Egilea: Patxi Salaberri (zuz.)

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra

Urtea: 2014

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Euskarria: papera (sarean, hemen)

Fontes 117

Udatik dago eskuragarri Fontes aldizkariaren 117. zenbakia. Sei artikuluk osaturik dator, baina Nafarroako euskararekin lotura zuzena duen bakarra da sarrera honetan aipatuko dudana.

Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (8- Elkanoko aldaerarekiko zenbait erkaketa). Koldo Artola.

2006an hasi zen Koldo Artola FLVen Artzibar inguruko mintzoari buruzko lanak argitara ematen. Hogeita hamabost urte ziren ordurako haranean bertan lehendabiziko grabazioak egina zela. Galdutzat jo daiteke aldaera hau, 1920an Hiriberrin jaiotako Soledad Arboniés delarik Artzibarko euskara etxean jaso zuen azken muga-hiztuna.

Ilurdotz

Ilurdotz

Artzibar haran hutsa barik, Bonapartek XIX. mendean Artzibarko aldaeratzat jotako eremu osoa du lanaren izenburuak oinarri: alegia, Artzibar, Orotz-Betelu, egun Lizoain den Arriasgoiti ibartxoa eta Larrasoañara bitarteko Esteribar hegoaldeko herriak. Iruñe ondo-ondoko Ollokin abiatu eta Urraulgoiti aurrez aurre duen Arizkurenera bitarteko eskualde zabala, beraz. 1980ko hamarkadan Artzibarko Arrietan eta Hego-Esteribarko Ilurdotzen azken euskal hiztun izan zirenen ahotik jasotako datuak bildu zituen ikertzaile donostiarrak 2006ko lehen saio hartan, eta Artzibarko beste zenbait herritan garai bertsuan bilduriko albisteekin osatu azken zazpi urte hauetan zehar.

Azken labekadako ikerketek, ordea (Iñaki Camino irakaslearenak ororen buru) auzitan jarri dute Bonaparteren sailkapeneko aldaera haren batasuna eta argudio sendoz bermatu Artzibarko euskarak ez zuela kide hurbilen Esteribar hegoaldeko hizkera, eta bai ordea Eguesibarkoa; Bonapartek Elkanoko aldaera izendatu eta erakusgarri nagusi Joakin Lizarraga izan zuen hura, alegia. Artzibar eta Eguesibar arteko Arriasgoitiko euskaraz ezin gehiegi esan, zoritxarrez, 1970 inguruan itzali baitzen; Artola bera ez zen, ederki saiatuagatik ere, eremu hartako hiztun balekorik topatzera heldu, eta ez da Arriasgoitin paratutako testu zahar bat ere guregana iritsi.

Artola 117 2

Artolak erkatu dituen sei herriak —egun euskara galdutakoak— Bonaparteren mapan (egin klik garbiago ikusteko).

Uritz artzibar

Artzibarko Uritz herria. Hantxe prestatu omen zuen 1865 aldera Juan Cruz Elizalde maisuak Bonaparteren eskuetara iritsitako doktrina.

Horiek horrela, Artzibarko aldaera deitu izanari buruzko zortzigarren saio honetan, aurretik aipatu hari-mutur guztiak bildu eta erkaketarako gaiak nahi izan ditu elkarren ondoan paratu ikertzaile donostiarrak —azken aldikoak nahiz aspaldikoak— nahi baino arrasto gutxiago utzi diguten Iruñeaz sortaldeko mintzo iraungiak hobeto ezagutze aldera. Taula gisa aurkezturik, Artzibarko datuak eman ditu Artolak (bai Arrietan 80ko hamarkadan bilduak, bai XIX. mendeko Urizko doktrinari dagozkionak), eta haien ondoko zutabeetan, ezker-eskuin, gertuko bizilagunei buruzkoak ere bai:

– Sartaldera, 1800 inguruko Elkanoko Lizarragaren testuetakoak nahiz Bonapartek 1869an Eguesibarko herri hartan bertan jasoak.

– Hego-mendebaldera, Elortzibarkoa bide den Zabalegiko 1785eko predikutik ateratako hainbat hitz erkatu ditu Artzibarkoekin.

– Eguzki aldera, Artzibar eta Zaraitzu artean dagoen Urraulgoiti haranari buruz orain arte ditugun idatzizko datu ezagun bakarrak baliatu ditu: Adoaingo Aita Estebanek (1808-1880) utzi zizkigunak; oso kontuz hartzekoak horiek, hainbat urtez Iparraldean ibili izanak ukatu ezin den eragina izan baitzuen kaputxinoak prestatutako euskarazko testuetan.

Artola FLV 117

Koldo Artolak artikuluan emandako datuen lagina

IMG_20140906_165031

Urraulgoitiko Adoaingo txoko bat

Osagai horiek guztiak baliatuta lan neketsu bezain ederra osatu du Artolak, zinez baliagarria Iruñetik eskuin hedatu zen Hego-nafarreraren gorabeherak gertuagotik ezagutu nahi dituenarentzat.

Hauek dira 117. zenbakian bildutako gainerako artikuluak:

Xahoren Aitor Hegoaldeko XIX. mendeko narratiban. Ana M. Toledo.

Oinarrizko emozioen ezaugarri akustikoez. Iñaki Gaminde et alii.

Euskal hitz-ordenaren norabidea: idealismo ideologikotik pragmatismo komunikatiborantz. Julian. Maia.

Juan Arin Dorronsororen «Material Toponímico » argitaragabearen 25. paper-zorroa. Juan Carlos Odriozola Pereira, Luis Mari Zaldua.

A Descriptive Analysis of Basque Hypocoristics. Patxi Salaberri Zaratiegi, Iker Salaberri Izko.