Bidankozeko euskarari eta euskaldunei buruz esandakoak bukatutzat emateko, hona hemen Alejandra Salvoch bidankoztarrak (1927) duela 80 urte Alejandra Calderero amonaren ezpainetatik ikasitako Gabon kantaren grabazioa, 2013ko azaroan berak niri esan bezala.
Jarraian, grabazioaren transkripzioa:
Belelen, Belelen,
sortu Jesus Nazare.
Nazareneko liza, en guriona kantate,
ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,
bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.
Txutxurubitate, Natiribitate.
Gairon gairona, argizagia, mellallandia,
zutan fiatze mundu guzia.
Ollarrak ata txoria mundu guzuti.
Goazen aingurieki, arkanxelireki, ga[u]r kantatzera,
gore erregiak en Xinko semiarena adoratzera.
Hiru aldiz esan dit Alejandrak gogoan duena, eta bitan grabatu diot. Bigarrena, txukunena, da sarrera honetan eskaini dudana. Ziurtasun handiz eman zuen denetan, eta ia aldaketarik gabe. Aldaketa horiek gorriz nabarmenduta daude: zazpigarren lerroko mellallandia ahaztu egin zuen lehendabiziko grabazioan, baina txertatu dudan audioan entzun daiteke. Amaierako gar eta adoratzea hitzak, bestalde, apurtxo bat aldatuta eman zituen estraineko saioan: lehendabizikoaren -u- pittin bat entzuten zen (ez guztiz garbi, hala ere), bigarrenean diptongoaren arrastorik ez badago ere; azken aditz izena, aldiz, bokal arteko dardarkari eta guzti eman zuen hasierako grabazioan, baina hura gabe bigarrenean, esango nuke.
Gutxienez bi kanta-zati ezberdinen nahasketa ematen du Alejandra Salvochek buruan duenak. Batetik, Eguberri bezpera arratsaldean ibarrean kantatu ohi zen ‘Gairon, Gairona’ izenekoaren hainbat bertsolerro antzeman daitezke. Ondoren datorrena Estornes Lasak 30eko hamarkadan jasoa da, Alejandrak ikasi zuen tenorean bertan, Bidankozeko bertsio berantiarrarekin antzekotasuna non duen gorriz markatuz. Ikus daitekeen bezala erdia-edo izango litzateke (ordena nahasian, hori bai) Salvoch andereak nola edo hala gorde duena:
Ai Mariá,
Gairon gairona
sortu da Jein ona
natara bitate
urtere bitate
argizayiya,
mirall andia
zutarik mintzatzen da
mundu guzian
txand orok petik dakarte,
gilzak eskian dakarte
Paramuxko sagarra
…………………………………..
xagar kartarik xan dezala,
Jeina, semia ta alaba,
………………………….
dakiula balia
ilioan ta bizian
arimari ordia
oilarra txuri mundutik
aunguri ona zeuritik
ogi ona ostiarako
ardau ona kalitzarako
ketan bietan konbertituk
Jesukristo goretako
ekusirik birtute
kan dela
graziaz beterik dakarte.
Bestetik, Alejandraren jardunaren amaierak Erronkarin ez ezik Zuberoan ere kantatutako ‘Goazen’ak dakartza gogora; hasierako ahapaldia eta ezagunena, hain zuzen ere. Juan San Martinen arabera, diru eskean ibiltzeko erabili ohi ziren kanta hauek, baina Goazenak helduek abesten omen zituzten, eta Gairon Gairona, aldiz, haurrek. Ondoren datorrena San Martinek berak 60ko hamarkadan Uztarrozen bildutakoa da. Bidankozeko berriemaileak oso-osorik eman du, apur bat desitxuratuta bada ere:
Goa(t)zen aingurieki(n)
arkanxelieki(n)
gaur kantatzera,
gore Erregearen
Jeinko Semearen
adoratzera
Alejandrak berak pena zuen, gaur arte gogoan gorde duena idatziz jartzen jakin ez eta azkenean bildu gabe galduko ote zen. Nahiz eta grabazioaren kalitatea nola-halakoa izan, eta lekukotasuna apala, esandakoagatik bakarrik merezi zuen nire ustez Bidankozen gordetako azken erronkariera kondar hauek biltzea.