Archive for maiatza, 2014

‘Et alegraçaytec ongui’: bi euskaldun Karlos erregearen gortean

Carlos_III_el_Noble_en_Pamplona--2

Karlos III.aren irudia. Iruñea.

Orain dela sei mende Evreux etxeko Karlos III.a zen Nafarroako errege. Prestua ezizenez -izen bereko Gaiztoaren seme-, Iruñeko katedral gotikoa eraikitzen lagundu eta Erriberriko jauregia zabaldu zuen hura Nafarroatik urrun jaioa zen, Frantzia iparraldeko Mantes-la-Jolie herrian. Frantsesa zuen beraz ama-hizkuntza; XIV. mendeko agirietan Ydiomate gallicanum esaten ziotena.

1390eko otsailean Iruñean koroatu zutenean, latinez idatzi zituzten ospakizunari zegozkion agiriak, baina errege gaztearen zin-egiterako formula in ydiomate Navarre terre irakurri omen zuten. Nafar erromantzez, alegia. Hain ezaguna delarik Antso Jakitunaren garaiko ‘Lingua Navarrorum’ hura (1167), galdera egin diezaioke baten batek bere buruari: zergatik Lingua Navarrorum-etik Ydiomate Navarre terre-rako jauzia? XII. mendean euskara nafarren hizkuntza izendatu, eta XIV.enean erromantzea zen nafar lurraldearen mintzaira? Hainbeste aldatu ote zen hizkuntza-egoera bi mendetan, edo horrenbeste ahuldu ote zen euskara?

1167ko lekukotasunari dagokionez, ez da egia inon ere ‘Lingua Vasconum, lingua navarrorum est’ idatzi zenik, are gutxiago Antso erregeak berak horrelakorik idatzi zuenik. Pasarte ezagun hori Iruñeko apezpikuaren eta Bela izeneko konte baten arteko akordioari dagokio eta zatirik interesgarrienak honako hau dio: Orti Lehoarriç faciet ut lingua Nauarrorum dicitur unamaiçter eta Aceari Umea faciet buruçagui quem uoluerit. Alegia, agirian adostutakoaren arabera Orti Lehoarriz izeneko batek eta Azeari Umea zeritzon beste norbaitek unamaizter (=unai maizter; artzain buru) eta buruzagi bana izendatu behar zituzten. ‘Ut lingua Nauarrorum dicitur’ horrek harreman zuzenean jartzen ditu ‘nafar’ kontzeptua eta euskarazko hitzak, ‘nafarren hizkuntzan esaten den bezala’ baita bere esanahia. Nafarrek beraien hizkuntzan buruzagi ziotela, alegia. Erdi Aroko beste lekukotasun batzuek erakusten dutenaren ildo beretik, ‘nafar’ eta ‘euskaldun’ ari zaigu elkartzen testua. Baina ez da horregatik ulertu behar gaurko Nafarroa osoa euskalduna zenik: XII. mendera arte musulmandarren esku egon zen Erribera aldean, adibidez, nafar deitzen zieten Iruñe aldetik-edo etortzen zitzaizkienei; arrotzak ziren haientzat. Beraz, 1167ko lingua navarrorum euskara izendatzeko modua da, eta nafar = euskaldun elkartzen ditu, Iruñe inguruko oso lurralde zabalean herri xehearen mintzaira (ia) bakarra izango zela iradokiz; baina ez digu adierazten egungo Nafarroa osoan euskaraz aritzen zirenik.

Forua

Nafarroako Foruko 20tik gora euskal hitz eta esapide aipatu zituen Koldo Mitxelenak

XII. mendean Nafarroa gehienean nagusi bai, baina euskara hura ez omen zen boterearen eta ofizialtasunaren hizkuntza; are gutxiago agirietan erabiltzekoa. Idatzirako, XII. mendean oraindik gazte samarra zen nafar erromantzeak hartu zien aurre XIV.enerako beste hizkuntza batzuei (latinari, okzitanierari). Eta erromantze hura Nafarroan sortutako hizkuntza izanik, ez da harritzekoa 1390eko koroatze-ospakizunean latinarekin batera erabilitako mintzaira izatea. Erresuman sortua zen, elite agintariak beretua zuen, eta herri xehearen euskarari nekez aitortuko zioten solemnitatea eta balio idatzia ezagutzen zioten, nonbait. Erregea nola koroatzen zuten ikustera goi-mailako bisitari kanpotar asko bertaraturik, pentsaezina izango zen egun berezi hartan eta hura gogora ekarri behar zuten agirietan euskaraz baliatzea; frantsesa eta latinarekin batera ekitaldi hartan agertzeko bezain jasotzat zuten etxeko hizkuntza, erromantzea besterik ezin zen izan. 1167ko Lingua navarrorumek adierazten ez duen bezala Nafarroa osoa euskalduna zenik, 1390eko Ydiomate Navarre terre-k ez du esan nahi erromantzeak euskara ordezkatu zuenik, erabilera jaso hartarako egoki zeritzoten hizkuntza nafarra hura zela baizik. 1400. urtean, 1200.ean bezala, Nafarroako zati handi batean herri-hizkuntza bakarra izango zen noski euskara. Horixe gogorarazten digu XIII. mendeko Nafarroako Foruak ere. Erromantzez idatzita dago, baina euskaraz mintzo ohi zen gizarte baten araubidea zenez hainbatetan azaleratu zen euskara hura, zergen izenetan adibidez: Ay una pecha que es clamada açaguerrico en basquenz (…) Hay otra pecha que es clamada alfonsadera. en basquenz ozterate

Nolanahi ere, 1390eko koroatzearen lekukotasuna kontuan harturik pentsa genezake euskarak, herritar xeheen hizkuntza izate beragatik beharbada, ez zuela inolako lekurik izango ez Iruñeko gortean, ez goi-karguen artean. Errege atzerritarraren inguruko botereguneek ere zeharo arrotz izango zutela. Horrela al zen?

Iruñeko katedrala

Iruñeko katedrala

Hurbil gaitezen XV. mende hasierara gortean euskara arrotza zen ala ez ikusteko.

Urte haietan Nafarroako funtzionario nagusietako bi Martin de San Martin eta Machin de Çalua (Zalba) ziren. Idazkaria zen lehendabizikoa, diruzaina bigarrena: Zalbakoak errege-etxearen gastu eta diru-sartzeak zaintzen zituen. Ez ziren lankide hutsak; estua ematen du elkarren arteko harremanak, karguak eragindako betebeharrez haraindikoa. 1415eko egun batez gutuna idatzi zion San Martin idazkariak diruzainari. Donibane Garazikoek ordaindu beharreko diru-kantitate bat zenbatekoa zen jakin nahi zuen; eta bide batez eskutitzaren hartzailea oturuntzaren batera joatekoa ote zen galdetu ere bai. Ez zen beraz komunikazio formal hutsa. Erromantzeaz baliatu zen San Martin…

Machin seynnor: supplico vos que me imbiedes por escripto quoanta es la gracia que los de Sant Johan han de la imposicion (…) Et me inbiat a dizier si beares al conbit o non.

Et todo vuestro, Martin

de San Martin

…baina galdera ‘teknikoa’ egin ostean, eta bien artean zegoen harremanaren adierazgarri beharbada, idazki formaletan nekez aurkituko dugun hizkuntzaz baliatu zen hartzailea agurtzeko:

Et jaunatiçula egun hon.

Idazkariaren galdera ez ezik, Machin de Zalbaren erantzuna ere gorde zuen erregistro-liburuan esku anonimoren batek (zorionez!). Diruzainak lanbideaz kanpoko gaiei heldu zien aurrenik, gonbitean izango ez zela erantzunez eta Miguel Papon eta Peyre de Tors izeneko bi lagun aipatuz (azken hau, gorteko auzitegiko notario nonbait, gozotasun handirik gabe):

Seynnor maestre Martin. A commodo vos a Miguel Papon buen amic et seredes bien ayssa en casa de Peyre de Tors del bon baron que mal li se faga en el coillon et escusatme de conbit que non puedo ser, que huespedes tiengo…

Baina zatirik informalena osaturik, zertarako eta azalpen teknikoena eta lanbideari lotuena emateko, euskaraz segitu zuen erregearen diruzainak:

…Et jaunatiçula abarion eznayz bildur ezten alla. Et jaquiçu Done Johanne Garaçicoec dute graçia erregue baytaric hurtean yruroguey et amaui (amarr?) florin hurtean baytator sey florin et tercio bat ylean rebatiçera colectoreari (colectorean?) et alegraçaytec ongui.

Zure guçia, Machin

de Çalua

[oharra: testuak hainbat hitzi buruzko interpretazio bat baino gehiago izan du ezagutzera eman zutenetik; horren erakusgarri idatzi ditut parentesi artekoak]

1415 zalba

Machin Zalbakoaren erantzuna: Nafarroako Artxibo Orokorra, Diruzaintza-erregistroak, 339, 109. folioa, 1415.

Handia da kasualitateak iraunarazitako lerro hauen garrantzia: euskarazko eskutitz ezagunik zaharrena izateaz gain, eta hizkuntza-balio nabarmena duen antzinako lekukotasuna eskaintzearekin batera, agerian uzten dute erregegandik gertuko funtzionario bik normaltasun osoz baliatu zutela euskara testuinguru informalean… baina aldi berean kontsulta tekniko bati euskaraz erantzuteko lotsarik gabe.

