kzjaia3_banner (1)Duela urtebete abiatu zen sare sozialen bidez #KulturaZientifikoa Jaialdia (#KZJaia), edozein esparrutako dibulgazio zientifikoa eta euskara uztartu, sarean hedatu eta ahal bezainbeste lagunengana heltzeko asmoz. DBHtik unibertsitatera bitarteko dozenaka eta dozenaka ikasle, irakasle eta bestelakok heldu zioten erronkari 2014an zehar eta aurreko bi edizioak batuta 174 artikulu sortu dira dagoeneko ekimen honen karietara (ikus aurreko bi jaialdien laburbildumak hemen eta hemen). Jaialdiaren hirugarren edizioa abiatuko da bihar, edonola.net bloga antolatzaile eta ardatz izango duelarik, eta aurreko bietan bezala honakoan ere parte hartu nahi luke txoko honek, datozen asteetako zenbait eduki #KZJaia3 traolapean karrikaratuz.Edonola

Lehenik eta behin, urtarrilean bertan, jaialdiaren lehendabiziko edizioan lantzen hasi eta biribildu gabe utzitako aztergai bat agertuko da blogean: Nafarroako euskararen eremua aztertu zutenean Bonapartek eta Brocak emandako albisteen arteko aldea. Iaz bi ikertzaileek Iruñetik eskuin jasotako datuak azaldu, eta hiriburuaz sartaldekoak izango dituzue eskura oraingoan. Horrekin batera, dena den, bestelako eduki batzuk ere sareratuko dira beranduago #KZJaia3 aitzakia gisa hartuta.

Jaialdia martxoaren 31n amaituko da, eta edonork har dezake parte; bere ekarpenaz euskara eta dibulgazioa sarean josi eta hazi nahi izatea, besterik ez da behar.

Oparoa izango ahal da, aurreko biak bezala!