Ekain hasieran azkeneko aldiz aipatu nuenetik, Nafarroako euskal hiztun gehiago elkarrizketatu, grabatu eta sareratu ditu Ni Euskalduna proiektuak. Batetik, bertako mintzoa dagoeneko galduta duten herri batzuetan izan dira arduradunak (Alesbes, Gares eta Lizarran, hain zuzen) haietara bizitzera joandako euskaldun zaharren hitzak jasotzeko; baina tokian tokikoa ere bildu dute bestetik, euskalkia bizirik duten hiru herritan izan baitira uda hasi zenetik: Beran Josu Goia izan dute lekuko; Etxarri Aranatzen, aldiz, Jose Luis Jaka eta Jesus Razkin elkarrizketatu dituzte. Arantzan, azkenik, Kontxi Arzuri, Anttoni Makirriain eta Maria Josefa Biurrarenaren mintzoa jaso dute.
Nafarroako 14 herri daude gaur egun ikusgai nieuskalduna.metroo.es webgunean; azken urtebete honetan egin duten lanaren emaitza dira grabaketak. Gaur aipatutako herri euskaldunez gain, Doneztebe, Goizueta, Mugiro, Lesaka eta Zugarramurdi dira bisitatu dituzten gainerakoak.