Archive for martxoa, 2014

Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (I)

Bada zenbait aste agertu zirela blog honetan Bonaparte eta Broca zientzialari atzerritarrak, eta euskara ikertu nahiak bultzatuta burutu zituzten ikerketa ederrak. Garai berean egin zuten lan, nork bere aldetik eta euskara zaletasuna akuilu, hizkuntza mintzatuaren orduko mugak ikergai zituztela, besteak beste. Luze eta zorroztasunez aritu ziren biak, eta euskararen hego-mugei dagokienez behintzat ondorio berberetara heldu ez baziren ere, behinolako hizkuntza-egoera ezagutzeko urrearen balioa duten lekukotasunak utzi zizkiguten; ezin inola ere haien ekarpena merezi bezainbeste eskertu. 

Broca 1875 Nafarroa

Nafarroako euskararen mugak Paul Brocaren mapan (1874). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Bonaparte Nafarroa

Nafarroa ingurua Bonaparteren mapan (c. 1870). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Erabateko luxua izanik (eta gauza berria ordura arte euskararen historia ezagunean) horren maila handiko bi aditu une berean euskararen mugen inguruan jardun izana, galdera bati erantzun nahi dio sarrera honek: zer nolako irudia osatzen dute, bata besteari gehituta, Bonapartek eta Brocak Nafarroako euskararen orduko mugak ezagutzeko utzi zizkiguten argiek? Ekialdetik hasita, Iruñerrira bitarteko eremuan jaso eta erregistratu zutena aipatuko dut lehendabiziko zati honetan.

Nafarroako ekialdea: Erronkari-Zaraitzuetan euskara atzeraka (Eta are ekialderago?)

Burgui - Vista del pueblo.preview

Burgi

Ez ziren bat etorri Bonaparte eta Broca Erronkari haranaren egoera deskribatzerakoan. Napoleonen ilobak euskalduntzat jo zuen beti ibar osoa 1860ko hamarkadan zehar, bere laugarren bidaian lurraldea ezagutu aurretik; baina bazekien erronkariera higatzen hasia zela ere. 1864an Burgiri buruzko iritzi kontrajarriak jaso zituela idatzi zion Etxenikeri: ez zekien euskara burgiar gutxi batzuen mintzaira zen edota herritar askotxorena. Bazekien, bestalde (1865), Erronkariko herri batzuetan behintzat euskara gaztelania bezainbeste mintzo zela. Baina derrigorrezkoa zuen printzeak harana bisitatzea, Nafarroako hainbat eskualdetako doktrina-itzulpenak eskuratu ahala lehentasun bihurtu zitzaiolako lortu ezinik zebilen erronkarierazko bertsioa. Bruno Etxenike bera eta Claudio Otaegi lagun hartuta, beraz, horrenbeste erakartzen zuen euskara hura mintzo zen lekuan bertan ikertzeko aukera izan zuen printzeak 1866ko martxoan.

Bidankozen, hotzaren hotzez, Erronkarirako neguak Bonaparte gaixotu ere egin omen zuen arren, “elurrez betea, eta amildegi, hartz eta otsoek inguratua, baina gutxitan ikusi bezain jende abegikor eta adimentsukoa” zen lurralde hark ikaragarri aberastu zuen, bere eskutitzetan antzeman daitekeenez. Entzun zuen euskararik Burgin; baina gazte ez zirenek osatu gutxiengo bati bakarrik. Ohiko zorroztasunez irudikatu zuen hori bere mapan; euskaldunak, ziren, artean, ibarreko herri guztiak.

Erronk mapa

Erronkari ibarra

Bestelako albisteak utzi zizkigun Brocak. Bere mapan erabat erdaldunduta ageri dira Burgi eta Garde, euskararen mugatik at. Gaztelania baino ez zen han mintzo jaso zituen txostenen arabera; gainerako herrietan, aldiz, bi hizkuntzak omen zekizkiten.  Euskara apalduta egon arren printzeak are Burgin ere bertatik bertara entzun ahal izan zuenez ez du ematen Brocaren datua kontuan hartu beharrekoa denik.

uscarres01

Uskartze, Zaraitzuko hego-muturrean

Zaraitzun ere, nahiz eta bi ikerleek itxuraz antzeko mugak ezarri,  bada Bonaparteren ondorioak hobesteko argudiorik. Hala eta guztiz ere, okerreko albisteak jaso zituen hasiera batean: 1864an Sartzetik Uskartzerainoko herri guztiak erdaldunak zirela uste zuen, eta aldiz, euskaldunak ziratekeela handik hegoalderako guztiak Bigotzari eta Gazteluberrira bitartean. Ez zekien, artean, aspaldi erdaldundutako eremua dela hura. 1866ko bidaian ikusi ahal izan zuen egia bere begiez; Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen hego-muga, lehendabizikoan euskara gibelera zihoalarik. Uskartze (Zaraitzuko azken herria) ez zen ordurako euskaldun; hizkuntza umetan ikasi eta ordurako norekin hitz egin ez eta ahaztuta zuen adineko emakumearen lekukotasuna utzi zigun Bonapartek; ez zuen beraz herria euskalduntzat jo. Horregatik ez da sinesgarria Brocaren bertsioa: girondarrak, euskararen muga handik oso gertu ezarri arren -hiruzpalau kilometro baino ez- Uskartze eta are Ustaize ere jo zituen euskalduntzat. Nekez izan zitekeen egia, badakigulako 1605ean, ia hiru mende lehenago, herri erdalduna zela Ustaize, eta hiru kilometro eskasera dagoen Uskartzeko biztanleek nola-halako gaztelania zerabiltela -baina gaztelania, azken batean- hegoaldeko auzoekin harremanetan jartzeko.

anso

Anso (Huesca). Brocarentzat aspaldiko mendeetan erdaldun.

Zaraitzu eta Erronkariz haratago, hegoaldera eta eguzki aldera, Salvatierra eta Anso inguruak daude. Oso gutxi dakigu eremu horien balizko euskalduntasunaz. Toponimiaren nondik norakoak euskara Anson Aro Modernora heldu bide zela iradoki arren, hori ziurta dezaketen toponimiaz landako frogak falta zaizkigu. Brocak zein Bonapartek pausatu zuten begirada Huesca eta  Aragoiko lurrotan, baina ez modu berean. Honako hau idatzi zuen girondarrak Sur l’origine et la répartition de la langue basque lanean: Ez dago inolako frogarik gurearen aurreko mendeetan Anso ibarra nafarra izan dela edota euskara mintzatu dela erakusten duenik. Euskararen muga hau, beraz [Erronkari-Anso] oso aspaldikoa da; zilegi da pentsatzea erromatar garaikoa dela. Ez zen printzea horren ziur egongo: 1864an Huesca edo Zaragozako mutur horretan euskaldunik geldituko ote zen galdetu zion Etxenikeri. Bistan da, mapari begira, urdazubiarrak ez zuela horrelakorik topatu.

Brocnaparte 1

Pirinio aldea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu-ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

Irunberri-Agoitz ingurua: hizkuntza gero eta makaltzenago.

Irurozki

Irurozki (Urraulgoiti): bazuen oraindik euskara pixarrik Brocaren arabera; Bonapartek, hala izatera, ez zuen aintzat hartu.

Mendebalderago, eta Irati arrorantz goazela, Urraul-Longida ingurua dugu. Hego-mendebaldera, aldiz, Itzagaondoa eta Ibargoiti. Eskualde honetan ere nahikoa bat etorri ziren Bonaparteren eta Brocaren ondorioak. Ez guztiz, ordea. Bonapartek adierazi zuenez ihesian zihoan euskara Urraulgoitin barrena, eta Adoain-Ongoz-Lareki lerroan ezarri zuen hizkuntza-muga. Jakina den bezala, herri batean euskara zekiten apurrek erabili ere ez bazuten egiten (s’il ne conserve même pas un souffle de basque, esango zuen berak), mugatik kanpo utzi ohi zuen ikerle handiak herri hura eta ez zuen aintzat hartzen. Egon zitezkeen beraz euskara galtzear ziren herrixka zenbait hegoalderago ere. Bat letorke hori Brocaren datuekin, honek Bonaparteren muga-ertzean baina kanpoaldean zeuden Eparotz, Irurozki eta Santsoainen oraindik euskaraz bazekitela jaso zuelako. Zabaltza eta Imirizaldun, ordea, ez; ezta are urrunago diren Berroia eta Ripodasen ere. Irudi koherentea eskaintzen digute bi irakurketek: higatzen ari zen zeharo euskara Urraulgoitin, hegoaldetik iparralderantz. Urraulbeitin, aldiz, Bonapartek kontuan hartu ere egin ez zituen pixarrak geratu zitezkeen Santsoain-Artieda-Grez inguruan: horiexek ageri zaizkigu Brocaren 1874ko mapan. Itzagaondoari dagokionez pentsa liteke Brocaren iturriek Izanotz eta Indurainen euskara entzun zutela; bi herri horiek ezarri zituen Sainte-Foy-la-Grandekoak euskararen eramu ertzean; ez dakit hego-muturreko Gergitiain ere haiekin batera bildu behar ote den. Bonapartek argitasun handiagoa utzi zuen Itzagaondoari dagokionez: Claudio Otaegi bidali zuen herriz herri 1871n ibarreko herri guztietara joan eta euskaldunik ba ote zen aztertzera. Denetan aurkitu zuen gipuzkoarrak hiztun zenbait, asko ez baina. Ibargoiti ere euskalduntzat jo zuen Bonapartek, eta esan bezala jakina da horri dagokionean zorrotz samarra izan ohi zela. Brocaren berriemaileek, ordea, erabat erdalduntzat jo zituzten Ibargoitiko Idozin nahiz Zabaltza.

izko

Ibargoitiko Izko zen Bonaparteren ustez Zangozako merinaldeko euskararen hego-muturra 1870ean. Brocak ez zuen euskalduntzat jo.

Iruñerria: euskaldun, ala erdaldun?

Broca eta Bonaparteren lanen alderdirik interesgarrienetako bat Iruñerriari buruz emandako informazioa da. Agitz emaitza ezberdinak bildu zituzten biek, baina Iruñe inguruan euskara sufritzen ari zen higadura bortitzren irudi ederra eskaintzen du bien lanaren baturak.

Oso deigarria da Nafarroako erdialdean bi mapen arteko aldea: Brocak Iruñerri zati handi bat utzi euskararen eremutik kanpo: hiriburuaren ekialde eta hegoalde osoa, eta baina Iruñe iparralde-mendebaldeko hainbat auzo herrixka ere. Ezkabarteko Azotzen, Orkoienen eta Zizur nagusian euskararik oraindik bazela jaso zuen. Ez ordena Eguesko Elian eta Esteribarko Irotzen (!), Uharten, Artikan eta Barañainen. Horren arabera finkatu zuen Iruñerri inguruko hizkuntza-muga, hiriburuari itzulinguru egiten ziona.

Ez da dudarik gibelka zihoala euskara Iruñerri hegoaldean, baina Brocaren datu horien zuzentasunaren aurkako argudio franko eman daiteke Bonaparte baliatu gabe: Lázaro Ilundain noaindar euskalduna (1810-1890), Eguesen euskaraz sermoi esaten ibilitakoa; Irigaraik Eguesen bertan, Elian, bildutako euskara apurrak (1935); Badostaingo Aramendia etxera ezkondutako Francisco San Martin ibirikuarraren seme zaharrenak (24 urte 1821ean) euskara baino erabiltzen ez zuela, biztanle gehienek ordurako gaztelania bazekiten arren; 1943an hildako Faustino Erro, Joxemiel Bidador zenaren esanetan Zizurko hondar euskalduna izan zena… Bazen oraindik euskararik Iruñe inguru osoan 1870eko hamarkadan, Brocaren mapak jaso ez bazuen ere.

arre

Arre (Ezkabarte): Ultzama ibaia. Hasiera batean ez zuen Bonapartek uste herrian euskara entzuten zenik. Iritziz aldatu zen beranduago.

Ez zen alabaina erraza izango hiriburu inguruaren egoera konplexua behar bezala argitzea (12.000 biztanle 1850ean; 30.000 1900ean) eta euskara edonon berezko ba ote zen ala ez erabakitzea; lanak eman zizkion Bonaparteri ere Iruñe inguruko euskararen irudia osatzeak. Hainbat aldiz aipatu zion Etxenikeri bere kezka. 1860ko hamarkada hasieran hiri buruzagiaren ondo-ondoko herri-auzoak erdaldun zirela uste izan zuen, ez zela haietan euskararik erabiltzen eta ez zutela horrenbestean inolako kolorerik merezi. Berriozabal edo Sorauren zeuzkan salbuespentzat, haietan biztanle batzuek oraindik euskara egiten zutelakoan. Halaxe jaso zuen, nonbait, 1857ko bidaian: Berriozabalen gaztelania zela nagusi, baina bazela oraindik euskararik ere.

Antza denez, Orikain eta Olabe ere artean euskaldunak zirela iritzita amaitu zuen printzeak 57ko itzulia. Baina Arre, Atarrabia eta Burladan euskararik entzuten ez zela uste izan zuen luzaroan.

Auzia, nolanahi ere, ez zegoen erabat argi ikerlearentzat, eta 1864an zehar behin baino gehiagotan estutu zuen Bonapartek Etxenike leiala datu zehatzak eskura ziezazkion. Bistan da bazuela euskarak bizitasun arrastorik behintzat aurrez aipatu herrietan, eta baita Iruñerriko gainerakoetan ere, azkenean eskualde oso-osoa bildu baitzuen ikerleak bere mapara, uharte moduan erdaldun utzitako hiriburua alde guztetatik inguratuz. Iruñea bera guztiz erdaldun ote zen horrenbestez ordurako?

(bigarren zatian jarraitzeko)

Broca & Bonaparte - Nafarroako erdialde eta Iruñerria

Nafarroako erdialdea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu.ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

                                                                    Sarrera honek 1. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du


Euskararen lekukoak: LEOTZ

Leotz mapa

Leozko udal-eremua eta inguruko herriak

Nafarroako udal-antolakuntza anitzaren baitan (haranak, zendeak, almiradioak) distriturik ere sortu zen XIX. mendean. Orbaibarrek administrazio-batasuna galdu eta hainbat zatitan banandu ostean. Leotz izan zen haietako bat. Udalerri zabala da (are zabalagoa 1976an Santsoain bereganatu zuenetik), baina ez jendetsua: 1850 inguruko 1250 biztanleen aldean, 250 eskas baino ez dira gaur egun Amatriain, Amunarrizketa, Artariain, Benegorri, Bezkiz, Iratxeta, Leotz, Makirriain, Olleta, Santsoain eta Uzkita herrixkek bildutakoak.

XiX. mendetik hona ez da populazioa leoztarrek galdutako gauza bakarra; beren euskalkiak ere alde egin zien, Erriberriko merinaldeko gainerako herri-ibarrei bezalaxe, Nafarroako erdialde guztia erdaldundu zuen olatu gaitzak eramanda. Historian zehar euskarak Leotzen izan duen indarra baino zailagoa da erakusten noiz desagertu ziren, isil-isilka, arbasoen hizkuntza jasotako azken leoztarrak. Ez du ematen XIX. mendean oso aurrera baino lehen izan zenik, dena den. Hona Leotzen euskaltasuna agerian jar dezakeen zenbait datu, haietako asko honakoan ere Fernando Maiora ikerleak bildurik:

1536. SANTSOAIN.  Miguel Aynes izeneko batek eta Maria Remiriz orisoaindarrak ostatu batean izandako elkarrizketaren lekuko izan zen Hernaut de Sansoain. Aynes Remirizen aurka deklaratzera deitu zuten herri hartara; halaxe esan zion Miguelek Mariari eta halaxe entzun zuen santsoaindarrak. Remirizek Aynesi bere kontra esateko zer zuen galdetuta, Aynesek isilka emandako erantzuna ez zuen Mariak batere gogoko izan. Primeran ulertu zuen Santsoaingoak emakumearen erantzuna: la dicha Maria Remiriz le dixo, que hera lo que abia de dezir contra ella y el dicho Miguel Aynes le dixo ciertas palabras callando queste deponente no las pudo oyr ny comprender y en deziendole aquellas oyo e comprendio que la dicha Maria Remiriz le dixo en bascuence que no dixese las palabras que alla le dixo por estas palabras,  ez ory herran

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, ohiko ortografia zarpaila erabiliz, bascongadotzat jo zituzten amunarrizqta, iracheta, leoz, vezqta, olleta, bezquiz, banegorry, sansoayn edota sansomayn. Hain sarri aipatu ohi dudan zerrenda osoa Manuel Lekuonak ezagutarazi zuen 1933an RIEV aldizkarian.

santsoain

Leozko Santsoain. Urraulbeitin ere bada izen bereko herrixka bat.

1588. ARTARIAIN. Graciosa Espartza eta Maria Ezpeleta artariaindarrak elkarri agirika aritu ziren behin batez, lehenak bigarrenari atzetik zebilkiola leporatu ostean. Berotzen hasi eta apezgoytia deitu zion Espartzak Ezpeletari; irain gordina zen hura, Ezpeletaren ahaldunak adierazi legez: le dixo la acusante, que mi parte hera una apezgoytia, que quiere dezir, que a sido desonrrada de clerigos…

1594 SANTSOAIN. Harrika hil omen zuten Joana Oses santsoaindarra; hainbat lekukok deklaratu zuten gertakariek eragindako prozesuan. Joana heriotzeko puntuan hartu zuen Miguel Zabaltza bikarioaren esanetan, Jesus, otoy, otoy eta antzeko hitzak esan zituen behin baino gehiagotan emakumeak bere azken orduan. Guillen izeneko frantziar bat jo zuten erruduntzat; herritarren ustez euskaraz asko ulertzen zuen hark. Catalina Etxaguek deklaratu zuenez Joana hil zen egunean Catalina Idoi izeneko batek Guillen etortzen ikusi eta honela esan zion: Jesus, Guillen, seyn descolorituric elduçaren. Handik lasterrera Graziana zeritzon Joanaren alabetako bat iritsi zen frantziarra zegoen lekura, mantalean harri zenbait ekarrita. Negar batean zetorren, Guilleni ay traydorea, ay traydoria, amary ylde datorquet esanez: frantziarrari harrika egiten uztearren baztertu zitezela eskatu zien Etxagueri eta gainerako lekukoei.

Uzkita2

Uzkita, Leotz iparraldeko azken herria. Bidean aurrera Ezporogi, Leotz baino are hustuago.

1634. UZKITA. Herrikoek zerabilten hizkuntzaren adierazgarri, hona nola izendatu zuen Uzkitako bat Andres Larrasoaña barasoaindarrak: se acuerda este testigo como el dicho Alcalde le dixo que para hazer y cortar dichas dos cargas de chaparros tenia licencia del quejante y que tambien puede haber un año de tiempo que Salvador dicho Uzquitarra

1653. IRIBERRI. Hirurogei urteko Fernando de Balenciak 11 zeramatzan Iriberriko jauregian, jabearen lurrak errentan emateaz arduraturik. Ez zuen han bizitzeko gaztelaniarik behar, antza; zin egin eta galdera batzuei erantzun ondoren, euskaraz azaldu zion Balenciari hartutako deklarazioa Juan de Vallarin notariak.

1701. IRIBERRI. Iratxetako abade ere bazen Juan Gimenezek euskara erabili zuen herritarrei jakinanarazi beharreko legezko abisu bat denek uler zezaten: publique el dicho edicto retroescrito en lengua ynteligible a todos los que concurrieron a oir la misa popular…

XVIII. mendea. Nafarroako auzitegietatik ateratako datuen irakurketa hutsak nekez bermatuko luke mende hartan Leotz inguruan euskara izan ere bazenik. Elizbarrutiko nahiz Erresumako komisari erdaldunek euskara zela eta eragindako auzi luzeetan eta haietan erabilitako argudioetan ez zuten Orbaibar ingurua aipatu ere egin. Ez zegoen komisarion ustez eremu haren erdal izatea frogatu beharrik. Hobeto esanda, ez zegoen frogatu beharrik orbaibartarrek gaztelania ere bazekitela; ez da gauza bera.

Horrela, Eliz Auzitegian 1744 eta 1765 bitartean datu-biltzaile aritutako komisari euskaldun eta erdaldunen lan-eremuak banatuz idatziriko Libro de Repartimientos delakoan, Erriberriko merinaldeko herri bakar bat ere ez zen euskalduntzat hartu. 1767an, orobat, auzitegi zibiletako komisari erdaldunek Nafarroako erdialdeko eremu batean gaztelania sartua zela eta aurrerantzean haiek herri horietan ere lan egiteko gai zirela aldarrikatu zutenean, Ibargoiti izan zen haien aldarrikapenaren muga. Muga horretatik haraindi zeuden hegoalderagoko ibarrak (Orbaibar, esaterako) kontuan ere ez zituzten hartu, gaztelaniari haietan erabat nagusi iritzita.

Amunarrizqueta

Amunarrizketako San Bartolome. Erabat hutsik ez gelditzeko borrokan dabilen herria, beste hainbat bezala.

Beste hainbat datu objektibok salatzen dute, ordea, ez zela hori errealitatea; bazela arrunt gune euskaldunik auzitegiek iradokitako mugetatik at. Ez digu gaur arte Leotzek XVI. mendekoak bezain argia den XVIII. mendeko lekukotasunik utzi (bai, aldiz, mendebaldean mugakide duen Oloritzek), baina bada kontuan hartzea merezi duen daturik: Amunarrizketan, esaterako, Artaxoa eta Puiuko abadeak izan zituzten XVIII. mende erdialdean; aski ezaguna da bi herriok euskaldunak izan zirela gizaldi hartan guztian zehar. 1772an Zangozako erdalduna heldu zen herrira eta euskaraz ez jakitea trabagarri gertatu zitzaion.

XIX. mendea: leoztarren euskara, gainbehera

XVIII. mendean biztanle asko ezagutzen hasitako gaztelania hura bera hasi zen XIX.ean euskara haranean zehar zokoratzen. Bonapartek begirada Nafarroan pausatu zuen urteetan guztiz ahulduta egongo zen Leozko mintzoa, eta horregatik beharbada behin baino gehiagotan aldatu zuen ikerle handiak bailarako euskararen bizitasunari buruz zuen ustea. Hona hemen printzeari esker ezagutzen ditugun hainbat albiste:

Iberia 1856

‘La Iberia’ aldizkariaren 1856ko ale berean dira Palarearen izendapenari eta Bonaparteren bidaia-amaierari buruzko albisteak

1856. Abuztuan Jose María Palarea bihurtu zen Nafarroako gobernadore. Lan hura azarora arte besterik bete ez bazuen ere, hilabete haietan bertan ibili zen estreinako aldiz Nafarroan Luis Luziano Bonaparte eta ez da harritzekoa gobernadorea printzearen albiste emaile bihurtu izana: Palareari, nonbait, Orbaibarren eta Ezporogi-Aiesa aldean euskaraz egiten zutela esan zioten, eta horixe jakinarazi zion berak euskalariari.

1858. Jose Antonio Uriarte bizkaitarrak Bonaparteri urtarrilaren 25eko eskutitzean aditzera eman zionez, euskalduna zen oraindik Leotz ingurua: Leoz que dista tres leguas de Tafalla no es distrito sino un lugar pequeño del valle de Orba è Ylzarbe en Navarra. El bascuence que en este valle de Orba se habla es idéntico al del valle Anue y Ulzama pero mas castellanizado. Seguruenik Palarearen eta Uriarteren albisteek erabat konbentzituko zuten Bonaparte. Deigarria da ordea Uriartek Leotz Izarbeibarren kokatzea. Ez dakit nondik jaso zituen datuak Arrigorriagan jaiotako idazleak.

Uri 1858

Leozko aipamena dakarren Uriarteren 1858ko gutun-zatia. Klik eginez kontsulta daiteke (07. blokea, 100. irudia)

1862-64. Aurreko albisteen eraginez ziur aski, 1862rako Bonaparte printzea sinetsita zegoen Orbaibar eta Ezporogi zirela euskararen eremuaren hego-muturrak. Horrela adierazi zion Etxenikeri 1862ko urtarrileko gutun batean. Lehentasun bihurtu zen handik harat printzearentzat inguru hartako doktrina-itzulpena eskuratzea, eta hala jakinarazi zion urdazubiarrari.

Badirudi, ordea, Etxenikek Orbaibarrez bidalitako albisteak ez zirela aurrez Bonapartek jasotakoak bezain baikorrak izan. 1863ko apirilean honela erantzun zion printzeak Urdazubikoaren gutun bati: erabat zuzen zaude Barasoainen eta Untzuen euskararik egiten ez dela diozunean. Baina horrek ez du esan nahi Orbaibarko gainerako herrietan hitz egiten ez denik. Amunarrizketa, Artariain, Bezkiz, Sansomain, Benegorri, Makirriain, Amatriain, Olleta, Iriberri. Uzkita, Leotz eta Iratxeta aipatu zituen Bonapartek jarraian: denak zitzaizkion egoki eskuratu nahi zuen katiximarako. Aitortu ere egin zuen, hala ere, ez zekiela oraindik ezer Tafalla inguruko euskara hartaz. Je ne connais absolument rien de ce basque (…) Tout ce qui se rapporte à ce dialecte de Orba a pour moi le plus grand interêt.

Etxenikeren ondorengo berriek ez zuten printzearen albiste-egarria ase ahal izan: uztailean temati zirauen Bonapartek: Orbaibarko euskarari dagokionez, kostatzen zait sinestea haran guztian itzali denik. Ziurtatzeko oso garrantzitsu iritzi zion Leotzen bertan euskara bizirik zegoen jakiteari, herri hark izan zuelako nonbait betidanik Orbaibarren zehar euskaldun izatearen ospea. Leozko euskara itzali zela ziurtasunez jakin artean Bonapartek ez zuen onartuko hizkuntza Erriberriko merinalde osoan desagertu zenik. Abuztu hartan beste eskutitz batean azpimarratu zion printzeak Etxenikeri zein beharrezko sentitzen zuen Leozko doktrina, zoritxarrez (harentzat, eta guretzat ere bai) sekula eskuratzerik izan ez zuena. Lehentasuna zen Orbaibar euskalari handiarentzat. Bereak dira hitzak (Etxenikeri, berriro ere): egoki baderitzozu inguru hartara norbait bidaltzea katixima itzul dezakeen pertsona topatzearren (dela apaiza edo dela maisua), arren, gastatu beharrekoak ez zaitzala zalantzan jarri, nire eskumenean dagoen edozer egiteko prest bainago.

Bonaparte Orbaibar

Leotz inguruko mugak Bonaparteren mapan. Egin klik mapa deskargatu eta irudia gertutik ikusteko.

1864ko urtarril hasieran berriro idatzi zion Bonapartek Etxenikeri. Orbaibarko euskarari buruzko albiste eza zuen kezkarik handienetako bat. Hilabete hartan bertan Etxenikek bidalitako datuekin konbentzitu zen azkenik euskara itzalia zela Leoz ekialdean dagoen Ezporogi bailaran, eta Orbaibarren ere galdutzat eman zuela ematen du; ordutik aurrera Agoitz jo zuen katiximarako jomuga (nahiz eta beranduago Agoitzi zegokionez ere etsi behar izan).

Hortxe amaitu ziren Bonapartek Leotz inguruari Etxenikerentzako gutunetan eskainitakoak. Hala ere, ez zuen azkenean erabat desagertutzat jo hango euskara, eta ondorengo urteetako albisteek aldatu egin zuten nonbait, neurri batean bederen, 1864ko ikuspegi ezkorra. Euskalkien mapa handian Leozko lau herri sartu zituen printzeak euskararen eremu barrenean: Iratxeta, Iriberri, Amunarrizketa eta Artariain. Iratxeta eta Leotz artean ezarri zuen hegoaldeko goi-nafarreraren muga.

Olleta La  Asuncion errom XII

Olletako eliza erromanikoa, gaur egun

1884an muga berbera adierazi zuen Kanpionek, baina Bonaparteren datuak kopiatu besterik ez zuen egin, bere uztako eguneratzerik gehitu gabe. Guztiz iraungia ote zen ordurako leoztarren mintzo zaharra Bonapartek adierazitako herrietan ere? Erabateko ziurtasuna zalantzan jartzeko moduko oihartzun apalak bildu ditu azken urteotan Fernando Maiora artaxoarrak: 1819an jaio eta 1901ean hildako Ignacia Dusaren eskutik dator bat. Iruñean sorturiko emakume euskaldun hau Tafallara ezkondu zen, eta ondorengoek jaso dutenez euskaraz egiten omen zuen hiriko azokan Orbaibartik jaitsitako nekazariekin. Leoztarrik ote haien artean? Aipatzekoa da, halaber, XXI. mende hasieran bertan ba omen dela Olletan arbasoei ikasitako euskarazko Aste Santuko abesti arrastorik gogoan duen biztanlerik.

Iluna da oraindik Leozko (eta Orbaibar osoko) euskararen desagerpen-data; baina argi eta garbi esan daiteke mendebaletik bizilagun izan zuen Izarbeibarko mintzoa ez zela XX. mendera arte itzali. Beste horrenbeste esan beharko al litzateke hain isil, hain Leotzezezagun alde egin zuen Leozkoaz?

El distrito de Leoz, municipio situado en el extremo septentrional de la Merindad de Olite, fue perdiendo rápidamente el euskera que le era propio -como tantos otras comarcas- a lo largo del convulso siglo XIX, aunque no es descartable que los últimos restos del habla valdorbesa en la que se expresaron los leoztarras se conservaran hasta más allá de 1900. A diferencia de aquel euskera, irrecuperable hoy día, las noticias y testimonios que dan fe de la lengua mediante la que se vertebraron las generaciones que han hecho de Leoz lo que es en la actualidad van aflorando lentamente pero sin pausa. Esos testimonios dan cuenta de que hasta el siglo XVIII el lenguaje presente aún hoy en la mayoría de los montes, terrenos y lugares de la comarca fue el único que comprendían muchos de los que los poblaron. Las buscas y rebuscas del príncipe Bonaparte alrededor de 1860 en su empeño por disponer de materiales esctitos en el habla de Leoz ofrecen luz, no siempre nítida pero en cualquier caso de gran interés, sobre el momento en el que los habitantes de Iratxeta, Amunarrizketa o Artariain, entre otros, estaban perdiendo la lengua vasca que pocas décadas atrás había sido aún insustituible.


Nafarroako euskararen historia ttipia

00-ARDANAZ--800x600-Joan den urtarrilean, Itzagaondoa ibarreko Ardanatz herrian, Nafarroak eta euskarak historian zehar elkarrekin egindako ibilbideaz hitz egin nuen, Itzagaondoa Ibarra Taldeak gonbidatuta.

Inork interesik badu, azpiko irudian klik eginda hitzaldiaren karietara prestatutako testua irakurri ahal izango du. Hitzaldia gaztelaniaz izan zen.

Eskerrak eman nahi dizkiet bide batez Ardanatzera bertaratu ziren entzuleei eta haiei zuzentzeko aukera eman zidaten Itzagaondoa Ibarra Taldeko arduradunei.

Nafarroako euskal mintzoak historian zehar 2

Egin klik irudian testura jotzeko

Haciendo clic en la imagen puede accederse al texto que sirvió de base a la charla ‘Una pequeña historia del euskera en Navarra’, impartida en Ardanaz de Izagaondoa el pasado mes de enero. El texto está en castellano.


Izarbeibarko euskarari buruzko liburuak

arana gares

Aitor Arana, ‘Diccionario castellano-vasco de Valdizarbe’ liburua eskuetan duela.

Asko dira dagoeneko behinola iraungitako mintzo nafarrak gogora ekarri eta ezagutarazi nahirik sortutako liburuak. Nabarmena da, esate baterako, aurreko hamarkadan zehar Aitor Arana idazleak eginiko lana, eta lan horren emaitza den lingua navarrorum bilduma oparoa. Interesa duen irakurleak eskualde askotako euskararen oihartzuna antzemango du bilduma osatzen duten hiztegi eta azalpenetan zehar: Artaxoakoa, Ameskoa aldekoa, Gesalazkoa, Iruñe ondoan mintzo zena…

Alabaina, euskara aspaldixko galdu zutenen artean bere hizkuntza altxorra iluntasunetik atera, landu eta plazara ateratzen saiatu den Nafarroako eskualderik bada, Izarbeibar dela uste dut. Gares inguruko mintzoaren nondik norakoa eta gorabeherak ezagutu nahi dituena ez da erraz aspertuko, azken mende laurdenean argitaratutako lan sorta zabala baitu eskura; bost liburu dira guztira sarrera honetan aipatuko ditudanak.

Funtsezkoa izan da Izarbeibarko euskararen berreskuratze lanean ere Arana, eta legazpiarraren ahaleginik gabe nekez izango genituen esku artean liburu hauetako asko; baina ez da egiteko horretan bakarrik ibili. Izan ere, gurasoengandik jasotzerik izan ez zuten euskara ezagutu eta auzoei estimatzen lagundu nahi dieten izarbeibartarrak badira; eta ez nolanahikoak, gainera: zoragarria da esaterako Fernando Pérez de Labordak euskeraenvaldizarbe blogean bildu eta antolatu duen informazio jarioa. Blog horretatik bertatik abiatuta kontsulta daitekeen Diccionario de euskera residual y castellano en desuso de Valdizarbe y Valdemañeru lan bikainaz gain, Izarbeibarko euskararen ibilbidea sarean beste inon ez bezain zabal topatuko du hantxe irakurleak; lankide izan zuen ahalegin horretan, besteak beste, aurreraxeago aipatuko dudan Xabier Vélez ere, Garesko semea. Herri horretako euskara zerbitzuburu den Koldo Colomok, bestalde, eskualdean mintzatu zen aldaeraren inguruko dibulgazio lanean aritzeaz gain, jakingai interesgarriak eman ditu argitara Pérez de Labordarekin batera (hemen adibidea). Koldoren bidez eskuratu ahal izan ditut sarrera honetan aipatuko ditudan liburuetako batzuk; mila-mila esker!

Izarbeibarren_mapa_izenekin_eta_kokapena_Euskal_Herrian.svg

Izarbeibar osatzen duten udalerriak

Eskualdetik kanpo jaiotako ikerleen ekarpena ere garrantzi handikoa izan da azken boladan Izarbeibarko euskararen itxura eta kolorea gero eta hobeto ezagutu ahal izateko: Erreniega hegoaldeko lurraldeak hego-nafarrera osatzen zuten gainerako mintzoen artean kokatzeko behar ziren argibideak Iñaki Caminok azaldu ditu; Ricardo Urrizola eta Fernando Maioraren artxibo-lan nekaezinari esker Izarbeibarko hainbat herritako euskal lekukotasun berri eta interesgarriak agertu dira.

Baina ikerlan espezializatuagoez landara Gares ingurumariko euskara axaletik ezagutu, sakonago aztertu eta are dastatu nahi duenak, hainbat liburutara jo dezake. Haietan zehar ikus daiteke, gainera, azken hamarkadetan Izarbeibarko zenbait lagunek beren hizkera berreskuratu, ezagutzera eman eta auzoei guztien ondare sentiarazten saiatzeko egin duten ahalegina.

 1

izarbeibarko euskaraIzenburua: El euskera en Valdizarbe. Testimonios escritos y orales – Izarbeibarreko euskara, Idatziz eta Ahozko Testigantzak

Argitaratzaile: Garesko Udala

Urtea: 1993

Hizkuntza:  gaztelania  

Orrialde kopurua: 29

José María Jimeno Jurío zenaren hitzaurreaz abiatu zen Izarbeibarko hizkuntza ondarea berreskuratzeko emandako lehendabiziko urratsa. Urrats ttipia, ondoren etorri direnen aldean, baina bere ttipian txukuna, bideari ekiteko ezinbestekoa, eta laburpen gisa gaurkotasunik galdu ez duena. Material baliagarria da gaur ere 1993ko liburuska eskualdeak eta euskarak nolako lotura izan zuten (eta duten) jakin ez, eta gaira estreinakoz hurbildu nahi duen erdaldunarentzat. Izan ere, horixe bera izan zuen helburu: eremu hartako biztanleek euskararen oroimen historikoa ez galtzea eta euskararen kateari zeharo apurtu gabe nolabait eustea; azken batean, bazitekeen oraindik duela 20 urte irakurle izarbeibartar adineko batzuk bailarako azken euskaldun zaharren birbiloba izatea. Liburuan euskararen atzerakada historikoari buruzko zertzelada orokor zenbait jaso ziren, eta horrekin batera hizkuntzak Izarbeibarren utzitako lekukotasunen zerrenda, eskualdeko hainbat euskal leku-izen udalerrika bilduta, Gares inguruko gaztelanian euskarak lagatako hitz andanatxoa (urte batzuk beranduago argitaraturiko hiztegi zabalaren aurrekari) eta Izarbeibarko mintzoaren ezaugarrien laburpena ere bai.

2

Izenburua: Izarbeibarko hiztegia

Egile: Aitor Arana

Argitaratzaile: Nafarroako Gobernua

Urtea: 2002

Hizkuntza:  euskara  

Orrialde kopurua: 162

Izarbeibarko euskarari buruzko kontzientziazio lanaren lehen mugarria biztanleei euskara bera gogora ekartzea izan bazenizarbeibar hiztegia (existitu zela jakinaraztea, alegia, eta hori ez zen urrats makala), bigarren pausoa euskara hura jendaurrean erakustea izan zen. Horixe lortu zuen udal esparrua gainditurik Nafarroako Gobernuaren babespean plazaratu zen hiztegiak. Aitor Aranak eskualdeko aldaerari eskainitako lehendabiziko lana izan zen, eta ondorengo urteetan fruitu oparoak eman dituen bidearen hasiera. Bi sarrera-artikulu dakartza liburuak; Aranarena berarena bata -orokorragoa, eta hiztegiaren eta hartan bildutako hizkeraren inguruko puntu zenbait jorratzen zituena- eta Iñaki Camino ikerlearena bestea, Izarbeibarko mintzoaren ezaugarri batzuen deskribapen zehatzagoa. Hiztegiari dagokionez, bailarako mintzotik baturako bidea (110 orrialde) eta  baita kontrakoa ere (46 orrialde) egin zituen, sarritan ezagutzen diren iturri zaharretako adibideak emanez. 2005ean hiztegiaren bertsio ttipiagoa agertu zen arestian aipatutako lingua navarrorum sailaren baitan.

3

Irudia31Izenburua: Diccionario castellano-vasco de Valdizarbe / Hitos históricos del euskera en Valdizarbe

Egile: Aitor Arana / Fernando Pérez de Laborda, Fernando Maiora, Koldo Colomo, Xabier Vélez.

Argitaratzaile: Garesko Udala

Urtea: 2009

Hizkuntza:  gaztelania  

Orrialde kopurua: 219

Azken urteotan hiru liburu ederrek osatu dute Izarbeibarko euskarari buruzko lan-bilduma. Horietan lehena 2002ko hiztegiaren gaztelaniazko moldaketa izan zen. Agerikoa da berriro ere euskara izarbeibartar erdaldun guztiei helarazteko borondatea; baina 1993ko urrats apal hura ederki gaindituz, eta Izarbeibarren bertan euskararenganako interesa gorantz zihoanez, interes horren araberako tresna osatu eta aberatsagoa jarri zuen guztion eskuetan Garesko Udalak. Aitor Aranaren 2002ko euskarazko sarrera beretsua du 2009ko liburu honek, irakurle erdaldunen beharretara moldaturik; hiztegia, aldiz, 2000 bat sarrerak osatua da, adibide ugari, zenbait azalpen eta Izarbeibarko argazkiak lagun dituela. Behinola arbasoek zerabilten mintzoa ondorengo guztien eskura, 140 bat orrialdetan zehar.

Ez da hori dena ordea, ondoren balio handiko bi gehigarri baititu liburuak. Batetik, Hitos históricos del euskera en Valdizarbe izenekoan euskarak bailaran 1215etik 2009ra emandako albisteak laburbildu zituzten txukuntasun osoz Fernando Pérez de Labordak, Koldo Colomok, Fernando Maiorak eta Xabier Vélezek. Bertan ditu irakurle erdaldunak irakurgarri azken zortzi mendeotako izarbeibartar gehienek hitz egin zuten hizkuntzari buruz artxiboek emandako albisteak, eta baita Labordak berak eskainitako zenbait ondorio ere. Artikulu hau eta sarrera honen hasieran azpimarratu dudan euskeraenvaldizarbe bloga bera ezinbesteko erreferentzia iruditzen zaizkit Izarbeibarko aldaeraren bizitza ezagutu nahi izanez gero. Aldaera horren azken hatsarekin dago lotua bigarren eranskina: ‘¿El último euskaldun de Uterga?’ izeneko artikulutxoa da, 1923an Fermin Irigarai LarrekoLa Voz de Navarra egunkarian argitara emandako albiste laburra; idazle nafarrak Izarbeibarko hondar euskal hiztunetako batekin izandako elkarrizketaren kontaketa. Seguru asko ez zen Utergako agure hura bailarako azken euskaldun zaharra izan. Jakin-nahiak bultzatuta Pérez de Labordaren blogean sartu-irtena egiten duenak horren inguruko albiste ezin interesgarriagoak aurkituko ditu.

4

Izenburua: Itzarbeibarko euskara. Ikasliburua eta Hiztegiaizarbeibar ikasliburua

Egile: Aitor Arana

Argitaratzaile: Garesko Udala

Urtea: 2010

Hizkuntza: euskara 

Orrialde kopurua: 198

Bi urrats garrantzitsu eman ostean -euskaldun ez zirenengan galdutako mintzamoldearen kontzientzia txertatzea, eta erdaldun zein euskaldunei hiztegiaren bidez mintzamolde horren argazkia erakustea- nolanahikoa ez zen hirugarren aurrerapausoa ekarri zuen 2010eko liburu honek: izarbeibartarrei arbasoek erabili zuten aldaera ikasteko tresna eskaintzea. Batuaren bidetik euskara pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen ari den belaunaldiari, nahi izanez gero, batu hori behinola mintzatu zen hizkeraren zaporeaz aberasteko aukera ematea, alegia. Ehun bat orrialdetan zehar, eta hogeita hamar ikasgaitan banatuta, Gares inguruko euskararen ikasliburua da beraz honako hau, azalpenekin batera ariketak eta ariketen erantzunak ere badakartzana. Urte hartan bertan hasi ziren Garesko euskaltegiko zenbait ikasle hain testuliburu deigarria erabiltzen. Ikasliburuarekin batera, eskualdeko mintzoan paratutako irakurgai bat ere badakar liburuak (Martin eta basajaunak), eta baita 2002ko hiztegiaren bertsio zuzendua ere, eskualdeko euskaratik baturakoa zein alderantzizkoa.

5

descargaIzenburua: Irakurgaiak Izarbeibarko euskaraz. Uterga, Ukar eta Garesko testu zaharrak eta berriak

Prestatzaile: Aitor Arana

Argitaratzaile: Garelako Elkartea

Urtea: 2011

Hizkuntza: euskara 

Orrialde kopurua: 63

Azken argitalpen honek ia hogei urte lehenago hasitako bidea osatu duela esan daiteke, eta aldi berean aipatu azken argitalpenaren gehigarri ederra izan da. Ikasliburua 2010eko irailean plazaratu eta gero, udazken hartan bertan ekin zioten Garesko euskaltegian ibarreko euskara ezagutzeko lehendabiziko ikastaroari; 2011ko neguan izan zen bigarrena. Edozein ikaslek, jasotzen ari den hizkuntza ongi bereganatuko badu, testuak landu behar ditu; eta Izarbeibarko euskarak, esan gabe doa, XIX. mende inguruko erlijio-testuak ditu adierazpide nagusi. Hori horrela izanik, ikasleen lanerako ez ezik aspaldikoaren irakurzaleen gozamenerako ere material interesgarria dira 2011ko argitalpenaren lehen zatian bildutako Utergako eta Ukarko doktrina-idazkiak, bata zein bestea irakurri eta alderatzeko ere bai, gordetako lekukotasunok (agerkizun izango ahal dira beste hainbeste!) argi utzi baitute Izarbeibarko herri guztietan euskarak ez zuela kolore berbera izan, bazegokeela alderik eskualdearen mutur batetik bestera.

Baina testu zaharrez gain, oparirik politena liburu amaieran dago: 2010 eta 2011ko ikastaroetan aritutako ikasleek beraiek eskualdeko moldera egokitutako beste bi ipuin bildu dira liburuan (Ona eta piztia eta Nola Kattalinek diabruari ziria sartu zion), 2010eko Martin eta Basajaunak izenekoaren bertsio zuzenduarekin batera. Hauxe da Ona eta piztia izenekoaren hasiera, ikasle itzarbeibartarrek beren bailarako moldera egokiturik:

Errege batek hirur alaba izateas gañera, oso gogoko zue ferias feria ibiltzea, xairik xai. Alaberi beti ekartzen zizkiote erregaloak, baña anis aldis atzentzen zekio bere alaba txikienari eta guzis eder eta atseginari erregaloa ekartzea.

Egun batean alaba gazteenari galdegin zio zer erregalo nahi zuen.

-Ekar zadazu lore bat, mertxedes.

Azken testu hauek islatzen dute beste ezerk baino hobeto, nire ustez, Izarbeibarko biztanle zenbaitek aspaldiko euskara berritzeko, jendartera ekartzeko eta berpizteko agertu duten irrika, eta 90eko hamarkadako liburu sotilarekin hasi zen bidea ez dela alferrikakoa izan, euskararen katea ez dela Izarbeibarren eten. XIX. mendearen zapore zaharra ez ezik, XXI.aren ahogozo berria ere badakar liburuak. Beharbada hori da lan hauek guztiek dakarten albisterik pozgarriena.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2014(e)ko martxoa
    A A A A O I I
    « Ots   Api »
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    24252627282930
    31  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu