materiales-para-una-historia-de-literatura-vasca-e-9788476814284Azken mende hauetan zehar euskarak Nafarroan (eta beste leku askotan) egindako bidea aztertu nahi duten adituentzat derrigorrezko informazio-iturri dira hizkuntzaren lekukotasun idatzia utzi zuten elizgizonak. Egia da euskara erabiltzeko zuten motibazioaren beraren ondorioz elizgizon haiek oso testu homogeneoak sortu ohi zituztela -doktrina itzulpenak sarritan, eskema aski zurrun bati jarraituz moldatu beharrekoak- eta horrenbestez ezinbesteko mugak dituzte testu hauek (nekez agertuko diren lexiko atalak edo hizkuntza-egiturak, esate baterako); baina behin baino gehiagotan idazki horiek dira aspaldikoaren iluntasuna urratzeko dagoen argirik egokiena. Nabarmena da hori Nafarroako eskualde askotan.

Bortzirietan, adibidez, bada ebanjelizazio-asmoa bideratzeko euskara erabili zuen 1900 aurreko lekuko andanatxo bat. Horien berri jakin nahi duen irakurleak Joxemiel Bidador zenaren Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra liburura jo dezake; hantxe topatuko ditu Nafarroan parroki literatura landu zuten idazle ezagunak. Nik haien aipamen laburra besterik ez dut egingo:

– 1566an  Auto de la Pasion de Nuestro Señor Jesucristo izeneko erlijio-lana jokatu zuten Lesakan; baita euskaraz jokatu ere, seguru asko, hori froga zezaketen agiriak desagertu diren arren. Hala izan bazen, XV. mendeko Diego de San Pedroren La Pasion Trovada izango zuen eredu euskarazko lanaren balizko moldatzaileak. Ez dakigu, zoritxarrez, nor izan zen.

Sanzberro Etxalar

Sanzberroren testu zatia (Iturria: Urtzi Reguero)

Jose Antonio Mikelestorena lesakarrak (1710-1785) Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza izeneko lana eman zuen argitara 1749an. Joan den urtean aipatu nuen Mikelestorena blog honetan bertan.

– 1751n hildako Juan Bautista Sanzberro Etxalarko apaiz izan zen. Santa Maria parrokiari dagokion bataiatuen bigarren liburuan, halakoetan ohikoak diren datuekin batera, euskaraz izkiriatutako otoitz eta erlijio testu batzuk utzi zizkigun.

Juan Bautista Endara beratarra (1796-1882) kaputxino bihurtu eta Uztaritzeko komentuburu izan zen 1848ra arte, eta Arizkungo moja kaputxinoen kapilau beranduago. Lapurdin zehar eta Bidasoa aldean (Nafarroan zein Gipuzkoan) predikari eta aitorle ibili zen 1830-60 bitartean behintzat. Urte haietan idatzitako hainbat euskal testu eman zituen argitara aita Frantzisko Ondarrak.

– Endara bezala kaputxinoa eta beratarra izan zen Antonio Arandia ere (1808-1887); Bonaparterentzat Benedicite-a Berako euskaraz paratu zuen honek.

Aurreko zerrenda zabaldu asmoz euskaraz idatzi zuen Bortzirietako antzinako seme berri bat aipatu nahi dut gaur: Leon Etxeberria, hain zuzen.

Etxalar Santa Maria

Etxalarko Santa Maria

Leon Etxeberria Ezpeleta Lesakan jaio zen 1847ko otsailaren 19an, eta biharamonean bataiatu zuten Tourseko San Martin elizan; gurasoak Agustin Echeverria eta Francisca Ezpeleta zituen. Apez lana sorleku inguruan betetzeko aukera izan zuen; bai Lesakan bertan, baita Etxalarren ere, bertako Santa Maria parrokian: Presbitero Rector Interino de la Iglesia Parroquial de Santa Maria de la villa de Echalar gisa sinatu zuen. Jaioterrian bertan hil zen, 1904ko maiatzaren 21ean, 57 urte zituela.

Orain arte argitara eman ez diren eta patxadaz noiz aztertuko zain dauden prediku ugari prestatu zituen XIX. mende amaieran lesakar honek, euskaraz ia denak, tarteka irakurtzen erraza ez den idazkera etzan eta azkarraz. Bere lanaren erakusgarri, hona hemen Ama Birjinari buruzko pasarte bat:

 “Mª Ssª da Jangoicuaren ama eta gure ama eta bi consideraciyo oquiñ bacarric adicerat emayeco naiduenac dichosua mundu onetan eta bercian felicidadia au conseguizeco viardugula izan Mª Santisimaren devotuac, cergatic Jangoicuac Mª Santisiman dauca depositaturic beraren podoria eta Mª Sren biyotza dagon dena amoriyoz beteric gu ganaco, onengatic iru gauza consideratu biar yugu biarbezalaco devociyua izayeco Maria Santissimarenganaco, consideraturic nor den Maria Santissima, ceñen beneficiyo aundiyac recibiyu yugun berarenganic eta certan consisticen den Maria Santisimaren devociyo eguiyazena.

Nor da Mª Sª? Da Señora bat becatu originalen mancharic bague concebiyua, graciz eta virtutez betia; virjiña Jangoicuaren ama, ceruco eta lurreco erreguiña eta becatariyen abogada, gaur nainuque nic meditatu puntu onetan ceñen concepto aundiya formatuco guenuquen, biño principalqui meditatuz dela Jangoicuaren ama, Mª Sª da ceruco eta lurreco erreguiña, aingueruen erreguiña, patriarcaren erreguiña, profetaren, apostoluen, Martiren, santu guziyen erreguiña…”

Leon Etxeberria 1

Leon Etxeberriak idatzitako sermoi-zatiak. Bigarrenean, arestian emandako pasartearen zati bat irakur daiteke. Egin klik edozeinetan hurbilagotik ikusteko

Leon Etxeberria 2

En esta entrada hago breve mención de una serie clérigos nativos de las Cinco Villas de la Montaña navarra (o cuando menos afincados en ella) que dejaron testimonio escrito del euskera de la comarca en el siglo XIX o anteriores. A continuación he añadido un nombre a esa lista: el de León Echeverría, sacerdote nacido y fallecido en Lesaca (1847-1904) que desarrolló su actividad pastoral en las Cinco Villas durante el último tercio del siglo XIX, y autor de numerosos sermones en euskera que permanecen aún inéditos.