Orlagatu

Orlagatu mendia (1133 m.), Zaraitzuko Itzalle eta Urraulgoitiko Adoain artean (argazkia: cercadepamplona.blogspot.com.es)

Sarrera honen lehendabiziko zatian euskarak Zaraitzu hegoaldean XIX. mendera bitartean eginiko bideaz arituta, bigarren honetan XX.ean zeharreko albisteak ekarri nahi ditut interesa duenarentzat, haietako asko orain arte karrikaratu gabeak direlarik. Azken hilabeteotan burutu eta oraindik ere fruitu berririk eskain lezakeen bilketaren emaitza da gaurkoa, eta nolanahi ere lan zabalago baten aurrekari izan nahi luke. Guztiz ezinbestekoak izan dira Ezkarozetik Galozera bitarteko hainbat berriemaile zaraitzuarren oroitzapenak, eta luze joko luke hemen guztiak aipatzeak, baina gizalegezkoa da ororen gainetik Jezabel Oroz sarztarraren ahalegina eskertzea. Hango eta hemengo ibarkide ugari sakon ezaguturik, bat egin zuen lehenbiziko unetik nik agertutako bilaketa asmoarekin eta urrearen balioa izan dute niretzat asmo horren alde jarritako gogoak eta denborak; haien fruitua da neurri handi batean hemen jasotakoa. Zaraitzu hegoaldeko azken euskaldun zaharrei buruzko kronika hau Jezabelen zordun da, inorena izatekotan.

Zaraitzuko uskarara zeharo amildu aurretik XX. mende amaieran Jaurrietatik Espartzaraino pilatutako materialetara hurbiltzen denari galdera bat etor dakioke burura; niri neuri behintzat hala etorri zitzaidan duela hainbat urte: ez al dakigu ezer Espartzaz beheitiko azken euskaldunez? Haien ahotsik inola ere entzun ezinda gelditu bagara, hain aspaldikoa ote da Zaraitzu hegoaldeko euskararen galera?

Artola

K. Artolak 2006an ezagutarazitakoak dira Ibiltzietako euskarari buruz ditugun albiste xehe bakarrak (argazkia: www.aranzadi.eus)

Ibiztako apurrakBadakigu ibarraren iparraldean joan den gizaldia hastearekin batera-edo eten zela euskararen jarraipena. Koldo Artolak zaraitzueraren ondarea gorde nahian galdeketa lana burutu zuenean Itzaltzun ez inguruko beste herri guztietan topatu ahal izan zituen 1900az geroztik jaiotako baleko hiztunak, baina harrokeria handirik gabe: horrela, 1902ra bitartean sortutako ezkaroztarrak elkarrizketatu zituen, eta belaunaldi berekoak ziren halaber Orontzeko lekukorik gazteena (1903), Jaurrietakoa (1906) edo Otsagabikoa (1908). Artolaren azken artikulu-bilduman baliatutako Espartzako berriemailerik berankorrena (Rosario Ramirez anderea) 1911n jaioa zen, Aitor Aranari Zaraitzuko hiztegia osatzen lagundu zion Antonia Gartzia herrikidea baino pare bat urte lehenago. Zaraitzu iparralde osoan, aldeak alde, euskararen erabateko etena urte gutxiren buruan gertatu zela iradokitzen du lagin zabal horrek. Pentsa liteke, halaber, Espartzatik beheitiko hiztunei buruzko xehetasunik eza hain nabarmena izanik, haranaren hegoaldean 1900 aitzinetik gertatu zela euskararen etena. Eta halaxe izan zen ia salbuespenik gabe. Ez askoz lehenago, ordea.

Iruñetik Irunberrin barna ibarreratzen denak hiru udalerri topatuko ditu bata bestearen ondotik Zaraitzu hegoaldea Otsagabirantz zeharkatu ahala: Galoze, Gorza eta Sartze. Udalerriok zortzi herriska biltzen dituzte guztira gaur egun, eta bakarrak izan ezik gainerako guztiek azken ehun urteotan galdu dute guztiz berezko euskara, ez lehenago. Mintzoa iraungi aitzinetik hiztun izatera heldu ziren hondar herritar haietako batzuk ekarriko ditut jarraian gogora, isildua den zaraitzuerak inguru haiek ere berandura arte gorpuztu eta zizelkatu zituela ez ahaztearren.

Galoze: euskararen azken muga XX. mendearen hasieran.

Lau gunek osatzen dute Galoze udalerria; Uskartze ibarraren hego-muturrean dago, Galoze bezalatsu Zaraitzu ibai bazterrean. Izize aldenduxeago, sortalderantz; eta Itzalle zokoratu samar, Urraulgoitira begira, Orlagatu mendiaren magalean.

Galoztarrak 463 ziren 1910eko erroldan. 2014an 97 baino ez, eta askoz gutxiago dira aipatu lau herrisketan urte osoan bizi direnak. Uskartze, esaterako, biztanle bakarra izatera heldu zen duela hogei bat urteko neguetan. Hamabost bat herritar baino ez dira bizi etenik gabe Itzallen. Are gutxiago Galozen: bizigune eder bezain eskastuak dira egun, Nafarroako hainbat eta hainbat bezala.

Bonaparte

Sarrera honetan aztergai dudan eremua, Bonaparteren mapa aski ezagunean (1863). Uskartzetik goitiko edota Bidankozeko kolore ilunagoek euskararen bizitasuna markatzen dute, Arrakasgoitiko (Racas Alto) edota Adoain inguruko argiagoek ez bezala.

1866an inguru hura euskararen lurraldearen ertzean zegoela erakusten digu Bonaparteren mapak. Printzeak Uskartzen zaraitzuera guztiz ahantzia zegoela ikusi, eta herria hizkuntza-mugatzat jo zuen ohiko xehetasunaz. Baina kolore iluna erabili zuen Uskartze ondoko Galoze, Izize eta Itzalle inguratzeko (ez Arrakasgoiti edo Racas Alto baserrian gisako argiagoa, ikus irudia) eta hiru haietan euskara oraindik sasoiko samar zebilela adierazi zigun horrenbestez. Nafarroan zeharreko euskararen mugetan Bonapartek erabilitako kolore ilun-argien arteko kontrasteak balio handiko informazioa eskaintzen du euskararen galeraren kronologia finkatzerakoan. Ñabardura ilunago horrek, Nafarroako beste eremu batzuetan, bertako euskara zeharo galtzeko gutxienez 50 urte falta zirela esan nahi izan du praktikan (Berriobeitiko Añezkarren 1929ra arte jarraitu diezaiokegu euskaldunen arrastoari; Eguesibarko Elian 1935era arte, Ezkabarteko Soraurenen 1944ra arte, Erronkariko Bidankozen 1959ra arte…). Aski genuke beraz mapan duten kolore ilunagoa Galozen, Izizen eta Itzallen zaraitzuerak XX. mendera arte iraun zuela ontzat emateko.

Baina bada beste argudiorik ere. 1904ko Guia Eclesiástica-‘Sí‘ batez erantzun zioten ‘¿Se habla vasco?‘ galderari Galozeko bi parrokiek: Itzallekoak batetik, eta Uskartze-Galoze-Izizek bestetik:

Fagoaga 1962b

Blas Fagoagak (1962) 1904ko datuez idatzitako artikuluaren pasartea.

‘¿Se habla vasco?‘ galderaren interpretazioa aldakorra eta tokian tokiko apaizaren araberakoa izango zen, baina euskarak parroki lanean kontuan hartzeko bezainbesteko bizitasuna izatearekin lotu daiteke; ez, behintzat, hiztunen bat edo beste gelditze hutsarekin. Uskartzeri buruz Bonapartek emandako albisteak ontzat emanez gero, bistan da 1904ko ‘Uscarrés, Iciz y Gallués’ hori iziztarren edota galoztarren euskalduntasuna ari dela bermatzen; bazukeen oraindik euskarak indarrik bi herri haietan edo bietako batean behinik behin. Ez da Galozeko eta Izizeko euskararen iraupenari buruzko beste albiste zuzenik bildu, nik dakidala; XX. mende hasieran jaio eta zeharo erdaldun kozkortutako galoztarren aditzea badut, baina ordurako guztiz erdaldundutako Uskartzeren mugakide izan arren ez ziren adineko euskal hiztunak faltako Izizen edota Galozen 1900 inguruan, Guía-ko aipamena zuzena izatera.

Itzalleri dagokionez, ematen du udalerriko laugarren herriak ere, ibarrerako sarbide nagusitik urrunxko eta babesturik, 1860az dezente haratago iraun zuela euskaldun. Ez da ahaztu behar, denboran atzera eginez, euskarazko doktrina prestatu zuela Benito Gil apaiz adoaindarrak 1827an Itzallera heldu orduko parroki lanerako lagungarri. Ez zukeen horrelakorik egingo herrian euskara sasoiko topatu izan ez balu. Gilen jaioterrian berean baino are sasoikoago, ziurrenik. Gogora Bonapartek, Adoain ez bezala, euskararen bizitasun eremura bildu zuela Itzalle 1863ko mapan, arestiko irudian ikus daitekeenez.

Itzalletarrei dagokienez, gainera, bada bestelako erreferentzia interesgarririk. Badakigu zein zen gutxi gorabehera herriko hizkuntza egoera XX. mende hasieran, Espartzako Nicolas Elarre hondar euskaldunak (N.E.) Koldo Artolari (K.A.) 1992an adierazirik:

K.A.- Eta denbora kartan, Itzallen egon zintzalarik, orduko zarrek xardokitzen zien?

N.E. – Itzállen yà, Itzállen yá etxákin.                                                                                        

K.A.- Ez? zarrek ere ez?  

N.E.- Ze? áitzen, áituz…bai, enténditzen bèa… kàla-kála, xardóki gúti.                          

K.A.- Xardoki ez, e? zu gazte zintzanean kango zarrek konprenditu solo…                                          

N.E.- Eta, guré… errián guziák.                                                                                                        

K.A. – Eta Igarin?

N.E. – Igarín e… eztán… ta eztá’re iten.                                                                                      

K.A. – Igualtsu nola Itzallen edo igual geixeago?                                                                                    

N.E. – Iguál, iguál, iguál… bah! Kála, óitzen… báizen, (t)xárdoki anítz, pues, xa, xakín bay’án, ba… yá gúti, xardókitzen, gútxi, étzen…                                                        

ITZALLE - Garcia etxea, jauregia

Itzalleko Garcia etxea, antzinako jauregia (argazkia: www.escapadarural.com)

Nicolas Elarre 1902an sortu zen eta 13 urterekin joan zen Itzallera artzain han bost urte emanez (c. 1915-1920) eta gero beste bost eman zituen Igarin (c. 1920-1925). Hau guztia jakinda ematen du herri euskaraduna zela artean 1910-20 bitarteko Itzalle, zaraitzuera zeharo ahantzi gabea, nahiz eta ordurako adinekoen artean baino ez iraun eta erabili ere, gutxi erabiliko zuten. Litekeen gauza da hizkuntzari pittin bat luzeago eustea Itzallen Izizen baino, eta azken horretan Galozen bertan baino. Nolanahi ere, hamarkada asko joan dira ordutik eta Galozeko mintzoari hiztun konkretuen izenak egokitzeko denbora joana da akaso. Bilaketa ahaleginak oihartzun lauso zenbait besterik ez du oraingoz eskaini, baina oihartzunik argienak Itzallekoak dira. Han jaio ziren 1865-1869etan Marta Orduna eta Nicolas Sarries senar-emazteak, agian euskaldun izan zirenak. Martak euskara jaso bazuen Itzalleko amak emanik izango zen, Nabaskozekoa baitzen aita. Etxegoienen jaio eta Ameriketara alde egin zuen Nicolas, aldiz, 1990eko hamarkadan ia ehun urte zituela hildako Vicente Sarries itzalletarraren aita izan zen. Vicentek gogoan zituen oraindik euskarazko hitz edo kanta zatitxoak, zer esaten ari zen ez bazekien ere. Herrian ez da zalantzan jartzen senar-emazteek, gutxi ala asko, bazekitela zerbait, baina euskal hiztun hazi eta zahartu ziren ziurtatzerik ez dut orain arte lortu. Aipatutako Vicente Sarries, edota egun 78 urte dituen Jose Orduna itzalletarraren aita zena, 1890-1900 inguruan sortu eta euskara pixar batzuk jasotzera heldutako erdaldunak izan ziren; haiek baino lehenagokoak ditugu noski Itzallen euskara ongi xardokitzeko gauza izan ziren azkenak.

IZITZE Irigoien etxea

Izize. Irigoien etxea (2015).

