Archive for iraila, 2013

Euskararen eguna Oteitzan, asteburu honetan

Urriaren 5ean, larunbatarekin, Euskararen Eguna izango dute oteitzarrek eta Oteitzara biltzen diren gainerako guztiek. Irantzuko Mankomunitateak aurten antolatu dituenOteitza Euskararen Eguna jardueren artean, haurrentzako zein gazte-helduentzako ‘Euskaraz bizi nahi dut’ oztopo lasterketa dago. Eguerdi partean izango da eta egunean bertan izen emateko aukera egongo da. Herri-bazkarira nahi duenak, aldiz, urriaren 2a baino lehen erosi beharko du tiketa Oteitzan bertan edota inguruko zenbait herritan.

Informazio gehiago, hemen.


Egile Berriendako Euskarazko XXIV. Literatur Lehiaketa

Egile Berriendako XXIV

Ane Ablanedo

Ane Ablanedo

Urriaren 24ra arteko epea izango du urtero-urtero antolatzen den lehiaketa honetarako idazkiren bat aurkeztu nahi duenak. Poesia-lanak, narrazioak zein bertsopaperak bidali ahal izango dituzte Nafarroan jaio edo bizi diren egile berriek.

Ane Ablanedo (narrazioa), Beatriz Chivite (poesia) eta Iban Garro (bertsopaperak) izan ziren XXIII. edizioan saritutako idazleak.

Lehiaketan parte hartzeko ezarri diren mugak edo beste edozein jakingarri ezagutu nahi duena sar bedi hemen.


Bertsolari nafarrak 2013ko Txapelketa Nagusian

Eneko Fernandez

E. Fernandez

Erika Lagoma

E. Lagoma

Lau ordezkari nafar izango ditu bihar Villabonan hasiko den Euskal Herriko Txapelketa Nagusiak; aurtengo Nafarroako Txapelketako lau onenak, hain zuzen. Hona hemen laurak:

Eneko Fernandez  (Lesaka, 1977). Irakasle. Nafarroatik helduko den bertsolari berri bakarra; laugarren izan zen 2013ko Nafarroako Txapelketan, lehendabiziko aldiz parte harturik.

Erika Lagoma (Lesaka, 1981). Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko transmisio eragile.  Bigarren aldiz hartuko du parte Txapelketa Nagusian; Nafarroakoan, berriz, eskarmentu handiko bertsolaria da. Hirugarren sailkatu zen aurten Iruñeko finalean.

 

Xabier Silveira

X. Silveira

Julio Soto

J. Soto

Xabier Silveira (Lesaka, 1976). Idazle. Nafarroako Txapelketan zazpi aldiz nagusitu da, 1997an Sunbillan hasi eta azken txapela aurten bertan lortu duelarik. Historian zehar beste inork egin ez duen gauza da hori. Nafarroakoa estreinakoz lortu zuen urtean Txapelketa Nagusiko final-laurdenetara heldu zen; ordutik gaur arteko edizio guztietan izan da.

Julio Soto (Gorriti, 1987). Ingeniari eta Filologia ikasle. Azken Txapelketa Nagusian bera izan zen urrunago iritsi zen bertsolari nafarra: 20 puntugatik gelditu zen finaletik kanpo. Nafarroako txapela bitan jantzi du (2010ean eta 2011n) eta 2009tik gaur arte txapeldun edo txapeldunorde izan da beti.

 

Hona hemen lau bertsolarion azken urteotako ibilbidea:

TXAPELKETA NAGUSIA

NAFARROAKO TXAP.

bertsolaria

2009

2005

2001

1997

2013

2011

2010

2009

FERNANDEZ

 –

4

LAGOMA

FL

 –

3

3

SILVEIRA

FL

FL

FA

FL

1

2

1

SOTO

FA

 –  –  –

2

1

1

2

FL: final-laurdenak                            FA: final-aurrekoa


Nafarroako euskararen inguruko ikerlanak sarean (I)

Twitter sare sozialean #KulturaZientifikoa traolaren inguruan sortu den korrontearen haria eteten utzi gabe,  internetek denon eskura Estekakjarri dituen Nafarroako euskararen inguruko ikerlanen zerrenda bat proposatuko dut blogean gaurtik aurrera. Zerrenda horretan euskarazko ahozko zein idatziko testuen lekukotasuna dakartzaten edota herri-eskualderen bateko mintzoa deskribatzen duten lanen estekek izango dute lehentasuna. Nola edo hala mugatu beharrak eraginda, azken 25 urteotako artikulu eta antzekoak aipatuko ditut batez ere, salbuespenak salbuespen (gaurko sarrera honetan bertan, adibidez, lehenengotik azkenekora arte daude bilduta Juan Apececheak Elkanoko Lizarragaren Tratado sobre el matrimonio delakoari buruz argitaratu zituen lanak, hasierako seiak ez bezala zazpigarrena azken mende laurden honetan plazaratu delako).

Zerrenda osatugabe eta akastuna izango da ezinbestean; baina azken urte hauetan euskararen inguruko ikerketan ere kultura zientifikoak eman duen aurrerapauso ukaezinaren isla izan daitekeela uste dut.

 

A

Aldai, Gontzal:  ‘Hegoaldeko Goinafarrera zaharra: aditz laguntzaileekiko ezaugarri zenbait’, FLV 81 (1999).

_____________, ‘Sobre el origen de Martín Portal, autor de la poesía premiada en Pamplona en 1610’, FLV 114 (2012)

Altuna, Fidel: ‘Nafarrerazko “Romance Bazquence a la deuocion de Maria Santissima” (1656)’, ASJU 40/1-2 (2006).

Apalauza, Amaia: ‘Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretako lexikoaren azterketa’, ASJU 41/1 (2007).

_______________,  ‘Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu’, FLV 107 (2008).

_______________, Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa (Gasteiz, 2010).

Apecechea, Juan‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (I)’, FLV 29 (1978).

_______________,  ‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (II)’, FLV 31 (1979).

_______________, ‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (III)’, FLV 37 (1981).

_______________,  ‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (IV)’, FLV 40 (1982).

_______________, ‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (V)’, FLV46 (1985).

_______________,  ‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (VI)’, FLV 50  (1987).

_______________,  ‘Tratado sobre el matrimonio, de Joaquín de Lizarraga (año 1782). (VII)’, FLV 56 (1990).

Arakama, Josemari: ‘Uharte-Arakilgo dotrina’, ASJU 28/2 (1994).

Artola, Koldo: ‘Fidela Bernat anderea, euskal hiztun erronkariarra (I)’, FLV 58 (1991).

____________, ‘Fidela Bernat anderea, euskal hiztun erronkariarra (eta II)’, FLV 85 (2000).

____________, ‘Hegoaldeko goi-nafarreraren azentua dela-ta (hurbiltze-saiakera)’, FLV 60 (1992).

‘____________, ‘Olaizko euskal eskuizkribuak’, FLV 88 (2001).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. 1 – Eaurta (hasiera)’, FLV 91 (2002).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (2 – Eaurta: jarraipena)’, FLV 92 (2003).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (3 – Eaurta: bukaera)’, FLV 93 (2003).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (4 – Otsagi: esaldiak)’, FLV 94 (2003).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (5 – Otsagi: ahozko testuak)’, FLV 95 (2004).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (6 – Ezkaroze)’, FLV 96 (2004).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (7 – Orontze)’, FLV 97 (2004).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (8 – Espartza: taulak/esaldiak)’, FLV 98 (2005).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (9 – Espartza: ahozko testuak)’, FLV 99 (2005).

____________, ‘Zaraitzuera aztertzeko ekarpen berriak. (eta 10 – Ibiztako apurrak / gehigarriak)’, FLV 102 (2006).

____________, ‘Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (1 – sarrera eta lehen galdera-sortak)’, FLV 103 (2006).

____________, ‘Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (2 – inkestaren azken galdera-sortak)’, FLV 104 (2007).

____________, ‘Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (3 – Ipar-Artzibarko laginak: Hiriberri)’, FLV 112 (2010).

____________, ‘Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (4 – Ipar-Artzibarko laginak: Arrieta)’, FLV 113 (2011).

____________, ‘Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (5 – Hego-Esteribarko laginak: Ilurdotz I)’, FLV 114 (2012).

____________, ‘Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (6 – Hego-Esteribarko laginak: Ilurdotz II)’, FLV 115 (2012).

____________, ‘Ziorditik Uztarrozeraino. Euskararen hegoaldeko mugetan barrena, 1983an’, Aranzadiana 129 (2008), 258-263. orr.

____________, ‘Hego-Erroibarko euskararen lagin batzuk’, Aranzadiana 130 (2009), 214-215. orr.

Artola, Koldo & Tellabide, Josu:Euskararen muga 1980. urtean’, FLV 56 (1990).

 

 


Euskararen lekukoak: ZIZUR

Iruñea ia oso-osorik inguratuz eta Iruñerriaren gorputza hein handi batean osatuz, zendea izena daramaten bost udalerri zabal daude gaur Nafarroan: Zizur, Itza, Oltza, Galar eta Antsoain. Aspaldi azpimarratu da euskarazko zendea izenak latinezko centena(m) hitzarekin izan lezakeen lotura. Iruñerrian daude Nafarroako zendea guztiak; Zizurkoa hamaika herri eta herrixkak osatzen dute egun, Zizur Nagusia udalerri beregaina baita 1992tik.

Iruñea inguru osoan gertatu bezala, XIX. mendean ahuldu zen euskara Zizurren, eta XX. mendean zehar ito, isilik ito ere, ordurako erdaldundutako hiriburuaren babesa eta erreferentzia galdurik. Hala ere, bazen oraindik duela ehun urte Iruñerriko hegoalde hartan arbasoen hizkuntza emateko gai zenik. Zizurko euskararen historia oparo baina emeki-emeki iraungi horrek utzi du, nahi baino gutxiago izan arren, aipatzeko moduko aztarna zenbait.

Zizur 1923-2013

Zizur 1923an eta 2013an: hamaika gauza aldatu dira.

1587.  Esan gabe doa urte hartako herrien zerrendan bascongado-tzat jo zituztela bai Zizur Nagusia, baita gaur Zizur osatzen duten gainerako herrixkak ere, Iruñea bera erdaldunen multzoan aipatu arren.

XVII. mendean zehar, GAZOLAZ, LARRAIA eta MURU-ASTRAINgo parroki-artxiboetan bederen, ikustariaren aginduak herritarrei euskaraz jakinarazi zizkietela dago adierazita.

sagues

Saguesko eliza 80ko hamarkadan

LARRAIAko apaizak, mende hartan bertan, itzultzaile lana egin behar izan zuen inor aitonen seme izateari buruzko ikerketa prozesu batean, informazioa eman behar zuten larraiarrek ez baitzekiten gaztelaniarik. Inguruko herriren batean ez bezala (Etxaurin, esaterako), Larraian den-denek behar izan zuten itzulpena gaztelaniaz galdetzen zietena ulertzeko.

1744.  SAGUES herrixka Pueblo Bascongado izendatu zuten auzietan datu hartzaile aritzen ziren komisarien izenak, ibilitako tokiak eta datak biltzen zituen Libro de repartimientos delako liburuan. Kontuan hartu behar da bascongado hitzaren adiera ‘euskaldun huts‘ izan ohi zela.

1765-67. Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Nafarroako hainbat herri euskaldunetan lan egiten utz ziezaieten idatzitako txostenetan, gehiengo euskalduna izan arren gaztelania ere den-denek ezagutu edota ulertzen zuten herrien multzoan sartu zuten zendea, honako hau adieraziz: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo. Hamarkada haietan behin baino gehiagotan azaleratutako auzia izan zen ea Nafarroako herri askotan ba ote zegoen gaztelania ulertzeko gai zen biztanle kopuru handixkorik. Komisari hauek behin baino gehiagotan puztu omen zuten erdararen benetako ezagutza beren interesen mesederako.

1804. ZIZUR NAGUSIA.  Juan Antonio Sagues ollotar euskalduna izendatu zuten apaiz lagunkide. Euskaldun izanik, gaztelaniaz azaldu nahi izan zien doktrina eliztiarrei. Apaiz nagusiak adierazi zuenez, ha esplicado la doctrina [Saguesek], ha sido en romance, con poco o ningún fruto de los feligreses que se hallan habituados al bascuenz. Gaztelania erabili zuen Ollokoak, antza denez, porque, aunque es bascongado, se ha entorpecido para producirse en bascuenze y le es más cómodo y más fácil darse a entender en castellano. Apaiz lagunkideak honako hau esan zuen zizurtarrei buruz: poseen perfectamente el ideoma castellano, de suerte que nadie lo ignora.

1858. Urte hartan Estadística de Navarra lana eman zuen argitara Florencio Sanz y Baeza idazle iruindarrak. Ez zuen hitz atseginik erabili Iruñerriko biztanleez ari zela, eta Zizurren mediku zebilen Francisco Lacave zangozarraren berehalako erantzuna izan zuen: 36 orrialdetako Defensa de los aldeanos de la cuenca de Pamplona liburuttoa. Lacavek Zizurko euskararen bizitasunaren testigantza eman zuen, berak ere bere gaixoen euskaraz hitz egiten bazekiela idatzi baitzuen.

Julien_Vinson

Julien Vinson, zizurtarren ezusteko bisitari 1875ean.

1863. Bonaparteren mapak galbidea hasita irudikatu zuen zendeako euskara: Zizur euskararen eremuaren baitan zegoen (Orbaibarrera bitarteko eskualde guztia bezala) baina hizkuntzaren ahultasuna eta ordurako nagusi ez izatea salatzen zituen kolore argiaz baliaturik. Bazen oraindik, antza, haur eta gazte euskaldunik; baina salbuespena izango ziren. Ondorengo albisteak berretsi egingo luke hori.

1875. ZIZUR NAGUSIA-GAZOLAZ. Martxoaren 29an, ustekabean, globo handi batek hartu zuen lurra zendean; Zizur Nagusi inguruan edo Gazolaztik hurbil, iturriaren arabera. Lau bidaiari frantziar zekartzan, Baionatik Ezpeletara joateko asmoz abiatu, ibilbidea hegoalderantz luzatzea erabaki, eta azkenean, globoa gobernatu ezinik, bidaia nola edo hala Zizurren bukatu behar izan zutenak. Julien Vinson zen bidaiari haietako bat. Ia hamar urte zeramatzan ordurako Baionan lanean Indian jaiotako euskalari frantziarrak; Bonaparterekin harremanetan jarri, euskarari buruzko materialak bildu eta lanak argitara ematen hasteko beta izan zuen. Euskara ongi ezagutzen zuen beraz Vinsonek, eta baita Bonaparteren mapa ere, eta lur hartu ostean inguruko zenbait biztanle laguntzera joan zitzaizkienean euskaraz ba ote zekiten aztertzeko parada izan zuen, printzeak bere mapan ezarritako mugak zuzenak ote ziren ikusteko. Bidaiariengana hurbildu ziren berrogeita hamar pertsonen artean euskaraz aise mintzo ziren bi besterik ez omen zituen aurkitu Vinsonek; bi emakume. Ez zuen haur euskaldunik ikusi. Euskara gibelka zihoan, argi eta garbi, Zizur inguruan.

trilla_zizur_comprimida

Zizur, 1943ko argazki batean.

1943. ZIZUR NAGUSIA. Urte horretan hil zen Faustino Mariano Erro Zabaltza, Joxemiel Bidador zenaren esanetan zendeako azken euskaldun zaharra izan bide zena. Faustino Erro 1865eko otsailaren 2an jaio zen Zizur Nagusian. Bertakoa zuen aita ere; ama, berriz, are hegoalderago dagoen Muru-Astrainen jaioa. 1894an ezkondu zen jaioterrian bertan Dionisia Galarrekin. XX. mende hasieran ahituz joan zen eskualdeko hondar belaunaldi euskalduna dakarkigu gogora Errok (Uterga edo Garesko albisteek bezala), eta Gerra Zibil inguruko urte haietan bertan euskararen azken txinpartak Iruñerri hegoaldean bizirik ziratekeela iradoki ere bai.

Nafarroako udalerriak ZizurLa cendea de Cizur, tan fuertemente vinculada a lo largo de los siglos a modos de vida tradicionales como profundamente transformada y urbanizada durante las últimas décadas, ha visto también cómo su variedad propia del euskera ha pasado de ser lengua prácticamente única a quedar primero arrinconada y desaparecer finalmente de los pueblos e incluso de la memoria de gran parte de sus habitantes, aunque no de los nombres de casas, montes o terrenos que recuerdan cómo se expresaba Cizur antes de perder su lengua vasca. Esa pérdida definitiva, fraguada en gran medida a lo largo del siglo XIX, es sin embargo más reciente de lo que cabría pensar. Los últimos depositarios del euskera tal y como se habló en la cendea vivieron hasta el siglo XX y aún hace 75 años no se había extinguido del todo el habla que conservaron y del que esta entrada aporta algunos pequeños testimonios.


Euskararen lekukoak: BARASOAIN

Mapa Barasoain

Barasoain aipatzearekin aurreneko aldiz ekarriko dut Orbaibar blogaren txoko honetara; euskararen historiari begiratuz gero emankorra eta interes handikoa da eskualdea. Artaxoarekin eta Tafallarekin hirukia osatzen duen Barásoain, gaztelaniazko izendapen ofizialean ere saiatu da aldentzen oinarrian latinezko –anus omen duten herriak izendatzerakoan erdaldun zenbaitek darabilen -aín trakets horretatik. Kasu honetan, gaztelaniaz hobetsi den formak hurbil ditu mende askotan zehar euskaraz mintzatu izan ziren barasoaindar haiek. Tafalla horren hurbil zuten barasoaindarrek berandura arte eutsi zioten euskarari. Martin Azpilikueta sonatuaren XVI, mendeak lekukotasun ugari utzi dizkigu, baina bada askoz berankorragorik ere.  Hona hemen adibide sortatxoa, asko eta asko blogean dagoeneko aipatu dudan Fernando Maiora ikerleak iluntasunetik aterata:

Martin_Azpilicueta

Martin Azpilikueta, barasoaindar jakintsua.

1554. Barasoaingo Cathelina Subiza, aitzurra hartuta, bere amaren etxeko pareta bat puskatzen hasi zelarik, ama bertara hurbildu eta euskaraz hasi zitzaion: aquella le dixo en bascuençe a la dicha Catelina, buen peon andas esta mañana, que buena priesa te das…

1558. Berrogei urteko Pedro Beuntza barasoaindarrari euskarara itzuli behar izan zioten hark deklaratutakoa, ados zegoen ala ez esan ahal izateko.

1565. Beatriz Tiebas eta Violante Ximenez andere barasoaindarrak irainka aritu ziren. Lekukoek adierazi zutenez, andurrcarra, que quiere dezir mala vieja, edota andurr probatua bezalakoak esan zizkioten elkarri.

1568. Barasoaingo errementari batzuek euskaraz ari zirelarik egin zioten eraso bezero bati, lana ordaintzerakoan sortutako ika-mika baten ondoren.

1577. 70 urte pasatxoko Catalina Arraiz barasoaindarrari euskaraz azaldu zioten hark adierazitakoa entzun eta gero eskribauak gaztelaniaz idatzi zuena.

1584. Barasoaingo errotara heldu beharreko ura bidean galtzen zela-eta, borrokan hasi ziren abuztuko iluntze batean Joan Armendariz errotaria eta herritar batzuk. Lekuko batek errotariaren euskarazko oihuak entzun zituen gainerakoak kolpeka hasi zitzaizkionean. Armendariz sendatu zuen zirujauaren esanetan, liskarra hasi aurretik batzuek eta besteek izandako hizketaldi garratza ere euskaraz izan zen.

1587. Gasteizko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da Barasoain ere.

Barasoain Azpilikueta

Azpilikueta sendiaren jauregia, Barasoainen

1593. Lihoa ureztatzeko sortutako ubidetxo baten erruz muturka hasi ziren Barasoaingo zenbait lurjabe. Istilurik handiena Joanes Aldunate ubidegilearen eta Joanes Olkozen artekoa izan omen zen. Hainbat lekukok azaldu zuten ikusitakoa auzian. Aldunatek eroa esan zion Olkozi makilaka erabiltzearekin batera. Bultza ere egin omen zion (dio al dicho Joanes de Olcoz con las manos un bulco) eta esterju çarra goaye arat oihukatu. Esterju hitzak ‘corto de vista‘ esan nahi omen du. Olkozen emazteak bere senarrari ‘esperjuro‘ deitu izana (zitala, deabruak hartua) leporatu zion Aldunateri. Honek ezetz erantzun zion: no he dicho yo tal, mi luçe çarra bayce esterju çarra.

1594. Barasoaingo Sabat Ioldik ez zekien gaztelaniaz. Deklarazioa hartu zion komisariak euskaraz ongi ez zekienez itzultzailea behar izan zuen.

1595. Gauza bera gertatu zitzaion Joana Orzaitz alargunari.

1600. Andurr çarra, que quiere decir mala mujer, esan omen zion Maria Zuarrondok Teresa de Alegria errainari.

1604. Deklarazioa euskaraz ulertarazi behar izan zioten Remiro de Monreal izeneko bati. Barasoainen bizi zen. Halaxe Joana Leozi eta Maria Buzunarizi ere.

1615. Antzeko egoera batean, euskarara itzuli zieten deklarazioaren erdal testua hainbat orbaibartarri. Haien artekoa zen Joanes Sola, natural y havitante en el dicho lugar de Varasoayn.

1629. Barasaoaingo hainbat biztanleri en lengua basconil eman zien aditzera eskribauak eskritura batek zioena.

1660. Joan Dicastillo eta Pedro Santestebanen arteko liskarra izan zen uda partean, San Bartolomeren ohorezko jai egunetan, biak zezenak ikustera joanik. Makila batez jo zuen Santestebanek Dicastillo, eta jipoitutakoa ezpata hartuta itzuli zen beranduago. Istilu hauen ondorioz hil egin zen Dicastillo, eta Barasoainen bizi zen lekuko zerrenda luzea deitu zuten prozesuan. Deklaratutakoa euskaratu behar izan zieten. Haietako bat behintzat Barasoainen jaioa zen: 53 urteko Joan Ancil laboraria.

1694. Barasoaingo alkate Simon Olkoz eta Jaime de la Puente gaitajolearen arteko auzian, herriko lekuko batek ezin izan zituen azaldu alkatearen emazteak musikariari esandako hitzak, por hablarlas en castellano. Bazen beraz gaztelania erabiltzeko gai zen barasoaindarrik ere.

1708. Inor aitonen seme izateari buruzko ikerketa batean, a varias personas notables (herriko apaiza tarteko) gaztelaniaz galdetu ostean, herritar baten laguntzaz galdetu zieten beste lau bizilaguni, viendo que hay muchas personas que no saben ni entienden mas que el idioma Basquence. Gaztelania bazekienik bazen beraz herrian; baina gutxiengo izanik oraindik.

Barasoaingo enparantza

Barasoaingo enparantza

1714. Que los hijos de la Valdorba hablan su lengua, el bascuence, idatzi zuen Francisco Elorza Barasoaingo abadeak bere nobiliarioan.

1744. Barasoaingo Udal Artxiboan bilduta dagoenez, derrigorrez jakin behar zuten euskara herrian parroko lana beteko zutenek para la buena direccion de la feligresia. 

1753. Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko agiri baten arabera, egoera ez zen aldatu: Barasoaingo abade izan nahi zuenak, eliza-gaietan trebe zela ez ezik, derrigorrezkoa zuen agertzea la suficiencia en el idioma bascongado por ser natibo dicho idioma de los de esta villa.

1749-1764. Urte haietan Lazaro Baigorri barasoaindarra izan zen Agoizko apaiz, herritarrek aukeratuta. Mende osoan zehar euskaldun izatea derrigorrezko baldintza izan zen Agoitzen bikario aritzeko.

1772. Besollako jaunak barasoaindar bat hautatu zuen haren esanetan euskaldun huts zen Bariaingo erretoretzarako.

XIX. mende hasiera. Herri erdalduntzat hartu zuten auzitegietako datu-biltzaileak bidaltzeari zegokionez. Argi dago, ordea, euskaraduna zela oraindik ere Barasoain, eta hainbat urte beranduago emandako lekukotasunei begira, gazte, eta are haur euskaldunak ere bazirela pentsa daiteke.

1828. Urte hartako prozesu baten arabera Leon Echaide txokolategilea, Martin Antonio Navarlaz eta Antonio Berrueta arotza hizketan aritu ziren Barasoainen, herrian izandako gertaera bat hizpide hartuta. Solasa gaztelaniaz izan zen, baina Echaidek esan zuenez Berruetaren erdara ez zen oso ongi ulertzeko modukoa: el dicho Berrueta como es de idioma bascongado abla el castellano en terminos que muchas de sus expresiones no puede comprender  con aquel sentido cual corresponde. Prozesuan ez omen da ageri Berrueta arotza barasoaindarra zen ala ez. Nolanahi ere, Orbaibarren (Leotzen, hain zuzen) bazen Berrueta abizenekorik XIX. mende hasieran.

1831. Josefa San Martin euskaraz hasi zitzaion hizketan Jose Vidaurreri, eta honek bidali egin zuen, ez baitzuen euskararik ulertzen. Zaila da berriro ere albistea zehaztasun erabatekoz interpretatzea, datuak falta direlako. Bistan da nolanahi ere Barasoainen euskaraz entzun egiten zela, eta ez zela herriko guztien hizkuntza. Vidaurre laboraria zen, 32 urtekoa eta aita zein anaia ere herrian bizi ziren. Emaztea, Martina Sarriguren, orbaibartarra zela pentsa daiteke; 1804an Amatriainen bataiatutako Juana Martina Sarriguren bat behintzat bada. Oso litekeen gauza da beraz Jose Vidaurre erdalduna barasoaindarra edo inguru hurbilekoa izatea. Josefa San Martin euskalduna barasoaindarra izango al zen? Ez dakit. Galarren, Eguesen edo Arakilen bada garai hartan izen horrekin jaiotakorik.

1859. Maiatzaren 19an  hilda topatu zuten Puiun 53 urteko Maria Angela Aldaz; kanpotarra zen, eta eskale ibili omen zen inguruan, burua galdu samartuta, hil aurretik. Heriotzak eta hildakoa nongoa ote zen jakiteko ahaleginek xehetasun interesgarriz betetako prozesu luzea eragin zuten; besteak beste, Aldaz Erasoko imoztarra zelako eta euskaraz aritu zelako herrian barrena hil aurretik; jakin ere, ez zekien ongi gaztelaniaz (como no se esplicase bien en castellano, adierazi zuen lekuko batek).

Batetik, hainbat datuk iradokitzen dute euskara ez zela ordurako nagusi inguru hartan. Lekuko batzuek ez zuten ulertu emakumearen hitzik: batzuk ez ziren eskualdekoak izango (Agapito Gainza peoia, esaterako, Iguzkizan jaioa zen seguru asko), baina beste horrenbeste gertatu zitzaion Barasoainen bizi zen 36 urteko Cipriano Navazi ere. Honek euskaldun baten laguntza eskatu behar izan zuen emakumea gaztelaniaz trakets hasi zitzaionean. Ez dakit ordea Navaz jatorriz barasoaindarra ote zen.

Baina bada bestelako arrasto deigarririk ere: Navazi lagundu eta Imozko emakumearekin euskaraz hasi zen pertsona ere Barasoainen bizi zen; 30 urte zituen eta Francisco Ugarte zuen izena. Non jaioko zen? Non ikasiko zuen euskaraz gazte samarra zen Ugarte honek? 1829an Puiun Francisco Ugalde izeneko bat jaio zela jakinda, tentagarria da biak bat izan ote ziren susmatzea. Tentagarria, baina zaila; ezin da halakorik ziurtatu.

1859ko gertakizunak iradokitzen duena honako hau izan daiteke: bazen noski orduko Barasoain hartan euskararik ez zekienik; baina bazekienik ere bai.

1863. Euskara oraindik galdu ez zuen lurraldearen azken muturrean irudikatu zuen Bonapartek Barasoain, ondoko Garinoain herriarekin batera. Apirilaren 9an Etxenikeri idatzitako gutunean bi aldiz adierazi zuen Barasoainen ez zela euskaraz hitz egiten: ‘Vous avez parfaitement raison quand vous dites qu’à Barasoain et à Unzue on ne parle pas basque’ (…) ‘Barasoain et de Unzué où le basque n’est pas parlé’. Ez hitz egiteak ez du esan nahi euskaraz zekien inor ez zegoenik, jakina. Are gehiago printzeak, mapan, Barasoain euskararen eremuaren barrenean utzi zuela ikusirik. Adineko batzuek gordetako hizkuntza baino ez zen izango ordurako.

1884an antzeko aipamena egin zuen Campionek bere Gramática-n. Euskaldunik ere bazuen herrien zerrendan sartu zuen Barasoain, baina Bonaparteren zerrenda kopiatu besterik ez zuen egin. Ezin jakin Barasoaingo euskarak oraindik inoren gogoan iraungo ote zuen. Nolanahi ere, balizko azken hiztun horiek  XIX. mendearekin batera desagertuko ziren noski.

Aipamen zerrenda luze honek ez lituzke baztertu beharko historiak utzi dizkigun Barasoaingo eta inguruko hamaikatxo ezizen euskaldun: Orbaibarko antzinako testuak gaztelania hutsean edo euskararen aipamenik gabe mintzo direnean ere etengabea da testu haietan islatuta dauden gizon-emakumeen euskal gaitzizen jarioa: Urdin, Chipia, Moça, Ezcomberria, Juan Zar, Belcha, Ezquer, Gaztea, Viurria, Mayzterra, Carrica, Arçay… 

Nafarroako udalerriak BarasoainBarásoain, apenas a tiro de piedra de la ciudad de Tafalla, conservó durante largos siglos -como todo el Valle de Orba- el euskera en el que descubrimos comunicándose a sus habitantes desde que los testimonios más antiguos dan noticia. El entorno en el que el futuro ‘Doctor Navarro’, Martín de Azpilicueta, dio sus primeros pasos, fue así vascoparlante como tantos y tantos otros de la Navarra Media. Como en muchísimos lugares del Reino, apenas unas pocas frases exhumadas de diferentes archivos dan reflejo directo, pálido pero insoslayable (a falta hasta hoy día de textos de mayor extensión) del euskera en el que los barasoaindarras vivieron, discutieron y se relacionaron hasta el siglo XIX. Los últimos depositarios del habla vasca de la localidad se extinguieron a buen seguro durante las últimas décadas de dicha centuria.

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2013(e)ko iraila
    A A A A O I I
    « Uzt   Urr »
     1
    2345678
    9101112131415
    16171819202122
    23242526272829
    30  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu