IzagaondoaNafarroan hain ugariak diren txoko eder eta ia ezezagun horietako bat da Itzagaondoa ibarra. Iruñerriko Arangurendik Irunberri ingururaino ekialderantz luzaturik, zortzi herrixkak osatzen dute egun, estatistika ofizialek diotenaren arabera: herriok Idoate, Lizarraga, Zuhatzu, Reta, Ardanatz, Iriso, Indurain eta Turrillas dira. Beste asko ere izan ziren, ordea: Gergitiain, Urbikain, Izanoz, Beroiz… izen horiek eta beste hainbat XX. mendean bailara odolustu duen populazio beherakada izugarriaz mintzo zaizkigu: mila biztanletik gorakoa izandako haranean, berrehun ere ez dira gaur bizi.

Irunberri eta Zangozarako bidean dauden guztiak bezala, inguru euskalduna izan zen Itzagaondoa. Izenak berak ezin argiago salatzen du; euskaraz bizi izan ziren itzagaondoar gehien-gehienak eta duela belaunaldi gutxi batzuk arte ez zen itzali beraien euskararen oihartzuna.  Baina eskualde guztian bezala, euskara hartan idatzitako testuak aurkitzeko gaude oraindik. Izango ote da argitara atera gabeko horrelako altxorrik inon? Albiste pozgarria izango litzateke.

Ez dago beraz testurik, baina hizkuntzaren lekukotasunik ez da falta udal zein notario-artxiboetan. Eta Itzagaondoan bereziki, ez da falta haranaren kultur ondarea zaindu, bildu eta ezagutzera eman nahi duen bertakorik. Itzagaondoa Ibarra Taldea / Grupo Valle de Izagaondoa elkarteak lan txalogarria egin du hainbat alorretan azken urte hauetan, eta nik sarrera honetan aipatuko ditudan euskararen lekukotasun asko elkarteko kide den Xabier Itulain ikerlearen bilaketa lanak atera ditu iluntasunetik. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet lerro hauen bidez berari eta guztion kultur aberastasuna zaintzearren harekin batera lanean ari diren guztiei.

Izagaondoa liburuak

Itzagaondoa Ibarra Taldearen laguntzaz argitaraturako bi liburu

1565. IDOATE. Herriko auzoak batzarrean elkarturik, eskribauak euskaraz azaldu behar izan zien gaztelaniaz idatzitako agiri baten edukia. Egun hartan bildutako idoatear horietako batzuk Joanes Idozin, Santxo Lizarraga, Joanes Iriso edota Miguel Ardanaz izan ziren.

1572. INDURAIN. Gauza bera egin behar izan zuen Andres Uriz eskribauak, Induraingo Lope Larekik, Miguel Gorriak, Joan Elkoazek eta Pedro Perezek haiei buruzko agiri batean idatzitakoa uler zezaten.

1575. ARDANATZ.  Leon Paticho bizilagunari  hark berak aurreko batean eginiko adierazpenak irakurri, eta ondoren en su lenguaje en bascuençe ulertarazi zizkioten.

Reta

Retako abadearen ardantzeari zor diogu haraneko euskararen inguruko lekukotasun bat.

1575. RETA. Mahasti bat norena zen erabaki beharrak auzia eragin zuen. Auzi hartan Retako Joan Martinezek esan zuenez, herritarrek mahastia apaizaren jabetza zela aitortzen zuten hura izendatzean, deziendo en bascuençe Apezteguico ardançea y del abbad. Herri bereko Tomas Subiza peoi aritzen zen eta, antza denez, behin baino gehiagotan eman zion lana abadeak ardantzea kimatu eta laiatu zezan: a este testigo diversas vezes le dixo meneando su braço [apaizak] las palabras siguientes enbascuençe aren borz orrea (¿urrea?) biar jayncoaren ardançera adarnara e layara y otra vezes ene Apeztegui ardançera que en romançe quieren dezir mañana a la viña de dios a podar e layar y otras vezes a la viña de mi abbadia”.

1586. RETA. Kamusena etxeko jauna eta anderea ezkondu zirenean, euskaraz ulertarazi zizkien notariak biei ezkontza-kontratuaren xehetasunak.

1587. Sarritan aipatu udan Gasteizko apaizgaitegiko nafar herrien zerrendan,  bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da Itzagaondoa.

1591. LIZARRAGA. Ansorena etxeko Cathalina Perez eta bere seme García de Nagore euskaldun hutsak ziren. Beraiek ere eskribauaren itzulpena behar izan zuten gaztelaniazko agiri baten edukiaz jabetzeko.

1627. Jimeno Juriok jasotako lekukotasun baten arabera, Longida, Ibargoiti eta Itzagaondoa haranetan no se habla otra lengua que la bascongada. 

XVII. mendea. Pentsa liteke Axularren Gero liburua ez zela inguru hartan ezezaguna izan, gaur egun arte iraun duen ale bat Itzagaondora heldu baitzen. Ba al zen beraz haranean euskaraz ongi irakur zezakeenik? Elizgizona bazen, ez da inola ere ezinezkoa. Eta Gero horren jabea elizgizona bazen, litekeena da liburua oinarri gisa hartuta euskarazko predikuak idazteko gaitasuna izatea. Idatziko al zuen inork Gero horren arrimoan Itzagaondoko euskal testurik?

1663. IDOATE. Joan Azparren bikarioak euskaraz adierazi zizkien herritarrei, ohi bezala meza nagusian, apezpikuak azken bisitaldian agindutakoak.

1675. ZUHATZU. Andres Ozkariz etxejauna eta Juan Berrio eskribaua Zuhatzuko biztanleak ziren. Herritarren artean goi-mailakoak, nonbait. Liskarrean ibili eta gero, elizako eserleku nagusietako batean nor eseriko, auzia izan zuten. Xabier Iturainek ezagutzera emandako prozesutik zenbait ondorio atera daitezke:

Zuazu izagaondoa

Zuhatzuko elizan 1675ean gertatutako ika-mikak herritarren euskalduntasuna azaleratu du.

– Longidan jaiotako Luzia Lakabe lekukoak ez zekien gaztelaniaz. Berrogei urte zeramatzan Zuhatzuko Martintxikirena etxean bizitzen; horrenbestez, Itzagaondoan emandako urte haietan guztietan ere ez zuen gaztelania ikasi beharrik izan.

– Eguesko Azpatik Zuhatzura aldatutako Joanes Elia ere euskaldun hutsa zen. Horregatik ez zituen ulertu Ozkarizek eta Berriok elizan elkarri gaztelaniaz esan zizkiotenak.

– Loperena etxeko Bernardo Elia gazteak ere gauza bera esan zuen: gaztelaniarik ez ulertuta, ez zekien zer esan zioten elkarri Ozkarizek eta Berriok.

– Zuhatzuko aipatu bi handikiek une hartan gaztelaniaz aritzeak ez du esan nahi euskaraz ez zekitenik. Berrio elizan sartu eta ustez berea zuen eserlekuan Ozkariz  ikustean, harengana joan eta era onean eskatu zion altxatzeko. Keinuengatik antzeman zuten hori lekukoek, gaztelaniaz esan ziolako. Ozkarizek altxatzeko imintziorik egin ez zuela ikusirik, inguruan begira zeudenei zuzendu zitzaien Berrio, eta euskaraz adierazi zien denei gertatzen ari zenaren lekuko zirela: dixo a los circunstantes (que ubo muchos) en vascuence, señores serán testigos de que el señor don Andres me ace fueza en mi asiento y no me lo quiere dexar. 

 1720. LIZARRAGA. Juan Camargo gotzainak berritu egin zuen Lizarragan bikarioentzako ohiko agindua, ordura arte hango apaizek ere behar bezala betetzen zutela ziurtatu ondoren: “Declaramos que el dicho Vicario y sus subcesores cumplen con la obligación de explicar el Santo Ebangelio leyendo cada vez un capitulo correspondiente al dia yntermisarum solemnia por el Cathecismo Romano del Padre Eusebio de Nieremberg explicando aquel breuemente en lengua bascongada”.

1762. LIZARRAGA. Beste horrenbeste adierazi zuten herrian Gaspar Miranda Argaiz apezpikuaren agindupean.

1781. IRISO-ARDANATZ. Lorenzo Egues irisoarrak iraindu egin omen zuen herriko abade Santxo Lizarragaren neskamea. Puerca sarra esan zion, nonbait. Tomasa Zuhatzu zuen izena neskameak eta Ardanatzen bizi zen Santxo Zuhatzuren alaba zen.

URBICAIN

Urbikain. Duela bi mende baino gutxiago apaiz euskalduna eskatu zuten bertakoek.

1805.  GERGITIAIN. Tadeo Martínez apaiz erdalduna Gergitiaingo erretoretzarako hautagai izan zen. Ez zuten aukeratu. Ziotenez, denak ziren han bascongados, de manera que no saben la doctrina christiana ni pueden confesarse en otro ideoma, y a lo sumo uno o dos adultos entienden el castellano. Hau ere jakinarazi zuten: todos los curas de los pueblos de la comarca entienden la lengua bascongada, a escepción del de Izánoz y el de Besolla [Martínez bera azken hau]  Induraingo apaiza izendatu zuten azkenik, zeren eta posee el idioma bascongado, unico nativo en que acostumbran confesarse.

1817. URBIKAIN. Hiru urte ziren Urbikaingo biztanleak apaizik gabe zeudela, aurrekoa Turrillasera alde eginik, eta arazoa konpontzeko eskatu zioten erregeordeari. Hautagai bat proposatu zuten urbikaindarrek: Miguel Josef Satostegi, Arakilgo Ekai herrikoa, aquien le concurre la apreciable circunstancia de entender el idioma vascongado preciso y necesario para muchas personas destte lugar.

Izagaondoa Bonaparte

Itzagaondoa ingurua Bonaparteren mapan (1871ko datuak)

1871. Haraneko herri guztietan gelditzen ziren euskal hiztunak. Dena den, gutxiengo zirela adierazi zuen Bonapartek bere mapan, eta ibarraren ekialdea (Turrillas, Indurain eta Gergitiain) euskararen eremuaren muga-mugan zegoen. Urraul aldeko herri mugakideak erdaldun hutsak omen ziren. Bestalde, Itzagaondoko Mendinuetatik hurbil zegoen Beortegi herria, Lizoain ibarrekoa, euskararen bizitasun handiko eremuan irudikatu zuen printzeak. Datu biltzaile Klaudio Otaegi zegamarra ibili zen, 1871 urte hartan bertan, printzearentzat haranean zehar euskararen egoera zein zen aztertuz. Honela adierazi zuen Otaegik berak: 1871.garrenean izandu nintzan Nafarroan, Izagaondoko ibarrean, ner neronez jakitera ibar artako amairu erritan bizi ziradenak euskaraz edo erdaraz geyago itz egiten zuten; bada Principe jaunak esaten ziran eskutitzaz, ala konbeni zela oso seguro jakiteko nola ipiñi ibar hura, bere mapa edo ziazalde euskarazkoan, bada nigan zeukala bere esperanza guzia. Ikusirik guchienak mintzatzen zirala euskaraz, gaztegatu nion ala, ango izkuntzari zegozkion berriak emanez.

Izagaondoa Broca

Itzagaondoa ingurua Brocaren mapan (1875)

1875. Urte hartan P. Brocak argitara emandako mapan ere (datu bilketa zenbait urte lehenagokoa izan daitekeen arren) Itzagaondoa euskararen eremuaren muga-mugan ageri da. Zoritxarrez, ezin da Bonaparteren kasuan bezain zehatz jakin nola eta norengandik bildu zuen Brocak informazio hura, baina Otaegik emandakoarekin bat dator.

Bonapartek zorrotz jokatu ohi zuen euskarazko inolako bizitzarik ez zuten herri-ibarrak maparen euskal eremutik at uzterakoan. Hala egin zuen, adibidez, Ameskoa inguruarekin. Garbi dago beraz 1870 inguruan bazirela oraindik Itzagaondoa ibarreko herri guztietan euskara jakin ez ezik erabili ere bazerabilten pertsonak. Nekez iraungiko zen beraz Itzagaondoko euskara hamarkada hartan bertan. Litekeena da XIX. mendea bezainbeste bizitzea ibarreko mintzoaren azken aztarnak ere. XX. mende hondarrera arte iraun du haranean Lizarragako biztanleen euskalduntasuna; alegia, gainerakoek herri hartakoak besteen aldean oso euskalduntzat izatea. Seguru asko Lizarraga bera eta Aranguren aldera begira dagoen Idoate izango ziren azken euskara kondarrak gorde zituzten herriak.

Ez dago dena den hortik aurrera Itzagaondoko euskarari edo euskaldunei buruzko albiste zuzenik. Itzagaondoa Ibarra Taldeak ezagutzera emandako 1895eko eskutitz batean antzeman daitekeenez, gaztelaniaz ari zirenean Urbikaingo herritarrek euskararen arrastoak zerabiltzaten: …me dices que Estevan desea saver noticias, pues a tantas como él nos manda no es posible bolverle como se dice ordea. Elkartekoek beraiek adierazten dutenez hacer una cosa a ordea es entre nuestros mayores el hacer un favor o dar algo a cambio de que sea devuelto en el futuro’. Esapide hori idatzi zuen Victoriano Echartek (Urbikainera ezkondutako ozkoidiarra) 43 urte zituen 1895ean. Bistakoa da bera ez zela euskalduna izango; baina bizirik egongo al zen oraindik Echarteren belaunaldian ‘ordea’ bezalako arrastoak txertatu zituen azken belaunaldi euskalduneko inor?

El hermoso valle de Izagaondoa, amenazado hoy como tantos otros por la despoblación, pertenece a esa franja de la Navarra MediaIzagaondoa mapa Oriental huérfana hasta nuestros días de textos escritos en lengua vasca que permitan conocer con mayor detalle cómo fue el euskera hablado por sus gentes hasta hace no muchas generaciones. No obstante, abundan los testimonios de otra índole que acreditan sin margen para la duda que los habitantes de Idoate, Guerguitiáin, Ardanaz y tantos otros lugares mantuvieron vivo el euskera hasta la misma orilla del siglo XX, hasta el punto de solicitar curas vascoparlantes incluso durante el siglo XIX. Del mismo modo que procuran mantener vivo el recuerdo de las costumbres, la historia y el patrimonio del valle los miembros de la Asociación Grupo Valle de Izagaondoa, que realizan un apreciable esfuerzo de difusión y conservación y a cuya labor de investigación –en particular a la de Xabier Ituláin- se deben buena parte de las noticias que comparto en esta entrada.