Izizeri dagokionez, Irigoien etxeko Petra Sancet Adot (1878-1949) euskal hiztuna izan ote zen ibili gara, aldeko eta aurkako iritziak jasota, eta usteak nahasi datozela ikusita ez zaigu ziurtzat jotzeko modukoa iruditu. Are gutxiago egun 74 urtekoa den Celina Conpainsen amona Romualda Sarries Sarries (1883-1967), baten batek euskalduntzat hartu arren bilobak berak amona erdalduna zela argi adierazirik. Baina badaki Celinak berak andere hura alguna frasecica bederen emateko gauza bazela. ‘Conocian palabras y frases’, jaso dugu herrian bi emazteki haiek direla eta. Horrenbestez, igarotako denborak Galozeko euskaldunak oraingoz behintzat lanbropean ezkutatu badizkigu ere, zenbait iturrik adierazten digute XX. mendearen lehendabiziko laurdenean zehar ez zela ezinezkoa izango Itzalle-Galoze-Izize inguruan zaraitzuera hiztunak topatzea; eta beharbada hondar euskaradunen oihartzuna ez zela bigarren laurdenera arte itzali. Merezi du gogoratzea 1935eko sailkapenean Irigaraik ez zuela Galoze udalerria aipatu ere egin, nahiz eta beratarraren zerrendan baden tarteka falta den herririk.

Gorza eta Igari. Guesa, Iriarte, Iriburu, Rekalde; azken orduko etxe euskaldunak

800px-Gorza

Gorza, 1955ean (Indalecio Ojangurenen argazkia)

Gorza udalerri ttipia izen bereko herriskak eta Igarik osatua da, lehenbizikoa Zaraitzu ibaiaren ertzean dagoela eta bigarrena bazterrerago, Bidankozerantz. 250 bat bizilagun biltzen zituzten bi herriek duela hirurogei urte; egun 50 ere ez dira erroldan, eta bitik bat sasoiaren araberako biztanlea da. Gorzan, esaterako, zazpi bat lagun baino ez dira neguan bizi; Igarin, hamabost edo.

Arturo Campionek utzi zizkigun Igariko euskarari buruzko XX. mendeko lehenbiziko albisteak. Honako hau idatzi zuen Euskal-Esnalea aldizkarian 1911n:  “En Igal no le habla nadie, aunque pueden hacerlo los mayores de treinta y cinco años; de diez años para arriba lo entienden casi todos; pero de dicha edad para abajo no le entiende ninguno.”

Bonapartek 70 urte lehenago Galozen bezala, Gorzan ezarri zuen Irigaraik 1935ean Zaraitzuko euskararen azken muga. Ikertzaileak VI. multzoan egokitu zuen Igari (los de 50 años y más lo saben, pero no lo usan) eta VII.ean Gorza bera, azken-azkenekoan beraz, euskaraz inor mintzo ez eta ulertu ere adinekoek baizik ulertzen ez zutela aditzera emanez.

Badirudi beraz gehixeago iraun beharko zuela euskarak Igarin Gorzan baino. Ez da harritzekoa Koldo Artola 1981ean Espartzatik haratagoko zaraitzuera apurrak topatzen saiatu zenean Igarin ere gelditu izana. Alferrik ordea; ez zuen herrian euskaldunik aurkitu.

Igarib

Igari. Irigarai izeneko etxea (2015)

1935eko datua zuzena izatera 1880-85 ingurura arte jaioko ziren gurasoen euskara ongixko jasotzera heldutako igariarrak. Litekeen gauza da, XX. mendean munduratuen artean ere geratu baitziren euskara horren printzak: esate baterako, Irigoien etxeko Floren eta Juana Mari Orozek gogoan dute duela 25 hildako amak bazekiela euskarazko zenbait hitzen esanahia (‘tal cosa en euskera se dice…’ hasten omen zitzaien tarteka). Are beranduago jaio eta egun 90 urte dituen Fermin Semberoiz Bracok, aldiz, paperean ezarri du ahantzi ez dituen euskarazko hitzen zerrendatxoa, hemen aipatu nuena. Hauek biak, nola edo hala euskara entzunez baina euskararik gabe hazitako igariarrak izan ziren.

Esteban Sanz Maria Iribarren

Gorzako Esteban Sanz eta Igariko Maria Iribarren emaztea, azken labekadako euskal hiztunak biak (iturriak: Jezabel Oroz eta Txuri Beltzean).

50ekoak ez dakit, baina garbi dago gerra urteetan 65-70 urte zituzten herritar euskaldunak bazeudela, nahiz eta igarotako denboraren eraginez oroitzapen batzuk besterik ezin izan diren berreskuratu 2014ko eta 2015eko bilaketa ahaleginean. Horien adibide da Rekalde etxeko Maria Iribarren Machin andere euskalduna (1866-1943), gorztar batekin Sartzera ezkondu eta bizitzaren hondarrean ere euskara harekin zerabilena. Edota Iriarteko Maria Ana Iribarren Esarte (1862-1954), herrian adinkideekin euskaraz aritzen zena, nahiz eta haien izenik ezin izan dudan berreskuratu; eta egun 93 urte dituen Maria Jauregui Iribarren bilobari Aita Gurea erakutsi ziona.

Bonaparteren bidaiez geroztikako euskaldunik jaioko ote zen Igarin? Ziurtasunaren eremura ezin ekarririk gelditu zait Maria Juana Serrano Salvoch (1870-1949), ausaz euskal hiztun, baina oraingoz ezin frogatzeko modukoa. Galdeketa hau duela hogei urte egin balitz askoz emaitza zaporetsuagoa emango zuen. Hogei urte barru egitea, aldiz, alferrik litzateke seguruenik.

Igariko euskaldun zaharrei buruz topatutako azken albisteak, beraz, 1950eko hamarkadakoak dira, mugakide zituzten Bidankozekoak bezala. Alderdi horretatik datu koherente samarra da. Iduri luke, ordea, euskarak luzexeago iraun beharko zuela Igarin Gorzan baino, bai Irigaraik emandako datuengatik, bai herria haranaren ardatzetik bazter egoteagatik. Gorzako albiste apurrak, ordea, bestela mintzo dira.

Gorzan, Igarin bezala, euskararen transmisioa ez zen oraindik eten Bonaparteren bilaketa lana hastear zen urteetan. Horren erakusle da Iriburu etxean 1859an jaiotako Esteban Sanz Iribarren gorztarra, euskalduna, Sartzeko Benita Abentin eta Ibiltzietako Juanito Sanz bilobek oraindik ere gogoan dutena. Arestian aipatu dudan Maria Iribarren igariarraren senar izan zen Esteban alargun gelditu ostean. Lehenbiziko emazte Rosalia Galtzabarrarekin bezala (Sartzeko Ginda etxekoa hura) bigarrenarekin ere euskara izan zuen ohiko hizkuntza. Esteban Sanz 1946an hil zen.

Gregoria Semberoiz - My Heritage

Gregoria Semberoiz gorztar euskalduna  (1885-1962; iturria: www.myheritage.es).

Baina badirudi Bonaparteren lana burutu eta puska bat beranduagora arte iraun zuela neurri batean bederen Gorzako euskararen kateak. Izan ere, 1885ean jaiotako Gregoria Semberoiz Jiménez  euskaldun kozkortu zen eta bada gaur ere horren lekukotasuna eman dezakeenik. Herri euskaldunagoa zen Ibiltzietara ezkontzeak lagunduko zion beharbada? Nolanahi ere, Gregoriak eta beranduxeago aipatuko dudan senarrak euskara baliatzen zuten Juliana eta Maxima alabek helduen arteko kontuak uler ez zitzaten. 1962an hil zen andere hau, Gorza inguruko euskararen azken mugarri segurua.

Sartze: Aldabe, Arnobere, Aroztegi, Juangorri, Labari, Larranbe, Pascual, Torrea, Zubiri.

80 biztanle 1960an. 33 2014an, askoz ere gutxiago negua herrian ematen dutenak (bitik bat edo)… aurrekoak legez odolustu da Sartze, Gorza eta Espartza arteko bidearen eskuin aldean dagoen herriska ederra. Euskara guztiz kolokan zuela irudikatu zuen Irigaraik duela 80 urte, arestian aipatu VII. multzoa egokitu ziolarik. Ez du ematen euskararen egoera zeharo terminala zenik 1930eko hamarkadan, hizkuntza galbidean egon arren; azken urtean jasotako albisteen arabera esan daiteke gutxigatik ez zirela heldu 70-80etako ikertzaileak Sartzeko hiztunen lekukotasunak egokitasunez gordetzera.

XIX. mendearen azken muturrera arte sortutako euskaldunen berri eman du Sartzen eginiko bilaketak. Asko 1875 eta 1880 bitartean jaioak, bakanak handik aitzin, transmisioaren eten nagusia urte haietan gertatu bailitzan.

sartze

Sartze, gaur egun (www.casasruralesnavarra.com)

Sartzeko euskararen galera Ibiltzietakoa baino urte batzuk lehenago gertatu zela ematen du, pittin bat hegoalderago edota ibarra zeharkatzen duen bide nagusian bertan egoteak eraginda beharbada. 1950ean Sartzen jaiotako zortzi euskal hiztun bizi ziren gutxienez; urte berean, Ibiltzietako euskara jasotako 11 lagun bederen bazeuden. Nolanahi ere, XX. mendearen erdialdean bazegoen oraindik euskara Sartzeko kaleetan entzuterik, eta bada gure artean oraindik euskara hura herriko kaleetan pasieran zebiltzan adinekoei edota etxeko atarian josten ari zirenei entzun zien lagunik.

Sartzeko euskaldun haietako batzuk, ez gutxi, 1950 eta 1960 artean joan ziren: Aroztegiko Toribia Semberoiz Villanueva (1951n), Torreako Geronimo Carrica Esandi (1953an), Zubiriko Alejandra Irigoyen Sarries (1957an) edota Juangorriko Paula Goyena Jauregui (1960an). 1875-85 bitartean jaioak denak, eta euskara zabal eta sendo jaso zuen azken belaunaldiaren seme-alabak. Handik harat gutxi izan ziren hausten hasia zen kateari heldu ahal izan ziotenak, eta horregatik gutxi izan ziren, ezinbestean, 1960tik aurrera zaraitzuera aise emateko moduan iraun zuten herritarrak. Lau, nik dakidala. Bi bikote, zehatzago esanda; agian ezkontidea ere euskaldun izatea ez zen hizkuntzari eusteko orduan argudio hutsala izan.

Juliana Braco Goyena (1882-1962) Torrea etxean jaio, eta Fernando Jauregui Galchavarra (1879-1962) auzoaren Aldabe etxera ezkondu zen. Gogoan dituzte oraindik Sartzen zein Ibiltzietan senar-emazteak, eta baita biak euskaldunak zirela ere. Elkarren ondoan bizi eta elkarren ondoren hil ziren, bata bestearen biharamonean.

Sarze3

Sartze. Argazkia: Jesus M Etayo

Euskaldun hazi zen, hainbat urte beranduago, 1897an sortutako Gregoria Jauregui Eseverri ere. Jasotako datuen arabera ez zen ondoren sarztar euskaldun bakar bat ere munduratu, baina gazte samar hil zenez, 1964an, ezin izan zen Arnobere etxeko alaba haren euskararik jaso; etxe hartan bertan edota Albientako atean ikusi ohi zuten egungo adinekoek Gregoria jertse edo galtzerdi josten, Ezkarozeko Aragon etxetik zetorren Eulogia Eseverri Echegoyenekin batera, 1950 aldera, biak euskaraz tar-tar.

Herriko azken euskaldun zaharra, seguruenera ere, gizonezko bat izan zen: Pascual etxeko Marcos Iroz Jauregui, Gregoriaren senarra (1887-1971). Burua galduta eman zituen azken urteak; horrenbestez 60ko hamarkadan utzi bide zion euskarak Sartzen hizkuntza bizia izateari. Baina XX. mende amaiera osoan zehar bizi izan dira euskara etxean aunitz urtez  entzun eta lauso artean bada ere neurri batean hari heldu diotenak: Marcos eta Gregoria herriko azken hiztunak izan omen ziren bezala, haien alaba Bonifacia Iroz Jauregui da seguru asko euskara ulertzeko gauza izan zen azkena. Arnobereko Bonifacia 2006an zendu zen, orain hamar urte eskas.

Ibiltzieta: Bidondo, Charles, Irigarai, Juan, Labari, Luis, Morea, Otxoa, Pena.

Baliteke Ibiltzieta izenaren esanahia urak biltzen diren lekua izatea; XIII-XIV. mendeetako zenbait agiritan Huulçieta (1366) edota Huvilcieta (1268, 1428) itxurapean ageri da.

IMG_20150103_102052

Ibiltzietako eliza 2015eko urtarrilean

Zaraitzu hegoaldekotzat hartu ditudan herrien artean hauxe da euskarari beranduagora arte eutsi ziona. 1880tik aurrera, ondo-ondoko Sartzen transmisioa ia etenda eta handik beheiti are agortuago zegoen unean, ibiztar euskaldun andanatxo bat bederen jaio zen; are 1890 ostean ere. Ibiltzietako euskararen etena, galera eta desagerpena Sartzekoa baino hamarkada bat beranduago gertatu zela ematen du, oro har.

Dena den, Sartzen bezala, errepideaz bestaldera ere ez ziren gutxi izan 1950eko hamarkadan zehar hil ziren adineko euskaldunak, ibiztarrei buruz ere esan daitekeelarik urte haiek izan zirela hizkuntzaren bizitasuna guztiz eta betiko higatu zutenak. 1950 osteko urteetan desagertu ziren euskal hiztun haien artean gogoan dituzte oraino herrian Labari etxeko Juana Jauregui Urzainqui (1865-1952), hura bezain euskaldun zen Francisco anaia baino hiru urte beranduago hildakoa; Luciano Udi Villanueva (1877-1953), Luis etxekoa; Eugenia de Carlos Iribarren (1884-1954), Itzallera ezkondua eta Jaurrietatik bertaraturako Victoriana Gallurrekin batera Itzalleko kaleetan euskaraz entzun zuten azkena; Otxoako Gabriela de Carlos Landa (1870-1955), aurrekoaren ahizpa edo ahizpaordea, arestian aipatu Eulogia Eseverri ezkaroztarrarekin eta Alejandra Irigoyen sarztarrarekin kalean barrena giro onean euskaraz ibili ohi zena; Charles etxean sortutako Vicente Barberena Arana (1873-1955); eta Balbina de Carlos (1893-1958), Gabriela de Carlosen ezkontzaz kanpoko alaba, eta amarengandik euskara jaso zuena.

Hartara, 1950eko hamarkada bukatzearekin batera, Ibiltzietako euskal hiztun talde txiki bat baino ez zen gelditu. Sartze eta Gorzako aleak gehituta, egun haietan dozenatxo bat lagunek behintzat eman ahal izango zuen Zaraitzu hegoaldeko euskararen lekukotasuna. Askoz ere gehiago ziren oraindik Espartzan bertan, esaterako, eta hori dela eta seguruenik, 1958ko maiatzean ibarreko euskara ikertzearren hamar eguneko egonaldia burutu zuenean, Koldo Mitxelenak ez omen zituen Espartzaz beheitiko herriak kontuan hartu. Bazen oraindik ordea euskararen arrastorik, eta ahotsik bildu ez zen arren, Ibiltzietako eliza berriaren inaugurazioko argazkiak (1959) betiko isildu zaizkigun lekuko haien irudia behintzat ezagutaraz diezaguke:

Ibizta behin betikoa

Ibiltzieta, 1959. Ama Birjinaren Jaiokundearen eliza inauguratu zuteneko argazkia. 1: Gregoria Semberoiz gorztarra (1885-1962). 2: Felipa de Carlos ibiztarra (1899-1983). 3: Restituta Zazu espartzarra (1895-1998), Ibiltzietako Gora etxera ezkondua. 4: Pedro Esandi ibiztarra (1888-1971), Gregoriaren senarra. 5: Manuela Goyena ibiztarra (1877-1961). Denak euskal hiztunak. Argazkia: J. Oroz eta Txuri Beltzean.

Ibiltzietako euskara txukun gorde zuten hiztun berantiarrenak, nik dakidala, honako hauek izan ziren: Manuela Goyena Barberena (Morea, 1877-1961), Pedro Esandi Barberena (Irigarai, 1888-1971), Ramona Adot Goyena (Bidondo, 1890-1979), Felipa de Carlos Monzon (Pena, 1899-1983) eta Petra Rodrigo Monzon (Pena, 1908-1985).

Ibizta 1961

Ibiltzieta, 1961. Pedro Esandi, txapela eta guzti, ezkerraldetik hasita lehenbizikoa (iturria: J. Oroz / Txuri Beltzean).

Irigarai etxeko Pedro Esandi, Sartzeko Marcos Irozekin batera, Zaraitzu hegoaldean euskarari eutsi zion azken gizonezkoa izan zela ematen du. Pelotazale, kitarrajole eta muslari amorratua, gaztetan Ramona Adotekin batera Zuberoara joan zen espartin egitera, egiteko hura berez emaztekiei egokitu bazitzaien ere. Gerora, aizkoraz egurra lantzen ikasi eta enbor mozten ibili zen Zuberoan bertan. Gorzako Gregoria Semberoiz (euskalduna hura ere, lehen esan bezala) izan zen Pedroren emaztea.

Baina ez zen Irigarai izan, Pena baizik, Ibiltzietako euskara gorde eta hedatu zuen azken etxea. Hantxe jaio ziren herriko euskararen lekukotzat jo daitezkeen azken bi andereak: Felipa de Carlos eta Petra Rodrigo ahizpaordeak.

Pena2

Bi irudiotan, Ibiltzietako Pena etxea (2015)

Bi emazteki hauen ama Cesarea Monzon izan zen, Gorzako Juan Domingo Monzonen eta Maria Juliana Semberoiz ibiztarraren alaba; Ibiltzietan bertan jaioa 1868an eta antza denez Zaraitzu hegoaldeko herrietan euskara transmititu zuen azken pertsona. Bi aldiz ezkondu zen andere hau. Felix de Carlos izena zuen lehenbiziko senarrak eta huraxe izan zen 1899an jaiotako Feliparen aita. Urte batzuk beranduago Jacinto Rodrigo izeneko batekin esposatu zen Cesarea. Zaragozako Undues de Lerdakoa zen Jacinto, erdalduna. Hala ere, 1908an Jacintok eta Cesareak Petra alabatxoa izan zutenean, amaren euskara jaso zuen hark ere.

Petra Rodrigo 1947

Petra Rodrigo ibiztar euskalduna, seme-alabekin (1947). Argazkia: J. Oroz eta Txuri Beltzean.

Felipa de Carlos izan zen Ibiltzietako euskara ikasirik herrian bertan hil zen azken hiztuna, Petra Igarin bizi izan baitzen 1936tik aurrera. Horregatik, Koldo Artola 1981ean Ibiltzietara balizko euskal hiztunen bila heldu zenean, Felipa baino ez zuen topatu. Donostiarrak proposatutako galdera sail bati adeitsu erantzun zion emakumeak eta idatziz hartu zituen Artolak erantzunak, eskura grabagailurik ez izaki. Ikertzaileak berak 2006an idatzi bezala ‘Zoritxarrez, baina, harengana itzuli baino lehenago zendu zenez, hasitako lana ezin izan genuen aurrera eraman’. Felipa de Carlos Monzon 1983ko urriaren 26an hil zen, 84 urte zituela. Bi urte beranduago zendu zen Petra ahizpaordea Igarin. Egia esan, euskaldun zahar ibiztar bat geratzen zen oraindik: Juan etxeko Faustino Berrade Tanco (1921-1992), Juan anaia bezala (1919-1966) herrian jaio eta herrian euskaldun hazitakoa. Nire ustez ezin dira ordea berradetarrak Ibiltzietako euskararen lekuko garbitzat hartu, ikasi zuten mintzoa Otsagabitik herriratutako gurasoena izan baitzen. Zuzenagoa da horrenbestez esatea Igariko Jauregira ezkondutako Petra Rodrigorekin batera itzali zela, duela hiru hamarkada eskas, Ibiltzietako euskara zaharra.

Map10c

Zaraitzueraren gibelatzea XX. mendean zehar. Urdinez, gutxi gorabeherako muga bakoitzari dagozkion urteak; gorriz, Espartzatik beheitiko herrietako azken euskaldun zahar ezagunen heriotza-urteak.

El abundante y valiosísimo material audiovisual recogido entre la década de 1970 y los primeros años del presente siglo de labios de los últimos conocedores del euskera salacenco nos conduce sin excepción a las localidades más septentrionales del valle, las últimas que conservaron la lengua de sus mayores: Ochagavía, Jaurrieta, Ezcároz, Oronz y Esparza. A pesar de ello, y de que por omisión los últimos hablantes de los enclaves meridionales corren el riesgo de quedar sepultados bajo el manto del olvido, durante el siglo XX el euskera perduró en mayor o menor medida en prácticamente todos los lugares de la mitad sur de Salazar; y en aquellos pertenecientes a los municipios de Güesa y Sarriés, hasta más allá de 1950. En Igal y Güesa, en concreto, el habla autóctona pervivió hasta los 50-60, y en Sarriés e Ibilcieta, hasta los 70 y 80 respectivamente. Es esa pervivencia la que trato de poner de relieve en esta entrada, recuperando la memoria de algunos de aquellos últimos vascófonos cuyo recuerdo se conserva aún en los pueblos situados más allá de Esparza. Esa recuperación habría sido absolutamente imposible sin la desinteresada aportación de salacencos como Benita y Marcelino Abentin, Asunción Goyena, Luis Iriarte, Miguel Iroz, José Manuel Jáuregui, María Jáuregui, Javier Sanz, Juanito Sanz, Pío Sarriés y otros muchos; y, sobre todo, sin la colaboración constante e impagable del sarztarra Jezabel Oroz, al que debo todo lo que de novedoso pueda aportar esta entrada y cuya gran ayuda  es de justicia agradecer a través de estas líneas.