Nongoak ote ziren, alabaina? Galdera guztiz kilikagarria da. Bi gizon hauei buruzko daturik ia ez dago, eta erantzunera hurbil gaitzakeen arrasto nagusia idatzi zutena da. Adituen ustez, finkatuta zeuden XV. menderako euskalkien banaketa modernoa eragin zuten aldaketa gehienak; atera daiteke beraz ondoriorik testuetatik, beren laburrean, eta hainbeste mende joan diren arren:

H batzuk badira, baina ez asko; ikerleen ustez ez ziren ahoskatuko (Johane bezalakoak kultismo hutsa dira), eta ez datoz bat gaur egun ahoskera horri eutsi dioten Iparraldeko eskualdeetako ohiturekin. Ez da harritzekoa; antza denez XV. menderako ez omen zen aspiraziorik entzuten Nafarroan. Galdua zen ordurako. H-ei begira, beraz, testua izan daiteke nafarra (Iparraldekoa ez); baina gehiago zehaztu ezinik.

Beste ezaugarri batzuek, aldiz, pixka bat zehatzago jokatzeko aukera ematen dutela dirudi:

Garacicoec hitzak, esaterako, egun batuan NORK pluralerako darabilgun –ek atzizki bera du (eta ez -ak). Dauden arrastoek erakusten dutenez, XV. menderako finkatuta zegoen Nafarroatik ezker -ak izatea atzizkia (gaur ere baden bezala) eta ekialderago, Nafarroan edo are sortalderago, -ek. Honen arabera hitz hori nekez egokituko zaio mendebaleko euskarari; nafarra da, gutxienez.

Ezten idatzi zuen Zalbakoak, bestalde. ‘Ez den’, alegia. Esanguratsua da aditz forma hori ere. Gaur egungo Gipuzkoan edo Bizkaian dan erabiltzen da (etorri dan mutilla, adibidez). Antzina ere bai; baina ez han bakarrik. Aspaldiko leku-izenek erakusten dutenez, Nafarroako mendebaldera iristen zen -a- horren esparrua: Araba ondoko Ameskoa eta Lana inguruan ohikoak dituzte -dana eta -dirana amaieradun toponimoak. Ameskoan zegoen, adibidez, Celayaren inçaurradana (1633). Ekialderago, Iruñerrian adibidez, ezberdina zen jokaera: Txulapaingoa da Arizcoadena leku-izena (1682). Zaila da gutuneko ezten horren jatorria Nafarroako mendebala izatea.

Gauza bera adierazi dezake eskutitzeko dute horrek: arrotz du adizkiak mendebaleko euskara (Arabatik gertu zegoen euskara nafarrari ere ez dagokio). Berankorragoa bada ere, Ameskoako Artatzako doktrina zatiak beste kolore bateko adizkiak dakartza: Norc amacedau Jangoycoa irakur daiteke bertan, esaterako.

Ematen du, beraz, oso litekeena dela diruzainaren euskara nafarra izatea, baina ez, aldi berean, Ameskoa-Lana inguruko euskara nafarra. Baytator edo baytaric bezalako beste hitz batzuek ez dute uste hori arriskuan jartzen, nahiz eta, beste alde batetik, deigarri samarra izan sartalde kutsua duen bildur agertzea (eta ez beldur).

Zalba2

Zalba, gaur egun

Esandako guztiaren osagarri, ezin interesgarriagoa da gutunaren idazlearen izena ere: Matxin Zalbakoa. Historian zehar, jabearen sorlekua gogorarazteko balio izan du sarritan abizen batek; herritik irten eta beste norabait egin ostean, bizileku berrikoek bertakoen artean desberdintzeko marka gisa-edo. Zalba herriska egungo Lizoainibarren dago, Zangozako merinaldean; euskalduna izan zen XX. mendera arte. Hipotesi hutsa izan arren, ez da erokeria pentsatzea Karlos III.arenaren diruzainaren arbasoak -edo hura bera?- Lizoainibarko herriskan jaio ahal izan zirela, eta beharbada Agoitz inguruko mintzoa isuri zuela 1415eko lerro urrun haietan.

Lizoainibar mapa2

Lizoainibar harana

Interesgarria izatearekin ere, garrantzitsuena ez da seguru asko San Martin eta Zalba nongoak ziren, baizik eta XV. mendean, errege dinastia erdaldun baten inguruko funtzionario hauek euskaldunak zirela, euskaraz egin ziotela elkarri, eta kontsulta tekniko baten erantzuna euskaraz idatzi izana. XX. mende amaieran bertan izan zelarik euskarari zientzia azaltzeko balioa aitortu ez zionik, on da jakitea bostehun urte lehenago Nafarroako erresumako diru-kontu batzuk naturaltasun osoz aipatu zituela euskaraz, eta idatziz, gai hartan nolanahikoa izango ez zen aditu batek.

Bakarrak izango al ziren, ordea, bere inguruan, bi gortesau euskaldun hauek? Guztiz bitxia da euskarazko testu zahar ezagunen artean horrelako bat. Egongo al ziren Martin de San Martin edota Machin de Zalba gehiago, kasualitatearen haizeak jo ez eta guregana heldu ez diren arren? Zilegi al da susmatzea errege kanpotarraren gortean euskara ez zela arrotza, eta euskarak, herri xehearen ahotan bezala, bazuela lekurik gizartearen goi mailan eta funtzionarioen artean ere?

Hala ematen du. Edo, Zalbakoaren hitzetan: eznayz beldur ezten alla.

P.D. Eskerrak eman nahi dizkiot Peio Monteanori, harekin izandako solasaldi batzuen ondorioz sortu zitzaidalako gai hau blogean aipatzeko asmoa, eta gai honen inguruan nirekin elkarbanatutako hausnarketengatik. Akatsak nireak baino ez dira.

erriberriko jauregiaEn 1415 dos importantes funcionarios del reino de Navarra -Martín de San Martín y Machín de Zalba, secretario y tesorero real, respectivamente- intercambiaron una breve correspondencia con motivo de una consulta de índole económica que el primero hizo al segundo. Una breve frase del de San Martín y la mitad de la respuesta del de Zalba fueron escritas en euskera, lo cual confiere gran importancia al documento. No solo por su valor lingüístico en sí mismo (se trata de las cartas en euskera más antiguas de las que se tiene noticia) sino por el rango social de los autores -lejos de los estereotipos que vinculan la lengua vasca exclusivamente a las clases más humildes- y por el nada desdeñable hecho de que fue precisamente la parte más técnica de la respuesta la que Machín de Zalba envió a su colega en euskera. Posiblemente la rareza del testimonio -único en su género y conservado por un capricho de la historia- no sea óbice para aventurar que en los círculos de la corte navarra de la época la lengua vasca bien pudo estar más presente de lo que la ausencia de otras pruebas parecería sugerir.

Sarrera honek  2. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du

KZJaia 2


Nafarroako solasak: Anue

aritzu-anue-navarra_69372015

Aritzun sortutako hiru bat euskaldun zahar anuetar bizi da gaur egun.

Joan den urtean zehar blog honetan azaldu bezala (ikusi sarrera honetan eta beste honetan) galbidean dago gaur egun Anue bailarako mintzoa. 6-7 euskaldun zaharren aditzea dut une honetan, 70 urtetik gorakoak denak, Aritzu, Olague, Leazkue eta Etulainen sortuak eta haranean zein inguruko herrietan zehar barreiatuak. Bada zorionez euskaldun ugari gazteagoen artean, baina aipatutako dozena erditxo horiek dira ibarrean betidanik baliatu den hizkerara hurbil gaitzaketen azkenak. Garrantzi handikoa da horregatik beraien lekukotasuna eta hainbat bidetatik jaso da azken urte hauetan.

Alde batetik, aipagarria da Labrit Multimediak ibarraren ondare ez-materiala jasotzearren bildutako ikus-entzunezko materiala; 25 bat orduko uzta guztira, hainbat herri ezberdinetako 14 lekukori zor dioguna. Lekuko horietan artean daude, jakina, Anueko azken euskaldun zaharretako batzuk ere.

LABRIT

Egin klik irudian bideoa ikusteko

Labrit Multimediaren irudian klik eginez, jasotakoaren zatitxo bat izango duzue ikusgai; 22 minutuko lagina. Kamera aurrean ikusi ahal izango dituzuen euskal hiztun anuetar aipagarrienak Olagueko Pedro Senosiain (herriko azken euskaldun zaharra; 5’30″etik 7’45″era), eta Aritzuko Graciosa Villanueva dira (13’55”-15’35”). Maxi Urteaga aritzuarraren hitz batzuk ere bilduta daude amaiera aldean, eta horrekin batera Egozkuen bizi den Juan Aleman baztandarraren jarduna ere bai.

Euskararik ez dakien Gerardo Larralderen lekukotasuna ere interesgarria da (3′-3’45”) bere guraso eta aiton-amonen euskalduntasunaz mintzo baita.

play2Labrit Multimediakoek interneten eskegitako bideo horrekin batera, irudietan ageri den Graciosa Villanuevari aurten bertan egindako grabazio luzeago baten zatia ekarri dut sarrera honetara. Graciosa 1944an jaio zen eta poliki moldatzen da oraindik ere euskaraz; ezagutzen ditudan euskaldun zahar anuetarren artean gazteena da. Kontuan hartu beharrekoa da Gaztelu eta Illarregikoak zituela gurasoak; baina aritzuarra da sortzez eta eskolan hasi arte euskara besterik ez zekien; beste gauza batzuen artean, bera haurtxoa zela herrira bidalitako Ablitasko maisuak euskarari egin zion kalteaz mintzo da Graciosa. Audiora jotzeko, aski duzue ezkerretako irudian klik egitea.

 

 

 

 


Euskararen lekukoak: TXULAPAIN

 

Txulapain Iruñerrian

Txulapain, gorriz, Iruñerri iparraldean

Iruñerriko hainbat ibar eta herri -azken urteotan hiriburuaren arrimoan  jendetsu bihurtu direnak batik bat- ezagunak dira oso Iruñeko edozein biztanlerentzat: Antsoain, Burlata, Barañain… ez dago izen horiek horiek aldez edo moldez bereganatu ez dituenik. Atarrabia toponimoa bera ere ezaguna da egun, euskaldun askoren artean bederen, Villava nagusi den arren. Zenbatek jakingo lukete ordea gaur egun, Iruñean bertan, Txulapain zer den edo non dagoen? Gutxik, seguru asko, eta erdaldunen artean are gutxiagok. Gaztelaniazko ‘Juslapeña’ nagusitu da, nagusitzearekin batera txulapaindarren euskara XX. mendean zehar iraungi den bezala.

Alabaina, ‘Txulapain’ euskalduna izan da (erdarazko Juslapeña forma euskal fonetikara egokiturik, Mikel Belaskok azaldu duenez) hainbat mendetan zehar haran ttipi honetako biztanleek jaioterria izendatzeko erabili zuten hitza. Txulapain bera bi zatitan banatzen omen zuten euskaldun haiek, Koldo Artolak jaso eta Yrizarren Morfología del verbo auxiliar vasco lanean irakur daitekeenez:

Txulapain Ollakarizketa

Ollakarizketa (Elbarrena, Txulapain)

«Txulapain, Txulapein, Txulapañe … era batez baino gehiagoz aditu dudala esango nuke …; Txulapañe hau, bestalde, bitan banatzen da: mendebaleko sei herriek (Osinaga, Aristregi, Beorburu, Osakar, Nuin eta Larraiotz) ERGOIENA osatzen dute eta gainerako zazpiek (Markalain, Gartziriain, Ollakarizketa, Usi, Beltzuntze, Nabatz eta Untzu) ELBARRENA, Beltzuntzeko Felix Ekiza jaunak adierazi zidanez».

Datuok 1988an eman zituen Felix Ekiza beltzuntzearra bera ez zen euskalduna, tamalez, azken belaunaldiko euskal hiztunen seme baizik. Dena den, Txulapainen eta ondoko Gulian bizi izan ziren Iruñerriko hondar nafarrera hiztunak, Iruñe ondoko berezko euskara XX. mendearen akaberara arte iraunarazi zutenak. Lekuko ederrak ditu Txulapain ibarreko herrietan aspaldiko euskalki nafarrak. Azken labekadakoak batzuk; iturria, ziurrenik, oraindik agortu ez den seinale. Juslapeña zaharrean barrena euskarak utzitako arrasto sakonaren erakusgarri duzue ondoren datorrena.

Antzinatetik XVIII. mendera arte: euskararen nagusitasuna

XVI. mendekoak dira txulapaindarren hizkuntzari buruzko lehendabiziko albiste zuzenak, eta ezin garbiago mintzo zaizkigu ibarrekoen euskalduntasunaz.

Txulapain Beorburu

Beorburu, elurretan

Ohikoa izan zen ordura arte -Erdi Aroan zehar bezala- bikote ugari apezik gabe ezkontzea; hau da, bi lekuko edo gehiagoren aitzinean, ezkongaiek elkarri ezkontitzak esan eta haientzat erabateko balioa zuen eliz erritoez kanpoko lotura gauzatzea. Aro Modernoan gainbehera etorri zen, Trentoko Kontzilioko erabakiek betiko desagertarazita, agintaririk gabeko elkarketa hura. Sortu zen bezala heriotza baino lehen baliogabetzea ere bazegoenez, ezkontza mota hark zenbait liskar eta salaketa eragin zuen, eta bide batez Nafarroako bikote batzuek elkarri emandako euskarazko ezkontitzak ezagutzeko parada eman digu. Txulapaingo Beorburun, 1536an, Maria izeneko bertako andrazko batek auzitara eraman zuen Belaskoaingo Martin Beltzuntze; antza denez, bederatzi urte lehenago elkarri ezkontitzak esan, eta beranduago Belaskoaingo beste emakume batekin espostu zen Beltzuntze, elizaren bidetik. Beorburutarraren salaketak eragindako auziaren latinezko testuetan, behin eta berriz jaso zuten 1527an Mariak eta Martinek euskaraz batak besteari eman zioten fedea. Nafarroako Elizbarruti-Artxiboan dago testua. Martinen hitzak doaz aurretik, Mariarenak ondoren, prozesuan bertan dauden-daudenean (hemen zabalago nahi izanez gero):

nyc Martin ematen derauçut neure fedea

çurj Maria vici naycen artean

çuçaz verce emazteric ez egujtegujteco

eta ez çuri vici naycen artean faltaceco

nyc Maria çuri Martin ematen derauçut ene fedea

vici naycen artean

çuçaz  verce senaric ez egujtego egujteco

eta çuri ez faltaçeco

Txulapaingo emakumearen aldekoa izan zen epaia; bazuen oraindik indarrik 1536an elizaz kanpoko ezkontzak. Ez luzerako, ordea.

1572an, Osinagan, Martin Aginaga ibar-jaunordeak preso hartu zuen Martin Garcia izeneko herritarra etxean sartzera zihoanean. Preso çara, esan zion Aginagak: preso sois, agirian bertan itzuli zutenezNay dut çergatic, izan omen zen Garciaren erantzuna. Fernando Maiorak topatu du lekukotasuna Nafarroako Artxibo Orokorrean. Xehetasunak Reino de Navarra. Euskera. Insultos, coplas, frases izeneko liburu interesgarrian aurkituko ditu irakurleak.

txulapain larraiotz

Larraiotzen, XVII. mendean, bazen euskaldun elebakarrik.

Aurreko albisteak ikusirik, inor ez du harrituko 1587ko Nafarroako herrien zerrenda ezagunean ageri diren Txulapaingo izen guztiak Bascongado atalean egoteak: Ollacarizqueta, Nabaz, Unçu, Vssy, Mayquelayn, Osinaga.

XVII. mendeko albisteak ildo berekoak dira: 1615ean inor aitonen seme bazen ala ez zen erabakitzeko ikerketa bat egin zuten Larraiotzen; Juan Etxeberria apaiza itzultzaile aritu behar izan zen herriko Juanes Larraioz lekukoaren hitzak jasotzeko, por ser bascongado. Juanesek ez zuen, nonbait, erdararik menderatzen.

Gaztelaniaren hedapenerantz

XVIII. mendearen bigarren zatian Nafarroako Auzitegietako komisari erdaldunek eragindako auzi luze bezain ezagunean ez dago Txulapainen aipamenik; zeharka, ordea, susma daiteke komisari haiek Txulapain ere erdalduntzen hasitako ibarren artean sartu zutela, Iruñerriko beste hainbat lekutan horixe baitzen haien esanetan gertatzen hasia zena: puede reputarse por pueblos romanzados (…) los valles de Egues, Ansoain, Aranguren, Cendea de Galar, Echauri, Ezcava y otros de la Cuenca y redondez de esta Ciudad (1767). Komisari erdaldun eta euskaldunak gaztelaniaren balizko agerpenari zegokionez bat etorri ez arren, ez da dudarik euskara zela oraindik ere txulapaindarren hizkuntza nagusia.

Txulapain Santazilia

Ekaitz Santaziliak ezagutarazi duen Txulapain inguruko euskarazko testuaren hasiera

Euskararen nagusitasun horren lekuko dira Txulapainekin lotura duten eta azken urteotan ezagutzera eman diren 1800 inguruko bi eliz testu. Horietako bat, XVIII. mende amaierakoa (edota, asko jota, XIX.aren hasierakoa), Untzuko edo inguruko herri bateko parrokiako liburuak Iruñeko Elizbarrutiko Artxibora eramatean agertutako euskarazko eskuizkribu anonimoa da. 2013an eman zuen argitara Ekaitz Santaziliak Fontes Linguae Vasconum aldizkarian. Ordu hartan Espainian indarrean zegoen errituaren arabera ezkontzera zihoazen bikoteei eman beharreko oharren bilduma dela esan daiteke, laburzurrean Rituale Romanum esan ohi zioten liburuaren gaztelaniazko bertsiotik apezen batek moldatua eta euskaraz paratua.  Ezconcera doacinei eman daquioqueten aviso gaia da idazkiaren izenburua. Urte batzuk beranduago, 1826an, Nuingo parroko zen Pedro Larraiozek liburu bertsuaren 1818ko edizioa erosi eta antzeko euskal moldaketa prestatu zuen. Duela hainbat urte argitaratu zuen Aita Franzisko Ondarrak Nafarroako beste euskal testu batzuekin batera. Txulapaindar zenbaitek gaztelania ezagun izan ala ez, XIX. mende hasieran parroki lanerako euskara ezinbestekoa zela erakusten diguten testuak dira hauek.

Txulapain Bonaparte

Txulapain inguruak Bonaparteren mapan. Antsoaingo Berriogoiti eta Ezkabarteko Ezkabatik beheiti gutxiengoaren mintzoa omen zen euskara.

Zalantzan jartzekoa da beraz XVIII. mende amaieran Txulapain ingurua komisari erdaldunek iradoki bezain erdalduntzen hasia ote zen; 1860-70erako, ordea, bistakoa da egoera aldatzen ari zela. Bonapartek hegoaldeko goi-nafarreraren ipar muturrean ezarri zuen ibar osoa. Gehienak euskaraz mintzo zirela adierazten duen kolore ilunaz markatu zuen Txulapain, baina ondo-ondoko Antsoain bailarako zenbait herritan gutxi omen ziren ordurako mintzo zaharra erabili ohi zutenak. Bonapartek emandako informazioaren osagarri, hara Paul Brocak garai bertsuan bildutakoa: Txulapaingo herri frankotan -erdialde eta hegoaldekoetan, eskuarki- euskara ez ezik gaztelania ere bazerabiltela adierazi zuen frantziarrak. Beorburu-Nuin-Otsakar-Osinaga ingurunea utzi zuen eremu horretatik at. Gainerako herrietan bi hizkuntzak entzuten omen ziren ordurako. XVIII. mende amaieran agian ez, baina XIX.enaren lipar hartan behintzat erdara haranean barrena zabaltzen ari zeneko irudia osatzen dute Bonaparte eta Brocaren lekukotasunek. Yrizarren ustez, 680 bat euskal hiztun izango zituen ordu hartan Txulapainek, biztanleen % 90-edo. Euskararen jarraipena ez zen artean eten, seguru asko, baina litekeena da etetear egotea. Hala ere, kontuan hartu zuen Arturo Kanpionek Txulapain 1880an Orreaga baladaren Nafarroan zeharreko itzulpenak eskatu zituenean. Osinagako Bernardo Etxeberriak isuri zuen Txulapaingo mintzora iruindarraren lana. Hegoalderagoko euskararik ez zuen Kanpionek  bilduma hartan jaso.

1900-1970: transmisioaren etena eta euskararen gainbehera

1904an Iruñeko Elizbarrutiak argitara eman Guía estadística delakoan Txulapaingo apaiz guztiek erantzun zioten baietz “¿Se habla vasco?” galderari. Irudi okerra eman dezake, ordea, jokabide bateratu horrek. Baiezko erantzunen hego-muga zen berriro ere Txulapain; Antsoainen baiezko bakar bat ere ez zen jaso. Eta euskararen jarraipena urte haietan bertan ari zen eteten ibar osoan zehar, ordurako etena ez bazen. Oso txulapaindar gutxik jaso zuten gurasoen euskara 1900. urteaz haraindi.

Txulapain mapa 2

Txulapaingo dermioa. Zenbait herriren ondoan, bertako euskararen azken lekukoen jaiotza-urtea. Egin klik hobeto ikusteko.

1923-25 bitarteko Erizkizundi Irukoitzean, dena den, bildu zen Txulapaingo daturik. Hirugarrenez, albiste-iturri batek iradokitako hizkuntza-eremuaren muga dugu Txulapain; ez zen hegoalderagoko daturik bildu. 71 urteko Miguel Elcano Lazterrak erantzun zien Angel Madariaga inkestatzailearen galderei. Nabazkoa zen.

Aingeru Irigaraik 1935ean bere ikerketa burutu zuenean ere, Txulapaingo herriak izan zituen ikertutako eremuaren muga. Berriemaileek sendagile nafarrari adierazi ziotenez, Beorburu zen ibarreko herririk euskaldunena: 30 urtetik gorakoak aritzen omen ziren euskaraz; gazteagoak, aldiz, ez. Nabaz, Beltzuntze, Larraioz  eta Osinagan 50 urtetik gorakoak baino ez ziren euskaldun; baina euskara erabiltzeko ohiturarik ere ez zuten, antza. Litekeena da egoera Irigarairi esan baino pittin bat hobea izatea. Irigarairen zerrendan ageri ez den haran hegoaldeko Ollakarizketa herrian, Antsoaingo mugan, euskaraz aritu ohi ziren oraindik adinekoak elkarren artean elizatik ateratzean-eta; egun 93 urte dituen Felipe Subizak ikusia da hori; Usin inork ez zekiela esan zioten Irigarairi (ikusiko dugun bezala, nekez izan zitekeen hori egia), eta gainerako herriak aipatu ere ez zituen egin. Nolanahi ere, ordurako Txulapaingo euskararen higadurak ez zuen atzerabiderik. Yrizarrek haranean 100 bat euskal hiztun izango zirela kalkulatu zuen; erdia baino gehiago galdu ziren ondorengo hiru hamarkadetan.

1970etik aitzina: azken hiztunak

1970erako ba omen ziren Txulapainen euskara guztiz galdutako herriak; Nabazko hondar hiztuna, esaterako, 1967an zendu zela jakin zuen Irizarrek. Ikerle honek 17 euskaldun zahar edadetu topatu zituen ibarrean zehar -erabili ez izanaren ondorioz gero eta euskara maiztuagoa zutenak- eta hiztun oso izatera ere helduko ez zen beste andanatxo bat. Azken horien lekuko, Koldo Artolarenak diren 80ko hamarkadako hitzok:  ‘Ezagutzen dut, aurreko horiez gainera, zertxobait ulertzen duen Osinaga, Nabatz eta Untzuko pertsona bakanen bat, hala nola guraso biak nuindarrak zituen Otsakarko beste bat; guzti hauek, alabaina, ezin ‘pronuntzia’ dezaketela diote…’. Zaku berean sartu beharko genuke lehen aipatu Felipe Subiza ollakarizketarra bera, Beorburuko aita eta Ollakarizketa bertako ama elkarren artean euskaraz aritzen entzutera ohitua, eta aitak euskaraz egiten zionean ulertu bai baina gaztelaniaz erantzuten zuena, euskaraz ‘pronuntziatu’ ezinik. Subiza jauna euskara etxean entzutera iritsi bai, baina behatzen artean ihes egin zion belaunaldi galduaren adibide da. Ollakarizketako ama, Josefa Vidart, herriko azken euskaldun zaharretako bat, 1970eko hamarkada hasieran hil zen.

Txulapain Untzu 2014

Untzu (Txulapain) 2014ko udaberrian

Galbide gorrian zegoen Txulapaingo mintzoa betiko desagertu aurretik informazioa biltzeko azken aukera izan ziren beraz urte haiek. Osinaga, Gartziriain, Nabatz edota Beltzuntzen, adibidez, ordurako hiztunik ez eta desagertutako azken haien seme-alabak baliatuz zenbait esapide, aditz edo kanta jaso ahal izan ziren. Beste batzutan, aldiz, gaztaroan euskaraz mintzatu baina ordurako zeharo ihartua eta erdi ahantzia zuten adinekoak izan ziren, etsi-etsian, berriemaile; horren adibide da Txulapain hegoaldean, Ezkabarteko dermioaren mugan, euskarari doi-doia eutsi zion Untzuko Bernardina Latasa Gindano (1893-1991), Joxemari Satrustegik elkarrizketatua. Garrantzitsuagoa izan zen, dudarik ez, euskaraz sikiera ongiska moldatzen ziren azken hiztunen ekarpena; Txulapain ekialdeko mintzoaren lekukotasuna Usi herrian 1890ean sortutako Urbana Aginaga Azkaratek eman zuen 1980an, hil baino bi urte lehenago. Hondar euskaldun zahar txulapaindarrak, nolanahi ere, Atetz eta Guliara begira dauden ibar iparraldeko herrixketan bizi izan ziren:

  • Artola eta Tellabideren esanetan 1980 inguruan oraindik dozena erdi bat euskaldun zeuzkan Beorburun, Esteban Garbisu Aranguren izan zen seguru asko euskarari eutsi zion azken biztanlea. Atezko Zigandara ezkondu den Garbisu, eta hantxe hil zen 1992an, 81 urte zituela. Hauxe izan zen, ausaz, Txulapainen euskaraz txukun mintzatzeko gai izan zen azken pertsona (izenean klik eginez gero Esteban bera entzun ahal izango duzue euskaraz; hemen, aldiz, hura hil ostean Mikel Belaskok Nafarkarian eskainitako artikulua dago, 4. orrialdean).
  • Beorbururekin mugakide den Otsakar herrixkan sortua zen Fermina Goldaraz Zubieta 1902an. Muga-hiztuntzat har daiteke Goldaraz anderea; Artolak ‘Euskaraz mintzatzeko larri xamar’ topatu zuen 1988an, haren ahotik Otsakarko euskara eta hainbat aditz bildu zituenean. Ultzamako Gerendiain herriko Ormitxa etxera ezkonduta, bertan hil zen Fermina 1993ko urrian, Iruñerriko euskal hizkeraren azken kondarrak XXI. mendearen atariraino eramanik.

 

N.B. Irakurlearentzat interesgarria izan daitekeelakoan, hona hemen Labrit Multimedia prestatzen ari den TNafarroako udalerriak Txulapainxulapaingo ondare ez-materialaren bilketaren aurrerapena. Gaztelaniaz ezinbestean (Etxalekun jaioak diren Miguel Astiz eta Micaela Aranoren lekukotasuna izan ezik), baina haranean hitz egin zen euskarari buruzko erreferentziarik baduena (ik. Ollakarizketako Felipe Subiza, sarrera honetan zehar aipatua, 1,49″-tik aurrera)

 

Juslapeña / Txulapain, pequeño municipio situado al norte de Pamplona, a apenas un puñado de kilómetros de Iruñea, fue junto con el antiguo valle de Gulina el último reducto del euskera en la Cuenca. Todo parece indicar que la transmisión natural de la lengua se resquebrajó en las postrimerías del siglo XIX y se interrumpió definitivamente en los albores del XX. Donde hace menos de 200 años los párrocos se valían de textos vascos adaptados por ellos mismos para hacer comprensibles los preceptos de la doctrina católica a sus feligreses frecuentemente monolingües, hace apenas 30 un puñado de personas se esforzaban por rescatar del olvido la mayor cantidad posible de palabras y flexiones del habla local antes de que esta desapareciera definitivamente, hecho que se materializó en la década de los 90 con el fallecimiento de los úlimos hablantes de Osácar o Beorburu.

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2014(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « Api   Eka »
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    262728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu