burgui-web

Almadia Burgi herrian

Erronkariko euskarak utzi digun ganorazko arrastorik zaharrena XVI. mendekoa da; ez zaigu ordea prediku edota doktrina baten bidez heldu; halakoak (predikuak bereziki) nekez izan ohi dira hain aspaldikoak. Sorginkeriaren inguruko auzi batek eragin zuen euskararen agerpen idatzi goiztiar hura. Hiru belaunaldi ezberdinetako beste hainbeste andrazko burgiar salatu zituzten 1569ko udan, eta Iruñera joanarazi, lau eguneko bidaia neketsua eginarazita: hirurogei bat urteko Maria Gracieta izeneko bat, Maria Garat edo Garate alaba, eta baita zortzi bat urteko Gracieta bilobatxoa ere. Gotzaitegiko kartzelara eramanik bikario nagusiaren aurrean hitz egin behar izan zuten, en vulgar bascuence de la tierra eta itzultzailea lagun zutela, jakina, beste euskararik ez beste hizkuntzarik jakin ez-eta. Pedro Lekunberri apaiza ere harrapatu zuen bekatua edonon ikusten zuen ezjakintasunaren atzapar luzeak.

Esan gabe doa atzapar horrentzat berebiziko garrantzia zuela sorginkeriatzat har zitekeen edozein jokabide zorroztasun handiz deskribatzeak, bekatu ote zen erabakiko bazen; eta jokabide hori ahozko adierazpena izanez gero, funtsezkoa zela inork esandako hura hitzez hitz eta jatorrizko hizkuntzan ematea. Horri esker jaso zituzten 1569ko prozesu hartan —lekuko baten baino gehiagoren ahotan jaso ere— Maria amak Jainkoaz arnegatzeko esan omen zituen euskarazko hitzak: aurrac arnega eçaçuey Jangueycoaz eta andredonamariaz eta Saintu eta Sainta guçuez eta aytaz eta amaz eta ascaçi guçuez.

Ez dira gutxi euskararekiko atxikimendutik hain urrun zegoen jakin-min hark Aro Modernoan zehar eragin zituen lekukotasun baliotsuak: sorginkeriaren ingurukoak, irainak, eta bestelako zenbait. Zorigaiztoko emakume erronkariar haiek ez bezala, beraz, zer edo zer zor diogu guk orduko pentsamolde hertsiari… baina gaurko gizakiok bezala ordukoek hainbat unetan sentitutako zehaztasun beharrari ere bai.  Hori izan nuen hizpide maiatz hasieran 31 eskutik blogean; hona hemen esteka, han esandakoak inork irakurri nahi izanez gero.