Duela aste batzuk idatzitako Bidankozeri buruzko lehendabiziko sarreran, euskarak Erronkariko herri horretan utzitako hainbat lekukotasun ezagun bildu nituen. Gerra Zibil inguruan eten nuen kontaketa. Izan ere, Irigaraik 1935ean Bidankoze euskararen muga-mugan irudikatu osteko albisterik ez da idatziz bildu; gehienez ere, 1939-41 bitartean Igaritik Erronkarirako errepidean lan egitera joandako Francoren presoek herrian euskaldunen bat topatu izanaren oihartuna aipatu izan da azken urteotan, baina xehetasunik eman gabe. Hortik aurrera, euskara Bidankozen isil-isila itzali zela besterik ez nekien, hainbat tokitan bezala, diktadurapeko urte ilun haietan.

Bidankoze vista general

Bidankoze, aspalditxoko irudi batean

Hori horrela, gaur blogean Bidankozeko euskarari buruzko bigarren sarrera zabal hau agertu ahal izatea bidankoztarren beraien laguntzari eskertu beharra dago. Gotzon Pérez Artutx eta Dabid Lalana Salbotxi lehendabizi, haien interes, bilaketa, ohar eta aholkuek hurbildu nautelako elkarrizketatu ahal izan ditudan berriemaileengana. Mila esker bioi! Eta berriemaile horiei bigarrenik, erronkarierari eutsi zioten azken arbaso bidankoztar horietako batzuk gaur arte gogoan izateagatik eta zekitena nirekin elkarbanatzeko agertu duten borondate eta pazientziagatik. Bidankozeko euskararen katea erabat eten ez bada, haien meritua da.

Bidankozarte

Bidankozarte aldizkaria

Bidankozeko 70-90 bat urteko hamabost lagun izan ditut berriemaile. Zuzenean erantzun didate ia denek, eta seme-alaben bidez oso adinekoren batek. Guztira dozena batek-edo gogoratzen zuen jasotzeko moduko informaziorik, eta albiste batzuk iturri ezberdinek berrestea ere gertatu izan da horrenbestez. Den-denon laguntza eskertuz, jakingarri zehatzak eman ahal izan dizkidatenak bakarrik bildu ditut zerrenda honetan. Haien izena agertzerik nahi ez zutelako eman ditut biren inizial hutsak.

BERRIEMAILEAK:

  • A.J., (1931).
  • Alejandra Salvoch  (1927).
  • Dolores Urzainqui (D.U) (1944).
  • E.J., (1922).
  • Engracia Mainz (1931).
  • Evaristo Urzainqui (1931).
  • Fermina Artuch (F.A.) (1921).
  • Marcelino Pasquel (1932).  
  • Porfirio Mainz (1923) [arrebaren bidez].
  • Severino Ornat (S.O.) (1931).
  • Teresa Hualde (T.H.) (1930).
  • Teodora Iriarte (T.I.) (1916) [alabaren bidez].

 

Bereziki eman nahi dizkiot eskerrak arestian aipatu Gotzon Pérez Artutxi, lan hau prestatzean eman didan laguntzagatik ez ezik, berak sortu eta sarean ezarri duen Bidankozarte aldizkariagatik ere; sarritan erabili dut aldizkaria dokumentatzeko (Bidankozeko etxeei dagokienez, esate baterako).

Aurrekariak: XX. mende hasierako euskararen gainbehera.

Bidankoze Clase de religion

Bidankozeko XX. mende hasierako eskola umeak erdaldun hazi ziren. (iturria: www.vidangoz.com)

Bonaparte printzeak bere mapa handia prestatu zuenean, euskarak indartsu zirauen eremuaren mugan utzi zuen Bidankoze, Garderekin batera, eta hegoaldeko Burgi ez bezala. Indartsu, itxuraz bakarrik. Osasuntsu, inola ere ez. Bidankozen gehiengoa zen euskaldun 1860ko hamarkadan, eta ordura arteko bidankoztarrek (ia) salbuespenik gabe gurasoen euskara jasoko zutela pentsa daiteke, baina urte haietan bertan hasi zen segur aski euskararen jarraipena eteten herriko etxe askotan. Agian Maule aldera espartin egitera joan beharrak lagunduko zuen beste puxka batez hondar neskato belaunaldi euskaldun samar bati eusten, baina 1880ko hamarkadarako euskararen jarraipena argi eta garbi pitzatu izanaren seinale ezaguna dugu: Mariano Mendigatxaren bilobak urte haietan jaio ziren, eta ez ziren euskaraz aritzeko gauza. Badakigu Mendigatxaren ondorengo belaunaldia euskalduna izan zela, eta Mariano aitak Ramona Ines alabarekin (1858-1933) euskaraz egin zezakeela -halaxe idatzi zion Mendigatxak Azkueri-, baina alferrik saiatu zen aitona bilobak euskalduntzen; Mendigatxak berak aitortu zion lekeitiarrari nekez ikasiko zutela gazte haiek inguruan ordurako entzuten ez zuten hizkuntza (1903). Joan den mendea hasi zenerako erdaldunak ziren beraz gazte bidankoztarrak, eta euskara arras apalduta edo zeharo desagertua bide zegoen herriko karriketan.

Ikerleek Bidankozeri buruz utzitako azken lekukotasun zuzena 1935ekoa da. Irigarairen ustez herriari bere sailkapeneko VII. multzoa zegokion, adineko gutxi batzuek besterik ez zekitelako euskaraz, eta adineko haiek ere ez omen zutelako erabiltzen. Kalean ez behintzat, ikusi dugun bezala dexente zaharragoa baitzen Bidankozeko euskararen desagerpen publikoa. Baina bazen oraindik euskaldunik, urte gutxi batzuk beranduago Igari eta Erronkari arteko errepidea egitera bidalitako preso euskaldun batzuek (1939-1941) Bidankozen euskaraz hitzen bat egiteko aukera izan omen baitzuten. Norekin, ordea?

Galbidean, baina ez erabat galduta.

1940 inguru hartan ia ikustezina zen nonbait Bidankozeko euskara azken hiztunekin lotura zuzena ez zuten herritarrendako. Hilzorian diren mintzoei gertatu ohi bezala, etxe barreneko oso une jakinetara zegoen mugatuta ia beti uskararen agerpena. Hizkuntza jendaurreko erabilera guztietatik aspaldian erauzirik, lasai-lasai gerta zekiokeen urte haietako haur bati bere inguruan euskara bazenik ere ez sentitzea, edota hainbat hamarkada beranduago, zahartzaroan, halakorik ez gogoratzea, oroimena behartu artean gutxienez: berriemaileren batek duda izpirik gabe erantzun dit hasieran bere gazte denboran ez zela Bidankozen euskaraz egiten. Gero, hizketari lotuta, xehetasun interesgarri bat edo beste kontatzeko gauza izan da. Baina lekuko horrentzat, abiapuntu gisa, euskararik ez zegoen bere haurtzaroko Bidankozen, hizkuntzaren ikusgarritasuna (are oraindik galdu ez zutenen artean ere) guztiz ahula zen seinale.

Bestelako bizipen batzuen ondorioz euskarari buruz argiago mintzatu ahal izan zaizkidanak, azken euskaldun horiekin bizi izan zirenak dira eskuarki, baten bat ondo-ondoan izan zutenak. Etxe barrenean ia beti, edo -oso noizbehinka- kaleko unean uneko hartu-eman pribatuetan. Bidankozeko zenbait familiatan gutxienez bazen oraindik adineko euskaldunik gerra bukatu ostean. Berriemaileei esker ezagutu ditudan etxeetako egoera azalduko dut ondoren.

Landarna

Bidankoze Landarna

Landarna etxea

Agirien arabera, 1646an zein 1677an Juan Landa izeneko jabea zuen Bidankozeko etxe honek. Aspaldikoa da, beraz. Etxe hartan bizi izan zen Petra Nicolasa Jimeno Sanz (1859-1939), Gerra Zibilarekin batera joandako andere bidankoztarra. Engracia Mainz bilobak eman dit amonaren berri. Nire berriemaileak 8 urte baino ez zituela hil zen Nicolasa eta, zoritxarrez, ez du gogoan hura sekula euskaraz hizketan entzun izana. Ez dut aurkitu Bidankozen Landarnako emakume hau aipatu didan beste inor, baina amonaren euskalduntasuna gauza ziurtzat du Engraciak, etxekoei behin eta berriz entzundako kontua baita. Hamarkada berean zendutako euskaldun gehiago ezagututa (Mendigatxaren alaba Ramona, esaterako) eta Irigarairen 1935eko azalpenak kontuan harturik, datua egiazkotzat jotzeko modukoa iruditzen zait, eta horregatik ekarri dut hona, eskuratutako argiena ez bada ere.

Maisterra

Bidankoze Maisterra

Maisterra

Aspaldikoa da Bidankozen Maisterra abizena: 1613ko dokumentu batean, adibidez, ageri da. Laurehun urte beranduago galdua da, baina izen bereko etxearen bitartez iraun du. Maisterrak berandu samarrera arte eutsi zion euskarari, gainera. Rosa Ramona Salvoch Hualde (1857-1940) da horren lekuko. Etxe bereko Casimiro Salvoch eta Pelaireko María Cruz Hualde ziren Ramonaren gurasoak. Beste bi alaba izan zituzten Casimirok eta María Cruzek: urtebeterekin hildako Paula Estefanía, eta Francisca Paula (1863). Azken hau ere euskalduna izango zen noski, baina ez dut herrian gogoratzen duenik aurkitu. Agian gazte hilko zen bera ere. Herriko adineko zenbaitek Tía Rosa esaten zioten haren euskalduntasuna, aldiz, zalantzarik gabe ziurtatu didate bi bilobak: 1921ean jaiotako Fermina Artuchek, eta urtebete gazteago den E.J.-k, biek entzun baitzuten amona euskaraz. Ferminak kontatu didanez, halaxe aritzen zen inguruko herriren batekoa zuen bizilagunarekin, eta baita Orontzen jaiotako Estefanía Hualderekin ere. Estefania Rosa baino hamabost urte gazteagoa zen, aitarik gabe geratu omen zen umetan, eta Bidankozera eraman zuen Rosak ahizpatzat harturik. Bere bizitzako azken urteetan euskaraz aritzen zitzaien tarteka Rosa Salvoch ezer ulertu gabe entzuten zioten bilobei ere.

Elizalde / La Santa

Bidankoze Lasanta

La Santa, gaur egun

Etxe berri samarra da La Santa, 1907an eraikia. Indiano etxea da gainera: Santiago Sanz bidankoztarrak Amerika aldera egin zuen eta baita joan baino aberastuago itzuli ere, 1905ean. Herriratu eta handik lasterrera etxe berria eraikitzeari ekin zion emaztearekin batera. Emaztea Severina Fuertes Larequi andere euskalduna zen (1865-1946), Xapateroko Domingo Fuertesen eta Elizalde etxeko María Santos Larequiren alaba, Elizalden bertan sortua eta hil, aldiz, aipatutako La Santan hil zena.

Gotzon Pérezi esker ezagutu nuen hiztun honen izena eta Severino Ornat biloba izan dut ondoren berriemaile nagusi. Aipatzekoa da Severinoren arreba Atanasiak ez duela amona zena euskaldun izatearen kontzientzia handirik, eta Atanasia Ornaten senarrak berak, aldiz, ziurtasun handiagoa agertu duela puntu horretan emazteak berak baino. Severino Ornatek, edonola ere, amonak euskaraz ongi hitz egiten zuela du gogoan, eta hura izan zela Igari-Bidankoze-Erronkari errepidea egiten ari ziren presoekin euskaraz mintzatu zenetako bat. Izango zuen horretarako aukerarik, preso haiek Bidankozen hutsik zeuden etxe batzuetan sartu baitzituzten, eta lantokira joateko plazatik pasatu behar zirelako, Severina Fuertesen etxe ondotik, alegia.

Bidankoze Fuertes

Vicenta Fuertes Maizterra (1883-1971) azken euskaldunen ondo-ondoko emakume bidankoztarra. Ez zen hiztun osoa, baina gauza asko gorde zituen. Iturria: www.vidangoz.com

Paskel

Arestian aipatutako Atanasia Ornaten senarra (Marcelino Pasquel) izan da etxe honi buruzko albiste interesgarri-interesgarriak eman dizkidan berriemailea. Etxeaz, eta baita bere amona euskaldunaz ere: Petra Atanasia Salvoch Elizalde andereaz (1856-1947). Emakume hau ez zen abizen bereko Rosa Salvochen senide hurbila, José Antonio Salvoch eta Francisca Elizalde bidankoztarren alaba baizik.

Petrak lau urterekin galdu zuen ama eta pare bat urte beranduago amona; aitona ezagutzera iritsi ere ez zen egin. Aita baino ez zitzaion gelditu, beraz, eta alargundu ostean atzera ezkondu zen, Burgiko Felicia Garaterekin. Felicia 1838an jaioa zen. Datu interesgarria da, Burgin euskara Bidankozen baino lehenago galdu zela jakinda. Petra haurtxoak euskarari eutsi bazion, etxean jaso zuelako izango zen seguruenik, eta hizkuntzaren jarraipenean amek duten garrantzia ezagututa, zaila gertatzen zait 1838an sortutako Felicia Garate burgiarra erdalduntzat jotzea.  José Antoniok eta Feliciak beste hiru seme-alaba izan zituzten; ez dut haiei buruzko albisterik.

Bidankoze Paskel

Paskel etxea

Badute bestelako ilungunerik Petra Salvochen lehendabiziko urteek: 10 zituenetik 20 bete arte ez omen zen Paskel etxean bizi izan (ez dago garbi neskame joanda edo zertara, ez eta Bidankozen bertan gelditu zen ala ez). Bistan da ez zuela haurtzaro eta gaztaro lasairik izan, eta hainbat tokitan ibili zela harat-honat. Azkenean Bidankozeko emagin bihurtu zen eta urte asko eman zituen lanbide hartan, Martina Ornatek lekukoa hartu arte. Herrikoek oso maite izan zuten Petra Salvoch emagina.

Euskaldun osotzat du Marcelino Pasquelek amona Petra, inolako zalantzarik gabe (‘Sabía muy bien’), eta bere euskalduntasunaren arrasto askotxo gorde ditu gogoan: Rosa Salvochez ari nintzela aipatu dudan Estefanía Hualde oronztarra eta bere amona hainbat aldiz entzun zituen euskaraz; Marcelinori berari eta etxeko gainerako haurrei ere euskaraz hitz egiten zien haserretzen zenean errietan emateko (‘para que no entendiéramos lo que decía’). Azkenik, ibarrera zerri zikiratzera Sakana aldeko zikiratzaile euskaldunak joaten zirelarik, haietako batekin amona bidankoztarra gustura asko aritzen zela euskaraz gogoratzen du Pasquel etxeko jaunak.

Ornat

Bidankoze Ornat

Ornat

Lehenagotik ere Bidankozeko euskararen historia txikian ongi jositako izena da hori: esate baterako, Ornaten jaio zen 1796an Mariano Mendigatxaren ama Melchora. Ez zen ordea ama-seme horiekin eten etxe hartako euskararen katea; lau berriemaile ezberdinek dute oraino gogoan hantxe sorturiko Juana Paula Ornat Pérez bidankoztar euskalduna (1864-1950), Francisco Ignacio Ornaten eta María Ignacia Pérezen alaba. María Ignacia Burgin sortu zen (1833), Petra Salvochen amaorde Felicia Garde bezala. 1830eko hamarkadan jaiotako burgiar batzuk behintzat euskaldunak izan zirela eta (Bidankoze euskaldunagoan gutxienez) euskara transmititu zutela susmatzeko arrazoirik badago.

Lau berriemaileetatik hiru Paula Ornaten bilobak dira (A.J., E.J. eta Alejandra Salvoch); laugarrena (Severino Ornat) Paularen anaia baten biloba. Laurek ezagutu zuten Garro etxera ezkondutako andere hura, denek jo dute inolako zalantzarik gabe euskalduntzat (‘aquella sabía bien’, A.J.) eta denek entzun zioten euskaraz hitz egiten. Alejandra Salvochek, adibidez, bere bi amonak ikusi ohi zituen etxean erronkarieraz hizketan: Paula bera, eta laster aipatuko dudan Alejandra Calderero. E.J.-k ez du ahaztu nola eskatzen zion gainerako bilobekin batera amona Paulari euskaraz kanta ziezaien: ‘Abuela, ¡cántenos en vasco!’; eta hark elizako kantak abesten zizkien. 80 urte beranduago, berriemaile honek ez du oraindik guztiz ahaztu Mendigatxak bildutako ‘Gairon, Gairona‘ abestiaren arrasto xume-xumeren bat, Paula Ornati entzunda ikasirik: Gaiun, gaiun eliza, sortu Jesus… Nazareneko eliza, sortu gaiuna… Severino Ornaten ustez Paula izan zen 1939-41 bitartean errepideko presoekin hitz egin zuenetako beste bat.

Calderero

Bidankoze Calderero

Calderero

Bidankozeko Calderero etxean jaio zen 1859an lehen aurkeztu dudan Severina Fuertesen senarra, Santiago Sanz, Amerika aldera joan eta aberats bueltatu zen hura. Ez dakit gizon hau emaztea bezala euskalduna izango zen ala ez, baina garbi dago bera baino beranduago etxe hartan jaiotako emakume euskaldun bat behintzat izan zela: Josefa Alejandra Calderero Sanz (1869-1952), Santiagoren iloba. Aita, José, Salamancako herrixka batean sorturiko karabineroa zen, baina Anxelmo etxeko Agustina Sanz bidankoztarrarekin ezkondu zen, emaztegaia haurdun -eta erditzear- zegoela. Ezkontza harekin batera Calderero izena hartu bide zuen ordura arte Anxelmo zen etxeak.

Aita erdalduna izanagatik, euskaldun hazi zen gurasoak ezkondu orduko jaiotako alaba hura. Alejandra Salvochen oroimenean iraun dute gaur arte bere amona zenak eta haren euskalduntasunak. Arestian esan bezala, berriemaile honi zor diot Alejandra Calderero eta Paula Ornat elkarrekin euskaraz aritzen zirela jakin izana. Gazteek ulertzerik nahi ez zutenean egiten omen zuten hori Alejandra Salvochen amona biek. Bada besterik, gainera. Oso begiko izan zuen Alejandra Caldererok izen bereko biloba, hainbat mutilen ostean jaiotako neska izateagatik agian. Hala, goxotasun bereziz hartu zuen bilobatxoa eta luze aritzen zitzaion honetaz eta hartaz kontu kontari. Gaztelaniazko kontuak izan ohi ziren haiek, bilobak ez baitzekien beste hizkuntzarik, baina haiekin batera, Alejandra Salvochek sei bat urte zituela, Gabon kanta luzea irakatsi zion Alejandra Calderero amonak. 86 urteko bilobak ez du erakutsitakoa edo horren zati bat behintzat ahantzi, eta zalantzarik agertu gabe behin eta berriz esateko gauza da:

Belelen, Belelen,

sortu Jesus Nazare.

Nazareneko liza, en guriona kantate,

ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,

bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.

Txutxurubitate, Natiribitate.

Gairon gairona, argizagia, mellallandia,

zutan fiatze mundu guzia.

Ollarrak ata txoria mundu guzuti.

Goazen aingurieki, arkanxelireki, gar kantatzera,

gore erregiak en Xinko semiarena adoratzea.

Ez dakit Bidankozen horrenbeste eman dezakeen beste inor geldituko den. Nik ez dut aurkitu.

Salbotx

Bidankoze Ciriaco Salvoch

Ciriaco Salvochek 100 urte bete zitueneko argazkia (2005)

Ehun urtez bizitzera iritsitako bidankoztar bat baino gehiago ikusi du herriak azken hamarkada hauetan. Horietako bat, Salbotx etxeko Ciriaco Salvoch Juanco, XX. mende hasieran jaio eta 103 urte betetzera heldu zena, dut oraingo honetan berriemaile. Zeharkakoa ezinbestean, 2009an hil baitzen; baina Ciriacoren oroitzapenei eta oroitzapen horiek ondorengoei kontatu izanari zor diet Martina Salvoch Salvoch (1870-1949) eta María Jacinta Salvoch Salvoch (1871-1952) ahizpa euskaldunen aditzea.

Ahizpa hauek Ciriacoren izebak ziren, Gabriel Salvoch aitaren arrebak. alegia. Gabriel, Martina eta Jacintaz landara beste zazpi seme-alaba izan zituzten 1831n Bidankozen jaiotako Froilán Salvoch eta 1842an sortutako Marcelina Salvoch gurasoek. Hamar guztira. Gabriel, adibidez, 1874an jaio zen, eta beste lau munduratu ziren ondoren. Berdin helduko al zitzaien hamarrei gurasoen euskara muga-urte haietan? Etengo al zen katea nonbait?

Ciriacoren izeba Martinak eta Jacintak bederen euskara jaso omen zuten etxean 1870eko hamarkadan. Urte luzez ezagutu zituen ilobak ziurtasun osoz kontatzen zuen, hainbat urte beranduago, bi ahizpak euskaraz mintzatzen zirela bata bestearekin aritzen zirenean. Horrela iritsi da albistea Ciriaco Salvochen biloba den Dabid Lalana Salbotxengana.

Lengorna

Bidankoze Lengorna berria

Bidankozen badira Lengorna Berria eta Lengorna Zaharra

Bidankozeko beste hainbat bezala (Landarna, Hualderna…), hau ere sinkoparen azpian -REN jatorri-atzizkia ageri duen –RNA amaieradun etxea da.

Proposatzen ari naizen Bidankozeko hondar euskaldunen zerrenda honetan orain arte emakumeak besterik agertu ez badira ere (Erronkarin ohi bezala), gizonezko baten izena aipatuko dut azkenik: Antonio Evaristo Urzainqui Salvochena hain zuzen (1872-1959). Gizonezko izate hutsak albistea susmopean jar lezake beharbada, baina datuak sinesgarria ematen du eta aldez aurretik baztertzeko arrazoi sendorik ez dut aurkitu. Horra bada gizon honi buruz esan dezakedana, izen bereko Evaristo Urzainqui bilobak kontatua.

Egun 82 urte dituen Evaristo bere aiton-amonekin hazi zen txiki-txikitandik, ez gurasoekin. Etxean zituen beraz eta erreferentzia ezin gertuagoa ziren beretzat. Aitona, esandako Antonio Evaristo zen. Amona ere aipatua dut aurretik: Estefania Hualde (1872-1949), Rosa Salvochek ahizpa bailitzan Bidankozera eramandako emakume oronztarra. Evaristo bilobak dioenez, 1930eko hamarkadan zehar, bera haurtxoa zelarik, aiton-amonak euskaraz mintzatzen ziren etxe barrenean haiek ziotena bilobak ulertzerik nahi ez zutenean (‘hablaban vasco, al menos cuando yo era pequeño’). Beranduago, berriemailea kozkortutakoan, hori egiteari utzi ziotela ematen du, edota bilobak gehiago entzun ez ziela gutxienez. Etxeko giroari zeharo lotutako euskararen erabilera izango zen hartara aiton-amonen artekoa, eta hori dela eta esplika liteke gainerako berriemaileek Evaristo aitona ezagututa ere euskaraz bazekien ala ez ezin ziurtatu izatea.

Heriotza dataren berankortasunak zalantzan jarraraz dezake beharbada Evaristoren euskaldun izatea. Are gehiago gizonezkoa zela jakinda eta emakumezkoak izan zirela oro har euskararen azken gordailu Erronkari osoan. Baina komunikazio kontestua (euskara etxe barrenera mugaturik, gazteagoek ez ulertzearren) ez da ezezaguna eta beste berriemaile batzuek ere bermatu dute. Jaiotza-datari dagokionez ere, azaldu ditudan aurreko hiztunen inguru-ingurukoa zen Evaristo. Bestalde, Orontzen jaiotako emaztea izateak zekienari eusten lagunduko zion agian, Orontzen euskara Bidankozen baino beranduagora arte gorde zelako eta emaztea, haurtzaroan, senarra bera baino euskaldunagoa izango zelako ausaz. Evaristo Urzainqui euskaldun oso izan zitekeela ukatzeko arrazoi pisuzkorik ez dut.  

Zenbait hausnarketa

Bidankoze ABUELO LENGORNA

Lengorna etxeko aitona (www.vidangoz.com)

1. Orain arte agertutako izen zerrenda ez da inola ere itxia, jakina. Aipatutako bidankoztar horiek guztiak euskaraz moldatzeko gauza izango zirelakoan nago (ezin inoiz guztiz segurutzat jo) baina ez dut uste 1940ko eta 50eko hamarkadetan Bidankozen ziren erronkariera hiztun bakarrak haiek izango zirenik. 1960az haratago bizi izandako euskaldun zahar osorik izan ez zela ziurtatzea ere, ezinezkoa iruditzen zait une honetan.

2. Berriemaileek adierazitakoaren arabera ohikoa zen Bidankozeko azken euskaldun edadetu haiek, gazte erdaldunik inguratzen ikusi orduko, euskarazko hizketa etetea edota entzulea uxatzea. Gotzon Pérezek ixilikonai eta aski duk jaso dizkie egungo bidankoztarrei: horixe zen hainbatetan orduko adinekoei entzuten zietena, haiek solasteari utzi edota gaztelaniara jo aurretik. Aski duk hori Marcelino Pasquelek gogoan duela ziurtatu ahal izan dut nik. A.J.-k esan didanez, gogoan du oraindik nola mozten zuten jarduna herriko zenbait amonak ixiládi esanez bera bezalako gazteak heltzean. Ixiládi hori bera ez ezik, naiko ere aipatu dit herritik duela 55 urte atera zen Teresa Hualdek. ‘Los despachaban para que no oyeran’, esan dit Mendigatxaren birbiloba den Porfirio Mainzen arrebak. Hondar hiztun haiengan lotsa, hizkuntza erabiltzeko halako beldurra edota euskara ezkuturako baino ez izatearen sentipena nahasten zirela ematen du. Euskara gauza egokia ez izatearena, antza.

3. Noiz eten zen guztiz euskararen jarraipena Bidankozen? Arestian aipatutako zerrendatik kanpo, ordurako euskaldun oso ez zirela susma daitekeen beste bidankoztar batzuk dituzte gogoan berriemaileek, aurrekoen garai beretsuan edo pittin bat beranduago jaioak, transmisioa (ia?) erabat hondatu zeneko unea iradoki dezaketenak: Fuertes etxeko Maximina Fuertes Maisterra, adibidez (1873-1947), muga-mugan omen zegoen: ‘sabía vasco’ (E.J.); ‘no sabía tanto’ (S.O.); ‘no sabía tanto, entendía todo’ (A.J.). Hamar urte beranduago jaiotako Vicenta Fuertes Maisterra (1883-1971) Maximinaren zaku berean sartu du E.J.-k, baina beste bi berriemaileek ahizpa nagusiak baino are gutxiago zekiela uste dute (‘sabía menos que la hermana’, A.J.). Nolanahi ere, euskaraz jakin, bazekien zerbait (‘sabía muchas palabras, canciones’, T.I.) eta oraindik ere Maximina eta biak euskara mezuak kodifikatu asmoz erabiltzeko gauza zirela ematen du (‘usaba con la hermana para que no entendiera el padre [T.I.-ren alabak]). Hala izanez gero datu esanguratsua da: Vicentaren hamarkada berean jaiotako Mendigatxaren bilobak ez ziren euskaldunak. Alferrik saiatu zen Mariano Mendigatxa haiek euskarara hurbiltzen. Euskararen galera etxearen arabera azkarragoa edo motelagoa izango zela, eta Bidankozeko euskararen belaunez belauneko transmisioaren erabateko etena Bonaparteren bidaiez geroztikakoa dela iradoki dezake orain arteko guztiak. Datu gehiago beharko lirateke, baina okerrenera jota ere ez dut uste 1880 baino askoz lehenago gertatu zenik. Nolako eragina izango zuen prozesu hartan Bigarren Karlistadak?

4. Aurrekoari loturik, oso-oso berandura arte bizi izan dira euskara pixar handi samarrak (gutxienez!) gordetako bidankoztarrak: Marcelino Pasquelen aita Félix Pasquel Salvochek (1891-1974) 1800 inguruko Martin Bixente Larranbe arbasoari buruzko bertsotxo bat kantatu ohi zien Marcelino eta honen anaia Crisantori. Felixek ez zuen seguru asko euskaraz ongi jakingo, baina bertsoaren esanahia semeei esplikatzeko gauza zen. Marcelinok honela du gogoan bertso-zati desitxuratu samarra: Martin Bixen Larranbe, noble persona, usande uri guti eta boruntate ona (‘…pero ni sabíamos lo que era…mi padre nos solía decir que era una persona que tenía mucha voluntad pero dinero nada; éste era el tatarabuelo…’, M.P.). Martina Ornatek ere (1896-1984, Ornat etxekoa) bazekien zerbait: ‘hablar corriente, no; pero entendería muchas cosas’ (S.O.); sarri askotan zerabilen lehen aipaturiko ixilikonai hura. Donata Jimenok (1891-1994, Garro etxean jaiota, eta Largotena etxera ezkonduta, Paula Ornaten alaba): ‘sabía contar’ (F.J.); ‘sabía muchas cosas’ (S.O.); Constancia Pérez Sanzek (1905-1999, Santxena etxekoa) hamar arte behintzat bazekien zenbatzen, eta biloba ikasten hasi zenean, galdetu egiten zizkion zenbakiak, ea ongi zekizkien (D.U.); lehen aipatu dudan legez, 1927an jaiotako Alejandra Salvochek buruz daki oraindik 1933 aldera-edo Alejandra Calderero amonak erakutsitako Gabon Kanta, eta itxuragabetu samar bada ere zalantzarik agertu gabe kantatzeko gauza da. Alejandra Salvochen ama zena, Fulgencia Jimeno Ornat, aski anekdota deigarri baten protagonista izan zen 1970eko hamarkadan: udalekua Bidankozen zuten Donostiako haur euskaldun batzuk jolasean ari ziren herriko plazan eta Fulgencia ikusirik iseka egin zioten euskaraz. Andere bidankoztarrak haien trufak entzun, eta euskara erabiliz egin omen zien aurre, eta errieta eman ere bai. Hau hala izatera, Donata Jimenoren ahizpa zen Fulgenciak bazekikeen euskarazko pixarren bat baino gehixeago.

Bidankoze Casa Calderero

Calderero etxeko famili argazkia (www.vidangoz.com)

5. 1940-50erako euskara zeharo desagertuta zegoen Bidankozeko bizitza publikotik. Lehenagotik ere bai noski; baina egungo berriemaileek gogora dezaketen bezain zaharra da kalean batere ez erabiltze hori. Horrekin batera badirudi, gainera, etxeetako bakoitzean euskara oraindik pittin bat gorde izanaren edo gorde ez izanaren araberakoa dela berriemaile berantiar hauek duten gogorapena eta iritzia. Arestian esan bezala baten batzuek argi eta garbi agertu dute hasierako iritzia: Bidankozen, haien gaztaroan, ez zen euskaraz hitz egiten; gero berriemaile hauetakoren bat zenbait gauza interesgarri kontatzeko gauza izan da, ordea. Baina 40-50eko hamarkadetan bizi izandako ‘en la calle absolutamente nadie’ horrek pisu handiagoa du haien pertzepzioan noizean behin adinekoren bati (ez bere etxean, nonbait) entzundakoak baino. Beste zenbait berriemailek, aldiz, euskara etxean entzun omen zutenek oro har, hizkuntza kalean agortua zela onartuta ere ez dute azentua hor jarri, eta bai, ordea, dituzten gogorapenetan eta azken hiztun haien nondik norakoan. Berriemaile hauek ez dute aurrekoek bezala ‘gure gaztaroan ez zen euskaraz egiten’ azpimarratu. Etxeetan izan zuten euskararen esperientzia apalak beste pertzepzio batera eraman dituela ematen du. Kalean ez zen egiten, baina etxeetan, ahul bazen ere, euskara oraindik hor zegoela azaldu dute.

6. Jasotako datuei begira, 1950eko hamarkadan Bidankozeko euskara taxuz eman zezaketen lekukoak oraindik bazirela ulertu behar da, nik uste. 1950ean grabagailua hartuta bertara joandako balizko ikerleak ez zukeen 1970ean Izabara joandakoak baino gutxiago bilduko, seguru asko. Herriko euskarak ordura arte behintzat azken hatsik eman ez zuela ematen du. Hondar hiztun osoak desagertu ostean ere, gainera, zenbait urtez iraun du ondorengo bidankoztarren oroimenean gaur ere guztiz iraungi ez den hitz, kanta, bertso nahiz esaldi mordoxkak. Itxuraz paradoxa dirudien zerbait lortu dute bidankoztar hauen oroitzapenek: aspaldi, XX. mende hasieran bertan, kalerako dagoeneko galdua zen euskararen katea ez da zeharo etetera iritsi Erronkariko txoko honetan.

Es de sobra sabido que el euskera roncalés se extinguió a lo largo del siglo XX, y que en las localidades más septentrionales del valle (Isaba, Uztarroz) los últimos conocedores de dicho euskera fallecieron entre las décadas de los 70 y los 90. Fueron por lo general personas que llegaron a ser entrevistadas e incluso grabadas y que pudieron contribuir con su testimonio a un mejor conocimiento de esta variedad hoy tristemente desaparecida. Sin embargo, es muy poco lo que sabemos acerca de los últimos poseedores del habla roncalesa en las poblaciones más meridionales del valle, donde el ‘uskara’ se apagó en silencio años antes que en las anteriormente mencionadas, sin recogerse prácticamente noticia alguna sobre los últimos que llegaron a hablarlo. Es el caso de Vidángoz. En esta entrada, gracias al testimonio de diferentes bidankoztarras que llegaron a convivir en su niñez o juventud con algunos de los últimos poseedores del euskera de la localidad, y gracias también a la ayuda de quienes me han facilitado el acceso a ellos, he intentado recuperar aunque sea en parte el recuerdo de aquella postrera generación que recibió la lengua de sus mayores y la mantuvo, relegada ya de toda presencia social, invisibilizada y abocada a un uso cada vez más privado y esporádico, hasta bien entrada la posguerra; cuando menos hasta la década de los 50, conservado por hombres y mujeres como Alejandra Calderero (1869-1952), Jacinta Salvoch (1871-1952) o Evaristo Urzainqui (1872-1959). Los últimos rescoldos de aquel dialecto propio que los actuales mayores de Vidangoz apenas intuyeron conviven hoy con los esfuerzos de las generaciones más jóvenes por dar nueva vitalidad al euskera que hasta hace no tanto vertebró a la villa y a sus gentes.