Tabar

Tabar (argazkia: www.tabar.es)

Irunberri eta Zangoza hurbil dituen Nafarroako ekialdeko ibar txiki eta ezezagun samarra da Urraulbeiti, bederatzi herrixkak osatua eta Artieda hiriburu duena. Tabar da bigarren herririk jendetsuena, baina ingurukoak bezala nabarmen hustu da azken hamarkadetan; XIX. mendearen hondarrean 47 etxetan bizi ziren 220 tabartarrak 63 baino ez dira azken erroldaren arabera; are gutxiago negu partean.

Bere ttipian, dena den, herri gutxik izango dute Tabarrek bezalako web orri zabal eta landurik. María Jesús Arocenaren etengabeko lanak emandako fruitua da www.tabar.es gunea: Tabarri buruzko era guztietako datu, albiste eta argazkien bilduma oparoa, eta aldi berean hurraneko herrien eta herri izandakoen inguruko xehetasun-iturri interesgarria.

Captura

Webgunearen zatitxo bat.

Maria Jesus Arocena erdaldun hutsa da, eta ez da beraz euskaran aditua, baina bere sorterriaren ondarea ahalik eta sakonen ezagutu eta ezagutarazteko irrikak euskarara ere hurbildu du. Hori dela eta Tabarko eta Urraulbeitiko behinolako mintzoaren historiarekin loturiko jakingaiak bildu ditu euskarari buruzko atalean. Tamalez, ez dugu eskura ibarreko hizkeraz idatzitako testu zaharrik, baina bai urraulbeitiarrak euskaraz bizi izan zirela erakusten duten antzinako agiriak: Xabier Itulain ikertzaileak Nafarroako Artxiboan topatutako zenbait ale jaso ditu Arocenak webgunean. Horrekin batera, bailara osoko euskararekin zerikusia duten datu historikoak edota Tabarko eremu zein etxeetan iraun duten euskarazko izenak topatuko ditu, besteak beste, irakurleak. Egungo erdal hiztegian iraun duten euskal jatorriko hitzen arrasto ukaezina ere antzeman daiteke Vocabulario tabarés izeneko atalean.

Bisitatzeko webgune ederra iruditzen zait hau; bildutako informazio guztiagatik, eta norberaren sustraiak maitatzetik bakarrik atera daitekeen  emaitza ederra  delako. Euskara sekula jaso ez arren hizkuntza nola edo hala bere egin eta ingurukoen artean aberastasun gisa aurkezten asmatu duten nafar askoren jarrera eredugarria du nire ustez egileak.

i45854768._szw1280h1280_

En esta entrada hago referencia a www.tabar.es, la extensísima web en la que la tabaresa Mª Jesús Arocena viene recogiendo todo tipo de contenidos relacionados con la localidad de Tábar y su entorno de Urraúl Bajo. Me he referido más concretamente, por su relación con lo tratado en este blog, al espacio que la autora ha dedicado al euskera, lengua usada en Tábar hasta el siglo XIX y de manera absolutamente hegemónica durante largo tiempo. Gracias a la web cualquier navegante desconocedor de la lengua vasca pero interesado en su presencia y extensión tiene fácil acceso a muchos datos (protocolos notariales, nombres de casas, vocabulario de origen vasco…) que ilustran la larga vinculación entre el euskera y los habitantes de Tábar y todo Urraúl. El esfuerzo de Arocena por preservar y dar a conocer muchos aspectos del patrimonio material e inmaterial de su valle me parece digno del mayor reconocimiento.