Ollaran mapaAndia, Satrustegi eta Sarbil mendilerroek inguratutako ibar txiki bezain ederra da Ollaran, Arakilen hegoaldean dagoena, Lizarrako merinaldearekin mugakide. Lotura estua (izan) du Ollaranek euskarari luzaroago eutsi dion Arakil inguruarekin: ollotarrek-eta mendiz egin dute Urritzolarako bidea oso berandura arte; hainbat arakildar ezkondu izan da Ollaranera (eta alderantziz). Irurtzungo azokak indartu baino ez zuen egingo lotura hori. Beste hainbat lekutan bezala, isila eta era berean bortitza izan da Ollarango mintzoaren desagerpena: arrastorik utzi gabe utzi gintuzten haraneko azkeneko euskaldunek duela ez horrenbeste, XX. mendea aurrera zihoala, baina azken hamarkada hauetako bilketa eta ikerketa ahaleginetara (ia) iritsi ezinda. Eta gaur egun oso aspaldiko gauzatzat dute Ollarango euskara Senosiain, Ollo edota Ultzurrungo adineko askok, duela hiruzpalau mendeko gauza balitz bezala (hau joan den hilean bertan entzun nion haraneko pertsona bati), umetan azken euskaldun haiek ondoan izan zituztela jakin gabe. Ezaguna da hondar hiztunek 1920ko hamarkadara arte behintzat iraun zutela; muga hori luza daitekeela erakutsi nahiko nuke sarrera honetan, eta horrekin batera, Joxemiel Bidador zenaz oroitu, ollarandar askok bene-benetan estimatzen baitzuten horren goiz joandako ikertzaile iruindarra.

  • 1562. ARTETA. Herriko bi bizilagunen arteko ika-mika sortu zen, Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetako prozesu batean irakur daitekeenez. Elizan aurrerago esertzea edota besteek baino lehen Jauna hartzea, botere erakusgarri zen neurrian, liskar iturburu ere gerta zitekeen. Egun batez, eskaintzak egiterakoan, Joan Migel Irisarrik denen aurretik abiatuta ordura arteko usadioa aldatu nahi izan zuelarik, el acusante al tiempo dixo al dicho Yrisarry en bascuençe, joan çaran bayno len joan alçinatean, que si podia yr antes que fue…

    Haranaren mendebaldean dago Arteta.

  • 1587. Gasteizeko apaizgaitegiko zerrenda ezagunean, bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da, ingurune guztia bezala.
  • 1593. Haraneko senar-emazte batzuei gaztelaniaz irakurri zieten Iruñean sententzia bat, eta ulertarazi, aldiz, en lengua bascongada que es su propio lenguaje por no entenderseles romance.
  • 1598. SALDISE. Bisitatzaileak gazteleraz utzitako aginduak herritarrei jakinarazi zizkien erretoreak meza nagusian, leyendoles en romançe y despues declarandoles en bascuençe, ques su lengua natural.
  • 1612. SALDISE. Ordukoan ere en la propia lengoa que ellos acostumbran jakinarazi zituzten aginduak.
  • 1628. SALDISE. En bascuence ques su propia lengua adierazi ziren.
  • XVIII.m. hasiera. Juan Camargo apezpikuak haranera egindako bisitaldian agindu zuen que el abad y sus subcesores cumplan con la obligación de explicar el Santo Evangelio, leyendo cada vez un capítulo correspondiente al día, inter missarum solemnia, por el catecismo romano del P. Eusebio de Nieremberg, explicando aquel brevemente en lengua bascongada.
  • 1765. SENOSIAIN. Bikarioak parroki liburuetan idatzi zuenez, Certifico…aver dado en lengua vulgar a entender a los Feligreses de dho Lugar de Ollo irakurritako gaztelaniazko idazki baten edukia.
  • 1777. OLLO. Urte hartakoa da -Garizumakoa, hain zuzen- Martin Jose Markotegiren sermoia. Goñin jaiotako Markotegik Olloko biztanleei irakurritako doktrina testu batzuen multzoa da, izatez, sermoi hori.
  • 1780. Abartzuzako Ramon Muzquiz hartu zuten mediku Ollaranek eta Goñerriak. Sendagilea ez zen euskalduna, eta bazuten haran biek idatzizko arau bat que prebiene haya de ser vascongado el medico que se condujere, baina salbuespen gisa abartzuzarra kontratatzea erabaki zuten.

    Ollo herrian, duela 80 urte eskas, adinekoek ez omen zekiten doktrinarik gaztelaniaz.

  • 1785. OLLO. Urte hartan jaio zen Carlosena etxean Juan Manuel  Sarasa, lehen karlistaldian liberalen aurka aritu zen buruzagietako bat. 1856an hil zen. Euskalduna zela Agosti Xahori esker dakigu; halaxe idatzi zuen  Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques liburuan.
  • 1790. OLLO. Herriko artxiboan dagoen Plan Beneficial izeneko testu batean, apaizik gabe gelditutako parrokia eta gainerako benefizioak eskuratzeko eskatzen zituzten baldintzak zein ziren irakur daiteke. Ezinbesteko baldintza zen euskaraz jakitea: que finalmente las Abadias Vicarias y Beneficios comprendidos en este Valle de Ollo, deberan recaer en quien posea el idioma bascongado por ser el que como natural usan sus abitantes…
  • 1804 . OLLO. Zizur Nagusiko apaiz lagunkide izendatu zuten Juan Antonio de Sagues ollotarra euskalduna zen (es bascongado); ez, ordea, euskara erabili zale. Zizurko apaizak salatu zuenez,  Sagues herrian doktrina azaltzen saiatu zenean, ha sido en romance, con poco o ningun fruto de los feligreses que se hallan habituados al bascuenz. Elizgizon ollotarrak, bere burua zuritze aldera, urteen joanean ama-hizkuntza kamustu izana argudiatu zuen; erosoago zebilen gaztelaniaz, euskaraz baino.
  • 1817. Erret-kontseiluko tribunalaren ordezkari zen José Mª Arrieta komisariak haran honetako hainbat lekukoren deklarazioak entzun behar izan zituen Napoleonen aurkako gudari buruzko auzi bat zela eta. Lekukoei beraiek esandakoa irakurri ostean, euskaraz ulertarazi behar izan zien (doy fee haberle dado a comprender en su lengua bascongada esapideaz edo antzeko batez baliatzen zelarik deklarazio idatzietan).
  • 1832. EGILLOR. Santiago Aramendia Egillorko apaiz bihurtu nahian zebilen. Elizbarrutiko agintariek ez zuten izendapena begi onez ikusi, arestian aipatutako 1790eko Planak emandako arrazoiagatik: Aramendiarentzat arrotza zen euskara, indispensable para el completo desempeño de las cargas parroquiales. Azkenean, baldintzapean hartu behar izan zuen kargua: urtebeteren buruan euskaraz gai zela frogatu beharra ezarri zioten.
  • 1863. Bonaparteren mapan, euskararen eremu barrenean dago Ollaran. Kolore ilunez gainera, euskara oraindik gehiengoaren hizkuntza zela adieraziz. Printzeak utzitako oharren arabera, euskaraz lautik hiruk-edo jakingo zuela pentsa daiteke. Agian hasia zen ordurako transmisio-etena gazte batzuen artean, baina oraindik haur euskaldunik izango zirela ziurta daiteke nire ustez.
  • 1878. Asociación Éuskara delakoaren ekimenez prestatutako galdetegi ezagunean. Oltzako bizilagun batek finkatu zuen zein zen eskualdean euskarari ongi samar eusten zioten eta neurri handi batean galduta zuten herrien arteko muga. Ollaran osoa zegoen euskara oraindik con bastante generalidad gordetzen zuen lurralde horren barnean.
  • 1865-1885. Urte horietan zehar jaio bide ziren Ollarango mintzoa etxean jasotako azken hiztunak. Datua Urritzolako Juan Bautista Etxarreni zor diogu (egun Arakilgo azken euskaldun zaharra den Ignazio Etxarrenen aitari, alegia); 1980 aldera bildu zuten Josu Tellabidek eta Koldo Artolak, Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikorako lanean ari zirela. Bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen 1900ean jaiotako Juan Bautistak Ollarango azken euskaldun haiek. Ondoren esango dena, nire ustez, datu honekin bat dator.
  • 1904. ANOTZ, SALDISE, ULTZURRUN, OLLO. Elizbarrutiko Guía estadística delakoan bertako apaizek baietz erantzun zioten ¿Se habla vasco? galderari. Gainerako herrietan (Beasoain-Egillor, Iltzarbe, Arteta, Senosiain) ezetz erantzun zuten. Senosiaingo ‘no‘ hori, esaterako, kolokan dagoela ematen du ondoren etorriko dena ikusita.

    Senosiainen bazen oraindik euskaldunik gaur egungo adinekoen haurtzaroan.

  • 1922-25. OLLO. 71 urteko Francisco Ollacarizqueta elkarrizketatu zuten Erizkizundi Irukoitza izeneko inkestan ibarreko euskara jasotzearren. Iruñean bizi zen ollotarra zen. Herriko azken euskalduntzat hartu izan da urte haietan bertan hil omen zen gizon hau, eta apenas euskara pittin bat zekiela esan ere bai. Lehen baieztapena bederen zalantzan jartzekoa iruditzen zait, beste datu batzuei begira.
  • 1929. OLLO, SENOSIAIN. Bi herriotako orduko apaizak Aingeru Irigarairi adierazi zionez, adinekoak euskaldunak ziren; apaiz honek, erdalduna izanik, euskarazko katixima bat eskuratu behar izan zuen Garizuman pertsona hauei ohiko azterketa egiteko. Besteak beste, Joxemiel Bidadorrek bildu zuen albistea, Fontes aldizkariaren 60. alean (1992). Doktrina esateko euskararen beharra zuten haiek azken belaunaldi euskalduna izatea eta haien atzetik inork euskararik ez jakitea ez zait oso sinesgarria iruditzen.
  • 1941. SENOSIAIN. 71 urte zituela hil zen Manuela Goikoetxea senosiaindarra; emakume hau euskalduna zen. Gurasoak, bera bezala, herrian bertan jaioak ziren. Senosiain eta Olloko adineko batzuek gogoan dute oraindik Manuela, eta bere ondorengoek -gainerako herritarrek ez bezala- (bir)amonaren euskalduntasunaren oroitzapena ere gorde dute. Horrela ezagutu dut Aurora San Martin birbilobari zor diodan datua. Arestian aipatutako azken belaunaldi euskaldunekoa izango zen seguruenera ere Goikoetxea anderea; baina adinari, heriotza-urteari, eta Juan Bautista Etxarrenek emandako argibideei begira, litekeena da nire ustez haraneko azken-azken euskaldun zaharrak urte  batzuk beranduxeago desagertu izana.

Ollaran gorrizEl valle de Ollo, al sur de Irurzun, en la frontera entre la Merindad de Pamplona y la de Estella, sirve como muestra de tantos otros que terminaron de perder su lengua original en un pasado notablemente cercano pero que sufrieron una pérdida tan abrupta como silenciosa: aunque los mayores actuales del valle llegaron a convivir con la última generación de vascoparlantes, la invisibilidad social que caracterizó al habla de Ollo en la fase previa a su desaparición total, cuando el euskera de aquellos que lo conocían dejó de escucharse en la calle, provocó que quienes bien pudieron ser en más de un caso nietos de euskaldunes tengan hoy a la lengua vasca por algo ajeno a sus pueblos desde hace muchísimo tiempo. Los datos son tozudos y muestran lo contrario. El euskera no sólo vertebró la vida del valle desde que los archivos nos dan noticia del mismo (y desde antes) sino que acompañó a sus gentes hasta bien entrado el siglo XX. Los testimonios más tardíos que se han recogido hasta hoy hacen referencia a la década de 1920. En esta entrada he apuntado que se puede extender la pervivencia del habla propia al menos hasta la década de 1940. No es en absoluto impensable que incluso más allá; bien podría haber hoy mismo en el valle personas capaces de confirmar este extremo.