Iruñea ia oso-osorik inguratuz eta Iruñerriaren gorputza hein handi batean osatuz, zendea izena daramaten bost udalerri zabal daude gaur Nafarroan: Zizur, Itza, Oltza, Galar eta Antsoain. Aspaldi azpimarratu da euskarazko zendea izenak latinezko centena(m) hitzarekin izan lezakeen lotura. Iruñerrian daude Nafarroako zendea guztiak; Zizurkoa hamaika herri eta herrixkak osatzen dute egun, Zizur Nagusia udalerri beregaina baita 1992tik.

Iruñea inguru osoan gertatu bezala, XIX. mendean ahuldu zen euskara Zizurren, eta XX. mendean zehar ito, isilik ito ere, ordurako erdaldundutako hiriburuaren babesa eta erreferentzia galdurik. Hala ere, bazen oraindik duela ehun urte Iruñerriko hegoalde hartan arbasoen hizkuntza emateko gai zenik. Zizurko euskararen historia oparo baina emeki-emeki iraungi horrek utzi du, nahi baino gutxiago izan arren, aipatzeko moduko aztarna zenbait.

Zizur 1923-2013

Zizur 1923an eta 2013an: hamaika gauza aldatu dira.

1587.  Esan gabe doa urte hartako herrien zerrendan bascongado-tzat jo zituztela bai Zizur Nagusia, baita gaur Zizur osatzen duten gainerako herrixkak ere, Iruñea bera erdaldunen multzoan aipatu arren.

XVII. mendean zehar, GAZOLAZ, LARRAIA eta MURU-ASTRAINgo parroki-artxiboetan bederen, ikustariaren aginduak herritarrei euskaraz jakinarazi zizkietela dago adierazita.

sagues

Saguesko eliza 80ko hamarkadan

LARRAIAko apaizak, mende hartan bertan, itzultzaile lana egin behar izan zuen inor aitonen seme izateari buruzko ikerketa prozesu batean, informazioa eman behar zuten larraiarrek ez baitzekiten gaztelaniarik. Inguruko herriren batean ez bezala (Etxaurin, esaterako), Larraian den-denek behar izan zuten itzulpena gaztelaniaz galdetzen zietena ulertzeko.

1744.  SAGUES herrixka Pueblo Bascongado izendatu zuten auzietan datu hartzaile aritzen ziren komisarien izenak, ibilitako tokiak eta datak biltzen zituen Libro de repartimientos delako liburuan. Kontuan hartu behar da bascongado hitzaren adiera ‘euskaldun huts‘ izan ohi zela.

1765-67. Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Nafarroako hainbat herri euskaldunetan lan egiten utz ziezaieten idatzitako txostenetan, gehiengo euskalduna izan arren gaztelania ere den-denek ezagutu edota ulertzen zuten herrien multzoan sartu zuten zendea, honako hau adieraziz: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo. Hamarkada haietan behin baino gehiagotan azaleratutako auzia izan zen ea Nafarroako herri askotan ba ote zegoen gaztelania ulertzeko gai zen biztanle kopuru handixkorik. Komisari hauek behin baino gehiagotan puztu omen zuten erdararen benetako ezagutza beren interesen mesederako.

1804. ZIZUR NAGUSIA.  Juan Antonio Sagues ollotar euskalduna izendatu zuten apaiz lagunkide. Euskaldun izanik, gaztelaniaz azaldu nahi izan zien doktrina eliztiarrei. Apaiz nagusiak adierazi zuenez, ha esplicado la doctrina [Saguesek], ha sido en romance, con poco o ningún fruto de los feligreses que se hallan habituados al bascuenz. Gaztelania erabili zuen Ollokoak, antza denez, porque, aunque es bascongado, se ha entorpecido para producirse en bascuenze y le es más cómodo y más fácil darse a entender en castellano. Apaiz lagunkideak honako hau esan zuen zizurtarrei buruz: poseen perfectamente el ideoma castellano, de suerte que nadie lo ignora.

1858. Urte hartan Estadística de Navarra lana eman zuen argitara Florencio Sanz y Baeza idazle iruindarrak. Ez zuen hitz atseginik erabili Iruñerriko biztanleez ari zela, eta Zizurren mediku zebilen Francisco Lacave zangozarraren berehalako erantzuna izan zuen: 36 orrialdetako Defensa de los aldeanos de la cuenca de Pamplona liburuttoa. Lacavek Zizurko euskararen bizitasunaren testigantza eman zuen, berak ere bere gaixoen euskaraz hitz egiten bazekiela idatzi baitzuen.

Julien_Vinson

Julien Vinson, zizurtarren ezusteko bisitari 1875ean.

1863. Bonaparteren mapak galbidea hasita irudikatu zuen zendeako euskara: Zizur euskararen eremuaren baitan zegoen (Orbaibarrera bitarteko eskualde guztia bezala) baina hizkuntzaren ahultasuna eta ordurako nagusi ez izatea salatzen zituen kolore argiaz baliaturik. Bazen oraindik, antza, haur eta gazte euskaldunik; baina salbuespena izango ziren. Ondorengo albisteak berretsi egingo luke hori.

1875. ZIZUR NAGUSIA-GAZOLAZ. Martxoaren 29an, ustekabean, globo handi batek hartu zuen lurra zendean; Zizur Nagusi inguruan edo Gazolaztik hurbil, iturriaren arabera. Lau bidaiari frantziar zekartzan, Baionatik Ezpeletara joateko asmoz abiatu, ibilbidea hegoalderantz luzatzea erabaki, eta azkenean, globoa gobernatu ezinik, bidaia nola edo hala Zizurren bukatu behar izan zutenak. Julien Vinson zen bidaiari haietako bat. Ia hamar urte zeramatzan ordurako Baionan lanean Indian jaiotako euskalari frantziarrak; Bonaparterekin harremanetan jarri, euskarari buruzko materialak bildu eta lanak argitara ematen hasteko beta izan zuen. Euskara ongi ezagutzen zuen beraz Vinsonek, eta baita Bonaparteren mapa ere, eta lur hartu ostean inguruko zenbait biztanle laguntzera joan zitzaizkienean euskaraz ba ote zekiten aztertzeko parada izan zuen, printzeak bere mapan ezarritako mugak zuzenak ote ziren ikusteko. Bidaiariengana hurbildu ziren berrogeita hamar pertsonen artean euskaraz aise mintzo ziren bi besterik ez omen zituen aurkitu Vinsonek; bi emakume. Ez zuen haur euskaldunik ikusi. Euskara gibelka zihoan, argi eta garbi, Zizur inguruan.

trilla_zizur_comprimida

Zizur, 1943ko argazki batean.

1943. ZIZUR NAGUSIA. Urte horretan hil zen Faustino Mariano Erro Zabaltza, Joxemiel Bidador zenaren esanetan zendeako azken euskaldun zaharra izan bide zena. Faustino Erro 1865eko otsailaren 2an jaio zen Zizur Nagusian. Bertakoa zuen aita ere; ama, berriz, are hegoalderago dagoen Muru-Astrainen jaioa. 1894an ezkondu zen jaioterrian bertan Dionisia Galarrekin. XX. mende hasieran ahituz joan zen eskualdeko hondar belaunaldi euskalduna dakarkigu gogora Errok (Uterga edo Garesko albisteek bezala), eta Gerra Zibil inguruko urte haietan bertan euskararen azken txinpartak Iruñerri hegoaldean bizirik ziratekeela iradoki ere bai.

Nafarroako udalerriak ZizurLa cendea de Cizur, tan fuertemente vinculada a lo largo de los siglos a modos de vida tradicionales como profundamente transformada y urbanizada durante las últimas décadas, ha visto también cómo su variedad propia del euskera ha pasado de ser lengua prácticamente única a quedar primero arrinconada y desaparecer finalmente de los pueblos e incluso de la memoria de gran parte de sus habitantes, aunque no de los nombres de casas, montes o terrenos que recuerdan cómo se expresaba Cizur antes de perder su lengua vasca. Esa pérdida definitiva, fraguada en gran medida a lo largo del siglo XIX, es sin embargo más reciente de lo que cabría pensar. Los últimos depositarios del euskera tal y como se habló en la cendea vivieron hasta el siglo XX y aún hace 75 años no se había extinguido del todo el habla que conservaron y del que esta entrada aporta algunos pequeños testimonios.