Archive for otsaila, 2014

Basaburuan topatutako XX. mende hasierako euskal testu laburrak

Itxaso

Itsaso herriko eliza, Basaburua ibarrean

[XIX. mende amaierakoak iruditu zitzaizkidan irakurri nituenean sarrera honetan aurkeztutako testuak. Juantxo Aleman imoztarrak azpiko oharretan emandako xehetasunen arabera, XX. mende hasierakotzat jo behar dira, eta hasierako izenburua (‘Basaburuan topatutako XIX. mendeko euskal testu laburrak’) aldatu egin dut horrenbestez. Mila esker Juantxori oharrengatik!]

Basaburuko apaiz izandako Andres Petrirenak Itsaso herriko apezetxean izan zituen luzaroan bilduta haraneko eliza liburu guztiak; egitekoari utzi zionetik ez dakit hala segituko duten. Hantxe ezagutu nituen 2007an orain hona ekarritako euskarazko lekuko apal hauek. Norbaitek Udabe herriari dagozkion bataio-oharren albo batean idatziak dira, 1765 aldeko sarreren ondoan. Dena den, egungo bataio-liburua XIX. mendean egindako kopia da (konbentzio gerrate ostean kopiatu baitzituzten liburu zaharrak, gerra garaian lur azpian gorde eta hezetasunak hartuta gelditu zirelako) eta idazkerari eta grafia-sistemari begira bistakoa da testuok, XVIII. mendekoak ez, baizik eta liburu zaharrak kopiatu ziren garaikoak-edo direla. Euskarazko apurren eta kopiaren beraren data zehatzik ez dakit, baina hantxe idatzitako guztia XIX. mende hondarrekoa dela esango nuke.

Bi lekukotasun ezberdin utzi zituen Basaburuko esku anonimo hark: ‘Oi zer zoriona’ izeneko eliz-kantaren zatitxoa batetik, eta ‘Mariaren bioza’ izenburua duten bertso batzuk bestetik.

Oi zer zoriona…

Izenburu honen azpian honako eliza-kanta hasiera hau dago idatzita:

Oi zer zoriona  ene biozean dagoena

Oi zer zoriona, zuk emanik, ene Jesus Jauna

882489168

‘Oi zer zoriona’ bilduta duen ‘Eskualdun kantikak’ liburuaren azala

Zoriona, zuk emana, Jesus Jauna (bis)

                                    1.

Urrun zaitezte, munduko plazerak

Urrun nere pensamentutatik

Jesusekin ditut atseguin bakarrak

Ez bada ni separa oietatik

                                    2.

Urbildu naiz mayz (?) santu ortara

Orra zer den guertatu

Jesus jeuchi da nere biozera

Artas nai duela jabetu

Nik ez nuen kanta hau ezagutzen eta nire inguruan inoiz ez dut entzun. Egungo basaburuarrek ere ez, antza: Andres Petrirenak ez zuen gogoan azken hamarkada hauetan haranean sekula abestu izana. Iparraldeko bertsio bat topatu dut Florentin Vogel organojole alsaziar eta Donapaleura ezkonduak 1935-36an argitara emandako Eskualdun Kantika liburuan; hemen kontsulta daiteke eta Itsason agertutakoarekin alderatu.

Ez da dudarik kanta berberari dagozkiola Vogelek bildutakoa eta Itsason agertutako zatia, azken honen hirugarren ahapaldiko ‘mayz‘ ustez akastun hori gorabehera. Euskarari dagokionez, Basaburukoak ez du Donapaleun argitaratutakoaren ekialdeko kutsurik. Eliz-abestien letrak euskalki berean haran batetik bestera (ia) aldaketarik gabeak eta finko samarrak izango zirela pentsatuta ere, eite nafar garbia du Udabeko bataio-liburukoak eta ez du Basaburuko euskaratik urrun itxurarik; ez litzateke harritzekoa inguru hartan erabilitako bertsioa horixe bera izatea. Hirugarren ahapaldiko jeuchi, Nafarroan ohiko zen jautsi-ren aldaera, iparraldekotzat du Orotariko Euskal Hiztegiak (OEH), baina ez da ahaztu behar inguruko testu nafarretan ere –e– batez erabili zela: Basaburuan bertan jaiotako Mariano Erbitik jeutsi eman zuen Beintza-Labaiengo doktrina idaztean, eta yeutsi ageri da Miguel Ignacio Armasa domingotar labaiendarraren prediku argitaragabeetan ere. Artas hitzaren amaierako -s apikaria bera (batuan NORTAZ kasuan ematen dugun -z bizkarkariaren ordain) ohikoa da Nafarroako erdiguneko eremu horretan eta, esate baterako, halaxe dator Imozko Goldaratz herrikoa omen den 1839ko prediku batean: eguiten dute pecatu mortala ardoari, olioari, aguardiente, eta beste onelaco generoari ura emanda salcen ditutenac, alacoric ezpalu bezala, batere artas errelajatu gabe.

Mariaren bioza

Eliz-kantu zatiaren ondoren, ‘Mariaren bioza’ izenburupean, honako hiru bertso hauek datoz:

                                 1.

Udabe Basaburua

Udabe Basaburu hegoaldean dago, Irurtzundik kilometro gutxitara

Mariaren bioza, bioz samurrena

Jaunarenzat beti sutan zauderena (sic)

Su artatik gu baitan emazu chingui bat

Agian hel gaitezen gu ere zerura (bis)

                                 2.

Utzirik pekatua zoriona kristaua

Bere Jainkoarekin paketua dena

Maria bere Amak zenbat eztitasun

ez dio gozarazten, hala gau hala egun

                                  3.

Maita dezagun beraz Ama bat ain ona

Pekatari guzien igues lekua dena

Har gaizazu ó Ama zure besoetan

Bai orai eta guzis azken orduan.

Basaburu ingurua

Sarrera honetan aipatutako herrietako batzuk, azpimarratuta

Ez dut uste bertso hauek egileak inori kopiatuak direnik, niretzat behintzat ezezagunak dira. 7-6ko eskemari segitzen diote berez, baina behin edo beste silaba kopuruan kale eginda eta erriman ere zorroztasun handirik gabe.

Polita da lehen ahapaldiko hirugarren bertsolerroa:

su artatik gu baitan emazu chingui bat

Txingar ordez txingi hitza erabiltzea testuaren nafartasunaren aldeko seinale dugu berriro. Goldarazkoa da beste adibide hau ere (1834): O gula gula, lujurieren su infernala, ceñen galda da sobervie, ceñen chinguie edo prasa dirade iz desonestoac. Nafarroako testuetan txindi ere erabiltzen da OEHren arabera, baina -gi amaiera arruntagoa da Ultzama inguruan. Orixek ere Itsasoko bertsoetan bezalaxe erabili zuen hitz hau. Uitzi aldean ikasiko al zuen umetan?

Azken bertsolerroko guzis horren amaiera apikaria, bestalde, arestiko artas hitzarenarekin lotu daiteke.

Nork idatziak?

Elizgizon baten lana izango da noski hemen aurkeztutakoa, Udaben apaiz ibilitako norbaitena seguru asko, baina norena? Bataio-liburuetan ez dut topatu euskal testutxo hauen egilearen izena agerian jar dezakeen ezer. Eliza-liburuak beranduagoko kopiak direnez eta kopia-urtea ezezaguna denez ezin da ziurtasunez jakin noiz sortu ziren orrialde horretan gordetakoak, eta lan zaila da beraz Udabeko apaiz-zerrendari begira abade jakin batekin lotzea. Pena da, interesgarria litzatekeelako lekukotasun xume hauek ibarreko semeren batek sortu zituen ala ez jakitea.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Sarrera honek I. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.


Nafarroako euskararen inguruko ikerlanak sarean (IV)

Tweet

Laugarren aldiz nator Nafarroako euskararekin zerikusia duten azken mende laurdeneko ikerlanen zerrenda osatzen CEENsaiatzera. Nik dakidala behintzat internet bidez eskura daitezkeen azterlanak baino ez ditut bildu, ohi bezala, eta Nafarroako euskara bera aztergai dutenak lehenetsi ditut oro har, euskararen historiaz-eta dihardutenen aurretik. Horregatik utzi ditut zerrendatik at, esate baterako, J.M. Jimeno Jurío zenaren hainbat ikerketa handi. Biziki eskertuko dut antzemandako edozein hutsune jakinaraztea, eta zerrenda osatuago eta baliagarriago egiten laguntzea.

H

Hualde, Jose Ignazio: Sobre el acento roncalés‘, ASJU 29/2-3 (1995).

_________________, ‘Arbizuko hizkeraren zenbait soinu bereizgarriz‘, Uztaro 18 (1996).

Hualde, Jose Ignazio  &  Lujanbio, Oihana: Goizuetako azentuera‘, in X. Artiagoitia & J.A. Lakarra (arg.), Gramatika-jaietan. Patxi Goenagaren omenez, ASJUren gehigarriak 51, EHU (Bilbo, 2008).  

_________________________________, ‘Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena‘, ASJU 43/1-2 (2009).

I

Ibarra, OrreagaMezkirizko toponimiaz‘, FLV 58 (1991).erroibarko-eta-esteribarko-hiztegia-9788423529346

_____________, ‘Ultzameraz idatzitako bi dotrinaren edizioa eta azterketa’, ASJU 26/3 (1992).

_____________, ‘Ultzamako barietatearen aditzaren berezitasunak: isoglosa nagusienak’, FLV 66 (1994).

_____________, ‘Cispamplonés hizkeraren inguruan‘, ASJU 29/1 (1995).

_____________, ‘Erroibarko lexikoaren gainean‘, Euskera 41/3 (1996).

_____________, ‘Erroko testu argitaragabe bat eta beste batzuen iruzkina‘, FLV 75 (1997).

______________, ‘Artzibarko etxe-izenen inguruan‘, in X. Artiagagoitia, P. Goenaga & J.A. Lakarra (arg.), Erramu boneta: Fetschrift for Rudolf P. G. de Rijk, ASJU-ren gehigarriak 44, EHU, Bilbo (2002).

______________, ‘Erroibarko eta Esteribarko oikonimoak (I)‘, FLV 91 (2002).

Orreaga Ibarra

Orreaga Ibarra

______________, Erroibarko eta Esteribarko oikonimoak (II)‘, FLV 92 (2003).

______________, ‘Lexikoaren hedapena goi-nafarreraren hiru ibarrotan: Erroibar, Esteribar eta Anue‘, ASJU 40/1-2 (2006).

______________, Erroibarko eta Esteribarko hiztegiaNafarroako Gobernua & Euskaltzaindia, Iruñea & Bilbo (2007).

______________, ‘Orreagako elizan aurkitutako On Javier Ibarraren prediku bat Artzibarko hizkeran idatzitakoa‘, FLV 107 (2008).

______________, ‘Ze ba? eta ze bada? Baztan-Bidasoa inguruko gazteen hizkeran. Aldakuntza linguistikoa abian‘, FLV 112 (2010).

______________, ‘Artzibar iparraldeko hizkeran sakonduz‘, FLV 115 (2012).

Íñigo, Andres; Salaberri, Patxi; Zubiri, Juan José: Ki aditz atzizkiaren gainean‘, FLV 69 (1995).

Irizar, Pedro: Morfología del verbo auxiliar alto navarro septentrional, Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia, Iruñea (1992).

__________, Morfología del verbo auxiliar alto navarro meridional, Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia, Iruñea (1992).

__________, Morfología del verbo auxiliar roncalés, Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia, Iruñea (1992).

__________, Morfología del verbo auxiliar bajo navarro occidental, EHU & Euskaltzaindia, Bilbo (1999).

__________, Morfología del verbo auxiliar bajo navarro oriental, EHU & Euskaltzaindia, Bilbo (1999-2002, 3 liburuki).

Itulain, JavierLos nombres de las casas en el valle de Izagaondoa (1600-2001)‘, CEEN 77 (2002).

____________, ‘Oiconimia del valle de Unciti‘, CEEN 80 (2005)

 toponimia-de-la-cuenca-de-pamplona-pamplonairuna-9788485479740

J

Jimeno Jurío, José María & Salaberri  Zaratiegi, Patxi: Toponimia de la cuenca de Pamplona / IruñaEuskaltzaindia, Bilbo (1994).

 

K

Kamino, Peio & Salaberri Zaratiegi, Patxi: ‘Luzaide eta Ondarrolako hiru gutunFLV 101 (2006).

__________ & ___________________, Luzaideko euskararen hiztegiaNafarroako Gobernua & Euskaltzaindia, Iruñea & Bilbo (2007).

Kasares, Paula: Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa Nafarroako familia euskaldunetan (1970-2012)‘, FLV 116 (2013).

Kerejeta, Mari Jose: Notas sobre las poesías premiadas en Pamplona en 1609 y 1610‘, in J. A. Lakarra (arg.), Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, ASJUren gehigarriak 14, Donostia (1991).

Knörr, Henrike: ‘Un sermón de Martín Joseph Marcotegui, de Goñi, predicado en Ollo (1777)‘, in Luis Villasanteri Omenaldia, Iker 6, Euskaltzaindia, Bilbo (1992). .  


Zientziazale, euskarazale: Bonaparte printzea

bonaparte (1) via euskeraenvaldizarbe

Luis Luziano Bonaparte printzea, XIX. mendeko euskaltzale handia (1813-1891)

“De tels hommes sont rares, et il conviendra toujours de les citer comme
exemples. Le prince Bonaparte m’apparaîtra toujours comme un
savant modeste et timide malgré ou peut-être à cause de sa haute
position officielle; comme un travailleur acharné et infatigable,
homme de foi et de conscience; comme un bourru bienfaisant ou plu-
tôt un faux misanthrope, dédaigneux des éloges du vulgaire, génè-
reux aux humbles, accessible aux indépendants, dur aux flatteurs,
aux parasites et aux charlatans de la science.”

(Horrelako gizonak ezohikoak  dira, eta beti komeniko da eredu gisa aipatzea. Bonaparte printzea beti irudituko zait jakintsu apal herabea goi-mailako posizio ofiziala izan arren -edo izateagatik, beharbada-; langile amorratu eta nekaezina, gizon fededun eta kontzientziaduna; ongile zakarra edota, hobeki esateko, gezurrezko misantropoa; arrunten laudorioen erdeinatzailea; eskuzabala umilekin; eskuragarria beregainekin; gogorra losintxari, jantxakur eta zientziako hitz-jario iruzurtiekin.)

                                                              [Julien VINSON (1843-1926), Bonaparte printzeari buruz]

Kasualitateak hala nahi izanda, 1860ko hamarkadan XIX. mendeko bi zientzia gizon handi ibili ziren Euskal Herrian zehar aldi berean euskara ikertzen, nor bere aldetik, antzeko grinak hartuta. Aurreko sarrera batean Paul Broca frantziarra mugitu zuen euskararenganako mirespena aipatu banuen, zer esango orduan ia mende erdi batean zehar -gutxienez- Napoleonen ilobak euskararekin izandako harremanaz? Hizkuntza batekin maitemintzerik badago -askok ez du ukatuko badagoenik-, horixe iruditzen zait hitzik egokiena Bonaparte printzeak sentitu omen zuena aditzera emateko.

grimley circa 1950

St Bartholomew eliza, Grimley herrian, Bonaparteren jaiolekutik oso hurbil

Baina Ingalaterran jaiotako ikerlearen biografiak beste gauza askorengatik erakar dezake: Brocarenean bezala, kuriositateak arlo ezberdin asko jorratzera eramandako adimen izugarria antzeman daiteke honakoan ere; bestalde, Broca legez, natur zientzietatik abiatu eta halako batean giza zientzienganako lilurak (eta bereziki, hizkuntzak ikertzekoak) harrapatutako ikerlaria dugu printzea. Eta euskararekin izan zuen harremanaz landara, erakargarria da Luis Luziano Bonaparte inguratu zuen familia-historia ere. Liluratzekoa ere bada, zientziatik urrun zeuden bidezidorretan galtzeko hainbeste aukera izanda, nola bete ahal izan zuen azkenean horren ikerketa-bide eder eta oparoa.

Luis Luziano Bonaparte Bleschamp 1813an jaio zen Ingalaterrako Worcestershire konterrian. Hainbat urte beranduago berak aukeratu zuen Ingalaterra bizitoki; han munduratzea, ordea, kasualitatea izan zen; baina Napoleon osabak berak eragindako kasualitatea azken batean. Luis Lucianoren aita (Luciano, 1775-1840), Pio VII.aren graziaz Caninoko printze, liskarturik zebilen urte haietan Napoleon anaiarekin. Antza denez, Lucianok ez omen zuen gustuko anaia nagusiaren agintzeko era; eta honek, aldiz, ez zuen begi onez ikusten Alexandrine koinata, Lucianoren bigarren emaztea eta euskararen ikerle izango zenaren ama.

Gurasoak

Bonaparteren gurasoak: Luciano (1775-1840) eta Alexandrine Bleschamp (1778-1855)

Ahaleginak eta bi egin omen zituen enperadoreak anaia bere interes politikoen arabera erabiltzeko: Luciano lehen emazteaz alargundu zenean Carlos IV.aren alaba batekin ezkondu nahi izan zuen, eta antza denez José Bonapartek berak Lucianoren alaba bat Fernando VII.a izango zenarekin esposatzea proposatu zuen; baina uko egin zien beti Caninoko printzeak joko horiei. Arrisku hori saihestu arren, laster etorri zitzaion Lucianoren familiari zeraman abizenaren pisuaren ordaina: 1810ean, ordurako lau seme-alaba zituen bikotea Italiatik iheska abiatu zen Estatu Batuetarantz Pio VII.ak enperadorea eskomekatu ostean; itsasoan bertan ingelesek familia atxilotu eta indarrean izan zuten Ingalaterran hiru bat urtez: horrexegatik jaio zen Louis Lucien haurtxoa Birmingham hiritik kilometro gutxitara. Aitak osabaren gurariei men egin balie, edonola ere, Alexandrinek bere bosgarren semea galduko zuen… eta euskarak XX. mendera arte izan duen ikerlerik handiena.

Atomoa 1839

Bonaparteren 1839ko hitzaldiaren azala

Bi hilabeterekin eskuratutako printze titulua bezala, Ingalaterrako lehen egonaldi hura anekdota hutsa izango zen beretzat heldu bihurtu arte; bi urte zituenean Italiara egin ahal izan zuen berriz familiak eta hantxe hazi zen ordutik aurrera Luigi Luciano haurtxoa, Musignanon lehendabizi (Suitzako muga ondo-ondoan) eta Urbinon ondoren, jesuitekin. Ornitologo entzutetsu bihurtu zen Carlo Luziano anaia zaharrenaren ereduari jarraituz (eta euskalariaren atzetik jaiotako Pierre-Napoleon eta Antoine ikasle kaskar liskarzaleek ez bezala) gaztetandik hasi zen nabarmentzen Ingalaterran jaiotako bonapartetar gaztearen zientzia zaletasuna. Mineralogia eta kimikarantz eraman zuten bere estraineko urratsek. Ustez urrats sendoak, gainera: 1839an, Pisan bildutako zientzialari italiarren aurrean, Esposizione di una nuova nomenclatura esprimente il rapporto atomico izenburuko hitzaldia eman zuen, teoria atomikoak sortarazitako zenbait buruhausteren aurrean Bonapartek berak kimika hobeto bereganatzeko eratu omen zuen nomenklatura proposamena azaltzearren.

Agiria

Printzearen izena daraman 1863ko agiri bat

Sona handi samarreko kimikaria izatera iritsi omen zen Napoleonen iloba; sona handikoa ei zen bere mineral-bilduma ere. Ba ote zuen ordurako Ingalaterran jaiotako gizon hark barneratua hizkuntzak aztertzeko grina? 1840ko hamarkada hasierako lanek behintzat ez dute horrelakorik iradokitzen. Zientzialari italiarrek antolatutako bileretan parte hartu eta kimika inguruko ikerketak argitaratu zituen: 1843an Ricerche chimiche sul veleno della vipera izeneko lana irakurri zuen Luccan zientzialari italiarren bosgarren bileraren karietara. Bide baten amaiera izan zela ematen du; lan hartan deskribatutako pozoina baino are indartsuagoa zen har batek harrapatu izan balu bezala, ordutik aurrera hizkuntzalaritza izan zuen Bonapartek argitaratutako liburu, artikulu eta gainerako idazkietako gai nagusi, eta bere bizitzako azken 45 urteetako xede. Nork edo zerk eraginda, ez dakit.

1847an agertu zen jendaurrean printzearen lehendabiziko hizkuntza-lana. Eta hasiera-hasieratik euskara ere izan zuen aipagai; ez nolanahi gainera. Specimen lexici comparativi omnium linguarum europaearum izeneko 56 orrialdeko liburutto bat eman zuen argitara Florentzian, orrialde adina hitz aukeratu eta 52 hizkuntza ezberdinetan emanez. Euskara jarri zuen gainerako berrogeita hamaiken aurretik. Seniderik gabeko hizkuntza isolatua zelako? Ordurako berak ere susmatzen zuelako zerrenda buruan ezarritako euskara hark eragingo zituela bere handik aurrerako ahaleginik handienak? Nolanahi ere, aukera eginda zegoen. Bonapartek berak zenbait urte beranduago Antoine d’Abbadie lankide minari aitortu bezala:

Hizkuntzen eta nire euskara maitearen ikerketak zeharo betetzen nau. Hara munduan interesatzen zaidan gauza bakarra.

Eskaintza 1862

‘Langue basque eta langues finnoises’ izeneko lana (1862) euskaldunei eskaini zien Bonapartek.

Handik aurrera, beraz, hizkuntzei -eta hizkuntzen artean, euskarari- eman zizkion bere ikerketa-urterik onenak jatorriz euskaldunokin inolako harremanik, ez ardurarik ez erantzukizunik ez zuen XIX. mendeko jakintsu handi hark. Ez italierak, ez ingelesak ez zuten Bonaparterentzat euskarak adinako artikulu eta liburu merezi izan. Eta horien bitartez, XXI. mendera arte guztiz gainditu ahal izan ez den euskalkien argazkia utzi digu, eta orduko euskararen izaerari eta hedadurari buruzko hamaika albiste, urrearen balioa dutenak. Ohi ez bezalako ohorea etxean bertan hainbeste aldiz nahi baino bultzada epelagoa jasotako hizkuntza txikiarentzat. 

Dozenaka artikulu eta liburu eragin zion Worcestershireko jakintsuari euskararekiko lilura horrek, baina denetan ikusgarriena euskalkien mapa bikaina da, 1863ko data daraman arren hamar bat urte beranduagora arte zeharo eguneratu ez omen zena. Auskalo zenbat (eta zenbaten) eskutitz, galdeketa, ibilaldi, neke eta izerdi dauden bilduta gaur ere harrigarria den mapa horretan! Irudia interneteko toki askotan aurki daitekeen arren, ez dut uste sarean zehar hurbiletik aztertzeko moduan inon ere zintzilikatuta dagoenik. Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren baimenaz, Bonaparteren euskalki maparen bertsio digitalizatua txertatu dut sarrera honekin batera, kuriositatea sentitzen dutenen asegarri; azpiko irudian klik eginez aurkituko duzue bidea. Mapan zeharreko bidaia niri bezain gustagarria gertatzea espero dut!

Bonaparteren mapa

 

Sarrera honek I. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2014(e)ko otsaila
    A A A A O I I
    « Urt   Mar »
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    2425262728  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu