euskaldunak bidali beharra dagoela adierazi dute. Orain artekoak ez dira lana betetzeko gai: no sauen ni entienden la lengua bascongada, la qual es la que comunmente se habla y platica en la dicha villa de Cirauqui.

Erregearen justiziak arrazoia eman die Ziraukikoei. Berehala gainera, irailean bertan: zuzengabea da Leringo botereak herrira euskaraz ez dakienik igortzea. Aurrerantzean bestela jokatu beharko du.

Baina Lerinen ez dute erabakia onartu, eta kontra egin dio Torreak Errege Auzitegiari. Ez da egia -arrazoitu du- Ziraukira komisari euskaldunak bidaltzea ezinbestekoa denik. Todos los de la dicha villa saben romanze, argudiatu du alkate nagusiak. Duela hainbat urte ere ez zen euskaldunik behar; eta are gutxiago egun, urteak joan ahala, argudiatu du, gero eta gehiago (eta gero eta gehiagok) omen  baitakite erdaraz. Are urrunago jo du Torreak: herriko eskribauen asmazio hutsa da notari euskaldunen ustezko beharra, haien mesederako asmatu dute Ziraukiko hizkuntza-egoera faltsu hori, batere lotsarik gabe Leringo autoritatearen gainetik jo ahal izateko. Ez omen dira herritarrak kexu agertu direnak, esan du Leringoaren alkateak amaitzeko; eskribau hauek bakarrik.

LERIN2[1]

Lerindarren hizkuntza gaztelania zen XVII. mendean.

Denbora aurrera doa. Bi urte igaro dira sententzia eman zenetik. Entzungor egin diote Lerinen, eta Ziraukin ez da notari euskaldunik agertu tarteka sortutako auzietan lekukoen esanak biltzeko. Ezer ez da aldatu; arazoa ez da konpondu. Eta kaltea nabarmena da. Urrunago joan gabe, aurten bertan (1647) preso eraman dituzte Lerinera bi errugabe -Juan Arizala eta Juan Lantz, euskaldun huts ziraukiarrak- herriratutako bi notari erdaldunek ez dietelako behar bezala ulertu, bietako batek berak aitortu bezala. Gogaituta, zor dietena ezin lortuz, Errege-Kontseilura jo dute bigarren aldiz ziraukiarrek, hura balia dakien. Baita Torreak ere berehala, herrikoen arrazoiak indargabetu nahirik. Auzia berriro ere abiatuta, lekukoak aurkeztu dituzte batzuek eta besteek. Torrearen aldeko gutxi dira Ziraukikoak bertakoak; eta haien artean ere ez dute denek herriaren erdaltasun hori Torreak bezain agerian eta biribil utzi.

Cirauqui zaharra

Ziraukin ia ez zegoen euskara beste hizkuntzarik duela 350 urte.

Herrikoek, aldiz, argi eta garbi hitz egin dute, bertako lekukoak aurkeztuz, eta datu zehatzak emanez: Ziraukin ia 800 pertsona bizi dira. Hirutik bi baino gehiago euskaldun hutsak dira (no entienden ni ablan la lengua castellana). Euskara da erabili ohi den hizkuntza bakarra, ezin bestela izan. Erdaraz dakiten ziraukiar apurrek (elizgizonak, usu) gauza bera adierazi dute: predikuak euskaraz esaten dituzte beti, eta inoiz gaztelaniara jo badute, eliztiarrek beraiek eskatu diete euskara erabiltzeko, bestela ez dira-eta ulertzeko gauza. Batzarretan erabiltzen den hizkuntza euskara da, herrikoek berezkoa dutena eta eguneroko bizitzan betidanik lagun izan dutena.

Bi urte luze igarota, bigarren sententzia eman du Errege-Kontseiluak. Eta bigarrenez, ziraukiarren eta euskararen aldekoa: siempre que el Alcalde Mayor de la villa de Lerin, en nombre del Ilustre Condestable, ubiere de dar comisario para la dicha villa de Cirauqui a hazer algunas pruebas, sea a persona que entienda la lenguoa bascongada.

Birritan agertu da justizia Nafarroako herritar euskaldunen eskubideei ezikusiarena egitearen aurka. Gutxitan egin du horren argi. Eta etorkizunean ere, gutxitan egingo du. Mende berria iristearekin, eta Espainian Austria etxekoen ordez Borboikoak agintzen hastearekin, euskara (eta beste hainbat herri hizkuntza) errespetatzeko borondatearenak egingo du. Gero eta gehiago izango dira Torrearen argumentua –todos saben romanze hori, alegia- egia ez izan arren beren nahikerien mesedetan erabili nahiko duten funtzionariak. Eta gero eta gutxiago auzi horietan euskal hiztunen alde egiteko borondatea agertuko dutenak.

Jimeno Jurío, Jose María, 1997. “Cirauqui (Navarra), pueblo monolingüe vasco (1650)”, Fontes Linguae Vasconum 75, 219-232.

Recuerdo en esta entrada un interesante proceso, desenterrado del Archivo General de Navarra en los años 90 gracias a la impagable labor de Jose María Jimeno Jurío, que documenta incuestionablemente cuál era la lengua predominante -y prácticamente única- durante el siglo XVII en Cirauqui, localidad de la Merindad de Estella situada a escasos kilómetros de su capital. Al pertenecer Cirauqui al Condado de Lerín, correspondía a la autoridad del condestable, mediante su Alcalde Mayor,  elegir a los comisarios que se personaban en la villa para obtener declaraciones y pruebas testificales de boca de sus habitantes cuando se entablaba algún proceso ante los tribunales de justicia del condado. Los cirauquiarros elevaron su queja en 1645 ante el Real Consejo de Navarra, supremo órgano judicial del Reino y por lo tanto autoridad superior, en vista de que los funcionarios enviados por los del condado desconocían el euskera y eso los inhabilitaba de hecho para entender en causas relacionadas con la villa, donde apenas un pequeño porcentaje de la población conocía el castellano. El Tribunal del Reino se pronunció hasta en dos ocasiones (1645 y 1650) en favor de los de Cirauqui, desoyendo los argumentos esgrimidos por el Alcalde Mayor -quien se valió en gran medida de testigos lerineses, es decir, foráneos- en favor de un supuesto conocimiento más o menos general del castellano por parte de sus habitantes. La réplica de los de Cirauqui fue diáfana y clarificadora, añadiendo datos tan precisos e interesantes como que más de dos terceras partes de ellos ni hablaban ni entendían romance, y que la lengua común tanto en la predicación como en las asambleas vecinales no era otra que el euskera. Estas sentencias del Real Consejo, especialmente valiosas por ser testimonios muy tempranos de apoyo institucional a la lengua mayoritaria de aquellos navarros, dan muestra de la actitud de mayor tolerancia que las autoridades civiles mantuvieron en tiempos de los Austrias, actitud que cambió diametralmente a partir de Felipe V, y en mayor medida aún bajo el reinado de Carlos III. 


Erasun, Jose (1821-1894)

Saldiasen jaiotako XIX. mendeko apaiz, itzultzaile eta euskaltzalea, Bonaparte printzearen nafar lankiderik goiztiarrenetako bat izan bide zena.

Saldias, Nafarroako Basaburua Ttipian

Nafarroako euskararen arnasa paperean ezarri zuten XVIII. edo XIX. mendeetako beste hainbat lekuko bezala, duela hogei urte eskas ia guztiz ezezaguna zen gurean Jose Erasunen nondik norakoa, eta oso azalekoa bere ekarpenaz genekiena. Rosa Miren Pagolak egile honen lanaren zati bat 90eko hamarkadan argitaratu ostean, bi izan ziren joan den mende amaieran Erasun ilunpetik aterarazi zutenak: On Tomas Otxandorena zena, Labaien eta Saldiasko erretore euskaltzalea (1997), eta Xabier Erize filologo eta soziolinguista (1998). Egileok beren lanetan aurretik esan zituztenak erabiliko ditut nik sarrera honetan.

Juan Jose Erasun Mutuberria Basaburu Ttipiko Saldiasen jaio zen 1821eko apirilaren 13an, Apezena izeneko etxean. Gurasoak Juan Jose Erasun eta Maria Engrazia Mutuberria izan ziren, herri-herrikoak. Ezin inguruan errotuagoa haur jaioberria: aiton-amonak ere Saldisan eta Labainan jaioak ziren denak. Sendotza hamar urterekin hartuta, gaztaro gehiena eman zuen, ohi zen legez, apaiz izateko prestatzen: Gramatika, Teologia, Latina…ez ziren gutxi herri txiki bateko eliztiarren ardura hartzeko gizon haiek eskuratu beharreko jakintzak. Ikasketak 1777an sortutako Iruñeko Apaizgaitegian egin zituen, bere belaunaldikoek bezala, baina urte haietan, Iruñean ez ezik, Galarko Espartzan eta Berriogoitin ere izan zen bolada batez, bertako parrokoen magalpean heziketa osatzen.

Tontsura zen apaiz izan nahi zuenak gotzainaren eskutik hartu beharreko lehendabiziko gradu edo urratsa. Tontsuradun 1844an bihurturik, eta handik gutxira Donezteben benefizio bat hartuta, azkar eman zizkioten saldiastar gazteari apezteko behar zituen gainerako ordenak (1846-47), bai eta zegozkion azterketak gainditu osteko baimenak ere. Kalahorran osatu zuen bidea 1847ko apirilean. Berrogeita zazpi urteko apaiz ibilbideari ekin zion Erasunek.

Zugarramurdi

Zugarramurdi

Doneztebeko benefizioak zortzi hilabetez baino ez zuen Malerrekara lotu; 1848tik aurrera Zugarramurdin zerbitzatu zuen, ia hamarkada batez izan zelarik bertako erretore, Ez hori bakarrik: Bonaparte printzeak bere ikerketa lanerako esku artean izan zuen Zugarramurdiko doktrina, nahiz eta Erasunen izenik ez daraman, saldiastarrak prestatu zuela dakigu gaur. Xabier Erizek argitu dituen xehetasunak dira ahapaldi honetako guztiak.

Bonaparte 1856ko udan etorri zen estraineko aldiz Euskal Herrira, Etxenikez aritzean aipatu nuen bezala. Uda hartan bertan agindu zituen printzeak Nafarroako euskara ezagutzen hasteko lehendabiziko itzulpen-lanak. Horrenbestez, baliteke azalean egilearen izena ordez  ‘Por uno de Saldías de Basaburúa Menor‘ besterik ez dakarren doktrina-itzulpena Erasunek 1856-57 bitarte horretan prestatzea. Hala egin bazuen, ongi ezagutuko zituen ordurako Zugarramurdiko hizkeraren gorabeherak, bertan zortzi-bederatzi urte eramanda. Itzulpen-data horixe izanez gero, Bonaparteren laguntzailerik goiztiarrenetako bat genuke Jose Erasun. Ez da alferrikako datua, gero berriro aipatuko dudan bezala saldiastarraren euskalzaletasuna azken orduko kontua baino gehiago izan zela adierazten duelako.

Saldias eliza

Saldias. Joan Bataiatzailearen eliza.

Zugarramurdiko euskararen lagin hori urte haietan idatzi ala beste uneren batekoa izan, 1857an Erasun sorterrira itzultzear zegoen. Uztailean bertan Saldiasko Joan Bataiatzailearen parroki-ardura bereganatu, eta hil arteko 37 urteetan izan zen erretore jaiolekuan. Epe luze horretan, bere eliztiarren onura espiritualaz ez ezik, elizarako eta ermitarako hiru ezkila berri eginarazteaz ere arduratu zen. Orduko 11,468 erreal kostatu ziren ezkila haiek. Horretaz gain, hilburukoan ia 14.000 erreal agindu zituen bere parrokiaren beharretarako.

Saldiasko erretorealdi luze hartan ez zen, ordea, erlijioaz eta ingurukoez bakarrik arduratu. Zugarramurdin egon izanak Bonaparte printzearen lankide bihurtzeko parada eman zion bezala, 25 urte beranduago, 1876 osteko giroan Nafarroan ere euskararen aldeko mugimendu baten zantzuak antzematen hasi zirenean, hantxe agertu zen Erasun urte haietako beste euskaltzale batzuekin batera. 1878an sorturiko Asociación Éuskara taldean parte hartu zuen, eta horretaz gain elkartearen babesean hainbat lan prestatu ere egin zituen, euskaraz zein gaztelaniaz, baten bat 1878tik 1883ra arte elkartekideek kaleratutako Revista Éuskara aldizkarian argitara eman zutelarik.

Bi dira Erasunek garai hartan sortu zituen euskarazko lanak, hainbat urte lehenago idatzitako Zugarramurdiko itzulpenaren osagarri:

– Batetik, Orreaga balada Saldiasko euskaraz emateaz arduratu zen. Balada hura Arturo Kanpionek sortu zuen 1877an, eta hiru urte beranduago euskalki nagusietara itzulirik argitaratu zuen. Baina Kanpion iruindarrak arreta berezia eman nahi izan zion Nafarroari lan hartan, eta erresuma zaharreko hemezortzi herritako bertsioak gehitu zituen. Erasunek prestatu zuen Saldiasi zegokiona. Dena den, nahi baino beranduago iritsi zitzaion Kanpioni agindutako lana, eta, berantetsirik, ondoko Erasun herriko bertsioa ere eskatu zion Francisco Hernandorena erretoreari. Horrela bada, Basaburu Ttipiko bi herriren lekukotasuna jaso zuen bilduma hark.

. Bestetik, Antonio María Claret zenaren 1848ko Catecismo de la Doctrina Cristiana euskaraz paratu zuen. 1881ean argitaratu zen Iruñean itzulpena, honako izenburu honekin: Doctrina Cristavaren Catecismoa guciz ongarai eta arguitu Antonio Maria Claret Trajanopolisco Arzobispuac escribitua eta consagratua…Nauarraco sacerdote batác uscarara viurtua.

Revista Euskara

Revista Éuskara-ren 1. alean (1878) argitaratu zen Orreaga balada. Bi urrte beranduago azaldu zen gainerako bertsio guztiekin.

Lan hauetan (eta erdarazkoetan ere bai) argi utzi zuen beti euskaraz idazterakoan gaztelaniazko ortografiari orpoz orpo segitzearen aldekoa zela. 1881ean Revista Éuskara-n argitaratu zioten erdal eskutitz batean, iritzi hori arrazoitu nahirik, euskararako itzulpengintzari emana urte asko zeramatzala argudiatu zuen Erasunek: ‘me he ejercitado 33 años en traducir del castellano y latín al vascuence’ idatzi zuen basaburutarrak. 1848rako ari omen zen, beraz, itzulpen-lanean. Bonaparteri helarazitako Zugarramurdiko doktrina hara heldu bezain pronto idatzi zuela (eta ez 1856-57an) ulertu behar da? Edota Erasunek sortutako euskarazko testuak guk gaur ezagutzen ditugunak baino gehiago izan zirela…?

1894ko azaroaren 11n utzi gintuen, bere jaiolekuan bertan. Izan duen hedapenari eta ospeari begira Jose Erasun ez dago XIX. mendeko Nafarroako euskal idazle ezagunenen artean, ez da dudarik; baina ez dira asko mendearen bigarren zati osoan (Karlistada arteko epean zein gerra ostekoan) euskararen aldeko lanean nabarmendu ziren nafarrak. Saldiastarrari ezin, ordea, meritu hori ukatu.

José Erasun (1821-1894), nacido en Saldías, párroco de Zugarramurdi primero, durante una década, y posteriormente asentado en su lugar de origen a lo largo de casi 40 años, es una figura no excesivamente conocida dentro del panorama de los escritores navarros en euskera del siglo XIX, aunque posee la particularidad y el valor añadido de haber contribuido al cultivo de la lengua en la época más temprana de las investigaciones del príncipe Bonaparte (1850-1860) y el de haber continuado haciéndolo años después, en la década de 1880, cuando un cierto movimiento de Renacimiento de la cultura vasca intentaba tomar cuerpo también en Navarra. Erasun, autor de una doctrina cristiana escrita en el euskera hablado en Zugarramurdi, lindante con el País Vasco Continental, es también, gracias a su traducción de la balada ‘Orreaga’ al habla de Saldías, uno de los no excesivamente abundantes testigos históricos que nos ha dejado el euskera de la Basaburua Menor, plenamente vigente en nuestros días.


Nafarroako euskal mintzoen mugak: 1980

Nafarroako euskal mintzoen egungo hego-mugak zein diren zehazten saiatu eta gero, historian atzeraka joanda beste zenbait unetan egindako ahaleginak ekarriko ditut hona, Nafarroako euskalki eta hizkerek izandako atzerakadaren ikuspegi orokorragoa eman nahirik.

Koldo Artola

K. Artola

Gaur, Arantzadi Elkarteko Etnografia Saileko Josu Tellabidek eta Koldo Artolak 1980ko egoera azalduz jakitera eman zuten lana aipatuko dut. Euskal Herri osoko mugak aztertu zituzten bi ikerlariek, eta aurkitutakoa Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoaren (EAEL) bigarren liburukian eta FLV aldizkariaren 56. alean (1990) eman zuten argitara, nik dakidala behintzat.

EAEL

1990an eman ziren argitara 1980ko datuak EAELan eta FLVen.

2013rako nik erabili nahi izan dudan irizpidea izan zen Tellabidek eta Artolak aintzat hartu zutena. Alegia, beraien hitzak hona ekarriz ‘bertako euskaldun bakarren bat aurkitu dugun lekuan euskalduntzat jo dugu leku hori, zeren egoera hau erreala ez bada ere ezin baitaiteke esan herri hori euskaldun ez denik…harik eta hantxe, bertan sorturiko azken euskaldunaren arnasa guztiz itzaltzen ez den arte’. Hori horrela izanik, beraiek markatutakoa bertako euskararen azken muga dela esan daiteke, eta 2013ko datuekin alderatzeko eta azken hiru hamarkadetako galera zehazteko oso baliagarria dela esango nuke. Bestalde, eta 1980 inguruko informazioa hainbat urte beranduago ezagutarazi zutelako, 80ko hamarkadan zehar bertako euskaldun zaharrik gabe gelditutako herri batzuei buruzko datuak ere gehitu zituzten.

Bizkaitik Zuberoara, mendebaldetik ekialdera beraz, zehaztu zuten muga Arantzadiko ikerleek. Haiek esandakoa atzekoz aurrera azalduko dut nik, Pirinio aldetik Arabako mugarantz eginez, neronek aurrez emandako datuekin errazago konparatze aldera.

ERRONKARI. Ezaguna da erronkarieraz mintzo zen azken hiztuna, Fidela Bernat, 1991n hil zela. Uztarroztarra zen bera, azken hiztun gehienak bezala. 1980rako ez zen euskaldunik gainerako herrietan; Tellabidek eta Artolak haien lanean bertan adierazi zutenez, 1976an hil zen Izabako azken euskaldun zaharra, eta 1975ean Urtzainkikoa. Horrenbestez, Uztarrozen baino ezin zitekeen euskaldunik aurkitu. Bernat andereaz gain, Artolarekin euskarazko eskutitz harremana ere izan zuen Doroteo de Miguel jauna behintzat bizi zen artean.

ZARAITZU. Haranaren iparraldeko herri guztietan aurkitu zuten euskaldunik, Itzaltzun izan ezik. Bertako euskara XXI. mendearen mugan galdutako Otsagin, Eaurtan, Ezkarotzen, Orontzen eta Espartzan ez ezik, Ibiztan ere bazen oraindik euskal hiztun bat: 1899an jaiotako Felipa de Carlos anderea, 1981ean Artolak elkarrizketatutakoa eta handik gutxira hildakoa.

Uztarroze

Uztarroze, 80ko hamarkadako euskara nafarraren ekialde-muga.

AEZKOAN ez zuten adierazi euskaldun zaharrik gabeko herririk topatu zutenik, ezagutzaren beheko muturrean Aribe, Garaioa eta Abaurrepea zeudela argitu zuten arren. Hiruotan bada urte zenbait ez dela bertako euskararen lekukorik. ERROIBAR aldean ere, asko ahaleginduta, herri guztietan aurkitu zuten euskaldun zaharren bat bederen. Gaur ez da haran osoan dozena erdirik ere biltzen ahal.

ARTZIBAR ibarrean egunez egun ari zen euskara desagertzen 80ko hamarkada hartan. Artzibarko euskararen lekukotasuna ez galtzeko Artolak berak sarritan elkarrizketatutako hiztun gutxi batzuk besterik ez ziren bizi. Oroz Betelurekin batera, beste zortzi herrixka euskaldun aipatu zituzten Artolak eta Tellabidek, Saragueta edo Sauta ez haranaren ipar aldeko gainerako beste guztiak: Lusarreta, Hiriberri, Arrieta, Imizkotz, Urdirotz, Uritz, Espotz eta Azparren. Koldo Artolak berak egin zuen hasiera-hasierako grabaketa-saioetako bat 1971n Hiriberrin burututakoa izan zen. Saio hartan topatutako euskaldunik gazteena (51 urteko Soledad Arbonies) da egun Artzibarko mintzoaren azken katebegia. ESTERIBAR egoera bertsuan zegoen 1980an: haranaren erdiak baino gehiagok euskalkia galduta. Zubirin, nonbait, ez zen ordurako euskaldunik; Zubiritik beherako bost herrixka aipatu zituzten Arantzadikoek: Inbuluzketa [azken hiztuna, Apolinaria Egozkue, 1982an hil zelarik], Osteritz, Urdaitz, Ezkirotz eta dexente beherago, Eguesko mugan dagoen Ilurdotz. Aipatua dut dagoeneko blog honetan Koldo Artolak ezustean aurkitutako Joaquin Garrues ilurdoztarra, 1988an hildakoa, bere apalean Esteribarko hegoaldeko hizkerari buruzko informazio-iturri baliotsua izan zena.

ANUEko herri guztiek zuten artean euskaldunik, ‘euskara gehienik iraunarazi duten herrixkak‘ Arizu, Leazkue eta Etulain omen zirelarik. 30 urte beranduago bazen oraindik hondar hiztunen bat hiru horietan (Aritzun batez ere) baina Anueko euskara gainbehera doa, ODIETAkoa bezala. 1980an Ostiz zen guztiz erdaldundutako herri bakarra. Gainerako guztietan bizi zen oraindik euskaldun zaharrik, ‘hau gero eta bakanago gertatuz joan arren‘. 33 urte beranduago, bi hiztun baino  ez ditu Odietako hizkerak.

Olaitz

15 km eskas daude Iruñetik 80ko hamarkadan euskara guztiz galdu ez zuen Olaitzera.

Iruñerriko EZKABARTE eta OLAIBAR haranetan hondar euskal hiztun bana aurkitu ahal izan zituzten, inoiz edo behin -olaibartarraren kasuan doi-doi baino ez, egia esan- mintzarazi ditugunak. Ibarrotako azken hiztun horiek Ezkabarteko Celedonia Zenoz anoztarra (1908an jaioa) eta Olaibarko Jose Maria Makirriain olaiztarra (1888-1986) ziren.

Gaur egun euskarari doi-doi eusten dion ATETZen, Anuen edo Erroibarren bezalatsu, ez zen euskaldun zaharrik gabeko herririk. Erize muga-mugan zegoela iradoki zuten dena den 1980ko lanaren egileek.

Usi

Usi herria. Bertako Urbana Aginagaren ahotik jaso zuen Koldo Artolak Txulapaingo mintzoa.

Atetzen hegoaldean dago TXULAPAIN, gaztelaniaz Juslapeña esaten diogun dermioa. Galbidean zuen euskara: haranaren iparraldeko lau herrietatik hirutan baino ez bide zegoen hango mintzoa gorde zuenik: Otsakarren, Usin eta Beorburun. Otsakarko azken hiztun hori 1902an jaiotako Fermina Goldaratz izan zen. Euskaraz ongiska defendatzen zen, ez guztiz aise; baina hurrengo belaunaldikoek hitz solteak baino ez zituzten ikasi. Usiko Urbana Aginaga, aldiz, euskaldun oso-osoa izan omen zen (euskara gaztelera baino aiseago erabiltzen zuena) eta 1982an hil zen, 91 urteak beteta. Hauxe izan zen seguru asko Beorburun sortu ez zen azken euskaldun oso txulapaindarra. Izan ere, Beorburuk eutsi zion azkenik euskarari; hamarkada hasieran dozena erdi bat euskaldun zahar bizi ziren.

GULIA. Itza zendearekin bat eginda dago egun antzinako Gulia harana. Herri guztietan jaiotako euskaldun gutxi batzuen berri jakin zuten Tellabidek eta Artolak, salbuespen bakarra Sarasate izan zelarik.

ARAKIL. Duela gutxi blog honetan aipatu bezala, 80ko eta 90eko hamarkadan egin zuen bertako hizkerarenak Arakil ibarreko herri askotan. Urritzola da asko jota orduan eta orain (ezin apalago bada ere) euskalduntzat jo genezakeen bakarra. Gainerakoan, 1980ko lanaren egileek Irurtzun, Egiarreta, Ekai, Satrustegi, Ihabar eta XXI. menderako hustu den Murginduetan besterik ezin izan zuten bermatu euskaldun zaharrik gelditzea, nahiz eta ez ziren ausartu beste herrietan inolako hiztunik ez zela ziurtatzen.  Gaur egun jasotako datuen arabera, Etxarrenen behintzat baten bat gelditzen zela ematen du.

SAKANA-BURUNDAN, Irañetatik Urdiainera bitarteko eremuan bat egiten dute 1980an adierazitako mugak eta gaur egungoak, horien hegoaldean dagoen Urbasak aspaldi honetan ezarritako hizkuntza-hesia baliaturik. Baina hesi hori ere ez da betirakoa, ikusi dugunez. Batetik, 1980rako bertako euskarari zegokionean makaltxo zebilen hainbat herritan euskalkia kinka larrian edo galtzear dagoelako orain; eta, bestetik, Arakiletik datorrenarekin batera mendebaldetik ekialderantz ere badabilen galera-haizeak eraman dituelako duela hogeita hamar urte oraindik euskalduntzat jo zitezkeen Ziordia (larri-larri), Olazti edo Altsasu.

Orduko egoera eta gaurkoa ondorengo bi irudietan laburbildu dut. Marra gorria da 1980 inguruko muga irudikatzen duena; urdina 2013koari dagokio.

 2013-1980 Mendebaldekoa

 

 

 

 

2013-1980 Ekialdea

Quiero iniciar hoy una serie de entradas en las que detallar el proceso de retroceso histórico del euskera y desaparición de los dialectos vascos de Navarra, a través de la comparación de la situación actual apuntada recientemente en el blog con los datos extraídos de estudios llevados a cabo anteriormente o fuentes históricas que proporcionan información de etapas más tempranas de dicho proceso. En esta ocasión he resumido los datos que Josu Tellabide y Koldo Artola, miembros de la Sociedad de Ciencias Aranzadi, recogieron en 1980 sobre los límites meridionales de las hablas vascas en Navarra. Los mapas resultantes de la comparación (sobre estas líneas) muestran claramente que durante las tres últimas décadas se ha terminado de extinguir irremediablemente el habla propia de los valles de Roncal, Salazar, Arce, Olaibar, Ezkabarte, Juslapeña, Gulina y Arakil, en tanto que el retroceso en Aezkoa, Erro, Esteribar, Anué, Odieta, Ultzama, Atez o en la Burunda es tan diáfano y evidente como lamentable, en la medida en que supone la pérdida de un bien cultural consustancial al territorio navarro y al conjunto de sus habitantes.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko ekaina
    A A A A O I I
    « maiatza   Uzt »
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    24252627282930
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu