Etxalar2

Etxalar

Nahi baino gutxiago dira ongi samar ezagutzen ditugun antzinako nafar idazle euskaldunak. Batetik, asko eta asko direlako euskarak Nafarroan utzi dituen lekukotasun anonimoak: eskualde frankotan –Eguesibarrek, Orbaibarrek eta Zaraitzuk osatutako hirukiaren barrenean, esaterako-, ezin diogu bertako hizkera erabilitako idazle bakar baten izena erantsi toponimiak edota artxiboek horren agerian jarritako mendeetako euskalduntasunari. Bestetik, idazle ezagunik baden kasu anitzetan idatzi zuten hura delako haien arrasto bakarra, edo ia bakarra; lanak bihurtu du ezaguna idazlea, baina aldi berean idazlea lan bati lotutako izen hutsa da kasik.

Izan, bazela jakin arren ilun samar dirauen lekuko zahar horietako bat da Juan Bautista Sanzberro,  XVIII. mendearen erdialdean Etxalarren idatzitako doktrina-puskatxo bat utzi zigulako guganaino iritsi dena baina gainerakoan ongi ezagutzen ez duguna; bera da gaurko sarrera honetan blogera ekarri dudana, hari buruzko argitasun txikiren bat eman nahirik.

Aski hedatuta dago gaur Sanzberro abizena Nafarroako hainbat eskualdetan; Etxalarren, esate baterako. Hala eta guztiz ere, Santa Maria parrokiako XVII. mendearen hondarreko eliza-agirietan Juansanzberro itxura zuen oraindik. Elizarekiko lotura estua ageri du deiturak sasoi hartako etxalartarren artean: 1695ean Iriartea etxean Miguel Juansanzberro haurtxoa sortu zenean, ausaz senide zukeen Isidro Juansanzberro erretoreak bataiatu zuen jaioberria Juan Martin eta Maria gurasoen aurrean. 1673an jaioa zen aita, eta hiru urte zaharragoa Larralde abizeneko ama. 1698an senar-emazteei Fermina neskatoa etorri zitzaienean, beste juansanzberrotar bat (Francisco erretoreordea) izan zen bataiatzaile.

Iriartea Etxalar

Iriartea etxea, Antsolokueta auzoan

XVIII. mendearekin batera sortu zen ia-ia Etxalarko Iriartea etxean gerora euskal idazle bihurtuko zena: Juan Bautista Juansanzberro Larralde 1701eko irailaren 10ean bataiatu zuen Santa Maria elizan Isidro Dendariena erretore berriak (1). Arreba gaztea, ordea (1704an munduratutako María Teresa) Sanzberro abizenekotzat jo zuten Etxalarko jaiotza-liburuan. Egina zegoen aldaketa: aurrerantzean Iriartean munduratu zirenak ere abizen laburragoaz ageri dira, eta euskal idazlearen bizitzan zeharreko aipamen guztietan ere, Sanzberro  izan da —inoiz Sansberro idatzirik— topatu dudan forma bakarra, ordura arteko arbasoen usadioa baztertuta.

Etxalarren bertan haziko zen noski Juan Bautista, baina ez dut ezagutzen bere ikasketen inguruko albisterik. Nolanahi ere, ez zion eliza-ibilbideari berehala ekin, hogeita bost urteak beteta baizik. Oiartzungo San Esteban elizan hartu zituen apaizgorako bidean abiatzeko behar diren lehendabiziko ordena txikiak. 1727ko ekainean gertatu zen hura; a titulo de una capellania colativa en la Parrochial de Echalar, orduko iturriek diotenez. Klerigo berriak ziurtatua zuen beraz kapilautza haren ardurak ekarriko zion diru-saria behintzat. Abenduan hartu zituen Graduak Uharteko San Juan parrokian, ekainean bezala orduan ere apezpiku Andres Joseph Murillo Velarde izan zelarik.

Hainbat urte lehenago bataiarrian harrera egin zion Francisco Sanzberro erretoreordea bera, 1716an herriko abade bihurturik, lagun izan zuen Juan Bautistak urte haietan: 1728an beste kapilautza bat sortu zuen herrian Sanzberro zaharrak lehengusu zuen Martin de Andueza kapitainaren oroigarri; aukeratutako lehendabiziko kapilaua Juan Bautista gaztea izan zen, clerigo natural de la villa (2), aukeraketa-agiriak dioenaren arabera.

1727-28etako erreferentziak zuzenak izatera, ordena nagusiak hartu aitzin bi kapilautzaren jabe zen horrenbestez Etxalarko apaizgaia, baina ez du ematen bi haiek izan zirenik urte haietan Sanzberrok baliatu ahal izandako eliza-onura bakarrak. 1729ko irailean ordena nagusietan lehendabizikoa den Epistola hartu zuenean (3), Cap[ella]n de tres Capellani]as fundadas en la Parro[qui]al de ella [Etxalar] oharra dakarte Elizbarrutiko Artxiboko dokumentuek. Iruñeko katedralean hartu zuen azpidiakonotza, hiriburuko gotzain Melchor Ángel Gutiérrez Vallejok emanik. Urte hartan bertan, abenduan, bihurtu zen diakono (4), eta 1730eko martxoaren 4an, azkenik, apaiz. Sanzberrok azken ordenetan aurrera egin zuen egun haietan, lehendabizikoak ari zen hartzen Mikelestorena abizeneko gaztetxo lesakar bat: litekeena da Bortzerrietako euskal idazle biek elkar ezagutzeko aukera izatea.

etxalar santa maria2

Etxalarko Santa Maria (iturria: luberri.net)

Iriarteakoa apaiztu eta bost hilabetera hil zen ibilbidean laguntzaile izandako Francisco Sanzberro erretorea; zendutakoaren lekua ez zuen, haatik, Juan Bautistak hartu. Agustin Aguirre bihurtu zen Etxalarko bikario (5). Herriko semea zen hura ere, garai hartan sarritan gertatu legez. Hamarkadan zehar beste bi erretore ezagutu zituzten etxalartarrek: Isidro Marticorena aukeratu zuten 1738an (6) eta Francisco Goyeneche 1741ean (7). Hautaketa prozesuetan herriak berak zuen erregeri hiruzpalau hautagai proposatzeko eskumena. 1731ko prozesuan behintzat ez dut Sanzberroren aipamenik aurkitu; ikusteko dago ondorengoetan hautagaietako bat bera izan ote zen. Nolanahi ere, ez du horrek derrigorrez esan nahi 1730eko hamarkadan Sanzberro jaioterrian ibiliko ez zenik: XVIII. mendearen erdira bitarteko parrokia-liburuei begira argi dago ordu hartako etxalartar guztien arimak zaintzeko ez zela apez bakarra aski; 1741ean Goyenechek erretoretza eskuratu zuenetik beste zenbait apaizen arrastoa ageri da saltoka, harekin batera, herriko parrokia-liburuetan.

ETZ

1987ko ‘Euskal testu zaharrak’ liburuan dago bilduta Sanzberroren lana.

Jaiotzakoan, adibidez, honako hauek guztiak ditugu sinatzaile: Juan Francisco Damboriena (1741, 1742 eta 1745-49), Martin Josseph Endara (1741) eta beste sanzberrotar bat, Miguel izenekoa (1744 eta 1745). Juan Bautista Sanzberroren lehen sinadura 1744ko azaroaren 18koa da, litekeena izan arren apaizlagun lehendik ere ibili izana. Tarteka agertu zen eliza-liburuetan harez geroztik 1745eko azarora arte, eta lau urteko isilunea dago berriro ere 1749ra bitartean.

Garbi dago horrenbestez 1740 osteko urteetan Etxalarko apaizetako bat izan zela, eta erretore-zeregina ere bete zuela hainbat unetan. Doktrina-saioa hamarkada hartakotzat hartu behar, arrasto guztien arabera. Etxalarko eliza-liburuan bertan idatzi zuen Sanzberrok; 1702tik 1749ra bitarteko oharrak dauzkan Bataiatuen 2. Liburuko hiru orritan, hain zuzen ere. Pedro Apezetxea bikarioak Josemari Satrustegi zenari helarazi, eta ASJU aldizkarian eman zuen arruatzuarrak aurkikuntzaren albiste laburra 1979an. Doktrina-zatitxoa bera, aldiz, 1987ko Euskal testu zaharrak bilduman dago eskura (78-80 or.). Oso lekukotasun zabala ez izanagatik, oparo dabil Sanzberroren idazkietan azken mendeotan Bidasoaldeko mintzoan nagusitutako ezaugarrien oihartzuna: yduqui, deus, erran, berce & borz (baina boscarrena ere bai), hoc, zuben ‘zuenaditzarena bezalako epentesiak… Badira, ordea, gaur sortaldekoagoak diruditen esanak ere: esate baterako, gastuetaric (‘gaiztoetatik’) hitzean erabilitako ablatibo-atzizkia edota ylcen gure salbaceco (‘gu salbatzeko hil zen’) pasarteko genitibo objektiboa. Bata zein bestea noizbehinkakoak dira hala ere; ez aukera bakarra.

Sanzberro Etxalar

Sanzberroren testu-zati bat (iturria: Urtzi Reguero).

Euskararen lekukotasun hura utzi eta handik lasterrera hil zen Sanzberro: 1751ko apirilean, de enfermedad naturalErretonia (Erretorenea) zeritzoten etxean. Urtarrilaren 31n sinatu zuen azken aldiz parrokiako hildakoen liburua; ordurako gaixorik, nonbait. Hilburukoa eginik hil zen, eta Martin Dendariarenak sinatu zituen parrokia-liburuak otsailetik aurrera. Urte hartan bertan hasi zen Sanzberroren eskuetan zegoen kapilautza bat berritzeko prozesua; bikario berria ere handik lasterrera izendatu zuten Etxalarren (1752). Hain sarritan gertatu bezala, sanzberrotar bati egokitu zitzaion ordu hartan ere ardura: Miguel de Sanzberrori, hain zuzen. Katea ez zen eten.

(1) IEA, mikrofilm saila, 704-4 biribilkia, Etxalarko Santa Maria parrokia, Bataiatuen 1. Liburua (1588-1702), 273. or.

(2) IEA, Prozesuak, Almandoz idazk., C/1.831 – 5. zkia.

(3) IEA, 1276-2 kaxa, 22. fol.

(4) Ibidem, 46. fol. (ifr.).

[5] IEA, Prozesuak, Villanueva idazk., C/1797 — 18. zkia.

[6] IEA, Prozesuak, Almandoz idazk., C/1869 — 34. zkia.

[7] IEA, Prozesuak, Almandoz idazk., C/1889 — 20.zkia.

Juan Bautista Sanzberro, nacido en la casa Iriartea de Etxalar en 1701 y fallecido en la misma localidad apenas medio siglo más tarde. es un sacerdote recientemente señalado en la literatura navarra en lengua vasca debido a que nos legó en las páginas del Libro Segundo de Bautizados de la parroquial de Santa María de su villa natal un fragmento de doctrina traducido de su puño y letra al euskera usado en la tierra. El testimonio, modesto en cuanto a longitud pero interesante debido a su relativa antigüedad, ha permitido rescatar a Sanzberro del olvido generalmente provocado por el paso del tiempo; pero desgraciadamente no ha impedido que la falta de otras noticias lo haya mantenido hasta hoy —como a tantos otros— en una casi total oscuridad. Sanzberro pertenece pues a ese contingente demasiado extenso de autores navarros en lengua vasca prácticamente desconocidos más allá del testimonio escrito que nos dejaron. Es ese desconocimiento el que busca paliar, al menos en parte, esta entrada, ofreciendo algunos datos acerca de este contemporáneo del lesakarra Joseph Mikelestorena.