Captura2

Ibargoiti eta Elo udalerrien batura (urdinez). Gorriz, bi dermioen arteko muga.

Leku gutxitan bezain argi mintzo zaigu Nafarroako euskara Ibargoiti haranaren izenean. Izen zaharra da gainera, inon zaharrik bada: Iruñeko katedraleko 991. urteko agiri batekoa da lekukotasun idatzirik antzinakoena. Ez dira askoz berankorragoak ibarreko herri zenbaiten lehen aipamenak: XI. menderako baziren Idozin edo Çaualza, adibidez. XXI. mendean ere bizi diren herriak dira horiek, Getze, Izko eta beste gutxi batzuk bezala; bidean gelditu ziren Elizaberria, Zirotz eta hustutako hainbat gehiago. Gaur beregaina den Elo-Monreal aditzera emateko, bestalde, Mont Real itxurako formak bildu dira agirietan XII. mendetik aurrera, baina orain ez horrenbesteko euskaldunek herria izendatzeko moduaren adierazgarri dira han-hemen barreiatutako Elobidea leku-izenak: esate baterako Arangurengo Zolinakoa, Tiebaskoa edota Elortzibarko Otanon dagoena.  

SalinasdeIbargoiti

Leintz gipuzkoarra ‘Gatzaga’ edo Añana arabarra ‘Gesaltza’ diren bezala, Getze da Ibargoitikoa. Argazkia: J. Asunción

Duela hainbat hamarkada joan ziren Ibargoitiko euskara bertatik bertara entzuteko aukera izan zuten azkenak, eta gaur arte bederen ez da mintzo haren oihartzuna antzematen lagunduko ligukeen idatzizko testurik argitara eman. XX. mende hondarrean xeheki bildutako toponimia txikiak azaleratu behar, beraz, dagokion hizkeraren eitea; fonologia edo lexikoari buruzko hainbat ñabardura interesgarri, gutxienez. Erdi Arotik aurrera dokumentatutako hamaikatxo toponimok eman diote izatea ibarrari, eta asko dira euskara garbi-garbian ari zaizkigunak: amandrezulua (1694), arçanegui (1174), asiainguibela (1694), buzunausia (1700), elizaverria (1694), elizazarraga (1693), erensuguea (1700), erreca andia (1630), errotazarra (1754), eunzearana (1688)guecearte (1656; Getze esaten zioten Ibargoitikoek gaztelaniaz Salinas denari),  iturzarra (1799), lizarburua (1693), sabalzavidea (1797), ugalpea (1744) 

Ez dira atzo goizekoak, beraz, Ibargoitiko euskararen aztarnak; baina ez dira toponimiak emanikoak bakarrik.

Aspaldiko lekukotasun idatziak

Arestiko leku-izen horietako asko baino zaharragoa da ibargoitiarren euskalduntasuna dela-eta artxiboek dakarkiguten albisterik aspaldikoena: 1376an, Getzen, apezpikuak bertako eliza Leireko monastegiari ematean, baldintza ezarri zuen: bikario euskalduna behar zen han, que sepa hablar y entender el bascuence que hablan los hombres y mujeres de dicha villa. 

Aro Modernoaren hasierako notariotza-protokoloetan, ibargoitiarrek erabilitako irain-hitzen lekukotasun xumeren bat dago. 1540 aldera, Idotzinen,  Miguel Pascoal zeritzon batek bellaco çarra esanez iraindu zuen behin eta berriz Esparza abizeneko bat herritar askoren aurrean. 76 urteko Pascala Idozingoak eman zuen lekukotasuna. Urte batzuk beranduago (1558) hitz horiek berak —bellaqua çarra— bota zizkion herri bereko Don Martin izeneko batek Maria Zilietakoari sagar batzuk zirela-eta. Gizonezkoak eragotzi egin zion Mariari haiek hartzea, eta emakumeak esan zion Miguel Izko senarrak zuela baratze hartakoak jaso eta zaintzeko ardura. Ez ziren noski irain haiek izango Don Martinek eta Zilietakoak elkarri botatako euskal hitz bakarrak.

Ez da harritzekoa, hartara, 1587ko Nafarroako herri euskaldunen zerrendan salinas de monrreal, çabalça, ydozin, sangariz, yzco, abincano edota monreal agertzea, inguruko guztiak eta are hegoalderagokoak ere halaxe bildu baitziren.

XVI. mendeko lekukotasunetan ibargoitiarren eguneroko mintzoaren zipriztintxoak ageri diren bezala, XVII.ekoetan eliz arduradunek herritarrekin euskara erabili beharra zutela dugu begi-bistan. Mende hartan zehar behin baino gehiagotan erabili zen euskara Abintzaoko herritarrei Elizbarrutiko bisitatzaileen aginduak jakinarazteko. Horixe jaso zuten bertako parroki artxiboetan eta halaxe egingo zuten seguruenik inguruko herrietan ere.

Monreal I elcaminodesantiagodesdeasturias.blogspot.es

Elo. Argazkia: www.elcaminodesantiagodesdeasturias.blogspot.es

Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko 1627ko agiri baten arabera, Ibargoitin —Itzagaondoan edota Longidan bezala— ‘euskara beste hizkuntzarik ez zen erabiltzen’. Pare bat urte beranduagokoa da Eloko apezaren euskal hitzak biltzen dituen artxibo bereko dokumentua. Herriko andere noble baten hilobiaren aurrean otoitzean ari zela, errezoa espero bezala hasi zuen bikarioak, latinez, alegia:

Ne recorderis… (= ez hartu gogoan)

baina euskarara jo zuen jarraian:

indan ene olloa.

Gertaera argitara eman zuenean (1978), J.M. Satrustegik Azkueren hiztegiko ‘inda‘ (bidea) hitzarekin lotu zuen Eloko bikarioaren indan hori, esaldiari ‘nire oiloa bidean / kalean‘ esanahia egokituz. Jimeno Juríoren lanetan beste irakurketa bat egin zen, indan aditz formatzat jo eta apaizak hildako emakumeari hika hitz egin ziola ulertuta: indan (= emaidan) ene olloa. Niri txukunagoa iruditzen zait bigarren hau.

Ez ziren apaizak eguneroko jardunean euskara behar zuten bakarrak. Gorabeherak izan omen ziren 1656an Elon, zenbait herri-ardura hartzeko gaztelaniaz hitz egiten edo gutxien-gutxienik sinatzen jakin behar izatea nahi zuenik bazegoelako. Iritzi hori zutenen ustez Martin Iriarte elotarra ezin zen kontzejuko eta azokako alkate izan: no sabe ler ni escribir y es meramente bascongado que ni entiende ni sabe hablar la lengua castellana. Leporatu zioten ezaugarri hura bera aldeko baliatu nahi izan zuen Iriartek: en la villa de Monreal y su jurisdicción se habla Basquenz de ordinario y es lengua precisamente necessaria. Albiste esanguratsua ematen du: Elo ez zen herrixka hutsa, XII. mendetik forua zuen hiria baizik; Santiago Bidean zegoen bezainbatean pasabide garrantzitsua zen aspaldi luzean, Erdi Arotik nafarrak, frankoak, juduak… hartu zituena. XVII.  mende erdialdean, hala ere, ohikoak omen ziren bertan bai euskara, bai euskaldun elebakarrak ere.

Izco by ibargoiti.es

Izko (argazkia: www.ibargoiti.es)

Ez du ematen hurrengo mendean zehar Eloko egoera izugarri aldatu zenik. Apaizek euskaraz  jakinarazi zizkieten herritarrei (en su lengua vulgar) gotzainek emandako aginduak. Apaiz haietako bat, Martin Oroz elotarra, Iruñeko katedraleko sakristau zen 1751n. Urte hartan hiriburuko eliz-kabildoaren alde egiteko idatzi zuen erdal testu batean aitortu zuenez, ez zen gaztelaniaz nahi bezain argi eta dotore idazteko gauza, ez baitzuen ama-hizkuntza: no es fácil dexar los resabios a que inclina la naturaleza de la leche vascongada que mamé.

XVIII. mende erdialdeko elotar letradun hura gaztelaniaz arrotz samar sentitzen zen arren, Ibargoitin erdara ohiko bihurtzen ari zela aldarrikatu zuten 1760ko hamarkadan Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek, hainbat bailara euskaldunetan lan egiten utz ziezaieten idatzitako txostenean; nahiz eta gehiengoa euskaraz mintzatu erdara ere den-denek ulertzen zuten herrien zerrendan sartu zituzten Getze, Garisoain, Ekisoain, Lekaun, Abintzao, Izko, Sengaritz, Zilegieta, Besolla edota Idotzin, honako hau adieraziz: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo.

Komisari euskaldunek faltsutzat jo zuten erdaldunen baieztapena eta zenbait lekuko aurkeztu zituzten gaztelaniaren ustezko zabalkuntza hura gezurtatu nahirik. Nicolás Algarra eskribaua izan zen haietako bat; bere zeregina betetzeko Nafarroako herri askotan ibilia zen (Ibargoitiri zegokionez Gatzaga, Abintzao, Izko eta Besollan) eta lekukotasun zabal bezain zehatza eman zuen 1769an, hitzez hitz kopiatzea merezi duena (azpimarratua neurea da):

…he hallado q. los señores eclesiásticos, escribanos reales, médicos, cirujanos, boticarios, albéitares, herreros, ministros de la real renta, estudiantes, algunos arrieros trajineros o gente navegante saben y parlan el idioma castellano y por lo común los demas la lengua vascongada q. es la mas usada y corrientey siempre que he examinado algún testigo de la gente común fuera de los arriba citados ha sido en el vascuence, porque aunque entienden parte del castellano no se acomodan sino en el curso del vascuencepidiéndome les explique las diligencias en dicha lengua. Y en los pueblos referídos, cuando he llegado a ohir la misa popular de los festivos, he visto que los párrocos, al tiempo del ofertorio, las plegarias, sermones o pláticas doctrinales las han explicado en vascuence como mas comun y comprensivo a todos.

Algarrak emandako zertzeladak ez datoz bat bi hizkuntzatan eroso samar molda zitekeen ibarraren irudiarekin. Ezta Xabier Itulain ikertzaile itzagaondoarrak bildu duen XVIII. mendearen hondarreko beste albiste hau ere: 1789an eskakizuna egin zioten Untzitik, Elortzibarrek, Ibargoitik eta Elok Erret-Kontseiluari, ohiko idazkaria gaixorik zegoelako eta urruti zutelako ezinduaren lana betetzen ari zen Arangurengoa. Eritutakoaren suhia ere eskribaua zen, eta huraxe bidal ziezaiela eskatu zioten aipatu ibar-herriek Kontseiluari. Arrazoia? Entiende la lengua bulgar, y se usa en ellos. Baita lortu ere: Andrés Peralta Buelta (sortzez Murillo el Frutokoa, euskalduna izanik!) izan zen inguru hartako eskribaua ondorengo bost hamarkadetan.

Laburbilduz, komisari batzuen argudioak argudio, zaila da 1800 aldera euskarak Ibargoitin zukeen bizitasuna ukatzea. Haranean ez ezik baita ondoko Elon ere, kanpoko eraginetara Ibargoitiko herrixkak baino irekiago egon arren (XV. mendekoa da herriko azoka). XIX. mendea hastearekin idatzitako Diccionario Geográfico-Histórico lanaren II. liburukian (1802) herrian euskara bizirik zela iradoki zuten Elo izenaz aritzean (ikus azpiko irudia). Ez da beharbada beste albiste batzuk bezain lekukotasun sendoa, baina testuinguru honetan kontuan hartzekoa bederen bai.

Elo izena 1802 Diccionario-Geográfico-Histórico de España

‘MONREAL’ sarrera ‘Diccionario-Geográfico-Histórico de España’ hiztegian (1802),

Hala ere, euskararen erabateko gainbehera ekarri zuen mende hasiberri hark.

Jarraipenaren etena

Francisco_Espoz_y_Mina_by_Francisco_Goya

Francisco Espoz Ilundain idotzindar euskalduna, gerora Mina deitua (1781-1836), Goyak marrazturik.

Litekeena da ibarreko euskararen transmisioa XIX. mendearen lehen laurdenean hondatzea, Bonaparteren mapak emandako informazioa kontuan hartuz; baina XVIII.aren bukaeran ez zen artean eten, eta ordu hartan jaiotako ibargoitiarrek ez omen zerabilten gaztelania euskara bezain egoki. Ez behintzat Idotzingo Espoz Ilundain anaia-arrebek (Clementek, Simonak eta Franciscok). Clemente Espoz Ilundain Iruñeko Ospitale Nagusiko kaperau izan zen mendearen hasieran, eta lanbide hartarako euskaldun izan beharra zegoen oraindik. Simona Espoz arreba Iruñera ezkondu zen, baina sekula ez zuen gaztelaniaz zuzen eta artez hitz egin, ezagutu zutenek adierazitakoaren arabera. 1781ean sortutako Francisco Espoz Ilundain, aldiz, Javier Mina iloba gerrillariaren abizena bereganatu eta Francisco Espoz y Mina izan zen militar gisa eta historia-liburuetan. Lehen Karlistadan hildako ibargoitiar famatu hark ere euskara zuen ama-hizkuntza eta —gaztarora bitartean laborari soil izaki, oinarrizko ikasketak besterik ez zituena— inoiz ez omen zuen gaztelania euskara bezain aise erabili. Ez zuen inolako arazorik izan 1835ean, gerrako lantze batean, Lekarozen euskaraz agur eginez etorri zitzaizkion gizon batzuei hizkunta berean erantzuteko.

Nolanahi ere, euskara berezkoago zuela hazitako azken belaunaldia izan zen seguru asko hura. XIX. mende erdialderako aski makaldua zegoen Ibargoitiko mintzoa eta are makalduago Elokoa, Bonaparteren arabera. Worcestershireko ikertzailearen ustez bat zetozen ibarraren hego-muga eta euskararen eremuarena, eta  eremutik kanpo utzi zuen Elo. Han, beraz, ez zen ordurako euskararik erabiliko; hitz egiteko gai zenik bazegokeen, akaso. Ibargoitiko herrietan, aldiz, zeharo nagusi izango zen 1865erako erdara, euskara oraindik entzuterik egon arren, alboko Itzagaondoan Klaudio Otaegik 1871n entzun ahal izan zuen moduan. Otaegik Itzagaondoaz emandako lekukotasun idatzia horren gertukoa eta zehatza izanik, zentzuzkoa da pentsatzea adineko ibargoitiar batzuk bederen solastuko zirela oraindik euskaraz, Bonapartek herri guztiak koloreztatu zituenerako.

Brocak (1874) Idotzingo txostena jaso omen zuen; huraxe izan zen bere mapan irudikatu zuen herria. Txostena ez zen, nonbait, aldekoa izan, euskararen gutxieneko mugatik beheiti utzi baitzuen, Bonapartek ez bezala (ikus azpiko irudia).

Brocaparte Ibargoiti

Idotzin, gorriz azpimarratua, Bonaparteren mapan (ezk.) eta Brocarenean (esk.). Elo batak zein besteak utzi zuten euskararen eremutik landa.

Mila urtez behintzat Izko mendilerropean hedatutako hizkeraren azken egunak ziren, nolanahi ere den. Seguru asko XX. mendearen hasierarekin batera iraungi zen guztiz Ibargoitiko euskara, eta mendeak aurrera egin ahala, baita azken hiztunen ondorengoek gordetako oroitzapen eta azken kondarrak ere.

Idocin by ibargoiti.es

Idotzin. Iturria: www.ibargoiti.es

Encajados en el corredor natural que separa las sierras de Izaga e Izco, lugar de tránsito o peregrinación desde época temprana, el valle de Ibargoiti y su vecina Monreal, villa con asiento en Cortes, se han expresado en euskera al menos desde el siglo X, momento en el que se atestigua por primera vez el nombre del valle. Junto con la toponimia, es abundante la documentación escrita que desde el siglo XIV alude expresa y directamente a la lengua de uso diario en Monreal, Salinas, Idocin, Abínzano y el resto de lugares que han compuesto y compusieron en su día este espacio entre Elorz, La Vizcaya, Izagaondoa y Urraúl Bajo. Incluso hasta el inicio del siglo XIX, no hace más de doscientos años, las fuentes nos muestran ibargoitiarras incapaces de manejarse en castellano con la misma soltura con la que hablaron su lengua materna; entre ellos el célebre Francisco Espoz y Mina (1781-1836), natural de Idocin. Probablemente el euskera sobrevivió en Ibargoiti tanto como la propia centuria que lo vio declinar; no es improbable que los últimos hablantes del valle alcanzaran los albores del XX, siglo durante el cual se extinguieron de la memoria de las gentes del valle los recuerdos directos de la lengua de sus mayores, aparentemente lejana pero tan presente a la vez.