bonaparte (1) via euskeraenvaldizarbe

Luis Luziano Bonaparte printzea, XIX. mendeko euskaltzale handia (1813-1891)

“De tels hommes sont rares, et il conviendra toujours de les citer comme
exemples. Le prince Bonaparte m’apparaîtra toujours comme un
savant modeste et timide malgré ou peut-être à cause de sa haute
position officielle; comme un travailleur acharné et infatigable,
homme de foi et de conscience; comme un bourru bienfaisant ou plu-
tôt un faux misanthrope, dédaigneux des éloges du vulgaire, génè-
reux aux humbles, accessible aux indépendants, dur aux flatteurs,
aux parasites et aux charlatans de la science.”

(Horrelako gizonak ezohikoak  dira, eta beti komeniko da eredu gisa aipatzea. Bonaparte printzea beti irudituko zait jakintsu apal herabea goi-mailako posizio ofiziala izan arren -edo izateagatik, beharbada-; langile amorratu eta nekaezina, gizon fededun eta kontzientziaduna; ongile zakarra edota, hobeki esateko, gezurrezko misantropoa; arrunten laudorioen erdeinatzailea; eskuzabala umilekin; eskuragarria beregainekin; gogorra losintxari, jantxakur eta zientziako hitz-jario iruzurtiekin.)

                                                              [Julien VINSON (1843-1926), Bonaparte printzeari buruz]

Kasualitateak hala nahi izanda, 1860ko hamarkadan XIX. mendeko bi zientzia gizon handi ibili ziren Euskal Herrian zehar aldi berean euskara ikertzen, nor bere aldetik, antzeko grinak hartuta. Aurreko sarrera batean Paul Broca frantziarra mugitu zuen euskararenganako mirespena aipatu banuen, zer esango orduan ia mende erdi batean zehar -gutxienez- Napoleonen ilobak euskararekin izandako harremanaz? Hizkuntza batekin maitemintzerik badago -askok ez du ukatuko badagoenik-, horixe iruditzen zait hitzik egokiena Bonaparte printzeak sentitu omen zuena aditzera emateko.

grimley circa 1950

St Bartholomew eliza, Grimley herrian, Bonaparteren jaiolekutik oso hurbil

Baina Ingalaterran jaiotako ikerlearen biografiak beste gauza askorengatik erakar dezake: Brocarenean bezala, kuriositateak arlo ezberdin asko jorratzera eramandako adimen izugarria antzeman daiteke honakoan ere; bestalde, Broca legez, natur zientzietatik abiatu eta halako batean giza zientzienganako lilurak (eta bereziki, hizkuntzak ikertzekoak) harrapatutako ikerlaria dugu printzea. Eta euskararekin izan zuen harremanaz landara, erakargarria da Luis Luziano Bonaparte inguratu zuen familia-historia ere. Liluratzekoa ere bada, zientziatik urrun zeuden bidezidorretan galtzeko hainbeste aukera izanda, nola bete ahal izan zuen azkenean horren ikerketa-bide eder eta oparoa.

Luis Luziano Bonaparte Bleschamp 1813an jaio zen Ingalaterrako Worcestershire konterrian. Hainbat urte beranduago berak aukeratu zuen Ingalaterra bizitoki; han munduratzea, ordea, kasualitatea izan zen; baina Napoleon osabak berak eragindako kasualitatea azken batean. Luis Lucianoren aita (Luciano, 1775-1840), Pio VII.aren graziaz Caninoko printze, liskarturik zebilen urte haietan Napoleon anaiarekin. Antza denez, Lucianok ez omen zuen gustuko anaia nagusiaren agintzeko era; eta honek, aldiz, ez zuen begi onez ikusten Alexandrine koinata, Lucianoren bigarren emaztea eta euskararen ikerle izango zenaren ama.

Gurasoak

Bonaparteren gurasoak: Luciano (1775-1840) eta Alexandrine Bleschamp (1778-1855)

Ahaleginak eta bi egin omen zituen enperadoreak anaia bere interes politikoen arabera erabiltzeko: Luciano lehen emazteaz alargundu zenean Carlos IV.aren alaba batekin ezkondu nahi izan zuen, eta antza denez José Bonapartek berak Lucianoren alaba bat Fernando VII.a izango zenarekin esposatzea proposatu zuen; baina uko egin zien beti Caninoko printzeak joko horiei. Arrisku hori saihestu arren, laster etorri zitzaion Lucianoren familiari zeraman abizenaren pisuaren ordaina: 1810ean, ordurako lau seme-alaba zituen bikotea Italiatik iheska abiatu zen Estatu Batuetarantz Pio VII.ak enperadorea eskomekatu ostean; itsasoan bertan ingelesek familia atxilotu eta indarrean izan zuten Ingalaterran hiru bat urtez: horrexegatik jaio zen Louis Lucien haurtxoa Birmingham hiritik kilometro gutxitara. Aitak osabaren gurariei men egin balie, edonola ere, Alexandrinek bere bosgarren semea galduko zuen… eta euskarak XX. mendera arte izan duen ikerlerik handiena.

Atomoa 1839

Bonaparteren 1839ko hitzaldiaren azala

Bi hilabeterekin eskuratutako printze titulua bezala, Ingalaterrako lehen egonaldi hura anekdota hutsa izango zen beretzat heldu bihurtu arte; bi urte zituenean Italiara egin ahal izan zuen berriz familiak eta hantxe hazi zen ordutik aurrera Luigi Luciano haurtxoa, Musignanon lehendabizi (Suitzako muga ondo-ondoan) eta Urbinon ondoren, jesuitekin. Ornitologo entzutetsu bihurtu zen Carlo Luziano anaia zaharrenaren ereduari jarraituz (eta euskalariaren atzetik jaiotako Pierre-Napoleon eta Antoine ikasle kaskar liskarzaleek ez bezala) gaztetandik hasi zen nabarmentzen Ingalaterran jaiotako bonapartetar gaztearen zientzia zaletasuna. Mineralogia eta kimikarantz eraman zuten bere estraineko urratsek. Ustez urrats sendoak, gainera: 1839an, Pisan bildutako zientzialari italiarren aurrean, Esposizione di una nuova nomenclatura esprimente il rapporto atomico izenburuko hitzaldia eman zuen, teoria atomikoak sortarazitako zenbait buruhausteren aurrean Bonapartek berak kimika hobeto bereganatzeko eratu omen zuen nomenklatura proposamena azaltzearren.

Agiria

Printzearen izena daraman 1863ko agiri bat

Sona handi samarreko kimikaria izatera iritsi omen zen Napoleonen iloba; sona handikoa ei zen bere mineral-bilduma ere. Ba ote zuen ordurako Ingalaterran jaiotako gizon hark barneratua hizkuntzak aztertzeko grina? 1840ko hamarkada hasierako lanek behintzat ez dute horrelakorik iradokitzen. Zientzialari italiarrek antolatutako bileretan parte hartu eta kimika inguruko ikerketak argitaratu zituen: 1843an Ricerche chimiche sul veleno della vipera izeneko lana irakurri zuen Luccan zientzialari italiarren bosgarren bileraren karietara. Bide baten amaiera izan zela ematen du; lan hartan deskribatutako pozoina baino are indartsuagoa zen har batek harrapatu izan balu bezala, ordutik aurrera hizkuntzalaritza izan zuen Bonapartek argitaratutako liburu, artikulu eta gainerako idazkietako gai nagusi, eta bere bizitzako azken 45 urteetako xede. Nork edo zerk eraginda, ez dakit.

1847an agertu zen jendaurrean printzearen lehendabiziko hizkuntza-lana. Eta hasiera-hasieratik euskara ere izan zuen aipagai; ez nolanahi gainera. Specimen lexici comparativi omnium linguarum europaearum izeneko 56 orrialdeko liburutto bat eman zuen argitara Florentzian, orrialde adina hitz aukeratu eta 52 hizkuntza ezberdinetan emanez. Euskara jarri zuen gainerako berrogeita hamaiken aurretik. Seniderik gabeko hizkuntza isolatua zelako? Ordurako berak ere susmatzen zuelako zerrenda buruan ezarritako euskara hark eragingo zituela bere handik aurrerako ahaleginik handienak? Nolanahi ere, aukera eginda zegoen. Bonapartek berak zenbait urte beranduago Antoine d’Abbadie lankide minari aitortu bezala:

Hizkuntzen eta nire euskara maitearen ikerketak zeharo betetzen nau. Hara munduan interesatzen zaidan gauza bakarra.

Eskaintza 1862

‘Langue basque eta langues finnoises’ izeneko lana (1862) euskaldunei eskaini zien Bonapartek.

Handik aurrera, beraz, hizkuntzei -eta hizkuntzen artean, euskarari- eman zizkion bere ikerketa-urterik onenak jatorriz euskaldunokin inolako harremanik, ez ardurarik ez erantzukizunik ez zuen XIX. mendeko jakintsu handi hark. Ez italierak, ez ingelesak ez zuten Bonaparterentzat euskarak adinako artikulu eta liburu merezi izan. Eta horien bitartez, XXI. mendera arte guztiz gainditu ahal izan ez den euskalkien argazkia utzi digu, eta orduko euskararen izaerari eta hedadurari buruzko hamaika albiste, urrearen balioa dutenak. Ohi ez bezalako ohorea etxean bertan hainbeste aldiz nahi baino bultzada epelagoa jasotako hizkuntza txikiarentzat. 

Dozenaka artikulu eta liburu eragin zion Worcestershireko jakintsuari euskararekiko lilura horrek, baina denetan ikusgarriena euskalkien mapa bikaina da, 1863ko data daraman arren hamar bat urte beranduagora arte zeharo eguneratu ez omen zena. Auskalo zenbat (eta zenbaten) eskutitz, galdeketa, ibilaldi, neke eta izerdi dauden bilduta gaur ere harrigarria den mapa horretan! Irudia interneteko toki askotan aurki daitekeen arren, ez dut uste sarean zehar hurbiletik aztertzeko moduan inon ere zintzilikatuta dagoenik. Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren baimenaz, Bonaparteren euskalki maparen bertsio digitalizatua txertatu dut sarrera honekin batera, kuriositatea sentitzen dutenen asegarri; azpiko irudian klik eginez aurkituko duzue bidea. Mapan zeharreko bidaia niri bezain gustagarria gertatzea espero dut!

Bonaparteren mapa

 

Sarrera honek I. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner