Tweet

Egilea: Patxi Salaberri (zuz.)

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra

Urtea: 2013

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Euskarria: papera (sarean, hemen)

FLV 115

Ale bakarrean bildu ditu Fontes aldizkariak 2013. urteari dagozkion ikerlan guztiak. Ohi bezala, haietako zenbaitek lotura estua dute Nafarroako euskararekin. Hona hemen haien laburpena:

Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (7- barnera begirako zenbait erkaketa). Koldo Artola.

Arrieta Artzibar

Arrietako lekukoei bilduak dira azken hamarkadetan Artzibarko aldaera erabat desagertu aurreko hondar datu asko.

Aldizkariaren 103.alean Artzibarko euskararen inguruko gaiak argitara ematen hasi zenetik 300 orrialde pasatxo bete dituzte Koldo Artolak bildutako lekukotasun eta iruzkinek. Material jasotzeari, aldiz, 70eko hamarkada hasieran ekin zion eta azken hiztun baliogarriak bizi izan diren artean eten ez dela esan daiteke. Iruñe ipar-ekialdeko hizkera hau ia erabateko iluntasunean desagertu ez bada, ez da gutxi ikerle donostiarrari zor diona.

Zazpigarren saio honetan, lekuko eta datu berriak baino, haien arteko erkaketa-saio oparoa burutu du Artolak, lanaren izenburuak berak iradoki bezala. Artzibarko aldaerari buruz gordetako antzinako nahiz azken urteotako laginak bildu ditu:  1865etik 2002ra bitarteko ahozko zein idatzizko hamalau iturri guztira, honako herri hauetan jasotakoak: Hego Esteribarko bat (Ilurdotz, 1981-1986), Artzibarko sei (Arrieta, 1922-1992; Azparren, 1983-1985; Espotz, 1985-1986; Hiriberri, 1971-2002; Lakabe, 1925; Uritz, 1865) eta egun udalerri beregain den Orotz-Betelu (1880-1987). Bonapartek Artzibarko aldaerari egokitu zion eremu gehiena, beraz, Artzibar hegoaldea eta euskarari dagokionez hondarra  behatz artean bezala iheska joan zaigun Arriasgoiti bailara izan ezik.

Zortzi herri, beraz, eta 750 bat item izan ditu konparagai. Artolak berak aitortu ditu alderaketaren zabalak eragin dizkion zailtasunak, eta inoiz ahaleginak merezi ote zuen ere zalantzan jartzera iritsi izan zela. Nire ustez antolatu eta ikerlearen begi bistan jarri duen datu-kantitateak (eta haiei gehitutako 400dik gora oharrek) ezin material interesgarriagoa osatu dute, 2004an Aitor Aranak argitara emandako Artzibarko aldaeraren hiztegia osatu eta aberastera datorrena.

Iruñe ondoko euskal testu zahar berri bat. Ekaitz Santazilia.

Beti nahi baino gutxiago, baina badira zorionez Nafarroan behinola euskaldun izandako eremuek nolako mintzoa zuten antzematen lagun diezaguketen testu idatziak; eta agertu ere, ari da ezarian-ezarian agertzen orain arte ezagutzen ez genuenik. Euskara XX. mende amaieran galdutako Iruñerriko Txulapain ingurukoa da Ekaitz Santazilia ikerleak argitara eman eta iruzkindu duen azken hau. Ez da Txulapainek utzi digun lehendabiziko lekukoa: Nuinen parroko ibilitako Pedro Larraiozek XIX. mendean idatzi bide zuen euskarazko testu bat ezagutarazi zuen aspaldi Aita Franzisko Ondarrak. Hura bezala, Santaziliak aurkeztutako idazkia ere Erromatar Erritua (Rituale Romanum delakoa) azaltzen zuen liburuetako baten barruan agertu da, eta hark bezala, ezkongaiei esan beharreko oharrak biltzen ditu honek ere: ezconcera doaciñei emandaquioqueten aviso gaia, hain zuzen,

Untzuko testua Santazilia

Santaziliak iruzkindutako euskarazko idazkiaren lehendabiziko orrialdea

Erdal iturriaren itzulpena baino gehiago moldaketa den testu honi ez dio Santaziliak dialektologia balio nabarmenik aitortu. Ez du egile ezagunik ez data zehatzik ere (XVIII. mende amaierakoa dirudiela finkatzeaz haratago) eta, batez ere, Nuinen aurkitutakoaren aldean maila jasoagoa ageri du, ukitu literario eta guzti, zaildu egiten duelarik horrek testua herri jakin bateko mintzoarekin bete-betean lotzea. Orain arteko gainerako lekukoekin alderatuta Ezkabarte-Txulapain inguruko testuetako ezaugarri asko badituela da NUPko irakaslearen ustez esan daitekeen gauzarik argiena.

Dialektologia alorrean zeharkako balioa besterik ez aitortuta ere, ordea, oso interesgarria da testuaren beraren txukuntasun eta izaera landuak iradokitzen dutena. Batetik, ohar hauen moldatzaile anonimoak euskaraz idazteko ohitura zuela. Bestetik, ezkontzera zihoazenentzako testu mota honen euskarazko bertsioa nahikoa finkatuta zegoela Iruñerrian: Santaziliak ezagutarazitakoak ez du ez akatsik ez zuzenketarik, behin eta berriz orraztutako testu bati dagokion legez; Nuinen agertutakoa ere, hizkera herrikoiagoan emana datorren arren, gai berberari buruzkoa da, Txulapain ondo-ondoan, Ezkabarteko Sorauren herriko etxe batean agertutakoa bezalatsu. Espainian nagusi zen jarraibidearen arabera ezkontideek ulertu beharreko hizkuntzan (eta ez latin hutsean) eman ohi ziren eztei aurreko ohar hauek Iruñe inguruan euskaraz esateko usadioa sendoa zen, nonbait, XVIII-XIX. mendeetan.

Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa Nafarroako familia euskaldunetan (1970-2012). Paula Kasares.

Beren eremuan bakarrak edo nagusiak diren ‘osasun oneko’ hizkuntzek normaltasunez bermatzen dute belaunez belauneko jarraipena, hau da, belaunaldi batekoek ondorengoei transmititzea. Hizkuntza handientzat prozesu naturala da hori, berezkoa. Ez zaie gauza bera gertatzen beren eremuan nagusi ez diren edota (are gehiago) etorkizuna arriskuan duten edo galbidean dauden hizkuntza gutxituei. Interes handiko ikergaia da beraz belaunez belauneko jarraipen hori; familia, hizkuntza eta gizartearen arteko harremana bete-betean harrapatzen duen alorra, nahiz eta soziolinguistika lanetan ez omen den oso sakon aztertu.

186606_Paula-Kasares

Paula Kasares

Nafarroak badu eremu horretan zeresanik. Begi-bistakoa da euskarak Nafarroako hainbat eremutan bizi (izan) duen gibelatze eta galera-prozesuak eta egun bizi (nahi) duen indarberritzeak eta antzina galdutako eremuak berreskuratze-ahaleginak hagitz galdera interesgarriak eragin ditzaketela: zein baldintzatan gauzatu da Nafarroan azken hamarkada hauetan euskararen jarraipena? Nola ari da gertatzen gaur egun? Euskarari begira ia erantzunik izan ez duten horiek dira Paula Kasaresek bere tesian erantzun nahi izan dituen galderetako batzuk, eta ikerketaren ildo nagusien laburpena da artikulu honetan irakurleak topatuko duena.

Hizkuntzaren sozializazioa azken bolada honetan Euskal Herritik kanpo aintzakotzat hartzen hasia den lan-esparrua dela azaldu ostean, bi gai jorratu ditu filologo iruindarrak artikuluan: batetik, bere xedea gurean aurrekari zuzenik gabekoa dela ikusirik, euskararen jarraipena aztertzerakoan kontuan hartu beharreko eginbideak azaldu ditu, metodologiari dagozkionak batez ere. Bestetik, landa lanerako hautatu dituen bi inguruneak aurkeztu (Irurita eta Iruñea, Nafarroan euskararen jarraipenak duen aurpegi aniztasunaren adierazgarri) eta batean zein bestean ikertutako egoerak laburbildu ditu: Iruritak, eremu euskaldunean eta herri euskaldunez inguratuta egonagatik ere,  eteteko zorian izan zuen duela 40 bat urte hizkuntzaren jarraipena, baina galtze prozesu hori irauli zela esan daiteke. Horrek, eta herrigune erdaldunago eta baserri-auzo sakabanatu euskaldunagoaren arteko harremanak, biziki interesgarri bihurtzen dute kasua. Iruñeak, aldiz, primerako aukera eskaintzen du berezko euskara galdu duen ingurune erdaldun eta urbanoan gerta daitezkeen euskararen sozializazio-prozesuak aztertzeko.

Kasaresek artikulu-amaieran aipatutako ondorioetatik, honako hauek nahiko nituzke azpimarratu:

– Nafarroako euskararen historia, azken hamarkada hauetan, ez da lineala, lekuaren eta unearen araberako hainbat haustura eta estekaduna baizik.

– Familiaren baitan, nabarmena da haurrek hizkuntzaren jarraipenean duten eragina. Hizkuntza galtzen hasi den lekuetan eskolako gaztelania etxeetan sartzeko bezala, baita berreskuratze-prozesuetan eskolatik datorkien euskara etxekotzeko ere.

– Belaunaldi batek aurrekoaren euskara jasotzeko bidean derrigorrezkoa da gizartearen eragina aztertzea: familia izugarri garrantzitsua da, funtsezkoa, baina kezkabide larria da sarritan euskararen katean txertatu diren haur nafarrek euskara hori beretzeko eta hizkuntzaren jarraipena bermatzeko behar adina gizarte aukera egokirik ez izatea.

– Egungo nafarren euskarazko sozializazio-prozesua urrun dago historian zehar nagusi izan duen izaera mekanikotik: dinamikoa da gaur. Askotan, hiztunen gaitasunak berak baino gehiago euskararen gainean egindako hautuak (ikastea, transmititzea, edota ez jakinik ere seme-alabei eskuratzen laguntzea) gorpuztu eta bermatu du belaunez belauneko jarraipena. Hizkuntza-sozializazio eredua aldatu eta hiztunen kontzientzia, aldi berean, handitu dela esan daiteke.

 Gainerako artikuluek ez dute Nafarroako euskara mintzagai nagusi, baina euskararen historiari dagokionez interes handiko albisteak bildu ditu Fontes-en 116. ale honek: eder-ederra, horien artean, Arabako lautadako euskararen lekukotasun-bilduma zabaltzera datorren González de Viñaspre eta Uribarrenaren ekarpena.

Gainerako artikuluak:

– La reduplicación compleja en euskera. Iván Igartua.

– ‘Cer alcatte edo alcatte ondo’  Un dato para la geografía histórica del euskera en la Llanada Alavesa (Axpuru y Heredia). Roberto González de Viñaspre, Pedro Uribarrena Urionaguena.

– Euskararen laguntzalile ahantziaz: *iron aditzaren historia. ManuelPadilla Moyano.

– Basque complex predicates and grammar change. Juan Carlos Odriozola Pereira, Xabier Altzibar Aretxabaleta.

– Biformulatzaile urruntzaileak: euskarazko diskurtso-markatzaileen hiztegia osatzeko atariko azterketa. Inés María García Azkoaga.

– Sobre Deredia, nombre original y forma usada en euskera de Heredia. Mikel Gorrotxategi Nieto.

– Topónimos alaveses de base antroponímica terminados en -(i)ano. Patxi Salaberri Zaratiegi.

– Bai/ez galderen pertzepzioaren aldeak informatzaileen ama hizkuntzaren arabera: euskararen prosodia gaitasuna lantzeko zenbait datu argigarri. Iñaki Gaminde Terraza, Asier Romero Andonegi, Aintzane Etxebarria Lejarreta, Urtza Garay Ruiz.