cirauqui_t3100503

Zirauki

Zirauki, 1645. Done Jakue Bidean Iruñetik aitzin zazpi legoatara, Gares eta Mañeru gibel utzirik; Lizarra baino hiru legoa eskas lehenago. Filipe IV.a da urte hauetan Espainian errege, baina gortea urrutiko gauza da ziraukiarrentzat. Ez, ordea, Leringo konterria, haren meneko baitira,  herriko zaharrenen aitonek gogoratuko luketena baino lehenagotik. Halaxe dira Nafarroako beste hainbat hiri ere: erdaldunak haietako batzuk, Carcar edo Sesma kasu; euskaldunak beste hainbat: Eslaba, Zare edo Arruatzu. Zirauki inguruko gainerako herriak ez dira konterri berekoak; baina hizkuntzari dagokionez, ez dago alderik. Mañeru, Gares edota Lorka bezala, betidanik izan da Zirauki euskaldun. Herria herri denetik.

Leringo kondestablearen zergapeko dira ziraukiarrak, beraz; eta jaunaren eskumena da justizia ezartzea eta horretaz arduratuko den alkatea izendatzea ere bai. 1645ean Torrea izeneko lizentziatua dute agintari Ziraukin Leringoaren partez; hura da konterriak ezarritako alkate nagusia. Eta huraxe, era berean, ziraukiarren arazoaren iturburu.

Agerikoa izanik Nafarroa gehienak berezkoa duela euskara, aspaldikoa da erresuma zaharrean notariek jakin beharreko hizkuntzei buruzko araudia. 1645eko nafarrek, are adinekoek ere, ez dute besterik ezagutu: Errege-Kontseiluaren aginduz, herri euskaldun batean istilurik edo salaketarik gertatzen bada eta agintariek herri horretan lekukotasunak jasotzeko eta herritarrei deklarazioa hartzeko ordezkaririk bidali behar badute, ezinbestekoa da haiek euskaldunak izatea. Nafarroako lurralde euskaldun zabalean nagusi den elebakartasunaren ondorio argia da: gutxi dira, mendialdean ez ezik erdialdean ere, euskara ez den beste hizkuntzarik dakitenak. Araudia gehiengo horri egokitzea baitezpadakoa da. Eta halaxe egokituta dago. Horrela egin da jendearen oroitzapenak gogora dezakeen bezain aspalditik. Eta ez epaitegi zibiletan bakarrik; Elizarenetan ere bai.

Leringo konterria

Leringo konterria 1425ean sortu zen

Baina Ziraukira komisariak bidali beharrekoa Leringo konterriko alkate nagusia da, eta Torrea ordezkari erdaldunak ari da bidaltzen herrira, behin eta berriz. Hamaika arazo ekartzen ari zaie jokabide hori ziraukiarrei: auzitan daudenek ez diote notariari ulertzen, ezta honek ere aditu beharrekoei, eta ezin adierazpenak egokitasunez egin. Gaizki ulertuak, hanka sartzeak eta erabaki bidegabeak egoera horren ezinbesteko ondorio ari dira bihurtzen. Alkatearengana jo dute herrikoek jokabidea alda dezala eskatuz. Alferrik. Nora jo, orduan? Errege-Kontseilura, halabeharrez. 1645eko iraila da. Erresumako justizia erakunde nagusiaren aurrean Torrearen jokabidea salatu eta Ziraukira notari euskaldunak bidali beharra dagoela adierazi dute. Orain artekoak ez dira lana betetzeko gai: no sauen ni entienden la lengua bascongada, la qual es la que comunmente se habla y platica en la dicha villa de Cirauqui.

Erregearen justiziak arrazoia eman die Ziraukikoei. Berehala gainera, irailean bertan: zuzengabea da Leringo botereak herrira euskaraz ez dakienik igortzea. Aurrerantzean bestela jokatu beharko du.

Baina Lerinen ez dute erabakia onartu, eta kontra egin dio Torreak Errege Auzitegiari. Ez da egia -arrazoitu du- Ziraukira komisari euskaldunak bidaltzea ezinbestekoa denik. Todos los de la dicha villa saben romanze, argudiatu du alkate nagusiak. Duela hainbat urte ere ez zen euskaldunik behar; eta are gutxiago egun, urteak joan ahala, argudiatu du, gero eta gehiago (eta gero eta gehiagok) omen  baitakite erdaraz. Are urrunago jo du Torreak: herriko eskribauen asmazio hutsa da notari euskaldunen ustezko beharra, haien mesederako asmatu dute Ziraukiko hizkuntza-egoera faltsu hori, batere lotsarik gabe Leringo autoritatearen gainetik jo ahal izateko. Ez omen dira herritarrak kexu agertu direnak, esan du Leringoaren alkateak amaitzeko; eskribau hauek bakarrik.

LERIN2[1]

Lerindarren hizkuntza gaztelania zen XVII. mendean.

Denbora aurrera doa. Bi urte igaro dira sententzia eman zenetik. Entzungor egin diote Lerinen, eta Ziraukin ez da notari euskaldunik agertu tarteka sortutako auzietan lekukoen esanak biltzeko. Ezer ez da aldatu; arazoa ez da konpondu. Eta kaltea nabarmena da. Urrunago joan gabe, aurten bertan (1647) preso eraman dituzte Lerinera bi errugabe -Juan Arizala eta Juan Lantz, euskaldun huts ziraukiarrak- herriratutako bi notari erdaldunek ez dietelako behar bezala ulertu, bietako batek berak aitortu bezala. Gogaituta, zor dietena ezin lortuz, Errege-Kontseilura jo dute bigarren aldiz ziraukiarrek, hura balia dakien. Baita Torreak ere berehala, herrikoen arrazoiak indargabetu nahirik. Auzia berriro ere abiatuta, lekukoak aurkeztu dituzte batzuek eta besteek. Torrearen aldeko gutxi dira Ziraukikoak bertakoak; eta haien artean ere ez dute denek herriaren erdaltasun hori Torreak bezain agerian eta biribil utzi.

Cirauqui zaharra

Ziraukin ia ez zegoen euskara beste hizkuntzarik duela 350 urte.

Herrikoek, aldiz, argi eta garbi hitz egin dute, bertako lekukoak aurkeztuz, eta datu zehatzak emanez: Ziraukin ia 800 pertsona bizi dira. Hirutik bi baino gehiago euskaldun hutsak dira (no entienden ni ablan la lengua castellana). Euskara da erabili ohi den hizkuntza bakarra, ezin bestela izan. Erdaraz dakiten ziraukiar apurrek (elizgizonak, usu) gauza bera adierazi dute: predikuak euskaraz esaten dituzte beti, eta inoiz gaztelaniara jo badute, eliztiarrek beraiek eskatu diete euskara erabiltzeko, bestela ez dira-eta ulertzeko gauza. Batzarretan erabiltzen den hizkuntza euskara da, herrikoek berezkoa dutena eta eguneroko bizitzan betidanik lagun izan dutena.

Bi urte luze igarota, bigarren sententzia eman du Errege-Kontseiluak. Eta bigarrenez, ziraukiarren eta euskararen aldekoa: siempre que el Alcalde Mayor de la villa de Lerin, en nombre del Ilustre Condestable, ubiere de dar comisario para la dicha villa de Cirauqui a hazer algunas pruebas, sea a persona que entienda la lenguoa bascongada.

Birritan agertu da justizia Nafarroako herritar euskaldunen eskubideei ezikusiarena egitearen aurka. Gutxitan egin du horren argi. Eta etorkizunean ere, gutxitan egingo du. Mende berria iristearekin, eta Espainian Austria etxekoen ordez Borboikoak agintzen hastearekin, euskara (eta beste hainbat herri hizkuntza) errespetatzeko borondatearenak egingo du. Gero eta gehiago izango dira Torrearen argumentua –todos saben romanze hori, alegia- egia ez izan arren beren nahikerien mesedetan erabili nahiko duten funtzionariak. Eta gero eta gutxiago auzi horietan euskal hiztunen alde egiteko borondatea agertuko dutenak.

Jimeno Jurío, Jose María, 1997. “Cirauqui (Navarra), pueblo monolingüe vasco (1650)”, Fontes Linguae Vasconum 75, 219-232.

Recuerdo en esta entrada un interesante proceso, desenterrado del Archivo General de Navarra en los años 90 gracias a la impagable labor de Jose María Jimeno Jurío, que documenta incuestionablemente cuál era la lengua predominante -y prácticamente única- durante el siglo XVII en Cirauqui, localidad de la Merindad de Estella situada a escasos kilómetros de su capital. Al pertenecer Cirauqui al Condado de Lerín, correspondía a la autoridad del condestable, mediante su Alcalde Mayor,  elegir a los comisarios que se personaban en la villa para obtener declaraciones y pruebas testificales de boca de sus habitantes cuando se entablaba algún proceso ante los tribunales de justicia del condado. Los cirauquiarros elevaron su queja en 1645 ante el Real Consejo de Navarra, supremo órgano judicial del Reino y por lo tanto autoridad superior, en vista de que los funcionarios enviados por los del condado desconocían el euskera y eso los inhabilitaba de hecho para entender en causas relacionadas con la villa, donde apenas un pequeño porcentaje de la población conocía el castellano. El Tribunal del Reino se pronunció hasta en dos ocasiones (1645 y 1650) en favor de los de Cirauqui, desoyendo los argumentos esgrimidos por el Alcalde Mayor -quien se valió en gran medida de testigos lerineses, es decir, foráneos- en favor de un supuesto conocimiento más o menos general del castellano por parte de sus habitantes. La réplica de los de Cirauqui fue diáfana y clarificadora, añadiendo datos tan precisos e interesantes como que más de dos terceras partes de ellos ni hablaban ni entendían romance, y que la lengua común tanto en la predicación como en las asambleas vecinales no era otra que el euskera. Estas sentencias del Real Consejo, especialmente valiosas por ser testimonios muy tempranos de apoyo institucional a la lengua mayoritaria de aquellos navarros, dan muestra de la actitud de mayor tolerancia que las autoridades civiles mantuvieron en tiempos de los Austrias, actitud que cambió diametralmente a partir de Felipe V, y en mayor medida aún bajo el reinado de Carlos III.