Carlos_III_el_Noble_en_Pamplona--2

Karlos III.aren irudia. Iruñea.

Orain dela sei mende Evreux etxeko Karlos III.a zen Nafarroako errege. Prestua ezizenez -izen bereko Gaiztoaren seme-, Iruñeko katedral gotikoa eraikitzen lagundu eta Erriberriko jauregia zabaldu zuen hura Nafarroatik urrun jaioa zen, Frantzia iparraldeko Mantes-la-Jolie herrian. Frantsesa zuen beraz ama-hizkuntza; XIV. mendeko agirietan Ydiomate gallicanum esaten ziotena.

1390eko otsailean Iruñean koroatu zutenean, latinez idatzi zituzten ospakizunari zegozkion agiriak, baina errege gaztearen zin-egiterako formula in ydiomate Navarre terre irakurri omen zuten. Nafar erromantzez, alegia. Hain ezaguna delarik Antso Jakitunaren garaiko ‘Lingua Navarrorum’ hura (1167), galdera egin diezaioke baten batek bere buruari: zergatik Lingua Navarrorum-etik Ydiomate Navarre terre-rako jauzia? XII. mendean euskara nafarren hizkuntza izendatu, eta XIV.enean erromantzea zen nafar lurraldearen mintzaira? Hainbeste aldatu ote zen hizkuntza-egoera bi mendetan, edo horrenbeste ahuldu ote zen euskara?

1167ko lekukotasunari dagokionez, ez da egia inon ere ‘Lingua Vasconum, lingua navarrorum est’ idatzi zenik, are gutxiago Antso erregeak berak horrelakorik idatzi zuenik. Pasarte ezagun hori Iruñeko apezpikuaren eta Bela izeneko konte baten arteko akordioari dagokio eta zatirik interesgarrienak honako hau dio: Orti Lehoarriç faciet ut lingua Nauarrorum dicitur unamaiçter eta Aceari Umea faciet buruçagui quem uoluerit. Alegia, agirian adostutakoaren arabera Orti Lehoarriz izeneko batek eta Azeari Umea zeritzon beste norbaitek unamaizter (=unai maizter; artzain buru) eta buruzagi bana izendatu behar zituzten. ‘Ut lingua Nauarrorum dicitur’ horrek harreman zuzenean jartzen ditu ‘nafar’ kontzeptua eta euskarazko hitzak, ‘nafarren hizkuntzan esaten den bezala’ baita bere esanahia. Nafarrek beraien hizkuntzan buruzagi ziotela, alegia. Erdi Aroko beste lekukotasun batzuek erakusten dutenaren ildo beretik, ‘nafar’ eta ‘euskaldun’ ari zaigu elkartzen testua. Baina ez da horregatik ulertu behar gaurko Nafarroa osoa euskalduna zenik: XII. mendera arte musulmandarren esku egon zen Erribera aldean, adibidez, nafar deitzen zieten Iruñe aldetik-edo etortzen zitzaizkienei; arrotzak ziren haientzat. Beraz, 1167ko lingua navarrorum euskara izendatzeko modua da, eta nafar = euskaldun elkartzen ditu, Iruñe inguruko oso lurralde zabalean herri xehearen mintzaira (ia) bakarra izango zela iradokiz; baina ez digu adierazten egungo Nafarroa osoan euskaraz aritzen zirenik.

Forua

Nafarroako Foruko 20tik gora euskal hitz eta esapide aipatu zituen Koldo Mitxelenak

XII. mendean Nafarroa gehienean nagusi bai, baina euskara hura ez omen zen boterearen eta ofizialtasunaren hizkuntza; are gutxiago agirietan erabiltzekoa. Idatzirako, XII. mendean oraindik gazte samarra zen nafar erromantzeak hartu zien aurre XIV.enerako beste hizkuntza batzuei (latinari, okzitanierari). Eta erromantze hura Nafarroan sortutako hizkuntza izanik, ez da harritzekoa 1390eko koroatze-ospakizunean latinarekin batera erabilitako mintzaira izatea. Erresuman sortua zen, elite agintariak beretua zuen, eta herri xehearen euskarari nekez aitortuko zioten solemnitatea eta balio idatzia ezagutzen zioten, nonbait. Erregea nola koroatzen zuten ikustera goi-mailako bisitari kanpotar asko bertaraturik, pentsaezina izango zen egun berezi hartan eta hura gogora ekarri behar zuten agirietan euskaraz baliatzea; frantsesa eta latinarekin batera ekitaldi hartan agertzeko bezain jasotzat zuten etxeko hizkuntza, erromantzea besterik ezin zen izan. 1167ko Lingua navarrorumek adierazten ez duen bezala Nafarroa osoa euskalduna zenik, 1390eko Ydiomate Navarre terre-k ez du esan nahi erromantzeak euskara ordezkatu zuenik, erabilera jaso hartarako egoki zeritzoten hizkuntza nafarra hura zela baizik. 1400. urtean, 1200.ean bezala, Nafarroako zati handi batean herri-hizkuntza bakarra izango zen noski euskara. Horixe gogorarazten digu XIII. mendeko Nafarroako Foruak ere. Erromantzez idatzita dago, baina euskaraz mintzo ohi zen gizarte baten araubidea zenez hainbatetan azaleratu zen euskara hura, zergen izenetan adibidez: Ay una pecha que es clamada açaguerrico en basquenz (…) Hay otra pecha que es clamada alfonsadera. en basquenz ozterate

Nolanahi ere, 1390eko koroatzearen lekukotasuna kontuan harturik pentsa genezake euskarak, herritar xeheen hizkuntza izate beragatik beharbada, ez zuela inolako lekurik izango ez Iruñeko gortean, ez goi-karguen artean. Errege atzerritarraren inguruko botereguneek ere zeharo arrotz izango zutela. Horrela al zen?

Iruñeko katedrala

Iruñeko katedrala

Hurbil gaitezen XV. mende hasierara gortean euskara arrotza zen ala ez ikusteko.

Urte haietan Nafarroako funtzionario nagusietako bi Martin de San Martin eta Machin de Çalua (Zalba) ziren. Idazkaria zen lehendabizikoa, diruzaina bigarrena: Zalbakoak errege-etxearen gastu eta diru-sartzeak zaintzen zituen. Ez ziren lankide hutsak; estua ematen du elkarren arteko harremanak, karguak eragindako betebeharrez haraindikoa. 1415eko egun batez gutuna idatzi zion San Martin idazkariak diruzainari. Donibane Garazikoek ordaindu beharreko diru-kantitate bat zenbatekoa zen jakin nahi zuen; eta bide batez eskutitzaren hartzailea oturuntzaren batera joatekoa ote zen galdetu ere bai. Ez zen beraz komunikazio formal hutsa. Erromantzeaz baliatu zen San Martin…

Machin seynnor: supplico vos que me imbiedes por escripto quoanta es la gracia que los de Sant Johan han de la imposicion (…) Et me inbiat a dizier si beares al conbit o non.

Et todo vuestro, Martin

de San Martin

…baina galdera ‘teknikoa’ egin ostean, eta bien artean zegoen harremanaren adierazgarri beharbada, idazki formaletan nekez aurkituko dugun hizkuntzaz baliatu zen hartzailea agurtzeko:

Et jaunatiçula egun hon.

Idazkariaren galdera ez ezik, Machin de Zalbaren erantzuna ere gorde zuen erregistro-liburuan esku anonimoren batek (zorionez!). Diruzainak lanbideaz kanpoko gaiei heldu zien aurrenik, gonbitean izango ez zela erantzunez eta Miguel Papon eta Peyre de Tors izeneko bi lagun aipatuz (azken hau, gorteko auzitegiko notario nonbait, gozotasun handirik gabe):

Seynnor maestre Martin. A commodo vos a Miguel Papon buen amic et seredes bien ayssa en casa de Peyre de Tors del bon baron que mal li se faga en el coillon et escusatme de conbit que non puedo ser, que huespedes tiengo…

Baina zatirik informalena osaturik, zertarako eta azalpen teknikoena eta lanbideari lotuena emateko, euskaraz segitu zuen erregearen diruzainak:

…Et jaunatiçula abarion eznayz bildur ezten alla. Et jaquiçu Done Johanne Garaçicoec dute graçia erregue baytaric hurtean yruroguey et amaui (amarr?) florin hurtean baytator sey florin et tercio bat ylean rebatiçera colectoreari (colectorean?) et alegraçaytec ongui.

Zure guçia, Machin

de Çalua

[oharra: testuak hainbat hitzi buruzko interpretazio bat baino gehiago izan du ezagutzera eman zutenetik; horren erakusgarri idatzi ditut parentesi artekoak]

1415 zalba

Machin Zalbakoaren erantzuna: Nafarroako Artxibo Orokorra, Diruzaintza-erregistroak, 339, 109. folioa, 1415.

Handia da kasualitateak iraunarazitako lerro hauen garrantzia: euskarazko eskutitz ezagunik zaharrena izateaz gain, eta hizkuntza-balio nabarmena duen antzinako lekukotasuna eskaintzearekin batera, agerian uzten dute erregegandik gertuko funtzionario bik normaltasun osoz baliatu zutela euskara testuinguru informalean… baina aldi berean kontsulta tekniko bati euskaraz erantzuteko lotsarik gabe.

Nongoak ote ziren, alabaina? Galdera guztiz kilikagarria da. Bi gizon hauei buruzko daturik ia ez dago, eta erantzunera hurbil gaitzakeen arrasto nagusia idatzi zutena da. Adituen ustez, finkatuta zeuden XV. menderako euskalkien banaketa modernoa eragin zuten aldaketa gehienak; atera daiteke beraz ondoriorik testuetatik, beren laburrean, eta hainbeste mende joan diren arren:

H batzuk badira, baina ez asko; ikerleen ustez ez ziren ahoskatuko (Johane bezalakoak kultismo hutsa dira), eta ez datoz bat gaur egun ahoskera horri eutsi dioten Iparraldeko eskualdeetako ohiturekin. Ez da harritzekoa; antza denez XV. menderako ez omen zen aspiraziorik entzuten Nafarroan. Galdua zen ordurako. H-ei begira, beraz, testua izan daiteke nafarra (Iparraldekoa ez); baina gehiago zehaztu ezinik.

Beste ezaugarri batzuek, aldiz, pixka bat zehatzago jokatzeko aukera ematen dutela dirudi:

Garacicoec hitzak, esaterako, egun batuan NORK pluralerako darabilgun –ek atzizki bera du (eta ez -ak). Dauden arrastoek erakusten dutenez, XV. menderako finkatuta zegoen Nafarroatik ezker -ak izatea atzizkia (gaur ere baden bezala) eta ekialderago, Nafarroan edo are sortalderago, -ek. Honen arabera hitz hori nekez egokituko zaio mendebaleko euskarari; nafarra da, gutxienez.

Ezten idatzi zuen Zalbakoak, bestalde. ‘Ez den’, alegia. Esanguratsua da aditz forma hori ere. Gaur egungo Gipuzkoan edo Bizkaian dan erabiltzen da (etorri dan mutilla, adibidez). Antzina ere bai; baina ez han bakarrik. Aspaldiko leku-izenek erakusten dutenez, Nafarroako mendebaldera iristen zen -a- horren esparrua: Araba ondoko Ameskoa eta Lana inguruan ohikoak dituzte -dana eta -dirana amaieradun toponimoak. Ameskoan zegoen, adibidez, Celayaren inçaurradana (1633). Ekialderago, Iruñerrian adibidez, ezberdina zen jokaera: Txulapaingoa da Arizcoadena leku-izena (1682). Zaila da gutuneko ezten horren jatorria Nafarroako mendebala izatea.

Gauza bera adierazi dezake eskutitzeko dute horrek: arrotz du adizkiak mendebaleko euskara (Arabatik gertu zegoen euskara nafarrari ere ez dagokio). Berankorragoa bada ere, Ameskoako Artatzako doktrina zatiak beste kolore bateko adizkiak dakartza: Norc amacedau Jangoycoa irakur daiteke bertan, esaterako.

Ematen du, beraz, oso litekeena dela diruzainaren euskara nafarra izatea, baina ez, aldi berean, Ameskoa-Lana inguruko euskara nafarra. Baytator edo baytaric bezalako beste hitz batzuek ez dute uste hori arriskuan jartzen, nahiz eta, beste alde batetik, deigarri samarra izan sartalde kutsua duen bildur agertzea (eta ez beldur).

Zalba2

Zalba, gaur egun

Esandako guztiaren osagarri, ezin interesgarriagoa da gutunaren idazlearen izena ere: Matxin Zalbakoa. Historian zehar, jabearen sorlekua gogorarazteko balio izan du sarritan abizen batek; herritik irten eta beste norabait egin ostean, bizileku berrikoek bertakoen artean desberdintzeko marka gisa-edo. Zalba herriska egungo Lizoainibarren dago, Zangozako merinaldean; euskalduna izan zen XX. mendera arte. Hipotesi hutsa izan arren, ez da erokeria pentsatzea Karlos III.arenaren diruzainaren arbasoak -edo hura bera?- Lizoainibarko herriskan jaio ahal izan zirela, eta beharbada Agoitz inguruko mintzoa isuri zuela 1415eko lerro urrun haietan.

Lizoainibar mapa2

Lizoainibar harana

Interesgarria izatearekin ere, garrantzitsuena ez da seguru asko San Martin eta Zalba nongoak ziren, baizik eta XV. mendean, errege dinastia erdaldun baten inguruko funtzionario hauek euskaldunak zirela, euskaraz egin ziotela elkarri, eta kontsulta tekniko baten erantzuna euskaraz idatzi izana. XX. mende amaieran bertan izan zelarik euskarari zientzia azaltzeko balioa aitortu ez zionik, on da jakitea bostehun urte lehenago Nafarroako erresumako diru-kontu batzuk naturaltasun osoz aipatu zituela euskaraz, eta idatziz, gai hartan nolanahikoa izango ez zen aditu batek.

Bakarrak izango al ziren, ordea, bere inguruan, bi gortesau euskaldun hauek? Guztiz bitxia da euskarazko testu zahar ezagunen artean horrelako bat. Egongo al ziren Martin de San Martin edota Machin de Zalba gehiago, kasualitatearen haizeak jo ez eta guregana heldu ez diren arren? Zilegi al da susmatzea errege kanpotarraren gortean euskara ez zela arrotza, eta euskarak, herri xehearen ahotan bezala, bazuela lekurik gizartearen goi mailan eta funtzionarioen artean ere?

Hala ematen du. Edo, Zalbakoaren hitzetan: eznayz beldur ezten alla.

P.D. Eskerrak eman nahi dizkiot Peio Monteanori, harekin izandako solasaldi batzuen ondorioz sortu zitzaidalako gai hau blogean aipatzeko asmoa, eta gai honen inguruan nirekin elkarbanatutako hausnarketengatik. Akatsak nireak baino ez dira.

erriberriko jauregiaEn 1415 dos importantes funcionarios del reino de Navarra -Martín de San Martín y Machín de Zalba, secretario y tesorero real, respectivamente- intercambiaron una breve correspondencia con motivo de una consulta de índole económica que el primero hizo al segundo. Una breve frase del de San Martín y la mitad de la respuesta del de Zalba fueron escritas en euskera, lo cual confiere gran importancia al documento. No solo por su valor lingüístico en sí mismo (se trata de las cartas en euskera más antiguas de las que se tiene noticia) sino por el rango social de los autores -lejos de los estereotipos que vinculan la lengua vasca exclusivamente a las clases más humildes- y por el nada desdeñable hecho de que fue precisamente la parte más técnica de la respuesta la que Machín de Zalba envió a su colega en euskera. Posiblemente la rareza del testimonio -único en su género y conservado por un capricho de la historia- no sea óbice para aventurar que en los círculos de la corte navarra de la época la lengua vasca bien pudo estar más presente de lo que la ausencia de otras pruebas parecería sugerir.

Sarrera honek  2. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du

KZJaia 2