Saldiasen jaiotako XIX. mendeko apaiz, itzultzaile eta euskaltzalea, Bonaparte printzearen nafar lankiderik goiztiarrenetako bat izan bide zena.

Saldias, Nafarroako Basaburua Ttipian

Nafarroako euskararen arnasa paperean ezarri zuten XVIII. edo XIX. mendeetako beste hainbat lekuko bezala, duela hogei urte eskas ia guztiz ezezaguna zen gurean Jose Erasunen nondik norakoa, eta oso azalekoa bere ekarpenaz genekiena. Rosa Miren Pagolak egile honen lanaren zati bat 90eko hamarkadan argitaratu ostean, bi izan ziren joan den mende amaieran Erasun ilunpetik aterarazi zutenak: On Tomas Otxandorena zena, Labaien eta Saldiasko erretore euskaltzalea (1997), eta Xabier Erize filologo eta soziolinguista (1998). Egileok beren lanetan aurretik esan zituztenak erabiliko ditut nik sarrera honetan.

Juan Jose Erasun Mutuberria Basaburu Ttipiko Saldiasen jaio zen 1821eko apirilaren 13an, Apezena izeneko etxean. Gurasoak Juan Jose Erasun eta Maria Engrazia Mutuberria izan ziren, herri-herrikoak. Ezin inguruan errotuagoa haur jaioberria: aiton-amonak ere Saldisan eta Labainan jaioak ziren denak. Sendotza hamar urterekin hartuta, gaztaro gehiena eman zuen, ohi zen legez, apaiz izateko prestatzen: Gramatika, Teologia, Latina…ez ziren gutxi herri txiki bateko eliztiarren ardura hartzeko gizon haiek eskuratu beharreko jakintzak. Ikasketak 1777an sortutako Iruñeko Apaizgaitegian egin zituen, bere belaunaldikoek bezala, baina urte haietan, Iruñean ez ezik, Galarko Espartzan eta Berriogoitin ere izan zen bolada batez, bertako parrokoen magalpean heziketa osatzen.

Tontsura zen apaiz izan nahi zuenak gotzainaren eskutik hartu beharreko lehendabiziko gradu edo urratsa. Tontsuradun 1844an bihurturik, eta handik gutxira Donezteben benefizio bat hartuta, azkar eman zizkioten saldiastar gazteari apezteko behar zituen gainerako ordenak (1846-47), bai eta zegozkion azterketak gainditu osteko baimenak ere. Kalahorran osatu zuen bidea 1847ko apirilean. Berrogeita zazpi urteko apaiz ibilbideari ekin zion Erasunek.

Zugarramurdi

Zugarramurdi

Doneztebeko benefizioak zortzi hilabetez baino ez zuen Malerrekara lotu; 1848tik aurrera Zugarramurdin zerbitzatu zuen, ia hamarkada batez izan zelarik bertako erretore, Ez hori bakarrik: Bonaparte printzeak bere ikerketa lanerako esku artean izan zuen Zugarramurdiko doktrina, nahiz eta Erasunen izenik ez daraman, saldiastarrak prestatu zuela dakigu gaur. Xabier Erizek argitu dituen xehetasunak dira ahapaldi honetako guztiak.

Bonaparte 1856ko udan etorri zen estraineko aldiz Euskal Herrira, Etxenikez aritzean aipatu nuen bezala. Uda hartan bertan agindu zituen printzeak Nafarroako euskara ezagutzen hasteko lehendabiziko itzulpen-lanak. Horrenbestez, baliteke azalean egilearen izena ordez  ‘Por uno de Saldías de Basaburúa Menor‘ besterik ez dakarren doktrina-itzulpena Erasunek 1856-57 bitarte horretan prestatzea. Hala egin bazuen, ongi ezagutuko zituen ordurako Zugarramurdiko hizkeraren gorabeherak, bertan zortzi-bederatzi urte eramanda. Itzulpen-data horixe izanez gero, Bonaparteren laguntzailerik goiztiarrenetako bat genuke Jose Erasun. Ez da alferrikako datua, gero berriro aipatuko dudan bezala saldiastarraren euskalzaletasuna azken orduko kontua baino gehiago izan zela adierazten duelako.

Saldias eliza

Saldias. Joan Bataiatzailearen eliza.

Zugarramurdiko euskararen lagin hori urte haietan idatzi ala beste uneren batekoa izan, 1857an Erasun sorterrira itzultzear zegoen. Uztailean bertan Saldiasko Joan Bataiatzailearen parroki-ardura bereganatu, eta hil arteko 37 urteetan izan zen erretore jaiolekuan. Epe luze horretan, bere eliztiarren onura espiritualaz ez ezik, elizarako eta ermitarako hiru ezkila berri eginarazteaz ere arduratu zen. Orduko 11,468 erreal kostatu ziren ezkila haiek. Horretaz gain, hilburukoan ia 14.000 erreal agindu zituen bere parrokiaren beharretarako.

Saldiasko erretorealdi luze hartan ez zen, ordea, erlijioaz eta ingurukoez bakarrik arduratu. Zugarramurdin egon izanak Bonaparte printzearen lankide bihurtzeko parada eman zion bezala, 25 urte beranduago, 1876 osteko giroan Nafarroan ere euskararen aldeko mugimendu baten zantzuak antzematen hasi zirenean, hantxe agertu zen Erasun urte haietako beste euskaltzale batzuekin batera. 1878an sorturiko Asociación Éuskara taldean parte hartu zuen, eta horretaz gain elkartearen babesean hainbat lan prestatu ere egin zituen, euskaraz zein gaztelaniaz, baten bat 1878tik 1883ra arte elkartekideek kaleratutako Revista Éuskara aldizkarian argitara eman zutelarik.

Bi dira Erasunek garai hartan sortu zituen euskarazko lanak, hainbat urte lehenago idatzitako Zugarramurdiko itzulpenaren osagarri:

– Batetik, Orreaga balada Saldiasko euskaraz emateaz arduratu zen. Balada hura Arturo Kanpionek sortu zuen 1877an, eta hiru urte beranduago euskalki nagusietara itzulirik argitaratu zuen. Baina Kanpion iruindarrak arreta berezia eman nahi izan zion Nafarroari lan hartan, eta erresuma zaharreko hemezortzi herritako bertsioak gehitu zituen. Erasunek prestatu zuen Saldiasi zegokiona. Dena den, nahi baino beranduago iritsi zitzaion Kanpioni agindutako lana, eta, berantetsirik, ondoko Erasun herriko bertsioa ere eskatu zion Francisco Hernandorena erretoreari. Horrela bada, Basaburu Ttipiko bi herriren lekukotasuna jaso zuen bilduma hark.

. Bestetik, Antonio María Claret zenaren 1848ko Catecismo de la Doctrina Cristiana euskaraz paratu zuen. 1881ean argitaratu zen Iruñean itzulpena, honako izenburu honekin: Doctrina Cristavaren Catecismoa guciz ongarai eta arguitu Antonio Maria Claret Trajanopolisco Arzobispuac escribitua eta consagratua…Nauarraco sacerdote batác uscarara viurtua.

Revista Euskara

Revista Éuskara-ren 1. alean (1878) argitaratu zen Orreaga balada. Bi urrte beranduago azaldu zen gainerako bertsio guztiekin.

Lan hauetan (eta erdarazkoetan ere bai) argi utzi zuen beti euskaraz idazterakoan gaztelaniazko ortografiari orpoz orpo segitzearen aldekoa zela. 1881ean Revista Éuskara-n argitaratu zioten erdal eskutitz batean, iritzi hori arrazoitu nahirik, euskararako itzulpengintzari emana urte asko zeramatzala argudiatu zuen Erasunek: ‘me he ejercitado 33 años en traducir del castellano y latín al vascuence’ idatzi zuen basaburutarrak. 1848rako ari omen zen, beraz, itzulpen-lanean. Bonaparteri helarazitako Zugarramurdiko doktrina hara heldu bezain pronto idatzi zuela (eta ez 1856-57an) ulertu behar da? Edota Erasunek sortutako euskarazko testuak guk gaur ezagutzen ditugunak baino gehiago izan zirela…?

1894ko azaroaren 11n utzi gintuen, bere jaiolekuan bertan. Izan duen hedapenari eta ospeari begira Jose Erasun ez dago XIX. mendeko Nafarroako euskal idazle ezagunenen artean, ez da dudarik; baina ez dira asko mendearen bigarren zati osoan (Karlistada arteko epean zein gerra ostekoan) euskararen aldeko lanean nabarmendu ziren nafarrak. Saldiastarrari ezin, ordea, meritu hori ukatu.

José Erasun (1821-1894), nacido en Saldías, párroco de Zugarramurdi primero, durante una década, y posteriormente asentado en su lugar de origen a lo largo de casi 40 años, es una figura no excesivamente conocida dentro del panorama de los escritores navarros en euskera del siglo XIX, aunque posee la particularidad y el valor añadido de haber contribuido al cultivo de la lengua en la época más temprana de las investigaciones del príncipe Bonaparte (1850-1860) y el de haber continuado haciéndolo años después, en la década de 1880, cuando un cierto movimiento de Renacimiento de la cultura vasca intentaba tomar cuerpo también en Navarra. Erasun, autor de una doctrina cristiana escrita en el euskera hablado en Zugarramurdi, lindante con el País Vasco Continental, es también, gracias a su traducción de la balada ‘Orreaga’ al habla de Saldías, uno de los no excesivamente abundantes testigos históricos que nos ha dejado el euskera de la Basaburua Menor, plenamente vigente en nuestros días.